Elkarrizketa

Antton Iturbe

2014.12.11

Antton Iturbe

Soinu Eleak: Maite Larburu

Elkarrizketa: Maite Larburu
MAITE_LARBURU

Maite Larburu. (Andoni Canellada / Argazki Press)

Amsterdamen bizi eta ogibidez antzinako musikako biolin jotzailea da Maite Larburu (Hernani, 1979), mundu osoan zehar eskaintzen ditu kontzertuak hainbat orkestrarekin, baina horrez gain Neighbor bikotea osatzen du Josh Cheatham estatubatuarrarekin. Ura patrikan diskoak (Gaztelupeko Hotsak, 2013) onespen handia jaso du eta gurean ezagunago egin du Larbururen izena. Horrez gain, Asier Altunaren Zela trovke film laburrean parte hartu du musikari gipuzkoarrak.

‘ENTRÉE POUR LES BASQUES’ (ENSEMBLE DIATESSARON, ‘Le Basque’ diskokoa)

(Maite Larburuk barre egin du ezer esan gabe…)

BADOK: Badakizu zer den, noski. Zu partaide zaituen talde bat. Antzinako musika ez dudala batere ezagutzen onartu behar dut eta horregatik jo dut zuzenean honetara. Elkarrizketa batean zenioen modernoagoak diren beste musika batzuei buruz baino informazio gutxiago egotean irudimen ariketa handiagoa eskatzen duela, ñabardura gutxiago dituela, musikariak berak sortzen zituelako bere konposizioak, eta inprobisaziorako aukera handiagoa ematen duela. Horrela al da?  

MAITE LARBURU: Atzera begira jartzen bagara, zenbat eta zaharragoa izan musika orduan eta xehetasun gutxiago daude idatzita. XIX. mendeko musikan konpositoreak argibide guztiak ematen ditu: tenpoak, azentoak… Eta bide horretatik, gaur egungo musika garaikidean baldintza fisikoak eta testuingurukoak zehaztera ailegatzen da. Denboran atzera egitean ordea, batzuetan ez dago ezer. Notak soilik. Ondorioz, XVI, XVII eta XVIII. mendeetako musikarekiko lotura galtzen joan gara, eta garai haietako partiturak aurkitzean notak jotzera mugatu izan dira musikariak. 80ko hamarkadan Herbeheretako musikari batzuk beren buruari galdezka hasi eta musika horrek ezin zuela hain sinplea izan pentsatu zuten, eta informazioa arakatzen hasi ziren garai hartako koadro eta liburuetan. Adibidez, klabezinaren kasuan (pianoaren aitzindaria) jakin ahal izan dute musikariak nota batzuk soilik idazten zituela oinarri moduan, eta horren gainean inprobisazioak eta doinu berriak gehitzen zituela unearen arabera. Halaber, haiei esker jakin dugu musikaria zerbitzari bat zela. Ez zen egungo pop izarren edota XIX. mendeko bakarlari klasikoen modukoa. Jendeak eskatzen ziona jotzen zuen eta askok inprobisatu egiten zuten, noski. Beraz, musikaria konpositore eta interpretatzaile zen aldi berean, eta beharbada horregatik daude horren argibide gutxi partituretan.

BADOK: Eta horregatik ere musika asko galdu egin delakoan nago.

M.L.: Bai, galdu egin da. Baina asko aurkitu da ere. Italiako monastegietan adibidez, asko dago ikertzeko oraindik. Irudimena erabiltzeaz diozuna egia da. Ariketa horrek erakarri ninduen, garai hartako musikariari burutik zer pasatzen zitzaion irudikatzen saiatzeak. Adibidez, Monteverdiren musika nola jotzen zuten? Nola afinatzen zituzten instrumentuak? Jakin nahi horrek mugitu ninduen. Baina denborarekin konturatu naiz nahi bezain beste informazio izan arren, musika horren soinu zehatza benetan ezagutzeko modurik ez dagoela.

‘AMSTERDAM’ (JACQUES BREL, ‘Enregistrement Public à l’Olympia 1964′)

M.L.: Jacques Brel da.

BADOK: Zure ahotsa eta estiloa oso bestelakoak dira, baina Amsterdam hitza entzuten dudan bakoitzean doinu hau datorkit burura, eta han bizi zinela jakitean gauza bera gertatu zitzaidan. Abesti oso ederra izateaz gain, hitzek marrazten dituzten portu eta marinelen irudi horietan badago nolabait XVIII. mendeko belaontzi handien garaiko oihartzuna. Herbeheretako herriari eta musikari buruz ezer gutxi dakit eta hori komentatu nahi nuen zurekin. Zerk eraman zintuen herrialde horretara eta zer eman dizu han bizitzeak?

M.L.: Hango kontserbatoriora joan nintzen musika, musika normala esan dezagun, ikastera. Geroago sartu nintzen antzinako musikaren munduan. Ikerketa mugimendua han bertan hasi zelako eta bertan murgilduta ibili ziren batzuek klasea ematen zidatelako. Amsterdamen, orokorrean, asko ikasi dudala esango nuke. Bizitzeko hiri erraza da, ez da oso handia (750.000 biztanle inguru ditu) , lasaia da. Nik ez nuen sekula hiri batean bizitzeko asmorik izan baina Amsterdamen eroso sentitu naiz. Ez nuen uste, hala ere, horrenbeste urte emango nituenik han.

BADOK: Zenbat urte daramatzazu?

M.L.: Hamabi. Ikasketak bukatu eta lana bilatzen hasi nintzenean antzinako musikaren inguruan aukera ezberdinak sortu zitzaizkidan, baita inguru honetan ere, baina hangoa erakargarriagoa iruditu zitzaidan. Musikagintzan asko ikasi dut, oso praktikoak eta pragmatikoak dira herbeheretarrak eta jarrera hori ere pixka bat itsatsi zaidala esango nuke. Hau da, oinak beti lurrean izatea.

BADOK: Eta hango musikari buruz zer nabarmenduko zenuke? Zerk eragin zaitu gehien? Orokorrean esan nahi dut, ez bakarrik antzinakoaren alorrean…

M.L.: Gauza asko gertatzen dira han. Kontserbatoriora iritsi nintzenean adibidez, indiar musikan, jazzean, popean edo musika garaikidean espezializatutako jendea ezagutu nuen eta horrek txundituta utzi ninduen. Hemen ez baikenuen inolaz ere hainbeste sakontzen, denok denetik pixka bat egitekoak ginen. Era horretan ikusi nuen musikari izateko era asko zeudela. Hemendik joan nintzenean pentsatzen nuen bi aukera besterik ez zeudela arlo profesionalean niretzat: orkestra sinfoniko batean sartu edo irakaslea izan. Han freelance moduan lan egin daitekeela ikusi nuen, antzinako musika ezagutu… hainbat gauza, eta konturatu nintzen orkestra sinfoniko batean sartzea ez zela nire benetako helburua. Sortzailea naiz, beti lanean, gauzak egiten, jolasten ibili behar dut nolabait. Orkestra batek bulegoko lanaren antza dauka modu batean, eta hori ez da niretzat. Lanpostu oso ona da, zalantzarik gabe, eta lanpostu hori lortzeko pasa behar diren frogak ikaragarri zailak dira (agian ni ez nintzateke horiek gainditzeko gai izango), baina modu batera edo bestera hori ez da nire bidea izan. Makina handi bateko pieza txiki bat bihurtzen zara. Gogorra da aukeratu dudan bizimodua, baina poztasun handiak eman dizkit. Neighbor, adibidez. Nik ez nuen inondik inora espero horrelako proiekturik sortzea, baina nonbait nire barruan zegoen gaitasun edo behar hori, eta ziurrenik Herbeheretara joan ez banintz ez nintzateke inoiz horretaz ohartuko.

?

‘CON TOMILLO Y ROMERO’ (LUCAS 15, ‘Lucas 15′) 

M.L.: Ez dut ezagutzen. Zer da? Asturiasko hizkuntzaz ari dira?

BADOK: Bai. Xel Pereda eta Nacho Vegasen artean eratutako talde bat da, asturiar doinu herrikoi zaharrak eguneratzeko asmoz. Lucas 15 du izena.

M.L.: Apuntatu behar dut, asko gustatu baitzait.

BADOK: Benetan liluragarria da abesti hau. Sehaska kanta bat da berez, eta estilistikoki Neighborrekin antzekotasun nabaria izateaz gain, umeen kontua ekartzeko aukera eman dit. Zure musikak umeekin funtzionatu dezakeela iruditzen zait. Horrez gain, zure marrazkilari alderdia dago. ETBko Orain saioan ikusi nuen umeei zuzendutako marrazkigintza eta ipuin kontaketa lantzen dituzula. 

M.L.: Kuriosoa da, ume askori gustatu omen zaio diskoa. Guraso batek baino gehiagok komentatu dit. Kontzertuetara ere ume ugari etortzen dira, baina ez dakit zer esan, nik ez dut horretan pentsatu musika idatzi dudanean.

BADOK: Eta zure marrazkiak?

M.L.: Nik ez dakit marrazten. Txikitan ez nuen marrazten, askoz beranduago terapia moduan hasitako gauza bat da. Hasiera batean ikaratuta jartzen nintzen paper zuriaren aurrean eta zirriborro txiki-txiki batzuk baino ez nituen egiten. Baina aldi berean, nire ilobei istorioak kontatzea gustukoa nuen, eta nire marrazkitxoek ilustrazio itxura zutela jabetzean biak uztartzea erabaki eta horrela hasi nintzen, joko baten moduan. Ilobek azalarazi didate alderdi hori, nire barneko umea.

BADOK: Elkarrizketa batean komentatu zenuenez, aitak txikitan kantatzen zizkizun abestietan oinarritu zinen zure ahotsa bilatzerakoan.

M.L.: Etxean beti kantatu izan dugu asko, nire aitak bereziki. Eta musikarekin gogoratzen dudan lehen harremana horixe da, nire gurasoak kantatzen entzutea. Egia esan, modu apalagoan bada ere, beti landu dut nire kantari alderdia, klaseak hartu izan ditut, hemen eta Amsterdameko jazz departamentuan. Baina azken honetan hasi bezain pronto utzi egin nuen. Biolinarekin nahikoa sufritutakoa nintzen, ia ilusioa galtzeraino, eta ez nengoen prest akademizismoaren zurruntasun beretik pasatzeko berriz ere. Azken batean, zergatik hasten zara txikitan musikaz interesatzen? Maite duzulako, ezta?

Abestia jartzean zera gogoratu dut: Amsterdameko jazz departamentuan Asturiasko neska bat zegoen gurekin, Mapi izenekoa (Mapi Quintana Bellon). Asturieraz hitz egiten zuen eta jazz departamentuko abeslari guztietatik bera nuen gustukoena, gauza oso politak idazten zituen, oso xumeak, oso bereak. Asturiasera itzuli da eta gauzak sortzen jarraitzen duela uste dut.

‘LET’S GO SWIMMING’ (ARTHUR RUSSELL, ‘World of Echo’)

M.L.: (denbora luzez entzun ondoren…) Ez dakit zer den… baina uau!

BADOK: Arthur Russell.

M.L.: Gustatu zait, bai.

BADOK: Biolontxeloa jotzen zuen, baina elektronika eta esperimentazioaren bitartez, eta irudimen eta ausardia izugarriz, beste maila batera eramateko gai izan zela uste dut, disco estilotik Phillip Glass-ekin elkarlanean aritzera igaro da, naturaltasun osoz eta pertsonalitate handiz. Gainera, Indiako raga musikaren eragina nabaritzen da, bere pentsaera budistaz aparte, eta gai hori bereziki ukitu nahi nuke.

M.L.: Hori Josh-en gauza da. Sarangia jotzen du, Bruselan irakasle hindu bat du, eta joera handia du inguru hartako musikarekiko.

BADOK: Inoiz pasa zaizue burutik elektronika eta pedalekin esperimentatzea?

M.L.: Bai, pasa zaigu. Orain arte ez gara sartu, hala ere. Akustikoan gustura sentitzen gara. Berriki gitarra elektriko bat sartu dugu eta egia esan pozik gelditu gara, baina pedalekin, pentsatu dugun arren, ez dugu pausorik eman oraindik.

‘THE GOOD SON’ (DAVID SYLVIAN, ‘Blemish’)

M.L.: Hau ere ez dakit nor den.

BADOK: Abeslaria David Sylvian da eta gitarrista Derek Bailey. Sylvian Japaneko abeslaria zen eta bere ahotsaren goxotasunean eta dotorezian zurearekin antzekotasuna nabaritzen dut. Bakarlari moduan geroz eta estilo askeago eta inpresionistago bat lantzen joan da, neurri handi batean inprobisazioan oinarrituz. Zuen musika ere batzuetan modu inpresionista edo minimal moduan ikusten dut. Egitura zurrunetatik ihes egiten duzue nolabait. Nola planteatzen dituzue abestiak?

M.L.: Ura patrikan oso modu naturalean atera zen eta beharbada hori da zuk nabaritzen duzuna. Nik bi abesti neuzkan idatzita, besterik gabe, eta Josh antzinako musikaren inguruko mundutik ezagutzen nuen. Nik banekien berak sarangia jotzen zuela baina ez gitarra jotzen zuenik, eta hobeto elkar ezagutzean banda bat egin behar genuela esaten hasi ginen erdi txantxetan. Joshi iruditzen zitzaion nik ondo abestuko nuela, eta berarentzat kantatzeko eskatu zidan. Lotsa handia ematen zidan, eta grabatuta neuzkan nire bi kantu bidaltzea proposatu nion. Jaso eta entzun bezain pronto akonpainamendu batzuk sartu eta bueltan bidali zizkidan, “gehiago?” izenburua zuen e-mail batean. Eta hor jaio zen Neighbor. Hala ere, gure musika entzulego bati erakusteko beldur ginen artean eta horregatik musikari “ateratzen dana” izena ematea erabaki genuen. Izen horrek eszenatokira ateratzeko ausardia eman zigun. Galbaherik gabe aritzea izan da gure irizpidea. Zentzu kritikoa oso barneratuta daukagu, eta berez ez da gauza txarra, baina gehiegizkoa denean kaltegarri bihurtzen da. Hortik atera nahi genuen.

BADOK: Bai, hori izan daiteke nik sumatu dudana. Bestalde, pop ikuspegi batetik ere zuen abestiak ez dira oso konbentzionalak.

M.L.: Armoniak bai dira bereziak. Gure musika heziketa ezberdina da, ez dut esan nahi pop musikariena baino hobea denik, ezberdina baizik. Beste leku batetik gatoz.

BADOK: Derek Bailey oso inprobisatzaile iaioa zen, eta Josh hain erradikala ez bada ere, era horretako puntu bat ikusten diot. Inprobisazioa lantzen duzue?

M.L.: Askeago sentitu nahi nuke horretarako. Josh ni baino gehixeago ausartzen da. Asko kostatzen zait oraindik, musika klasikoaren irakurketara ohituta nago, baina Neighbor gauza berriak egitera ausartzeko opari bat izan da zentzu horretan.

‘NADA EM VAO’ (RODRIGO AMARANTE, ‘Cavalo’)

M.L.: Ez dut ezagutzen… (barrez)

BADOK: Rodrigo Amarante da. Brasilgo musika ekarri nahi nuen, edo behinik behin bossa novatik jaiotzen den musika korrontea. Jobim, Vinicius edo Astrud Gilberto moduko klasiko bat ekarri beharrean gaur egungo artista bat ekarri nahi izan dut. Zuen musikak duen “brasildar” kutsua komentatzea zen nire helburua.

M.L.: Bai, musika hori asko gustatzen zaigu bioi. Gure musikan zer eragin izan duen ez daukat garbi, ez bainaiz batere kontziente gauza horietaz. Egia da, hala ere, “Nunzare” abestia Josh-i bidali nionean, berak bossa nova kutsua ematea ikaragarri gustatu zitzaidala, beste edozein moldaketak tonu tristeegia emango baitzion abestiari. Harritzekoa da hitzak ulertu gabe bossa novarekin erlazionatzea kantua. Baina erabat asmatu genuela esango nuke. Nik abeslarien kantatzeko modua dut oso gogoko Brasilgo musikan, oso naturala delako. Ez dago batere inpostaziorik. Hori izan zen kantu eskola uzteko arrazoia, benetan. Nik ez nuen inpostazio edo amarrurik ikasi nahi, nik kantatzen nuen bezala kantatu nahi nuen. Teknika bai, baina nortasuna galdu gabe. Elis Regina eta Astrud Gilberto moduko kantariek hori dutela esango nuke, beren ahots naturalaz kantatzen dutela. Hitz egingo balute bezala, bibrato edo beste edozein gehigarririk gabe. Neighborren abestiak egiten hasi ginenean egin baino gehiago desegitea zen gure nahia.

BADOK: Dekonstrukzioa deituko zenioke? Lehen entzun dugun David Sylvian ere ildo horretatik doala esango nuke.

M.L.: Bai. Hainbeste informazio, hainbeste gauza jasotzen ditugu gaur egun, geruzen moduan itsasten zaizkigula gainean eta horiek denak kendu nahi genituen musika idazterako garaian. Prozesu horretan ezerezera iritsiko ginateke, ezta? Bada, horra iritsi nahi dugu guk. Kendu, kendu, kendu. Horixe zen gure mantra.

’3′ (CAFE TEATRO, ‘Sei’)

M.L.: Ea bat behintzat asmatzen dudan… Uff, ba ez…

BADOK: Café Teatro da.

M.L.: Umm.. Ezaguna egiten zait…

BADOK: Berakoak eta Zarauzkoak dira taldekideak. Sei bat urte dauzka disko honek baina gure inguruko taldeen artean zuen antzeko sentsibilitatea lantzen dutenei buruz pentsatzean, Cafe Teatro da burura etorri zaidan lehen izena. Folka ganberako laukote moduan lantzen dute, ñabardura eta mimo handiz, leunki… delikatua eta aldi berean boteretsua, ebokaziorako botere handikoa. Trantze moduko zerbait eragiten duela esango nuke eta zeuk ere horixe bilatzen duzula batzuetan…

M.L.: Niri doinu honek antzinako musika ekarri dit gogora. Baxu mugimendu errepikakor hori oso ohikoa da antzinako musikan. Dena hortik dator azken batean. Oinarri horretatik eta oinarri horren gainean inprobisatzetik. Frank Zappak esaten zuen bezala, musika zoragarri hura guztia ileordea eramaten zuten musikari haiek idatzi zuten orain dela 200 urte eta gu denok hortik gatoz.

‘MY FUNNY VALENTINE’ (CHET BAKER, ‘Chet Baker Sings’)

M.L.: Jazz klasikoa dela garbi dago baina ez dakit zehazki zein den…

BADOK: Chet Baker. Estandarren abeslari klasiko horietako bat eta zure izaeraren antza duena gainera, nire ustez behintzat. Aurretik aipatu duzun arren, jazzarekin duzun harremana ekarri nahi nuen mahaira. Desengainu txiki hori azaltzea nahiko nuke. Jazza askatasunarekin lotzen badugu ere, zure kasuan ez zen horrela izan, ezta?

M.L.: Ni ez naiz oso jakituna, estandarrak entzun ditut eta aro jakin bateko jazza gustukoa dut, jazz berriagoa eta free jazza ere entzun dut. Argi dago jazzak, musika klasikoaren ondoan, askatasun handiagoa duela, baina jazz jotzaileak ere patroi eta estilo baten barnean ari dira inprobisatzen, ez da guztiz librea. Hori posible ote den ez dakit, beharbada egungo musika garaikidean, baina hor ere ez da erabatekoa izango. Zuzenekoetan beti uzten dugu tarte txiki bat gauzak momentuan aldatzeko, baina orokorrean ez dugu inprobisaziorik lantzen. Edozein modutan, nigan desengainua jazzak ez baizik eta akademiaren zurruntasunak eragin zuen, estetika jakin batera mugatu beharra eta bere izaera ikasi beharra. Ez nituen gauza gehiago jaso nahi nire gainean, kendu egin nahi nituen, lehen aipatu dudan bezala. Ez zen erabat kontzientea beharbada, baina nire barneak horixe esaten zidan. Umetan daukazun gozamen hori bilatu nahi nuen. Ez du axola nola ateratzen den, atera dadila eta kito. Maletan gauza asko sartzen badituzu ideiak adierazteko erreminta gehiago dauzkazu baina freskura galdu dezakezu bidean.

‘PEQUEÑO VALS VIENÉS’ (SILVIA PEREZ CRUZ, ‘Granada’) 

M.L.: Hau ezagutzen dut, Silvia Perez Cruz da. Bere diskografia ez dut osorik entzun, baina kantu hau bereziki ezaguna zait lagun batek Youtubeko link bat bidali zidalako. Bitxia bada ere, Amsterdameko gure etxean Marta Robles izeneko gitarrista bat bizi zen, eta Bartzelonara bueltatu zenean talde bat sortu zuen. Las Migas zen taldearen izena eta Silvia zen kantaria. Geroztik atentzioa deitu dit bere kantatzeko moduak.

BADOK: Nik ere gustukoa dut Silvia Perez Cruz (neurri batean behintzat) baina abestia ekartzeko arrazoia flamenkoaz hitz egitea zen. Kantu originala Leonard Cohenena bada ere, egokitzapen hau Enrique Morenteren bertsioan dago oinarrituta.

M.L.: Bai, bera katalana da, baina flamenkoa oso ondo abesten du.

BADOK: Hala da bai, eta zuk flamenko zertzeladaren bat erakusten duzu Neighborren.

M.L.: Aipatu izan didate, baina ideiarik ez daukat nondik datorren. Flamenkoa entzun dut, Morente, Pata Negra eta antzekoak, eta flipantea da musika hori guztia. Bereziki gitarristak. Gitarra batekin egin daitekeen gorena flamenko jotzaileek egiten dutela esango nuke. Antzinako musikan aritzen diren gitarrista atzerritarrek ere askotan komentatzen didate teknikoki flamenkoa baino urrutiago ez dagoela joaterik.

BADOK: Eta gaztelaniaz egiten dituzun abestiak, orokorrean, nondik datoz?

M.L.: Askotan galdetu didate hainbat hizkuntza erabiltzearen zergatiaz. Ni lau hizkuntzatan bizi naiz: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta nederlanderaz. Bakoitzarekin harreman berezi bat daukat, pertsona ezberdinekin komunikatzea ahalbidetzen didatelako. Idaztea asko gustatzen zait eta euskaraz idazten dut beti, baina nire bikoteak ez du euskaraz hitz egiten, gaztelaniaz mintzatzen da. Eta gaztelania haren bidez aurkitu nuen. Niretzat gaztelania, bera da. Gainera, hizkuntzekin jolastea oso atsegina da, hizkuntza bakoitzak bere sekretuak baitauzka. Euskara nahiko zuzena da eta ingelesarekin gaztelaniarekin baino zerikusi handiagoa duela esango nuke. Gaztelania aldiz, arkaikoagoa da nolabait, esaldi luzeagoak erabiltzen ditu. Hitz gutxitan esateko: kantu bakoitzak hizkuntza bat dauka gauza ezberdin batek inspiratu duelako.

BADOK: Perez Cruz gaitasun handikoa izanik, batzuetan “extra” bat erakustera behartuta sentitzen dela iruditzen zait. Orokorrean emakumezko musikariengan ematen den gauza bat dela esango nuke. Kontuan hartuak izan daitezen beti gizonezkoek baino puntu bat gehiago eman behar dutela sentiarazten ote diegun galdetzen diot nire buruari. Baliteke ez izatea hori arrazoia, edo arrazoi bakarra ez izatea, baina inoiz sentitu al duzu behar hori? Euskal Herriaren eta Amsterdamen artean desberdintasunik nabaritu al duzu emakumezkoen lana balioztatzeko garaian?

M.L.: Mundu bakoitzean ezberdina dela esango nuke. Antzinako musikaren alorrean, gehienbat jakinmin handiko pertsonak direnez, “alternatiboagoak” dira nolabait eta inguru horretan emakume gehiago dago. Baina adibidez, Espainian antzinako musikara dedikatzen den jendearen artean ez dago hainbeste emakumerik, ezta Italian ere. Eta concertinoaren kasuan adibidez, emakumezkoa baldin bada, seguraski ez da espainiarra edo italiarra izango. Beste alde batetik, Euskal Herrian berdintasun handiagoz jokatzen dugula esango nuke. Espainiako beste herrialdeetan aritu naizenean ez naiz erabat eroso sentitu, gizonezkoek beti gehiago irabazten dute, erlazionatzeko modua ezberdina da, nik batere gustukoa ez dudan flirteo joko batean sartzera behartuta sentitzen zara eta nik ez dakit era horretan funtzionatzen. Neighborren pop mundua ez dut hainbeste ezagutzen baina itxuraz behintzat gizonezkoek gehiengoa izaten jarraitzen dute hemen ere. Hala ere, ez dakit beste inork baino gehiago erakutsi behar dudan, ez baitut inoiz entzulegoan pentsatzen. Gizon, emakume ala ume izan, bost axola zait. Gakoa da norentzat egiten dituzun gauzak, zein den zure helburua: beste norbait atsegitea edo zeure burua? Begira, nik musika aukeratu nuen musikaren bila nenbilela uste nuelako, baina ez zen musika bilatzen nuena, musika azkenean baliabide bat izan da bilatu ahal izateko. Nola esango nuke? Zerbaiten bila ibili naiz nire bizitza osoan musikaren barruan zegoela pentsatuz, baina ez dago musikaren barruan, ez hor soilik behintzat. Edonon dago. Edo inon ere ez.

‘SEVILLANAS DEL SIGLO XVIII’ (JOSEPHINE FOSTER AND THE VICTOR HERRERO BAND, ‘Anda jaleo’)

BADOK: Bitxikeria bat da.

M.L.: Zein da??? (barrez)

BADOK: Josephine Foster and the Victor Herrero Band. Josephine amerikar abeslari bat da, antzinako folk kantuak landu ditu sarritan eta Espainian emandako kontzertu batean ezagutu zuen bere bikotekidea, Victor Herrero. Geroztik, Cadiz inguruan bizi dira, inguruko folk, flamenko eta doinu herrikoi zaharrak modu oso berezi batean eguneratuz.

M.L.: Ezaguna egiten zait.

BADOK: Victor Herreroren kontzertu bat ikusi nuen eta txundituta utzi ninduen bere jarrera xume eta aldi berean ausardia ikaragarrizkoak.

M.L.: Nik ere flipatu dut. Hori da ausardia! Horrela egin behar dira gauzak, naturaltasunez.

BADOK: Hauek, idatzitako musika baino gehiago, kantu herrikoiak bilatu dituztela dirudi. Zuek era horretako doinuak bilatu dituzue edo beti musika idatzira jo duzue?

M.L.: Nik ez dut hainbeste bilatu baina Milos Valent izeneko nire lagun batek Eslovakiako kantu herrikoiak asko ikertu ditu. Biolinista da eta moldaketak gehitzen dizkie aurkitutako abestiei. Adibidez, Asier Altunarekin egin dugun Zela trovke film laburrekoa.

BADOK: Hori ere aipatu nahi nizun, zinemarekin lotutako zure alderdia.

M.L.: Tira, ez da existitu ere egiten, beste modu batera gertatu ziren gauzak. Milosekin disko bat egiten ari ginen berak moldatutako abesti zaharrekin. Kantu horietako bat “Zela trovke” da. Milosek berak gu guztiongan aztarna uzten zuen modu benetan hunkigarriz abesten zuen kantua. Hitzek zer esan nahi zuten galdetzen genion geure buruari eta Milosi berari galdetu genion. Eta zera esan zigun: neska bat belarra moztera doa behiei jana emateko, mozten du, etxera ekarri, aizkora berriz zorroztu eta bizkarrean sartzen dio bere gizonari, lasai-lasai… Aho bete hortz geratu ginen, noski. Behin Varsovian irratirako grabatzen ari ginela, kantua bapatean amaitu ondoren, nik “zerbait” egin nuen, besterik gabe, eta grabatuta geratu zen. Lagun artean zabaltzean Asierrengana iritsi zen eta erabaki zuen film labur bat egitea. Pasadizoaren berreraikitze prozesu bat egin genuen. Dokumental bat da beste ezer baino gehiago.

BADOK: Eta Euskal Herriko kantu zaharren inguruan inoiz egin duzu ezer?

M.L.: Zoritxarrez ez, baina lehengoan Arkaitz Minerrek biolinekin jotako euskal musika zaharraren disko bat pasa zidan, eta argi ikusten da Euskal Herrian biolina erabiltzen zela kalejiretan eta antzekoetan, nahiz eta gero pixkanaka galdu egin den. Musikariak zerbitzariak izanik unean uneko abesti ezagunak joko zituztela suposatzen dut. Adibidez, chacona, Espainian sortutako baxu erritmo errepikakorra, garai haietan mundu guztira zabaldu zen dantzarako aproposa bezala. Gaur egun herrikoitik asko bereizi da musika akademiko eta garaikidea, baina lehen ez zen horrela, dena leku beretik baitator… edo inondik ez… eta horren bila gabiltza…

ETIKETAK:Maite LarburuNeighbor