Elkarrizketa

Izkander Fernandez

2016.01.20

Izkander Fernandez

“Taldea bera kantuak baino askoz garrantzitsuagoa da”

Elkarrizketa: Gorka Molero (Han taldeko kidea)

Konturatzen zarenerako, gertatu da. Entzuteko musika aukeratzerakoan ez diezu gaur egungo bulkada eta behar fisikoei jarraitzen. Antzinako neguko arratsalde eguzkitsu baten oroitzapenak zure ekintzen jabe egiten dira eta zure diskoen artean 90. hamarkadako doinuetara eramaten ditu atzamarrak. Praka laburretan bizi izandako pasadizo rockeroak etortzen zaizkizu burura, zeinetan eztandek eta momentu isilek antzerako pisua duten. Garai urrun hartan Gorka Molero ezagutu nuen. Lagun komun bati esker Non Demontre entzun nuen. Gure adineko jendea gure adineko musika egiten. Handik urteetara enpresa berean lan egiten topatu ginen. Yakuzi eta post-rockaren garaiak ziren. Bilbo Hiria lehiaketa irabazi zuten. Orain, Gorka Molerok erronka berria du martxan. 90. hamarkadako rockaren, pop zaratatsuaren eta hardcorearen arteko sintesi melodikoa: Han.

-Han taldea_content

Karlos Gomez, Nerea Lersundi, Miguel Leon eta Gorka Molero, Han taldeko kideak.

Nola eta zergatik sortzen da Han?
Han taldea Karlos Gomez eta biok sortu genuen 2013-2014. urtean. Aurretik Mokaua proiektuan elkarrekin ibiliak ginen, eta hura bukatu ondoren denboraldi luze batean ez genuen topo egin, baina biok jotzeko gogoarekin ginela ikusita, astelehen gauetan geratzea erabaki genuen. Horrela, apurka-apurka, genituen ideiei forma ematen hasi ginen eta konturatu orduko, bateria jole baten beharra zegoela ikusi genuen. Beraz, Kanariar Uharteetatik Elorriora bizitzera etorritako Miguel Leon batu zitzaigun eta ordurako genituen kantuei forma ematen jarraitu genuen. Handik gutxira, kantuek ahotsa eta mezua behar zutela ikusirik, Nerea Lersundi gehitu zen taldera.

Diskoarekin bukatzen den proiektu bat da edo etorkizunera begira egindako taldea da?
Ez, Han ez da diskoarekin bukatzen den proiektu bat eta ez gara etorkizunean pentsatzen duten horietakoak. Orainaldian pentsatzen dugu eta momentu honetan bizitzen ari garenaz disfrutatzen gabiltza; beraz, gustuko duenak goza dezala gurekin batera!

Zergatik eta zertarako grabatzen/kaleratzen da disko bat gaur egun?
Pufff… Gaur egun azterketarako galdera da hori… Han-en kasuan, urtebetez lokalean jotzen ibili ondoren kontzertu batzuk eman genituen, eta horietako bat Bonberenean izan zen. Kontzertuaren ostean, Bonberoko Patxirekin hizketan, zerbait grabatu beharko genukeela komentatu zigun, Bonberenea Ekintzak-ekin zerbait egin genezakeela etabar. Zerbait grabatzeko eta kaleratzeko proposamen zuzena izan zen eta horrela sartu zitzaigun ideia hori buruan. Bonberenean grabatuko genuela argi genuen eta Txap-ekin [Karlos Osinaga] izango zela ere. Musika munduan hainbeste urte eman ondoren, gure kantak plastiko borobil batean islatuta ikusteak ilusio handia egiten zigun eta LP formatuan bakarrik ateratzearen aldeko apustua egin genuen, nahiz eta barruan CDa opari bezala daraman. Beraz, zergatik? Proposamen bat izan zelako erantzun genezake. Zertarako? Bada gaur egun, zure musika lagunen eta jendearen artean zabaltzeko, horren ondorioz kontzertuetan jotzeko aukera jaso dezakezulako. Azken finean, zuzenekoekin disfrutatzen dugu gehien.

Non Demontre, Yakuzi eta orain Han. Beste hainbat proiektutan ere parte hartu duzu. Geldirik egotea asko kostatzen al zaizu?
Badirudi baietz. 15 urte nituenetik proiekturen batean parte hartzen aritu naiz beti, eta estilo desberdinetako proiektuetan parte hartu dudan heinean, gauzak egiteko motibazioa handituz joan dela esango nuke. Musika jotzea, niretzat, espresatzeko modu bat bihurtu da, adikzio osasungarri bat, eta oraintxe bertan horri uko egitea oso zaila egiten zait.

Kantak dira garrantzitsuena oraingoan?
Ez, ibilitako proiektu guztietan, kantek beren garrantzia izan arren, inoiz ez dira izan gauzarik garrantzitsuena. Eta orain, inoiz baino argiago ikusten dut taldea bera dela kantak baino askoz garrantzitsuagoa. Talde batean taldekideak dira funtsa, eta hori oso ondo zaindu beharra dagoela uste dut.

Fugazi, Husker Du, Pixies… ohiko susmagarriak?
Lehen aipatu dudan moduan, proiektu desberdinetan aritzeak iturri desberdinetatik edatera bultzatzen zaitu. Aurretik izan ditugun proiektuetan aritzeak asko aberastu du taldea; beraz, disko honetan lortutakoa horren ondorio zuzenak direla esango nuke. Hau esan ondoren, bakoitzak bere ondoriak atera ditzala…

“Diskoan estilo eta hamarkada desberdinetako pintzeladak sumatuko dira ziur. Izan ginena gara, eta izaten jarraituko dugula espero dugu”

Askotan, entzuteko musika nostalgia eta malenkoniaren arabera aukeratzen dugu. Musika egiterakoan ere antzerako zeozer gerta daiteke?
Baietz suposatzen dut baina modu oso naturalean… Une zehatz batean ez diozu zeure buruari galdetzen nola sentitzen zaren estilo konkretu bateko abestia konposatzeko, askoz naturalagoa dela uste dut. Jotzen hasi eta momentu horretan sentitzen duzun nostalgia eta malenkonia islatuta geratzen direla esango nuke.

Han-ek zerikusia dauka horrekin?
Ez modu interesatu batean, ez dugu ezer konkreturik bilatu zentzu horretan. Estilo eta hamarkada desberdinetako pintzeladak sumatuko dira ziur. Azken finean, izan ginena gara, eta izaten jarraituko dugula espero dugu.

Zuzenekoak bereziak izango dira. Sormen esparru ezberdinen arteko uztarketa.
Azaroaren 28an ikuskizun berezi bat egin genuen Elorrioko Arriola Kultur Aretoan. Bideoa eta musika nahasten dituen 2634 ikuskizuna taularatu genuen. Ikuskizunak bi zati ditu: 20 minutu inguruko ikus-entzunezkoa eta kontzertua, irudi proiekzioekin eta argiztapen bereziaz. Lagun artean egin dugu lan, eta oso-oso eskertuta gaude kolaboratu duten guztiekin. Pello Salaberria eta Itziar Bastarrika ibili dira bideogintzan, Iker Nafta jardun da estilismoan, eta Urko Rekondo eta Iñigo Aranbarri aktore lanetan. Argiztapenean Jon Zubiak eta Aitor Etxebak lan itzela egin dute eta soinuan Miguel Alonso aritzen da. Orain, ikuskizuna beste areto eta kultur etxeetara zabaltzea dugu helburu. Beraz, gaur egun bi eratako kontzertuak eskaini ditzakegu: alde batetik, areto eta kultur etxeetan ikuskizun moduan eta beste alde batetik, bestelako lekuetan, ohiko kontzertu formatuan.

Kontzertuak eskaintzeko badaude lekuak Han bezalako proposamen batentzako?
Bai, edozein lekutan aritzeko gai garela uste dut. Alde horretatik, nahiko ondo moldatzen garela esango nuke.

HURRENGO KONTZERTUAK

  • Urtarrilak 30: Durangoko Plateruena aretoa (+ Libe)
  • Otsailak 12: Bermeo
  • Otsailak 20: Elorrio
  • Martxoak 11: Gernika (Lekuek jaialdia)
  • Apirilak 14: Bilbo (Loraldia jaialdia)
  • Apirilak 30: Berriz (2634 ikuskizuna)
  • Maiatzak 21: Tolosa (2634 ikuskizuna)
ETIKETAK:Bonberenea EkintzakHanKarlos OsinagaNon DemontreYakuzi