Elkarrizketa

Beñat Urteaga

2021.11.03

Beñat Urteaga

“‘Su hura’-ren antzeko energia du disko berriak, baina kantuak hobeak dira, nabarmen”

Elkarrizketa: Madeleine

Ezin dena du izena uda hasieran Madeleine taldeak kaleratu zuen diskoak. Laukote donostiarraren ibilbideko laugarren lana da eta taldekideak —Gartxot Unsain, Iñaki Benito, Itzal Uranga eta Jagoba Salvador— beste zenbait proiektutan ere ibili diren edo dabiltzan musikariak ditugu. Hala nola: Bi Zaldi, Bananas, Yaw, Olatz Salvador, Grises… Edozeini jakinmina pizteko moduko ibilbide zabal eta oparoa, beraz. Agian ezingo diogu dena atera, baina saiatu gara Itzal Urangaren laguntzaz saiatu gara diskoari ahalik eta zuku gehien ateratzen.

Madeleine 2021 1

Gartxot Unsain + Itzal Uranga + Iñaki Benito + Jagoba Salvador = Madeleine.

Ezin dena da diskoaren izena. Nondik datorren azaltzerik bai?
Beti aritzen gara halako jokoen bila eta oraingoan ere hitz konbinazio horrek bi esanahi ditu. Lehena “ezin den hori” litzateke, gaitasun falta edo adieraziko lukeena, eta bestea “dena, guztia, ezin da”. Biak ere ezintasunarekin loturikoak. Gure hitzetan asko errepikatzen dena… Niri dagokidanez, asko kostatu zait disko hau landu eta amaitzea, nire espektatibei mugak jartzea, denera ezin iristea, ahal dudan hobekien egin dudala onartzea.

Lehenengo kantua, “Gure etxea”, taldekide ohia den Xabier Egibarri eginiko kantua da. Denbora dexente da taldea utzi zuela eta nolatan dator orain kantu hau?
Naturala izan zen. Konfinamendu garaian, guztiok bezala, etxearen ideiaren inguruan hausnartzen aritu nintzen, nigandik abiatu eta talde ikuspegiraino. Argi daukagu Madeleineren ibilbidea laguntasun sendo batean oinarritzen dela, eta Xabiren kasuan ere, nahiz taldea aspaldi utzi, lehen diskoaren ondoren, beti izan dugu gertu, babes, etxe.

Uste dut belaunaldi oso batek egiten duen galdera bat dela: “Zer da ohiko bizi bat?”. Baita horri lotuta doazenak ere: “Ohiko bizi bat bizi nahi dut? Zein preziotan?”. Zuek ere hala ikusten duzue?
Bai, pandemia garaitik harago, gai honen inguruan askotan aritzen gara eta sufritzen dugu gure artean. Talde gisa hitz egin liteke, gure musika eta taldea beti aritu izan delako mainstream edo ohikoaren eta ezezagunaren edo ezohikoaren arteko muga lausoan. Norbanako gisa zer esanik ez, ohartzen gara zein zaila den ohiko diru, ume, habi, opor” eskema zalantzan jartzen duenarentzat duintasunez eta lasai bizitzea. Dena eta denak aurka dituzunean. Nik lasaitu hori “eman nahi nizuke, baina… ez dakit. Baina beti da norabide bakarrekoa elkarri lasaitzearena. Nik besteak bai, baina ni bide hau jarraitzera nork animatuko nau?

“Nahieran” kantua dator ondoren, ukitu malenkoniatsua duen kantua. “Hemen gaude gauden artean”.
Pieza oso berezia da, bukle moduko batean sartzen zaituena hasieratik. Baina amaieran izugarri hazten da, eta zuzenekoetan gusturen jotzen dugunetako bat da. Hitzen aldetik, aipatzen duzun esaldi hori baino, uste dut gehiago ari dela gaur egungo gizarteari buruz, nola dena eskura eta nahi eran dugun. Eta dena azkar, berehala edukitzera ohitu garela… horrek dakarren guztiarekin. Eta, hain justu, horregatik da kantu lasai bat!

Lanerdiak “Ikusten nauzuenean” kantuarekin. Honetan eta “Gure etxea” kantuan Txinako bidaiak zuengan eragina izan duela sumatu dut. Hala dela uste duzue?
Pentsatzen dut erritmoengatik diozula! Bi horiek nik landu nituen, eta bistan da kantu mathrockeroak sortu nahi nituela… Ezberdin, baina gogoa nuen aurreko diskoko “Inongo garen”-en estiloko zerbait egitekoa. Erabat inpultsiboa, berezkoa da niretzat halako musika. Pentsatu gabe ateratzen zaizkit melodia alai eta dantzagarriak… Lan zailena gero dator, horri zentzu bat ematea, kar, kar

Leloa iritsi denean gorputzeko ile guztiak puntan jarri zaizkit “Bestalde eza” kantuarekin! Kantu hau lokalean atera zenean seguru denak irribarre batekin joan zinetela etxera. Gogoratzen duzue momentua?
Ez pentsa, e! Gartxotek ekarri zuen ideia, bere faktoria amaigabetik, eta errezeloz begiratzen genion hasieran. Berak ere zalantzaz ekarri omen zuen, onartuko ez genuen beldur. Ezberdina egin zitzaigun ordu artekotik; izugarri melodikoa, hasi eta buka, eta oso biluzik zekarren. Baina zer indar zuen! Dena zeukan. Ereserki bat zen. Besteok apaindu besterik ez genuen egin behar izan! Jotzen dugun bakoitzean oilo ipurdia jartzen zait.

Seigarrena, “Nola ekin”. Nola ekiten zaio laugarren disko bati? Ezaguna da lehenengoan loturarik ez dagoela, bigarrenean nolabaiteko ardura bat sentitzen dela lehenengoarekiko… Laugarrenean, zein sentimendu zenuten diskoarekin hasterako orduan?
Ez nuen hala ikusia! Kantu horrek momentu jakin bati buruz hitz egiten du, bikote harremanetan askotan errepikatzen dena. Minaren ondoren, goxatzeari, gerturatzeari nola ekin behar diogun planteatzen du. Baina bai, uler daiteke laugarren diskoaren aurrean nola ekin galdera bezala! Esandakoa, ni zalantzaz beterik nengoen, eta asko kostatu zait… Orain pozik esan dezaket laugarren honekin izugarri harro nagoela.

Bukatzeko, “Bihar”. Kantu goxoa, diskoaren amaiera melodia leunez baina hitz gaziz dator. Horren berandu al dator?
Hala da, bai! Gordeta genituen melodia eta ideiekin egindako collage ederra da. Kontzeptuz ez, existentziala da, baina guztiaren emaitza erabat intimoa geratu da, zuzenekoetan batez ere. Melodiaren gorazarre moduko bat egin nahi izan dugu.

Bejondeizuela, disko berezia benetan! Ibilbideari begira, Su hura diskoaren jarraipen bat bezala sumatu dut, hala al da?
Mila esker! Bai, berdin pentsatzen dut. Erraz koka litezke Su hura-n “Ikusten nauzuenean”, “Bestalde eza” eta baita “Ohiko bizi bat” ere. Nekez, ordea, “Nahieran” ala “Nola ekin” puskak… Ez nuke jakingo ondo esaten zer errepikatzen den eta zer ez, agian melodiak eta erritmoak… Antzeko energia eta sentipenak sortzen dituela uste dut. Hala ere, nabarmen, kanta hobeak direlakoan gaude.

Kantuen hitzak orokorrean ikuspegi oso pertsonaletik daude idatzita, baina bi ahots desberdinek abesten dituzte. Nola idazten dituzue hitz hauek?
Bai! Nork bereak! Nik sortzen ditudan kantetan melodiak eta hitzak nireak dira, eta Gartxotek egiten dituenetan, harenak. Hala ere beti jotzen dugu elkarrengana iritzi eske, batez ere nik, horretan maisu handia daukat ondoan.

Soinu aldetik oso gauza berezia egiten duzuela iruditzen zait. Xehetasun asko nabaritzen da zuen kantuetan eta nik pertsonalki begiak ixten baditut kolorez beteriko jolas parke batean nagoela sentitzen dut. Soinu horiek lokaletik prestatuta eraman zenituzten ala Eñaut Gaztañagaren estudioan sortu dira? Eñautekin errepikatu duzue eta beraz pentsatzen dut gustura ibiltzen zaretela harekin estudioan.
Ederra jolas parkearena. Eskerrik asko! Estudioan elkarrekin lan egin aurretik asko miresten genuen Eñaut, eta baita berak gu ere (hala uste dugu…). Laguna genuen, eta konfiantza osoa. Estudioan ere goza zitekeela erakutsi zigun aurreko diskoarekin. Soinuari dagokionez, oro har berari uzten diogula esango nuke. Instrumentuak banaka pixkanaka probatzen goaz, gustuko tokira iritsi arte, eta handik aurrera Eñauten esku. Ez gara fetitxistak horrekin; ez diogu sekula esan izan, “hi, disko honek bezala nahi diagu guk ere!”. Detaileei dagokienez, estudioan oso gauza gutxi gehitu dugu momentuan. Sintetizadore dezente sartu ditu Eñautek, baina gehien bat gorputzari laguntzeko.

Bideoklipa ere prestatu duzue “Ohiko bizi bat” kantuarentzako. Zer moduzko experientzia?
Bideoklip bat egiterako garaian erabat aske uzten ditugu profesionalak. Guk kantua ematen diegu, letra, eta kitto. Uste dugu erabat askea izan behar duela hortik ateratzen denak. Gugandik apartekoa den interpretazio gisa ulertzen dugu… eta hala izan da oraingoan ere Liam eta Arrigurikoekin!

Zuzenekoei begira, pentsatzen dut diskoa aurkezteko asmoz zabiltzatela. Gogorra ari al da izaten?
Hala da, bai. Aurreko diskoa amaitzerako jadanik bagenituen kontzertu batzuk lotuta, manager batekin ari ginen, etabar. Ez ziren kontzertu asko, baina ondo aukeratuak ziren, eta ametsetako txoko askotan aritzeko aukera izan genuen. Oraingoan bestelakoa da egoera: aretoak pixkanaka irekitzen, kontzertuak guk bilatu behar, eta duintasunez aritzeko baldintzak nekez… gehituiozu horri, gure proposamen ezohikoa programatzeko beti izan dugun zailtasuna. Gogorra da diskoa atera eta zuzenean aurkezteko ia aukerarik ez izatea, baina pixkanaka egingo du diskoak bere bidea, eta guk ere bai.

ETIKETAK:BananasBi ZaldiEñaut GaztañagaGartxot UnsainIñaki BenitoItzal UrangaJagoba SalvadorMadeleineYaw