2019.12.26
Xirolarruak, askotariko flautak, toberak, txaramelak, malguak, arrabitak, mandolinak, zarrabeteak. Euskal Herrian mende luzez erabili diren musika tresnak, eta haien artean Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947), esanez utziz gero orduak jardun ahalko lukeela bakoitzaren inguruan. Denbora librea, batik bat, Soinuenean igarotzen du, herri musikaren «museoa» bainoago «etxea» deitzen duen horretan. Eta proiektu batetik bestera aritzen da bitartean. Kostaldeko soinuak du orain artekoetan azkena, eta gaur aurkeztuko du Donostiako Viktoria Eugenia Cluben, Errege Belda, Ander Barrenetxea eta Aitor Gabilondorekin batera.
Disko barruko liburuxkan dator proposamena: «Kantuz kantu, euskal kostaldetik paseo bat». Nondik nora sortu da asmoa?
2018an Pasaian (Gipuzkoa) antolatu zen Itsas Festibalean dago hasiera. Antolatzaile taldearekin batera, guk museo moduan muturra sartua genuen; bilera batean esan zuten ez zegoela itsas kultura musikalarekin lotura zuen kontzerturik, baina nik aspaldidanik banuen karpeta bat itsasoari lotutako musikekin, dantzekin… Beraz, buru-belarri sartu nintzen horretan: doinuak aukeratzen, Azkueren eta Aita Donostiaren kantutegiak, Salaberrirenak, Hauspoa bildumako itsas bertsoak, eta, nola ez, guk zuzenean egindako landa lana; batez ere 1980ko hamarkadan, asko ibili nintzen Gipuzkoako kostalde osotik, zer soinu tresna jotzen ziren, zelako festak egiten ziren… Material asko zegoen; horrekin, aukeraketa bat egin zen handi samarra; gero, beste bat ordu eta laurden inguruko kontzertura ekartzeko, eta hor geratu zen, gutxi gorabehera, diskoan daukaguna. Errege Belda, Aitor Barrenetxea eta hirurok jo genuen, baina gure jarduera kudeatzen zuen enpresak esan zigun honekin disko bat egin behar genuela, eta halaxe sartu zen Aitor Gabilondo, lehenago ere gurekin ibilitakoa. Berea da orain ahots nagusia.
Hamasei pieza dira diskokoak. Zelan egin duzue hautaketa?
Hamasei pieza bezala hartua dago, baina gehiago dira. Azkena, esaterako, “Lekeitioko Kaixarranka”, lau kantu dira, baina hemen bakarrean dago. Oiartzun ibaia Pasaian itsasoratzen da, eta hortik hasten da diskoa, dantza doinu batekin: “Pasaiako Batelarien Zortzikoa”. Gero, Lapurditik Bizkaiko bidean hasten gara, eta istorio oso ezberdinak agertzen dira: batzuk tragikoak: “Ene muthilik ttipiena”, barkuan goseturik eta norbait jan behar; edo “Brodazalearen kantorea”, brodazale hori bahitu, barkuan sartu, urrutira eraman, eta azkenean bere buruaz beste egiten duena ezpata sartuta. Badaude istorio politagoak, eta istorio ezagunagoak ere bai: Pasaiako zezenaren istorioa (“Pasaiako herritik”), adibidez, Laboak hain ezaguna egin zuena.
Zuek, ordea, beste musika batekin eman duzue.
Bai, gure landa lanean aurkitutako bertsio alai bat da, tabernan kuadrillan kantatzeko modukoa. Eta zer esanik ez, bukaera aldeko “Itsasoa laino dago”; ni ez naiz aspertzen sekula hori entzuten, kantatzen eta jotzen. Horretan ere guk egin duguna izan da: aparte hartu eta gure bertsioa egin. Ez da dokumentu bat. Kristobal Colonen istorioa kontatzeko, kostaldean zeuden Donostialdeko txalapartariak hartu eta txalaparta erabili dugu; kanta guztia doa txalaparten erritmo gainean. Halako gauzak egin ditugu.
Esan duzu zuen kantuak ez direla dokumentuak; kantutegi tradizionala hartu bai, baina bertsio libreak egin dituzue?
Bai. Halako lan bat egiten duzunean, saiatzen zara, ahal den neurrian, musika egiten, ez dokumentu bat erakusten. Alde horretatik, bertsio oso libreak dira; noski, errespetu guztiarekin emanda. Baina ez behintzat: «Horrela zen eta horrela emango dugu». Ez. “Lekeitiko Kaixarranka”, esaterako, zeinek entzun du xirolarruarekin jota? Orain bizi den inork ez. Eta ez da sekula entzun xirolarruarekin? Hor dauzkagu parrokian, bi xirolarru jole, bata kanpoaldean eta bestea barrualdean, eta dokumentazioa ikusita, badakigu Euskal Herrian tresna hori arrunta zela. Ba, “Lekeitiko Kaixarranka” txistuaz bai, baina xirolarruaz ere bai. Gustatzen baldin bazaigu, hala eman dezakegu.
Zer gizarte erakusten du kostaldeko kantutegi horrek?
Zaila da zehazten; gai guztiak agertzen dira kantutegian. Baina, adibidez, gaur egun balea bat agertzen baldin bada inguruan, egunkari guztiek biharamunean hori aipatzen dute. Gure kulturan, beste garai batean, hori arrunta zen erabat. Euskal kostaldeko kulturan badaude istorioak bertan-bertan kokatzen direnak, baina beste batzuek erakusten dute zer urruti joaten zen jendea garai haietan ere.
Eta musika?
Aurkitu dugun musika oso aberatsa da, oso berezia. Horren bila joan gara. “Brodazalearen kantorea”, esaterako, ezagutzen genuen kantu bat da; Haizea taldeak famatu egin zuen, eta, gero, Txomin Artolak eta Amaia Zubiriak beren diskoan ere egin zuten eurena, gozo-gozoa. Oraingo hau ere gozoa da, baina bestelakoa. Zuberoako artzain bati ikasi genion guk eman dugun bertsioa: Pier Caubeti, Lakarriko artzainari. Soldaduska Baionan egin zuen, eta han ikasi omen zuen kantua. Hain da aberatsa hor agertzen diren formak, neurriak… oso freskoa da jaso dugun errepertorioa, oso gaurkoa. Edo biharkoa, ez dakit zer esan: halako doinuak gaurko sortzaileentzat ere oso baliagarriak izan daitezke eta.
Zer zentzutan?
Ideia eta erreferentzia asko agertzen dira; forma aldetik, oso gauza bereziak. Ohituak gaude musika ordenatua izatera, eta hemen neurri ezberdin asko agertzen dira. Kantu batzuetan guri ere kostatu zaigu neurri horietan lasai ibiltzea. Baina izugarri disfrutatu dugu horrekin. Konturatu ginen lauroi entseguak oso motzak egiten zitzaizkigula. Asko gozatu dugu, materiala fresko duzulako, ez delako betikoa. Ziur nago besteek ere hau ezagututa joko dutela material honetara, ez gure bertsioetara, jatorrizkoetara.
Jatorrizko gehienak Azkueren eta Aita Donostiaren kantutegietatik hartuak dira. Berriagoak, berriz, bi dira.
Bai. “Pasaiako batelarien zortzikoa”, Pablo Sorozabalek dantza baterako egindako doinua; eta “Partida tristea Ternuara”, XVIII. mendeko hitzei guk jarritako doinua. Kontatu behar genuen Ternuako partida tragiko hura; bertso ugari dira, hiru ataletan banatuta: partida, bidaia eta han gertatutakoa. Lehenengoa hartu dugu. Hara joaten ziren… ez bueltatzeko. Bertso batek dio: «Adio, neure haur xumeak,/ Seme-alaba maiteak;/ Galtzen baduzue aita;/ ama alarguna maita. Ainitz doaz sekulakoz, Hil berria etortzekotz».
Istorioak istorio, instrumentazio aldetik nolako lana egin duzue oro har?
Nik planteatu nuen lehenengo aztertzea zer-nolako soinu tresnak erabiltzen ziren kostan, eta horretarako gaur ezagutzen duguna, dokumentazioetan aurkitutakoa eta ikonografia begiratzea. Azken hori oso inportantea izan da niretzat. Neurri handi batean, orain dela 500-600 urteko dokumentuak dira, hemen zer geratzen zen kontatzen dutenak. Uxuen (Nafarroa) daukazu pelikula bat harrietan kontatuta, ardoa nola egiten zuten. Gure kasuan, Baionako katedraleko ikonografia gehiena Napoleonen tropek suntsitu zuten, baina badago portiko doble bat, originala, ez zutena ikusi, eta hor agertzen da zer eta musika talde bat osorik, orkestra txiki hori zeintzuek osatzen zuten.
Zeintzuk dira itsas kulturari lotutako instrumentu nagusiak?
Zarrabetea zen horietako bat, garbi. Gero, xirolarru txikia —Campionek esaten du Gartxotek hori jotzen zuela—, noski txistua eta danbolina, soinua, alboka, txirimia beti… Baionakoan ere agertzen da pandero karratua. Asko dira Euskal Herriko kosta osoan bertako historia kontatzeko erabili direnak. Baina guk, esaterako, “Kristobal Colon” kantuan txalaparta sartu dugu. Egokia iruditu zaigu; Urumea itsasoratzen den toki horretan, Amarako baserri guztietan txalapartariak hor ari ziren, ttakun-ttan-ttakun… Soka ere sartu dugu diskoan; Mundaka, Lekeitio eta inguru horretan bereziki jotzen dena, bandurriak-eta.
Garapenik badago?
Garapena baino gehiago, aberastasuna ikusten da, ikaragarria. Kantu bat hartu, eta gero horrenbeste bertsio topatu, horrek libertatea erakusten digu.
Zuek ere soka horretan kokatzen duzue zuen lana?
Guk ere bai. Herri musikan, euskal kostaldeko herri musikan ere bai, garbi ikusten da interpreteak beti izan direla sortzaileak: bere bertsioa egin dute. Baina asmatu, guk ez dugu ezer asmatu.
Urte mordoa daramazu herri musikaren bueltan metatutako ondarea ikertzen. Zer eman dizu lan horrek guztiak?
Gurean musika tradizionala eta garaikidea oso gertu daudela. Nik hori bizitu dut nire bizitza guztian. Hasten zara bilatzen Europako XX. mendeko erreferentzia bat musika garaikidean, eta Bela Bartok izango da segur aski abangoardistena. Orain dela gutxi, Euskadiko orkestrak ere sartu du bere programa batean. Abangoardista izan da bai bere obretan, eta bai bere inguruko jendearengan. Hungariarra zen. Erritmo eta harmonia zailak jotzen zituen; jende asko uzten zuen «ez dut ezer ulertu» esanez. Baina, era berean, bera da, bere taldekideekin, Europan XX. mendean herri doinuak biltzen lan handiena egin duena. 30.000 kantu bildu zituen! Budapesten daude, eta orain hasi dira grabazio zaharrak Interneten ere jartzen. Europan abangoardiako erreferentzia bat? Bela Bartok. Eta herri musikan? Bela Bartok.
Eta Euskal Herrian nor?
Hemen XX. mendeko erreferentzia abangoardista Aita Donostia da. Garai hartan, punta-puntako musika elektronikoa Aita Donostia fraiderena zen. Cancionero Vasco. 2.000 kantu, baserriz baserri. Askotan kontatzen dut: abangoardiako musiken nazioarteko jaialdia, Ventallon, Katalunian. Erreferentzia bat punta-putako abangoardiako musikan. Kontzertua: Juan Mari Beltran. Zer jotzen? Txalaparta, txistua, Arizkungo sagar dantza… eta jendea zutik! Beraz, hori da: tradizioa eta abangoardia gertu-gertu daude.
Hori duzu aldarri nagusia.
Musika bizia behar dugu. Eta hor herri musikak markatzen dizu bidea. Aita Donostiaren kantutegian, Almute dantzak hogei bertsio ditu. Etxe batean bertsio bat, hurrengoan diferente, hurrengoan diferente… kantu bera! Denak sortzen ari dira kantua. Kantua bizirik dago, aldatzen ari da. Zu eta ni bezala. Hori polita da.
Badaukazu orain ezer ikertzeko, nonbait murgil egiteko gogo berezirik?
Proiektu nagusia hau dut orain: Soinuenea. Nik alde egingo dut, baina hau hemen geratuko da, musikaren etxe hau. Goxoa, hala izan nahi du. Honekin buru-belarri nabil beti, ordu libre guztiak. Egunerokoaz gainera, Soinuenean urtero aurkezten dugu herri musikari lotutako lan bat. Aurten egin dugunak ez du erlazio zuzen-zuzena musikarekin: 100 urteko istorio bat da, eta kontatzen du nola jotzen duen artzain familia batek Nafarroako Erribera aldean Bardeara. Orain dela 25 urte hasi nuen; nire diskoetarako giroko hotsak biltzea nahi nuen. Egurraren orpotik dator [1993] ordukoa da, eta hor entzuten da atzean gu txanbela jotzen, eta entzuten da artaldea, artzaina oihuka…. Hor urte askotan filmatutakoarekin eta grabatutakoarekin pelikula bat egin dugu, Irasko izena duena. Irasko aker zikiratua da; transhumantzietan artaldea gidatzeko erabiltzen dute artzain horiek. Orain lan horrekin ari gara fuerte, otsailean aurkezteko asmotan.
Gauza bati ez bada beste bati emanda, beraz.
Behar da. Orain-orain Kostaldeko soinuak-ekin hasiko gara bidea egiten; ea lortzen dugun, erraza ez dago. Proiektu interesgarri asko ateratzen dira, baina gero ez dago erraza. Gure inguruko musikari gazteek, sortzaileek, sekulako lanak egiten dituzte. Juanjo Otxandorena, [Iker] Goenaga… disko oso freskoak, sormen handikoak. Baina zer bide dute gero? Zero! Tristea da. Ez daukat ezer besteen kontra. Berri Txarrak-ek 23.000 pertsona bildu dituela, dena agortuta. Oso ondo. Baina?
Baina ikusten dituzu inguruan asko plazarik gabe.
Noski. Ez gara enteratzen. Arkaitz Miner. Hori diskoa! Esaten duzu: «Hau da musika!». Ikaragarria da, maisuak dira. Baina bost kontzertu ezetz.
Zuek, gaurkoz, Viktoria Eugenia Cluben aurkezpena.
Bai! Eta ez daukagu gehiago oraingoz. Espero dut aterako direla. Zuhainpeko soinuak, Mixel Etxekoparrekin-eta egin genuen lana datorkit gogora; urte bat pasatu genuen gu Zuberoara joaten, haiek hona etortzen, pun-pun, pun-pun, dena preparatzen. Baina gero ez du izan merezi zuen harrera, nik uste. Denbora hain luze pasatu lanean, eta gero dena hain urria… Eta hori gureak hain eskasak ez direla izan. [Juan] Arriola eta Miner, Hariari tiraka diskoa. Bi biolinista. Lana? Aparta! Hemen aurkeztu zuten, guk antolatutako kontzertuan. Eta bale.