Elkarrizketa

Urko Ansa

2019.01.14

Urko Ansa

“Tabu diren gaiak normaltzat jo eta disfrutatzea nahi dugu”

Elkarrizketa: Eskean Kristö
Riff zitalak, harrokeria, oholtza irensteko nahia eta ahala. Letra lizun eta eskandalagarriak, hitz-jokoak, onomatopeiak… Ongi etorriak euskal hard-rock makarraren unibertsora. Ze kristo, Beste belaze batzuen gozoan (Trumonots Records) diskoak barrenak mugitzen ez badizkizu, hilda zaude!! Bateria jotzaile berria estreinatu dute gainera: Manu Fortek ordezkatu du Imanol Arrese. Peio Artetxe (Areatza, Bizkaia, 1990) baxu jotzaileak eta Pello Artabe (Arantzazu, Bizkaia, 1989) abeslari eta hitzen egileak erantzun dituzte gure galderak eta dena jarri dute, taula gainean eta estudioan egiten duten moduan.
Eskean Kristo berria ona

Peio Artetxe + Alex Harillo + Manu Forte + Aritz Ontalvilla + Pello Artabe = Eskean Kristö.

Disko boteretsua landu duzue: konposaketa aldetik aberatsa, indartsua, borobila. Alta, gitarrak aski garbiagoak dira hainbatetan. Momentu horietan, hard rocketik baino gehiago dute rocketik.
PEIO ARTETXE: Gure estudioko hirugarren diskoa da hau, laugarrena maketa kontuan hartzen badugu. 2011n hasi ginen talde rockero bat sortu nahian eta horrela jarraitzen dugu ia zortzi urte eta gero. Diskotik diskora aldaketak egin ditugu, azken finean, musikari moduan hazten goazelako eta gauza berriak probatzea gustatzen zaigulako. Eta hori guztia gure diskoetan islatzen da. Ez dakigu “heldutasun” seinale den, baina sormen prozesuetan sartzen garenean esperimentatzea gustatzen zaigu eta horrek aldaketak dakartza. Azken disko honetan ere, noski, gauza berriekin ausartu gara musikari dagokionez. Urtebete egon gara kobazuloan sartuta abestiak konposatzen, soinu berriak arakatzen eta doinu eta armonia artean zoratzen. Abesti onak egiten zentratu gara, ez estilo jakin bateko abestiak egiten. Gure helburua kantekin beteta sentitzea izan da eta nabarmena da konposizioen estiloen arteko aniztasuna. Disko honetan southern, power pop, bossanova, punk… ukituak antzeman daitezke, beti ere rock&roll oinarritik abiatuta, hori baita gure esentzia. Gitarra garbiagoak agian bai… baina orokorrean, instrumentu bakoitzari bere soinua bilatzen saiatu gara abesti bakoitzak eskatzen zuenaren arabera. Hala ere, hard rockeroak izateari ez diogu sekula utziko, hori gure izaeran erakusten dugu beti eszenatoki gainean.
PELLO ARTABE: Aurrekoetan bezala, rock&roll klasikoak bizkarrezurra izaten jarraitzen du, baina horretara mugatu gabe, gure kolore paleta aberastu dugu disko honetan. Rock puruenaren ardatzetik abiatu, eta beste ertz batzuetara egin dugu. Entsegu lokalean susmoa genuen sortzen ari ginen abestietan doinu eta estilo ezberdinak uztartzen ari ginela eta diskoa eskutan edukita, nabaria da estilo berri horien presentzia. Xehetasunak ondo zainduz, abestiak azken tantaraino zukutu ditugu eta, egia esan, kostatu zaigu amaitutzat ematea. Mila buelta eman dizkiogu zenbait abestiri, eta tentsio uneak ere izan dira konposizio prozesuan. Baina beharrezkoa da hori guztia: ezin duzu abesti bat bukatutzat eman ez bazaitu %100ean konbentzitzen. Nola defendituko duzu bestela zuzenekoetan? Abestiak zuzenean kantatzeko sortzen ditugu; zuzenean funtzionatu behar dute. Eta publikoak dauka beti azken hitza, noski, publikoarekin daukazun konexioak, hartuemanak.
Koruei ematen diezuen tratamendua gero eta landuagoa da. Aurreko lanean (Ezkurrik onenak, 2016) jada argi gelditu zen, eta oraingoan ere nabari da “Mamamamarroa”, “Koipez bustiko gara”, “Gogó”… eta abarretan.
P. ARTETXE: Koruei betidanik eman diegu garrantzia handia, bai diskoetan eta bai zuzenekoetan, baina aitortu behar dugu disko honetan askoz ere landuagoak eta aberatsagoak direla. Gure kasuan, beti ahalegintzen gara koru armonikoak sortzen eta kantek eskatzen duten momentu egokienetan egiten. Koruekin, estrofa, lelo edo errepikak indartzen saiatzen gara. Armoniak eta ahotsak gehitzen, transmititu nahi dugun zerbait azpimarratu nahi dugu, eta testu horri bultzakada bat eman bai esanahiaren aldetik zein alde estetikotik.
P. ARTABE: Disko honetan ahotsak gehiago entzuten dira, garbiago eta argiago. Eta ahots nagusiaren eta koruen grabazioa ere, zorrotzagoa izan da zentzu horretan. Aurreko diskoak whiski edo ron botila aldamenean nuela grabatu izan ditut, oraingo hau ur botilarekin… Kar-kar. Peiok, Aritzek eta hirurok hartzen dugu koruen ardura. Abestiak janzteko eta ahots nagusia laguntzeko, indartzeko asmoz. Hor ere nabari da ekoizlearen eskua, nahasketetan presentzia eman nahi izan baitie ahotsari eta koruei.
Lizunkeria nonahi nabari da zuen letra berrietan, “Zaldiak negarrez”-en bereziki nabarmena (zer esanik ez bideoklipean): “Nire bekokiak ondo daki zure pottokaren abenturen berri”. “Hankartea zerora” eta “Gogó” ere sartu behar dira multzo horretan.
P. ARTETXE: “Haragia ta ya erre gara… begiratu hona, katamar nabil“. “Biluzik nire gainean basapiztia latigopean”, “Zure gorputza izerditan karamelo bero bihurtu da“. “Ederrak nire begiak zure hanka bitartean“. Disko honetan agian ohi baino askoz ere lizunagoak edo lotsagabeagoak izan gara, baina ikus dezakezu aurreko diskoetan ere sarritan aritu garela horrela. Gure amets gordin-lohi-lizunenak bete ezin ditugunez, soilik horietaz abestea geratzen zaigu. Kar-kar-kar! Orokorrean oso zirikatzaileak gara eta gure letren gaiak nahiko lotsagabeak izaten dira. Lizunkeria, neurrigabekeria, desobedientzia, heresia, bekatua… ez dugu inor mindu nahi (agian politikari babalore nazkagarriren bat bai), baizik eta tabu diren gai horiekin era dibertigarri batean normaltzat hartzea eta disfrutatzea. Denoi gustatzen zaigu debekatuta dagoena. Ikusi bakarrik ahal dena, ukitzea.
P. ARTABE: “Bihotzetik zein hankartetik” irtendako istorio gordinak dira gureak… kar-kar. Entzuleei atentzioa ematea, egonezin apur bat sortzea gustatzen zaigu. Eta fede onez, adarra jotzea ere bai, batzuetan. Horretarako, gauzak esateko modu morbosoak bilatzen ditugu, eta hitz joko aldrebesak erabili, hizkera endredatu. Orokorrean, taldea hazi egin da, musikari hobeak gara, ni ez ezik beste guztiak. Eta taldearen soinua trinkotu egin da, noski. Denborak dakar hori. Ondo elkar ulertzen dugu, bai lokalean eta bai zuzenekoetan. Letrek ere, bestelako sakontasun bat hartu dutela esatea gustatuko litzaidake, nahiz eta betiko ironia, zentzugabekeria eta abstrakzio kutsu hori izaten jarraitu. Baina hori gauza naturala da, norbere adin edo heldutasun mailarekin bat datorrena, onerako edo txarrerako. Halere, musikari hobea izateak ez du esan nahi kantu hobeak egingo dituzunik, ezta Euskaltzaindiako kide edo Berria-ko kazetari izateak letra hobeak egingo dituzunik ere. Esparru artistikoan asko jakitea txarrerako izan daiteke. Picassok ondo zioen: “Errenazimentuko margolariak bezala margotzen ikasteko urteak egin nituen, baina bizitza osoa kostatu zait umeak bezala margotzea”.

“Gogó” abestian Doctor Deseoko Francis Diezek kantatu du. Bere estilorako perfektua da kanta, letrari begiratuz gero. Gainera zuk, Pello, hor tonu grabeagoa erabiltzeko aukera daukazu. Ondo datorkizu tonu hori, inondik ere. 
P. ARTABE: Abestia egin bezain pronto, Doctor Deseoko Francis Diezengan pentsatu genuen. Berarentzat neurrira eginiko abestia dela pentsatu genuen, bai musikari eta baita letrari dagokionez. Ilusio berezia egin digu bere kolaborazioak. Francis Diez, euskaraz gainera. Abestia bidali genionean esan zigun ea nolatan egin dugun bossanova bat. Hori ez dela gure estiloa, ea bigundu garen, ea makarrak izateari utzi diogun… hori guztia brometan eta barre artean, nola ez. Gustu handiz baiezkoa eman zigun. Bai berak eta bai nik, ahotsekin jolastu dugu, gora eta behera, alde batera eta bestera, libre, burlati. Dotore askoa gelditu da emaitza.
Onomatopeien erabilera ere zuen bereizgarria da: “Dirdira-dardara”, “Mamamarroa”, “Gurdiari tiraka”, besteak beste. Lizunkeria, onomatopeiak, rock & roll bizi-estiloa… Berriz ere Niko Etxart datorkit gogora, zehazki estilo berdina egiten ez duzuen arren.
P. ARTETXE: Niko magikoa da. Rock&rollean gure erreferentea izan da, eta izaten jarraituko du. Eta zorionez guretzat, lagun handia ere bada. “Latigo!” grabatu genuenetik, berarekin izateko aukera gehiago izan ditugu. Elkartu garen une bakoitzean beti zerbait berria ikasi dugu berarekin, eta horren ostean, nahita edo nahi gabe, gure lanetan eta gure filosofian eragina izan du. Egia esan, musikalki letrei dagokienez, esanahiaz gain, estetika fonetiko bat bilatzea gustatzen zaigu. Horretarako onomatopeietara, errepikapenetara, errimetara, hitz jokoetara… jotzen dugu. Zentzu horretan ziur nago Nikok eragina izan duela gugan, baina ez dugu bilatzen bera bezalakoak izatea. Gure estiloa eta filosofia ahalik eta pertsonalena izatea nahi dugu, eta konturatu gabe, erreferente askok izango dute eragina gugan. Niko bakarra da munduan eta inor ezin da bera bezalakoa izan ahalegin guztiak eginda ere. Ezta gu ere.
P. ARTABE: Inkontzienteki bada ere, Nikok eragin handia izan du gugan, ezinbestean. Niko ezagutzea ametsa izan zen, sekulako pribilegioa, eta bapatekoa izan zen gure arteko kimika, bai musikala eta baita pertsonala ere. Erreferente izatetik lagunak izatera pasatu gara. Eta hala ere, gure betiereko idolo, edo maisu, edo sensei, edo guru, izaten jarraitzen du. Askotan esaten dugun moduan, tipo fantastikoa da, fantastikoa eta benetakoa, biak batean, aldi berean.
“‘Bihotzetik zein hankartetik’ irtendako istorio gordinak dira gureak… Entzuleei atentzioa ematea eta egonezin apur bat sortzea gustatzen zaigu. Eta fede onez, adarra jotzea ere bai”
Disko bakoitzean ekoizlea aldatzen duzue. Errepikatu duen bakarra Igor Delgado da, Ezkurrik onenak diskoaz gain maketan ere arduradun izan baitzen. Oraingoan Cesar Ibarretxe aukeratu duzue. Zer lortu nahi zenuten zehazki? 
P. ARTETXE: Maketa grabatu genuenean Igor gure gitarrista zen. Oso aditua izan da beti estudio munduan eta ekoizpen lanetan. Maketa berak grabatu zigun lokalean eta ondoren ekoizpen ikasketak egitera joan zen Londresera. Ikasketak bukatuta, Ezkurrik onenak diskoan genbiltzan lanean buru-belarri eta berari eman genion aukera kanpoko ikuspuntu landu bat emateko. Musikalki gauza ezberdinak probatzea gustatzen zaigu, baita musikatik at dagoen beste guztian ere. Beraz, disko honetan beste ekoizle batekin lan egitea iruditu zitzaigun aproposa. Hainbat pertsonarengan pentsatu ondoren, Cesarrekin hitz egin genuen eta berak erronka onartu zuen. Cesar Ibarretxe oso ekoizle ezaguna da euskal musikagintzan. Urte asko daramatza euskal talde hoberenak ekoizten eta lan bikainak sortzen. Gaur egun Doctor Deseo eta Korrontzi-rekin lanean dabil, baina oso curriculum zabala dauka: Mikel Erentxun, Kortatu, Itoiz, Ruper Ordorika… Bere profesionaltasuna eta esperientzia baloratu genuen. Cesarrek bazekien gure musika eta gure testuingurua zein zen eta proiektu hau behar bezala bideratzen jakin du.
P. ARTABE: Oro har, Euskal Herrian, ezezaguna izan da ekoizlearen figura orain arte. Normalena zen estudio batera joan, eta bertako teknikoak egitea ekoizle lanak. Azkenaldian, baina, estudioetatik kanpoko ekoizleekin lan egitea bogan jarri da, atzerritik ekarritako izen handiekin. Gure kasuan, Euskal Herriko ekoizle entzutetsu batekin lan egiten dugun lehen aldia izan da. Eta esperientzia interesgarria izan da: asko ikasi dugu egin behar diren gauzez eta egin behar ez direnez.
Garate eta Tio Pete estudioetan grabatu zenituzten aurreko lanak. Oraingoan, ordea, hiru lekutan egin duzue: Lorentzo Records, Gaua eta BSO estudioetan. Zein izan da arrazoia, eta nola banatu duzue lana?
P. ARTETXE: Ideia hori Cesarrena izan da. Grabatzera sartu baino lehenago lan handia dago. Grabaketa prozesu guztia planifikatzea lan gogorra da eta hori Cesarren esku utzi genuen. Berak kanta berriak aztertu zituen eta elkarrekin bildu ginen erabakiak hartzeko. Horrela bada, orain arte sekula probatu ez genuen modu batera egitea planifikatu genuen. Elkarrekin grabatu genuen dena, grabaketa prozesu horretan familia giro hori egon zedin. Tentsioak apurtzeko. Baina estudio bakoitzak bere funtzioa izan zuen. Lorentzo Recordsen, dena grabatu arren, bateria eta baxuarekin geratu ginen. Estudio honetan abestien oinarriak grabatu genituen. Ondoren, Mungiako Gaua estudioan gitarrak egin genituen, Cesarrek hala aukeratuta. Oso talde gitarreroa gara eta aproposa iruditu zitzaigun grabaketan genbiltzala gitarrei tarte zabalago bat ematea gitarra eta anplifikadore ezberdinekin grabatzeko. Eta azkenik, Bilbon Doctor Deseo taldeak duen BSO estudioan ahotsak eta koruak egin genituen. Estudio txikiena hau zen eta ahotsetarako egokiena, bilatzen genuen intimitatea emaiten baitzigun sarritan hain hauskorrak diren ahotsak grabatzeko.
P. ARTABE: Azken finean, Cesarrek bizitza osoa eman du musikagintzan, eta mania nahiz egiteko modu propioak ditu; zentzurik onenean diot. Nabaritzen da eragin hori: efektu gehiago sartu ditugu, eta nire ahotsa ere argiago entzuten da azken disko honetan. Bestalde, abestiak jatorriz luzeagoak ziren, eldarnio edo desbario gehiago zegoen, eta gomendatu zigun batzuk laburtzea. Egia esan, hamar kantako disko luze batek gauza ezberdinak egiteko aukera ematen dizu: aberastasun eta aniztasun aldetik jolasteko tarte handiagoa duzu. Diskotik diskora gauza berriak probatu izan ditugu beti, leku berriak eta jende berria ezagutuz. Eta egiteko modu berriak, ezezagunak. Erronka bezala hartzen dugu funtzionatzeko modu edo filosofia hori, aldaketa edo eboluzio beharrizan etengabe hori. Beti “konplikazioen” edo abentura berrien bila ibiltze horrek elikatzen gaitu.
“Diskotik diskora gauza berriak probatu izan ditugu beti, leku berriak eta jende berria ezagutuz. Eta egiteko modu berriak, ezezagunak. Erronka bezala hartzen dugu funtzionatzeko modu edo filosofia hori”
Poliziek txakurra jarri dute zelatan instiputoko atean”. “Zer dabixu?” astakeria hutsa da! Eta “Hankartea zerora”, beharbada zuen kantarik brutalena. Motza, zuzena, basatia. Gitarraren soinua harritzeko modukoa da, atabalen kolpeak zitalak, eta hitzak… Entzulearen esku utziko dugu balorazioa. Kar-kar. Hemen ere bigarren zentzu bat antzeman dezaket…
P. ARTETXE: Agian horiexek dira abesti primitiboenak, eta polemikoenak… Ulerterrazenak eta grafikoenak… Drogak, sexua… irreberentzia… ironia… hori da gauzak esateko gure modua. Egunerokotasunari buruz sarri abesten dugu, eguneroko problematika edo kalean edo inguruan ikusten dugunari buruz… eta itzulinguruka ibili beharrean, argi eta garbi jardutea hobe da askotan. Nahiko punkiak gara zentzu horretan, gaztaroan batez ere punk asko entzun dugulako izango da. Rock Radical Vasco delakoarekin jo ta fuego ibiltzen ginen institutu garaian… markatuta daramagu jarrera probokatzaile hori.
“Gurdiari tiraka” abestian, “47. mailako zomorroa” kantatzen duzuenean, uneren batean Itoiz-en pentsatu duzue? Badakizu, “47. mailako izakia” zioten hauek “Phuntzionariat” kantuan…
P. ARTABE: Keinu bat egin nahi izan nion Mutriku/Ondarruko taldeari, besterik gabe. Itoizen oso zalea naiz. Euskal Herriko talderik handiena da, nire aburuz. Bere garaian berritzaileak izan ziren, eta gaurko egunez ere, oso modernoa, apurtzailea, iruditzen zait euren musika eta letra.
“Refugee”, etorkinen gaia jorratzen duen kanta, da politikoki zuzena den bakarra. Ez nuen espero halako kantarik egingo zenutenik!
P. ARTABE: “Refugee” migratzaile eta errefuxiatuei eskaini diegu. Diskoko abestirik serioena da, edo serioa den bakarrenetarikoa, tematikari dagokionez, esan nahi dut. Errefuxiatuak diren lagunak ditugu eta arazo unibertsal bati dei egiten badiogu ere, gertutasunak eragindako barneko salaketa da. Zerbait berezia egin nahi genuen gainera, oihartzuna eman, eta bideoklipa ere filmatu dugu, Bermeoko Arriguriko lagunekin. Sintonia artistiko handia lortu dugu beraiekin. Oso estilo pertsonala eta imitaezina daukate. Bihotza jartzen dute egiten duten guztian. Oso emozionalak dira euren ikusentzunezkoak.

Orain arte zuen diskoetxea Baga-Biga izan bada ere, oraingoan Trumonots Records zigilua martxan jarri duzue lan hau argitaratzeko. Prozesu osoa kontrolatzen duzue, hau da, edizioa, banaketa, promozioa eta kontratazioa?
P. ARTABE: Estreinakoz, gure gain hartu dugu hirugarren diskoa egiteko lan eta erantzukizun guztia, eta uste dut horrek balio erantsia ematen diola gure argitalpenari. Horretarako zigilu propioa sortu dugu: Trumonots Records. Ez gara autoekoizpenaren defendatzaile sutsuak, baina aurreko bi lanak Baga-Bigaren babespean egin ondoren, bide berri hori hartzea erabaki dugu, erronka bezala. Beldur apur batekin hasi genuen abentura berria, han eta hemen arakatu behar izan dugu, dakienari galdetu, ikertu eta informatu. Ematen duena baino konplexuagoa da disko bat hasieratik amaierara fundamentuz ontzea. Asko ikasi dugu prozesu horretan. Orain arte diskoetxeak kudeatzen zizkigun hainbat kontu, promozioari eta alde legalari dagozkionak batik bat, eta egintzat ematen genituen, konturatu ere egin gabe. Kontzertuen managementa ere gure esku dago; kolpe batez pasatu gara zerotik ehunera. Gure inguruko jendea, Arratiakoa bertakoa, laguntzeko prest azaldu da, eta familia polita osatu dugu. Berrikuntza guzti hauen isla da diskoaren izenburua: autoekoizpena, soinu ezezagunak, ekoizlearen figura… “beste belaze batzuen gozoa” probatu dugu. Pozik gaude hartutako erabakiarekin. Beti egin daitezke gauzak hobeto, baina baita txarrago ere. Eta, esango nuke, orokorrean ondo moldatu garela, maila artistikoan eta bestelako kontuetan ere. Borroka zoragarri honetan jarraituko dugu aurrerantzean.
ETIKETAK:Cesar IbarretxeDoctor DeseoEskean KristöFrancis DiezItoizKorrontziKortatuPeio ArtetxePello ArtabeRuper OrdorikaTrumonots