2020.11.10
Urte kaotiko hau aukeratu du Tenpora taldeak bere hirugarren lana kaleratzeko, Berriro asma nazazu; gaur egungo egoeraren harira datorren primerako mezua iragarri duela esan dezakegu. Ibilbide luzeko proiektu honen esentzia, besteak beste, musika lantzeko prozesuan topatzen dugu, hori baita azal berritzen doan boskote honen hilezkortasuna bermatuko duen funtsa. 2012an elkar ezagutu eta 2013an talde bezala hasi ondoren, hasierako entseguek maketatxo batzuk grabatzera eraman zituzten Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Beñat Barandiaran (gitarra), Juantxo Zeberio Etxetxipia (pianoa, teklatuak) eta Elene Arandia (ahotsa) tenporizatzaileak, ibilbide desberdinetako musikariak guztiak. Euri asko egin du geroztik, eta lan urte dezente igaro dira Tolosaldeako taldearentzat. Horretaz eta lan berriaz jarduteko asmoz Elene Arandia eta Juantxo Zeberiorekin elkartu gara.
2010eko hamarkadan hasi eta bi disko bizkarrean izanik, orain hirugarrena etorri da. Talde soinu sendoaren bila hasi zineten duela 10 urte. Ideia hori eraldatzen joango zen agian, baina zer topatu duzue bilaketa horretan?
ELENE ARANDIA: Oso modu natural batean bildu ginen, ez zen all star formatuko elkarketa bat izan, hau da, artista profesional edo ibilbide luzeko artisten bilketa, ez. Juantxok Benito Lertxundi eta Maddi Oihenartekin zebilenean sortutako abesti dezente zituen formatu ezberdinetara bideratuak, eta horiei irteera emateko talde dinamika bat sortu nahi zuen, bere abesti edo besteonekin. Argi geneukan kanta formatu batzuei irteera emateaz gain, lan egiteko modu zehatz bat sustatu nahi genuela, prozesu hori elkarrekin biziz. Hasierako entsegu haietatik atera ziren maketen emaitzek argi erakusten zuten gure funtzionamendua. Abesti horiek ikasi, gorpuztu eta landu egin genituen, tenporizatu nolabait esateko, prozesuan zehar ikasiz. Musikari bakoitza bere instrumentuaren soinuaren trataera bat egiten joan gara. Hasieratik argi geneukan ez zela egun batetik besterako ospea lortuko zuen proiektua izango. Estrofa-leloa-estrofa abesti motatik harago joango zen zerbait izango zela bagenekien eta orain, zortzi urteren ondoren, denborak arrazoia eman digu eta gure bidea egiten jarraitzen dugu.
Berriro asma nazazu. Berriro asmatu behar, zergatik?
E.A.: Azken aldian jendea asko hitz egiten ari da kontzeptu horren inguruan, berrasmatu, reinventarse gazteleraz. Ez gara oportunistak izan, konfinamenduaren aurretik diskoa egina baikeneukan. Izenburuak Tenpora zer den ongi deskribatzen, identifikatzen, islatzen du. Berrasmatzen goaz, bai gutako bakoitza, bai taldea oso batean. Ez gaude hemen dakigun hori behin eta berriz errepikatzeko, ez dakigun horretan lan egiteko baizik. Eginda dagoena jendeak egin eta errepikatuko du, baina gu ordea, berrasmatze prozesuan murgildurik gabiltza. Ez dakiguna, gai ez garena eta egin nahi duguna Tenporaren bitartez islatzen saiatzen gara, eta horrek beti aldaketan egotera bultzatzen gaitu.
Berrasmatze horrekin loturik dago azalaren diseinu aproposa.
JUANTXO ZEBERIO: Gure mezuarekin bat datorren lan paregabea Malen Amenabarrek eginiko diseinuan topatu daiteke, bai. Izenburua bakarrik eman eta berak sortu zuen guztia. Sugearen berraldatze, berrasmatze hori. Sinpleki, paregabea. Testurik gabe ere, irudi batek ere zer indarra duen. Sare sozialetan inkesta txiki bat egin genuen honen inguruan, izenbururik gabeko irudia erakutsi eta ea izenburua asmatu zezaketen. Orokorrean, ez ziren oso urruti ibili.
Partaide eta lagun musikarien ekarpenak izan dituzue: Et Incarnatus hari hirukotea, Ruben Salvador, Gonzalo Fernandez de Larrinoa… besteak beste. Konta iezadazue nola izan den.
J.Z.: Egia esan, beti zaindu dugu gehiegizko kolaborazioak ez izatea. Azken finean, ibilbide luzeko musikariak izanik jende asko ezagutzen dugu eta erraza izango litzateke bilduma kolaborazioez betetzea, baina Tenpora Tenpora da. Defendatu beharra daukagu, bai diskoan, bai zuzenekoetan. Soinua gurea da eta kolaborazioak abestiek eskatzen dituztelako daude, modu leun eta minimalista batez tratatuak. Asko gustatu zitzaizkigun, adibidez, Xendarineko Ahizpekin grabatutako ahotsak “Mahatsa hazten den lekua” abestian. Oso ahots folkia dute eta Elenek duen ahots garaikideagoarekin batera primeran enpastatu zuten. Gainera, Harkaitz Canoren hitzak ere paregabe gelditu dira; bazkalostean ardo kopa bat eskuan abesteko kanta da, dudarik gabe.
“Abestien iraupena luzatzeko askatasun osoa daukagunez, kantuak eskatzen digunaren eskuetan jartzen gara, presiorik gabe”
Grabaketetarako ere “tenplu” desberdinak erabili dituzue: Katarain eta Mamia estudioak Azkaraten, Aitor Etxebarriaren Bilboko estudioa… profesional asko saltsan. Zer onura ekarri dio diskoari lan prozesu horrek?
J.Z.: Musika, oinarria, eta ahotsak Azkaraten grabatu ditugu eta pianoak berriz, Aitor Etxebarriarekin Bilboko estudioan, grabaketa prozesua Jonan Ordorikaren zuzenpean egonik. Prozesua orokorrean oso sinplea izaten da dakiguna argi izaten dugulako, baina jakinik gauzak birgrabatu egiten ditugula, noski. Beste kolore batzuk azaleratzen dituzten soinuak bilatzen saiatzen gara ostera, apropos ikusten ditugunak. Pianoaren kasuan adibidez, lanketa sakonago bat egin nahi izan dugu. Pianista batentzat zaila izaten da batzuetan bere instrumentuaren bitartez bilatu nahi den soinu apropos horrekin topo egitea, pianoa piano izatea azken finean, baina kasu honetan beste instrumentuekin enpastatzea lortu dugu. Horrek pianoaren soinua ez hain garbia izatea ekarriko duela? Bai. Ez al da gauza bera pasatzen gitarrekin, hiru edo gehiago grabatzen direnean eta modu xume batean? Geruzen lanketa bat ematen da, beheko geruza horiek gainekoei luzitzeko aukera ematen diete. Hemen pianoak helburu hori dauka, instrumentu bat gehiago izan eta guztia enpastaturik geratzea.
Bilduma honetako abestietatik bat aukeratu beharko bazenute, zein eta zergatik?
E.A.: “Maleta zaharra” entzun eta entzun eta kantatzen nabil azken aldian, baina zaila egiten zait aukeraketa. Lagun, ezagunen eta lankideen partetik ere gauza desberdinak jaso ditut, bakoitzak bere interpretazioa bilatzen duelako. Baina ez naiz ohitzen nire burua entzutera, beti perfekzioa bilatzen hasten naiz eta…
J.Z.: Nik ere ez ditut nire lanak asko entzuten etxean. Baina kanpoko batek aukeratzen duenean, desberdina da. Nahasketa prozesuak dakartzan epealdi ilunen ondoren, iritzi desberdin, duda eta bilaketa zailen ondoren hain zuzen ere, elkarrizketak datoz, aurkezpenak. Elkarrizketa batean ari ginela irratian, abesti bat aukeratu eta entzutean pentsatu nuen “aizu, zeinen ongi dagoen hau”. Horrelako egoeretan zure obraz gozatzeko aukera izaten duzu, bestela lortzen ez duzun modu batez agian. Nire kasuan behintzat. Pertsonalki, bi abesti aukeratuko nituzke, “Berriro asma nazazu” eta “Denborak badaki”.
Gustuak eta gustuak daudela badakigu eta eskerrak.
J.Z.: Bai. Tenpora agian ez da entzule batek lehen entzunaldi baten ostean itsutuki besarkatuko duen talde bat, jartzea eskatzen du. Edozein jarduera artistikotan gertatzen den modura, best-sellerrak dauden bezala badaude beste lan batzuk ahalegintxoa eskatzen dutenak. Disko bat entzutea liburu bat irakurtzearekin konparatu daiteke. Irakurri, entzun, ulertu. Horretara jarri behar zara.
Literatura irakurtzeko modua ez da horrenbeste aldatu agian, baina diharduenak horretan jarduten du. Arteaz gozatze horretan musikak aukera desberdinak eskaini ditzake, baina horietako batzuk galtzen ari dira. Demagun bilduma oso bat hartu eta entzuteko ohitura berreskuratzen dugula…
J.Z.: Tenporak hor gehiago irabazten du. Entzuten jarri beharra dago, ez musika jarri eta listo, baizik eta horretan jardun. Askotan denok kantu solteak jarri eta entzuten ditugu Spotifyren bitartez adibidez, ni barne, eta primeran dago, baina kasu batzuetan egon ere egin behar da.
E.A.: Juantxok arrazoi du. Entzule aktiboari artearekiko konpromiso bat eskatzen zaio, ezagutzarekiko konpromisoa, konplexutasun hori josteaz gain kuriositatea landu dezan. Gaur egun, geroz eta gauza luzeagoetara jotzen ari garela uste dut, abesti luzeagoetara. Kantuetan momentu desberdinak daude eta guk egoera hauen aurrean sortzen den inpazientzia horren aurka egiten dugu. Musika benetan entzuten jartzea defendatzen dugu. Kantuek gauza desberdinak eskatzen dituzte eta hori gure errepertorioan argi ikusten da. Abestien iraupena luzatzeko askatasun osoa daukagunez, kantuak eskatzen digunaren eskuetan jartzen gara, presiorik gabe.
Kritikaren aldetik hitz indargarriak jaso dituzue.
E.A.: Musikalki eta talde bezala oso horizontalak garela nabarmendu dute kritikariek. Taldearen elkar arteko ezagutza horrek eman duen enpaste hori. Talde askotan abeslariak izan ohi du talde bateko pisua nolabait esateko, baina Tenporan ez da hori ematen, talde sentitzen gara. Hor dago horizontaltasuna.
Albumera bueltatuz, dudarik gabe azken lan honetan level upgrade bat sumatu daiteke. Landua, elegantea, heldua.
J.Z.: Bigarren eta hirugarren lanak hartzen baditugu adibidez, instrumentuen soinu-trataeraren prozesu garbia argi ikusten da. Oraingo honetan ahotsari ere arreta berezi bat eman diogu, taldekide guztien presentzia izan baitugu ahotsen lanketa eta grabaketetan, xehetasun horiek ere landuz. Azkenean, talde bezala lortu dugun heldutasuna soinuan nabarmentzen da.
“Txikitatik ukitu daitekeena baloratzen irakasten digute eta ez ukiezinak diren gauzak. Baina zenbat balio du, ideia edo musika batek, zenbat poztasunak? Hori da bizitza”
Bukatzeko, zerbait eskatu edo esan behar bazeniete euskal musikaren parte diren ekintzaileei, artistei, kultura sustatzaileei, antolatzaileei, entzuleei… zer izango litzateke?
J.Z.: Paradigma aldaketa bat behar dugula. Klima aldaketaren gaiaren antzera, noiz aldatuko dugu txipa? Olatuak gure etxe parean aurkitzen ditugunean. Kultura eta musikarekin berdin. Noiz arte egongo gara pentsatzen merkatuan dauden gauzak direla bizitza honetako ondasun garrantzitsuenak eta ez pertsonen ongizatea, edo Benitok [Lertxundi] askotan esaten duen bezala, arimaren elikagaia? Txikitatik pisatu, ukitu daitekeena baloratzen irakasten digute eta ez ukiezinak diren gauzak. Zenbat balio du ideia edo musika batek, zenbat poztasunak? Hori da bizitza. Deskribatu ezin den hori da benetan pertsona egiten gaituena. Ikusiko bagenu beste alor profesionaletan nola bizi diren eta nola bizi garen gu, lotsagarria da. Prekarietatea izugarria da, baita 30 urteko ibilbidea duten izeneko musikarien artean. Aldez aurretik argi daukazu disko bat kaleratzeak zulo bat utziko dizula; batzuk horri aurre egin diezaiokegu, baina jende asko atzean geratzen ari da, srmen aldetik ekarpen izugarriak egin ditzakeen jendea. Eta horrek garrantzia dauka, edo ez? Hemendik hogei urte aurreragoko Xabier Lete gaur hemen dago eta seguraski honetatik ezin du bizi. Kultura, jendea esnatzeko tresna garrantzitsua eta beharrezkoa da, bai ekonomia aldetik eta, zer esanik ez, izpiritualtasun edo arimaren partetik, baina era berean gizartea ez dago prest. Esango bazenit zure herriko udalak ez dakit zenbat diru gastatuko duela musikan, ziur herritar askok ez luketela ondo hartuko. Gizartea politikarien isla da azken finean. Gastu horiek benetan gastu direla pentsatzen jarraitzen dugun bitartean eta ez inbertsioak, oso konplikatua izango da. Txikitatik gauzak birplanteatzen eta hezkuntzaren aldetik balio gehiago ematen hasten bagara, agian etorkizun batean fruituak ikusten hasiko gara.