Elkarrizketa

Aitor Biain

2023.01.29

Aitor Biain

“Sorkuntza jada ez da nire munduaren zilborra”

Elkarrizketa: Ines Osinaga

Distantzia handia dago eremu abisaletik ur azalera, argi izpirik iristen ez den itsasoaren eremu sakon eta ilunetik gainazalera. Bide hori egin du Ines Osinagak (Arrasate, Gipuzkoa, 1982), eta hala kontatu nahi izan du plazaratu duen #itsasoadabidebakarra proiektuan (Elkar). Azken urteetako bidaia emozionalaren emaitza baita lana. «Doluari buruzko kontakizun bat da, aldaketari gorazarre bat». Izan ere, behin erditze osteko depresioa pasatuta, Kubara joan zen hilabete eta erdirako, bere buruari distantzia fisikotik nahiz emozionaletik begiratzera, eta sormena zentroan jarrita ikertzera. Bidean aurkitu zituen ahizpak, kanta zaharren oihartzunak, eta horren guztiaren testigu diren doinu berriak.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU

(Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku)

Soinua eta familia hartuta abiatu zinen Habanara, baina hasieratik zeneukan argi zeren bila joan nahi zenuen?

Ez. Are gehiago, argi neukan ez nuela argi izan nahi. Bidea erdigunean jarrita sortu nahi nuen lehenengoz. Eta asko kostatu zait, konturatu naizelako nire jardun profesionalean gehiegitan sortu dudala emaitzari begira. Hala ere, abiatu nintzenean, banituen ildo batzuk: ikerketa bat egin nahi nuen Kuban; espazio bat sortu nahi nuen beste emakumezko musikari batzuekin, batez ere, lurrarekin lotutako musika egiten zutenekin. Banituen premisa batzuk ere: nolakoak izango lirateke kantu hauek hain zuriak ez balira? Eta nire amamen amamak eta zuen amamen amamak non egiten dute topo? Hortik abiatu nintzen.

Zerekin egin zenuen topo han?

Lehenenik eta behin, antsietatearekin; bidaia guztietan bezala, aurretik prestatutako bide orri hori ez baita beti betetzen. Uste dut sorkuntza prozesu guztietan gertatzen dela horrelako zerbait, baina nik orain erregistratu egin nahi izan dut hori. Bideak zerbait ekarriko duela sinistea da kontua, eta onartzea mediokrea izatearen aukera ere badagoela. Neure buruari behin eta berriz esaten nion zerbait inportantea ari ginela egiten, baina, era berean, musika besterik ez zela.

Duela hamar urte kontrako norabidea egin zuten kantuak doinu berriekin plazaratu dituzu. Birformulatu egin nahi zenituen, beste bertsio bat egin, desegin eta berriz eraiki?

Dira bertsioak, berrirakurketak, aitortzak, eta gauzak beste modu batera egiteko neure buruari emandako baimenaren emaitzak. Kantu batzuek antz handia dute aurretik egindakoekin, eta, orain distantziatik begiratuta, haien bertsio maitekorrak dira. Urte askoan ezin izan ditut kanta horiek entzun eta jo, min handia ematen zidatelako. Lizar Begoñari irakurri nion, hain justu, arte garaikidetik gehien interesatzen zitzaiona zela aurretik sortutako zerbait deseraikitzea eta geratzen ziren zatitxoekin zerbait berria proposatzea. Orduan konturatu nintzen egiten ari nintzenak zentzu bat zuela.

Denborarekin aldatu zaizu kantu horiei begiratzeko modua?

Bai, neure buruari begiratzeko modua aldatu delako. Askoz maitekorragoa naiz, eta ez hain exijentea. Gogoratzen dut duela hamabost urteko Ines hura, soinuarekin, bota zuriak jantzita, beti erresistentzian agertzen zena: begiratzen diot, eta besarkatu egiten dut, eta aitortzen diot bere lekua, eta eskerrak ematen dizkiot. Baina baneukan beste leku batetik jarduteko gogoa, zaurgarritasunetik eta, agian, ez hain oldarkor.

Asko kostatu zaizu izan zinen Ines hartatik askatzea?

Izugarri kostatu zait. Hala ere, aldentzeko erabakia ez dakit nirea izan den edo nire bizitzaren erdigunean beste gauza batzuk jartzeak eragin duen. Nik bai aukeratu dudana da nola begiratu bide horri orain. Distantziatik begiratzen dut, eta, kasualitatez, lehen aldiz haurdun geratu nintzenean gertatu zen guztia. Ziur nago gizon zuri, zis, hetero, burges, 30-45 urte bitartekoak ez garen beste guztioi askotan gertatu zaigun zerbait dela; hau da, konturatzen garela uste genuela sisteman leku bat genuela, baina momentu batean bizitzak zaplazteko bat ematen digula, esanez moduan: «Ez, txiki, hura ez zinen zu». Nik uste nuen niri ez zitzaidala gertatuko, baina gertatu zitzaidan.

Inflexio puntu horrek aldatu du zure sorkuntza?

Bai, noski. Sorkuntza jada ez da nire munduaren zilborra; lehen guztiz zen. Baina nire egoa ere ez dago jada zentroan. Beraz, beste modu batera izan naiteke sortzaile orain.

Baina ematen du zure doinuen mapa ez dela aldatu. Diskoan musika herrikoia eta elektronikoa uztartzen dira; trikitia eta sampler-a. Hori da edo izan da Ines.

Gustatzen zait muin hori oraindik badagoela sentitzea, ze inoiz baino gehiago interesatzen zaizkit sustraiak eta lurrari lotutako musikak. Gero eta gehiago interesatzen zaizkit lekuan lekuko folkloreak, eta ez bakarrik nireak. Baina, aldi berean, inoiz baino elektronikazaleago nago; inoiz baino gehiago gozatzen dut gailuekin eta soinuekin esperimentatzen. Ez zait interesatzen aurretik egindakoarekin koherente izatea, baina zintzoa izan nahi dut nik egin nahi dudanaren eta egiten dudanaren artean. Anbibalentzia hori maite dut, eta ez dut aukeratu nahi Anariren eta Kai Nakairen artean, biak gustatzen zaizkit.

Deigarria da nola abiatzen duzun diskoa, doinu uztarketa batekin; bukatu, berriz, ia biluzik.

Disko fisikoak badauka ordena bat, bidaia bat, hasiera bat eta bukaera bat, formatu digitalean aldatu egiten dena. Argi ikusten nuen diskoak A eta B aldeak izango zituela. A aldean egongo ziren lehenago egindako doinu horietatik abiatutako berrirakurketak, eta B aldea bidaia bera izango zen. Baina bukatu du izaten A aldeak bidaiaren kontakizuna, han sortutako kantuak…; eta B aldean gelditu dira beste kantu batzuk. Eta C aldea deitu diodan beste bat ere badu, zeinetan kantu arraroagoak dauden, agian disko batean lekurik izango ez luketenak. Diskoa entzuteko beste modu bat planteatu nahi nuen.

Lan kontzeptual bat da: musikaz gain, liburu batean sartu dituzu argazkiak, olerkiak, hitzak… Hori nahi zenuen, balioa eman euskarri fisikoari?

Bai, guztiz. Are gehiago, ni prest nengoen disko bat egiteko disko fisikorik gabe. Iruditzen zait euskarri fisiko batean balio gutxien duena diskoa bera dela. Nik objektuari eman nahi nion garrantzia, libretari, kaierari. Artearekin esperimentatzeko gogoa nuen, eta horretarako oso argi neukan arte zuzendaritza bat egon behar zuela. Orain arteko lanetan ere egon da hori, baina oraingoan beste baten esku utzi nahi nuen begirada hori.

Zer garrantzi du sorkuntza prozesuak kasu honetan?

Dena: #itsasoadabidebakarra hori da. Ematen du bideak inporta izan duela baldin eta iristen bazara helmuga batera. Baina batzuetan bizitzak beste plan batzuk ditu, eta tarteko helmuga batean geratzen zara, bidean. Eta hori zen interesatzen zitzaidana. Nire bizipenetatik abiatzen da, baina kontatzen dudana zerbait unibertsala da.

Zure bakarkako lehen lana den arren, ez da bakarrik egindako lan bat. Garrantzitsua zen partekatze ariketa hori egitea?

Noski. Dena den, iruditzen zait azken urteetan nire sorkuntzan oso agerian dagoen zerbait dela sorkuntza kolektibizatzearena, ikusgaitasuna ematearena, edota inoren zain egon gabe elkarri autoritatea ematearena.

Baina argi zenuen norekin zer egin nahi zenuen?

Kasu batzuetan, argi nuen norekin nahi nuen bidea partekatu, baina, beste batzuetan, bideak berak egin du aukeraketa. Adibidez, Ane Martinez [Anita Parker] egotea oso erabaki politikoa izan da. Nik askotan entzun eta sentitu nuen Anerengatik ordezkatua izan nintzela, eta Anek denbora guztian sentitu du Inesen ordezkoa zela. Testuinguruak diseinatu gaitu elkarren etsai izateko, baina guk erabaki dugu elkarri begiratu, eskua eman, besarkatu eta elkarrekin kantatzea. Bidearen hasieran ez nintzen gai izango hori egiteko, baina amaieran izan naiz.

«Kubako andrantzat ni ze? Ahizpak gara, bai, baina ixe, ardau baltza edaten dot baina azala dekot zurixe», kantatzen duzu. Pribilegiatu sentitu zara han?

Etengabe gogorarazi diot hori neure buruari, noski. Gora begiratzea eta zu zapaltzen zaituena identifikatzea erraza izan daiteke, baina agian ariketa hori kontrako norabidean egitea ez da horren erraza, edo deserosoa izan daiteke oso. Udaberrixan Habana-ko koplak badira proiektu osoaren laburpen bat edo.

Eta zer leku du Joseba Sarrionandiak lan honetan?

Josebak beste leku bat zuen hasieran, baina erabaki nuen bigarren maila batean uztea, beste guztia eklipsatzen zuelako. Niretzat, momentu honetan bidaia konpartitzen dudan beste sortzaile kide bat da: plaza konpartitzen dut, eta kantu hauek berrartzearen konplize ere izan dut. Alde batetik, pozik eta harro nago lortu dugulako elkar zaintzea eta bakoitzari bere espazioa ematea. Berak, bere hitzekin, eskutik heldu nau, eta bere ondasun guztia eman dit; baina, era berean, nik ere heldu dut eskutik, eta plazarako bidean lagun izan dut, plaza ez baita leku erraza habitatzeko. Plazan elkar zaintzea iraultza egitea baita. Eta, bestetik, distantziatik begira daukadan hori ere bada. Izugarri eztabaidatu dut harekin, lan honetan kontatzen ditudan gauza askorekin ez baitago ados. Eta hori guai dago!

Nola egin zenuten grabaketa?

Elkar fundazioak emandako laguntza bati esker egin dut. Kubara joan aurretik, eginda utzi nuen proiektuaren txostena, eta han nintzela esan zidaten [Joseba Jaka] beka emango zidatela. Egiten nenbilenak zentzua zuela berresteko balio izan zidan. Sesio pila bat grabatu nituen han, eta orduak ekarri nituen grabatuta hona. Ikerketa batean bezala, ariketa zen horrekin guztiarekin zerbait egitea. Eta lan hori bai izan da nirea; horregatik, zuzendaritza eta ekoizpena nirea izan da, eta aitortza hori azpimarratu nahi izan dut.

Zuzenekora eramango duzu?

Ez dut disko bat egin plazan egoteko. Egia da paradigmak esaten digula kantuak izan behar direla hiru minutukoak, erraz kontsumitzekoak, bideoklip izugarri bat izango dutenak, eta diskoak direla zuzenekoak emateko aitzakia. Bueno, ba, disko hau ez da hori. Dena den, kantu batzuk entzun ahalko dira Sarrirekin batera egiten ari naizen Katuen kontuak emanaldian; beste batzuk, berriz, Mauriziak ez dau inor hil sormen proiektu kolektiboan; eta beste kantu batzuk inoiz ez dira entzungo zuzenean, ez duelako zentzurik edo ez direlako zuzenean emateko jaio.

Bideari eman diozu garrantzia; zu ari zara bidea egiten, hauspoa bete musikarekin, gainera.

Eta gozatzen nabil. Argi daukat plazan egon nahi dudala, eta plazandrea izan nahi dudala. Baina ez dut hori bakarrik izan nahi, ez dut nire bizitzaren gainetik jarri nahi. Uste dut plaza izan daitekeela leku bizigarriago bat, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa. Eta hori opa diet nire ondokoei eta gure ostean etorriko direnei. Hori bada nire lan ildo bat une honetan. Asko nabil gozatzen plazan, eta sukaldean ere bai, musikari izateko modu asko baitaude.

ETIKETAK:Ines Osinaga