2021.05.18
Esku hutsik du izena Don Inorrez taldeak kaleratutako bigarren lanak. Esku hutsik datozela diote, baina kontuan hartuta Don Inorrezen atzean Imanol Ubeda ezkutatzen dela, seguru barruan topatuko diogula mamia. Ibilbide emankorra darama artista tolosarrak, besteak beste Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean edota Peiremans+ taldeetan ibilitakoa baita. 2018an sortu zuen Don Inorrez Karlos Aranzegi bidelagunarekin eta Mugiro bila lehen lana kaleratu. 2019an Dardara hura singlea plazaratu ondoren, bigarren lan luzearekin datoz. Entzun dezagun!
“Barre ala negar (anti promozio-orrialdea)” abestiak irekitzen du diskoa. Agian ez dakizu norentzat egiten dituzun kantuak, baina nondik sortzen dira?
Zaila da kanta baten sorburua zehaztea, zein unetan abiatu zen melodia baten ernamuina, noiz eta nola osatu zen kantaren behin betiko hezurdura eta zein unetan lortu zuen hitzekiko oreka. Zaila zait hori dena definitzea. Bestetik, ez dut inspirazioan sinisten. Aritu, aritu eta aritu. Ez dago beste sekreturik. Aritu, aritu eta aritu.
Diskoko hitz askok badute ukitu ironiko bat, kritika umoretsu azidoa… Esaterako, “Izan liteke”.
Egoera negargarri samarra da baina kiroltasunarekin hartzen ditugu gauzak. Ze erremedio, ezta? Gauzak oso serio hartzen ditugu herri honetan. Musikariok ere bai. Baina denok dugu atzean zuloa eta, tarteka bada ere, autoparodia egitea oso osasungarria da. Buruan dituzun kezkak erlatibizatzeko oso lagungarria da.
“Esku hutsik”, jaio berri den haurrarentzako kantua… Gaur egungo Imanolek zer aginduko liguke kantuan aipatzen diren hurrengoetan? Begira horri:
Emakume kantari asko ari da orain gure plazetan, gauza oso interesgarriak egiten.
Entzun hura.
Harrituko zaituen zerbait topatu nahi baduzu, hedabide handietan agertzen ez diren proposamenetan erreparatu beharko zenuke.
Utzi hura.
Kontsentsuarekiko joera. Ez duzu denon gustuko izan behar.
Ibili horrela.
Lotsa pixka batekin, faborez. Lotsagabe nahikoa bada bestela ere.
Pandemia garaiko hitzak ditugu “Ezpainak ezpainekin” kantuan, doinu triste baina ilusio puntu bat pizten duen pieza. Nola bizi izan duzue pandemia musikariaren ikuspegitik? Noizko xanpaina?
Guretzat oso etsigarria izaten ari da. Taldean badira profesionalak diren musikariak eta lanik gabe egon dira denbora luzez. Laguntza miserable batzuk jaso dituzte (batzuk, hori ere ez). Don Inorrez gisa ere, egoera negargarria da. Bi hilabete diskoa plazaratu genuenetik eta oraindik ez dugu emanaldi bakar bat ere lotzerik izan.
Disko osoan soinua nahiko pertsonala iruditu zait eta agian “Apokalipsiaren profetak” abestian ikusten da argien: rock klasikoko oinarria alde batetik, elektronika pixka bat bestetik, 60. hamarkadako kutsua duten azpi-ahotsak… Aurrez pentsatutako zerbait izan da edo estudioan sortu da?
Kanten oinarriak garbi samar eraman genituen Cadizera, Paco Locok El Puerto de Santa María herrian duen estudiora. Kantak edertu asmoz, Paco Locok osagarri ugari proposatu zizkigun. Abilezia hori du. Hala ere, ez genituen bere proposamen denak “erosi”. Ekoizle ezaguna izanik ere, hasiberriaren umiltasuna du eta oso argi dauka taldeak duela azken hitza. Gauza handia da hori. Disko honetan badira apaingarri klasiko samarrak direnak eta badira oso indie-ak direnak ere.
“Egoera negargarri samarra da baina kiroltasunarekin hartzen ditugu gauzak. Ze erremedio, ezta? Autoparodia egitea oso osasungarria da”
“Otis eta Maeve” kantu ederra da, intentsitatearekin nola jolasten duzuen asko gustatu zait! “Hain erraz eta hain zaila aldi berean”. Egon al da diskoan kolpetik sortu den kanturik, eta finkatzea bereziki kostatu denik?
Kanta in crescendo baten moduan irudikatu genuen hasiera hasieratik. Eta estudioan halako soinu-tsunami bat sortu genuen. Ez dakit ekaitzaldiak ez ote duen kanta aurretik eraman. Distantzia hartzea falta zait. “Barre ala negar” abestiak adibidez, azkar samar hartu zuen forma. Beste kanta batzuk ez ziren nahi bezala ondu, ez lokalean ez estudioan, eta diskotik aparte utzi behar izan genituen.
Hitz jokoen zaleak kitzikatuko dituen kantua da “Auskalopitekus”. Whatsappiensaren garaia bizi dugula ez dago zalantzarik, eta zuek ere diskoaren grabaketa leku desberdinetan eta nahasketak distantziatik egin behar izan dituzue. Zer moduzko esperientzia izan da alde horretatik?
Mugikortasuna inoiz baino gehiago mugatua egon den garaian, inoiz baino gehiago bidaiatu dute gure kantek. Abestiak Paco Locoren estudioan grabatu genituen eta ahotsak Azkaraten (Nafarroan), Jonan Ordorikaren estudioan. Masterizazioa egiteko El Puerto de Santa Maríara jo genuen berriro, Kadifornia estudiora. Zailena ordea, nahasketak izan ziren: Paco Cadizetik eta gu hemendik. Sokatira digital betean. Ez da lan egiteko modurik erosoena eta prozesua mantsotzea dakar, baina emaitzarekin oso pozik gaude.
“Dena erdigunera” kantuan egiten den gogoetarekin bat nator, bakoitza gure gudan ari garela dirudi azken aldian eta nabarmen musikaren munduan. Garai bateko elkartasuna faltan botatzen duzu?
Smartphone-ak agertu zirenetik, gutako askoren nartzizismoa maila gorenera iritsi da. Eta ez dirudi aldarte hori apalduko denik. Horretaz gain, musika taldeen balioa follower eta “atsegin dut” kopuruaren arabera neurtzen da orain. Eta hori aho biko labana da, taldeek ere follower eta “atsegin dut” horien gatibu bilakatzeko arriskua dutelako. Testuinguru hau oso bihurria da, inoiz baino artaldeago bihurtzeko arriskua dugulako.
Rock&rollaren bi izar, “Chuck eta Little”, rock&rolla galdu ez dela aldarrikatzeko. Agian zure baitan zirrara hori faltan sumatzeak eraman zaitu disko hau sortzera? Ilusio bat nabari da behintzat.
Iturri zaharrera jo dugu. baina zerbait berria egiteko baino, ezberdina den zerbait erdiesteko xedez. “Chuck eta Little” kantaren egiturak badu kutsu klasiko bat, baina soinukera gaurkoa duela esango nuke.
“Hegalik gabe hegan” kantuarekin diskoa aho zapore onarekin bukatzen duzue. Bizitza pertsonalean aldaketak ematen direnean ezin da ekidin sorkuntzan ere aldaketak ematea. Zuk sumatu duzu aldaketarik?
Alabaren lehen urtebetetze egunerako idatzi nuen abestia. Lehen itxialdia ezarri zen egunaren bezperakoa da. Atera kontuak. Konfinamenduko kanta izan zen gure etxean. Estudiora zalantza askorekin eraman genuen. Sartu bada, Pacori esker izan da. Gitarra akustikoa alde batera utzi eta elektrikoarekin probatzeko proposamena egin zigun. Eta orduantxe ikusi genuen beste kanten pare egon zitekeela.
Disko atsegina oso, detailez jositako kantuak eta hitzek zer pentsatua ematen dute, emozio intimoak partekatzeaz gain. Lizarbakar zigilupean atera duzue lana, zuek sortutako zigilua. Nola ikusten duzu zigilu edota argitaletxeen kontua? Zergatik jo duzue bide horretatik eta nola sentitzen zarete egindako bidearekin?
Hautu bat izan zen, baina ate joka hasiko bagina, ia seguru nago beste erremediorik ez genuela izango. Duela 30 urte hasi ginen musika talde batean jotzen. Eta ordutik hona proiektu eta zigilu ezberdinekin lan egin badugu ere, beti izan gara oso doityourself. Zentzu horretan, ez ginen itsu-itsuan abiatu. Aurrez ibilitako bideetan gabiltza.
Orain ordea, zuzenean aurkezteko garaia da, ezta?
Bai. Hedabideen aurreko erronda osatu samarra dugu. Plazaz plazakoa falta zaigu orain.
Zuzenekorako, diskoa grabatu duten Paco Loco eta Jacob Reguilon beste bi musikari puskak ordezkatuko dituzte: Ruben Caballerok eta Fernando Lutxo Neirak, hain zuzen. Nolakoa da zuzenekoa prestatzeko prozesua aurretik diskoan parte hartu ez duten musikariekin?
Oso erraza. Entseatzeko denbora baino ez da behar. Eta garagardo lata batzuk aukeran. Ruben eta Lutxo mila saltsatan aritutako musikariak dira. Oso trebeak eta oso finak biak. Bi planoak oso ondo bereizten dituzte eta ez dago inolako arazorik. Alderantziz. Oso giro ona dago gure artean. Eurekin oholtza gainera igotzeko gogoz gaude Karlos eta biok.
Maila honetako musikarien agendak kudeatzea ere ez da erraza izango, ezta?
Zailena hori balitz, gaitzerdi. Telefonoa mutu dago eta emailera ez da emanaldi proposamenik iristen. Aldiz, gure agenda daraman mutilak dio pazientzia izateko, udazkenean aukerak sor daitezkeela. Ea ba.