Elkarrizketa

Jon Urzelai

2017.11.13

Jon Urzelai

“Talka emozionaletik sortu da bigarren diskoa”

Elkarrizketa: Unai Pelayo 'Pelax'

Cowboy’s Orchestra abizena galduta itzuli da Unai Pelayo Pelax-en rock proiektua, baina eskarmentu handia irabazi du bidean. Telmo Trenor lagun eta elektronika musikariarekin batera argitaratutako disko labur baten ostean dator Iñigo Irazokiren laguntzarekin analogikoan grabatu duten Talkak egiten du didaktika lan berria, rock klasikotik edanagatik freskotasuna mantentzen duen disko dotorea. Diskoak argitaratzearekin nahikoa ez, eta formatu posible guztietan hamaika eszenatokitan zuzenekoak ere eskaini ditu aurten musikari donostiarrak. Beraz, badugu nahikoa aitzakia berarekin honi guztiari buruzko solasaldi bat izateko.

Pelax bakarrik

Unai Pelayo ‘Pelax’ musikari donostiarra. (Amaia Oca)

Rock talde formatuan argitaratzen duzun bigarren disko luzea da. Zeintzuk dira Cowboy´s Orchestra Saioak lehen lan harekin azpimarratuko zenituzkeen aldaketa nagusiak?
Aldaketarik nabarmenena diskoaren prestaketan egon da. Lehen diskoa zerbait espontaneoagoa izan zen; kantuak bazeuden, emanaldi batzuk eman genituen eta estudioan sartu ginen, bakoitzak zer aportatuko zuen oso ondo jakin gabe. Emaitza polita izan zen arren, lan berrirako gehiago zaindu dugu prestaketa eta argiago izan dugu laukoteko bakoitzaren funtzioa zein izango zen. Analogikoan grabatu beharrak ere horretara bultzatu gaitu, estudioan sartzerako dena lotuta izatera.

Soinuari dagokionez, rock-and-roll parametroetan jarraitu arren, aberastasun handiagoa lortu duzuela esango nuke, diozun lanketa hori nabari dela. Detaileak asko dira eta musikak hartutako norabideak ere anitzagoak.
Azken finean musikari bakoitza mundu bat da. Andoni Olaetxearen gitarrak nireetatik asko aldendu dira eta oso ondo gainera, atmosfera oso berezia eman dio diskoari. Iñigo Ozaetak baxu lerroak asko zaintzen ditu eta Iker Vazquezen bateria jotzeko modua ere oso aberatsa da. Diozun soinu aldaketari dagokionez, kontuan hartu niretzat beste garai bat izan dela. Lehen diskoa talka fisiko batetik sortu zen, eta oraingoan talka emozionala izan da. Disko berriarekin kualitatiboki urrats bat eman nahi genuen eta hori hasieratik nabaritu da. Taldekide guztiak hamaika saltsatan burubelarri aritu gara eta kontzertu pila bat eman ditugu, musika askoz ere gehiago entzun dugu… eta hori guztia nabari da azken emaitzan.

Aitor Rubiok bateria utzi eta Iker Vazquezek hartu duen arren, Andoni Olaetxea eta Iñigo Ozaetak osatutako muina mantendu da. Nolakoa izaten da konposatzeko era, zenbateraino da Unai Pelayoren bakarkako lana eta zenbateraino egiteko kolektiboa?
Ñabardura txiki bat lehendabizi. Aitor Rubiok ez du taldea utzi, guretzat partaide izaten jarraitzen du eta seguru inoiz bere beharra izango dugula. Kantuei dagokienez, normalean etxean bakarka sortutakoak izan dira eta diskoa prestatzen aritu garen hilabeteetan, lokalean elkartu eta taldekideei aurkeztu dizkiet. Hortik abiaturik, beraien lanaren bidez, sekulako maila hartu du kontuak. Ideia nagusia nirea izan arren, adar ezberdin asko atera dira oinarri horretatik eta kideek estruktura bera ere aldatu dute askotan. Eta ni guztiarekin konforme, noski.

“Nire barruko zalantzetatik asko du diskoak: dela musika eszenari, musika sorkuntzari, militantzia eredu ezberdinei edo teknologiaren eraginari buruz”

Hitzei buruz zer esango zeniguke? Hemen ere rock-and-roll moldeetatik aldentzeko gogorik ba al dago?
Esan bezala, lehen diskoak bazuen gehiago azalekotik. Kasu honetan, aldiz, gehiago izan du nire barruan sortzen ziren zalantzetatik: dela musika eszenarekin, nire musika sorkuntzarekin, militantzia eredu ezberdinekin, teknologiaren eraginarekin… Gai horiek bueltaka nituela konturatu nintzen oso kritikoa naizela kontu batzuekin. Egia da diskoa oro har nahiko iluna dela eta hitzek ere laguntzen dutela horretan.

Gatazka presente dago lan guztian.
Bai, hori da. Borrokatu beharra, oztopoak gainditu beharra eta hortik ikasten duguna. Hezkuntzan ere badugu gabezia sakon bat, orokorrean ez baikaituzte prestatzen ezeri aurre egiteko.

Xabier Bizkaik errepikatzeaz gain, Olatz Salvador, Beñat Antxustegi edo Joseba Baleztenak ere hartu dute parte diskoan, beste hainbaten artean.
Beti gustatzen zait lagunak gonbidatzea estudiora. Olatzenak egiten dit ilusio berezia, teklatuak eta ahotsa sartu ditu eta oso ondo geratu dira.

Zer ikasi duzu Telmo Trenorrekin batera izandako esperientziarekin?
Makina baten menpe jotzen (barreak). Telmorengandik musika beste belarri batekin entzuten ikasi dut. Soinutxo hutsak diruditenetan fijatzen da eta kantuaren parte egiten ditu. Horrez gain, musika sarean bilatu eta ezagutzeko tresna ezberdinak erakutsi dizkit. Artista elektronikoak eta DJak gu baina are baldintza ekonomiko txarragoak izan ohi dituztela ere ikusarazi dit.

Proiektuak jarraipenik izango al du?
Bai, bai. Pixkanaka disko berriko remix batzuk egiten hasi gara eta orain formatu minimalista bat ere prestatzen hasi gara, ordenagailurik gabe egindakoa. Halere, Telmo Trenorri arreta ikaragarria eskatzen dio horrek… Baina bai, jarraituko dugu batera lanean. Niretzat oso formatu elegantea da.

Pelax taldea

Andoni Olaetxea, Iñigo Ozaeta, Pelax eta Iker Vazquez. (Amaia Oca)

“Sugea” abestia ere Telmorekin argitaratutako diskotik erreskatatu duzu.
Bai. Taldekideei gustatu zitzaien eta grabatzea erabaki genuen. Aitor Rubiorekin zuzenean grabatuta dago gainera, ahots eta guzti.

Ez Dok Amaitu kolektiboko kide zara eta Sortu Dira Besteak ekimenak antolatutako kontzerturen batean ere hartu duzu parte. Biak ala biak sortzaile gazteak ikusgarritasuna irabazteko eta generazio berrien sorkuntza plazaratzeko proiektuak dira. Halako ekimenen beharra al dute musikari gazteek?
Nik uste dut baietz. Agian Sortu Dira Besteak ekimenak ikusgarritasun gehiago du eta Ez Dok Amaitu elkar ezagutu eta batzeko baliagarriagoa izan zaigu partaideei, nahiz eta hasiera batean asmo bera izan. Noizbait berriz ere jaialditxoren bat egiteko asmoa badugun arren, kontzientzia piztea ere bazen asmoa hasieratik. Sortu Dira Besteaken bidez ere jende zoragarria ezagutu dut. Bi ekimenen bitartez mugak haustea lortu dut eta Paxkal Irigoien bezalako artista puska bat ezagutzeko baliagarri izan zait, esaterako. Behar dira halako ekimenak. Gainera, gaur egun antolatzen dituzun ekimenei garrantzia eta transzendentzia handia eman ezean, publikorik ez da existitzen. Publikoa zerbaiten parte sentiarazi behar duzu, bestela jendea ez da mugitzen. Gaur egun Netflix eta horrelakoen aurrean kontzertu bat ez da erakargarria, ez bada mainstream behintzat. Euskal Herrian hiruzpalau taldek bereganatzen dute publiko osoa, gaur egun gaztetxe bateko kontzertu batera bazoaz, publikoaren %90a musikariz eta ekintzailez osatuta dago. Behar-beharrezkoak dira halako ekimenak, beraz.

“Gaur egun ekimenei garrantzia eta transzendentzia eman ezean, publikorik ez da existitzen. Publikoa zerbaiten parte sentiarazi behar duzu”

Badago Ez Dok Amairu izan zenaren antzeko mugimendu generazional baten beharra dugula dionik ere.
Bueno, beste garai batzuk ziren. Gaur egun badago zeren aurka borrokatu baina ez da garai horiekin konparagarria.

Amaitzeko, beste kontu batez galdetu nahi nizuke. Zeu Donostiako Egia auzokoa zara, auzo bizia izanagatik azken aldian aldaketa sakonak bizi izan dituena. Segur aski Donostian musika areto gehien dagoen lekua izateaz gain, gentrifikazioaren mamua eta turismoaren eragina ere gertu sumatzen ari zarete. Nola bizitzen ari zara prozesu hau guztia? 
Egiatar gisa esan behar dut gurea beti izan dela auzo jendetsua, hiritarrez eta probintzia osotik parrandara etorritakoez betea. Gure auzoan aste bakoitzean, ostegunetik igandera, 7-8 kontzertu izan ditzakezu eta ez dakit ze punturaino den positiboa halako eskaintza egotea hain toki txiki batean. Esan beharra dago, baita ere, askorentzat Egia Tabakaleratik Bukowski bitartean dagoen eremu hori dela eta egia hitzak malda esan nahi du, hau da, nire Egia aldapan gora hasten da. Gu ibiltzen garen inguruan, Jareñoren bueltan, ez da horrenbeste sumatzen. Nabari da egun puntualetan, Dantz bezalako jaialdi bat antolatzen dutenean adibidez, edo Zinemaldian. Negozio batzuk ixten ari dira eta moderno-gourmet hauetakoak irekitzen ari dira aldi berean. Tabakalera, autobus geltokia, orain hotel bat ere irekiko dute… Aldaketak gertatuko dira, hori ziur.

ETIKETAK:Aitor RubioAndoni OlaetxeaBeñat AntxustegiIker VazquezIñigo OzaetaJoseba BaleztenaOlatz SalvadorPaxkal IrigoienPelaxTelmo TrenorUnai PelayoXabier Bizkai