Elkarrizketa

Jon Urzelai

2016.04.19

Jon Urzelai

“Sentitzen dugu Pottors ta Klito komunitate oso bat dela”

Elkarrizketa: Pottors ta Klito

Pottormusika omen da Ainara (bateria), Korta (baxua), Guru (gitarra) eta Amaia (ahotsa) zarauztarrek egiten dutena. Lelo eta musika zuzenak pasarte lasaiagoekin uztartzen ditu Pottors ta Klito laukoteak Magenta diskoan. Lana Arrasateko Shot! estudioan grabatua eta nahastua izan da Elektrika Grabaketak-en eskutik. Zazpi abesti eta 22 minutu nahikoak dira hamaika hitz eta ideia geure belarrietara helarazi eta barrenak eta garuna astintzeko.

Pottors_Vistalegre_20160324

Guru + Ainara + Amaia + Korta = Pottors ta Klito.

Magenta da Pottors ta Klito gisa kaleratu duzuen lehen diskoa, baina aspalditik dugu zuen berri eta hamaika aldiz ikusi ahal izan zaituztegu oholtzan. Zein izan da puntu honetara iritsi bitarteko ibilbidea?
Pottors ta Klito 2009an hasi zen Kortaren garajean, egoera nahikoa prekarioan. Bateria elektroniko bat eta plastikozko tutuekin egindako mikro oinak genituen entseatzeko. Garai hartan Ainara (bateria), Altxu (gitarra eta ahotsa), Jorge (gitarra) eta Korta (baxua) ginen kideak, eta laguntasunaz gain, musikak eta feminismoak elkartzen gintuzten. Denok genuen musikarekin lotura, Altxu gitarra klasikoarekin aritzen zen, Korta DJ lanetan, Ainara perkusio eta batukadetan buru belarri zebilen eta Jorge 12 Tribu reggae taldean ibilia zen, baina Pottors esperientzia berria zen eta dena genuen ikasteko.

Taldea poliki-poliki joan zen forma hartzen. 2010ean Putzuzulo gaztetxean lehendabiziko kontzertua eman genuen, eta handik denbora batera iritsi zen bigarrena, 2011n, Leitzako topaketa feministetan. 2012ko amaieran aldaketak eman ziren: Jorgek taldea utzi eta Guru sartu zen, eta garajea utzi eta Zarauzko Vista Alegreko lokaletan hasi ginen entseatzen. 2013an kontzertuak modu jarraian ematen hasi ginen, eta uda ostean Amaia abeslaria fitxatu genuen, taldeari indarra emanez. 2014ko amaieran Altxuk talde utzi eta laukote moduan jarraitzea erabaki genuen, gitarrista bakarrarekin.

Denbora honetan musikalki trebatzeaz gain, talde eta pertsona bezala hazi gara, emanaldi bakoitza geroz eta gehiago gozatuz eta gozaraziz. Hala iruditzen zaigu behintzat!

Nolakoa izan da diskoaren sortze prozesua eta grabaketa?
Ez gara jarri disko bat egitera, urte hauetan egindako abestien bilduma bat da Magenta, bera etorri da. Horrek azal dezake diskoko abestien estilo aniztasuna. Pottorsen ibilbidean abesti gehiago sortu ditugu, baina hauekin sentitu gara erosoen, eta grabatzea erabaki genuen, behintzat erregistratuak gera zitezen. Pasa den udan, beraz, urratsa ematea erabaki genuen, eta Ander Barriusorekin harremanetan jarri ginen. Anderrekin oso gustura sentitu gara, teknikari ona izateaz gain, pertsona handia da, eta gure onena ateratzen jakin duela iruditzen zaigu. Emaitzarekin oso gustura gaude, Magenta erditze kolektibo eder bat izan da.

Hainbatetan entzun izan dut gazteek iada ez dutela rocka entzuten, rapa edo elektronika bezalako generoen garaia dela, Euskal Herriak punketik harago joan beharra duela… eta hemen zatozte zuek hardcore-punkaren tutupa-tutupa erritmoekin. Punkak badu oraindik bere tokia gurean?
Bai. Eta baita salsak, trikitiak eta abarrek ere! Gure ustez, punka musika estilo bat baino gehiago, jarrera bat da, “zuk zeuk egin” filosofian oinarritzen dena. Hiru akorderekin, muga tekniko guztien gainetik abesti bat egitea da; beraz, jarrera horri jarraituz rapa ere izan daiteke punka. Guk diogu gure musika ez dela irmoki punk estilokoa, pottormusika dela, barrutik, pottorretik ateratzen zaiguna dela, eta hori da guretzat punka! Horrez gain, punkak badu tokia zerbait esateko dagoen momentutik, barruak hustutzeko bide bat da, eta era berean, bozgorailu bat, beraz tresna politikotzat dugu. Esanahiez hustutako abestiak ez ditugu punk bezala ulertzen.

Benetakoa al da gitarren ustezko gainbehera hori?
Ez zaigu iruditzen hala denik. Euskal Herria testuingurutzat hartuta, gitarrak indarrean darrai musika estilo ezberdinetan. Gitarra konposizio gehienen oinarria da oraindik ere. Iruditzen zaigu ohiko rock instrumentuei (gitarra, ahotsa, baxua eta bateria) gehitu egin zaizkiela beste batzuk, izan sintetizadoreak, teklatuak, soinu txikia, haizeak… Baina gitarrak hor jarraitzen du, bai talde elektronikoetan —El_Txef_A Band Experience adibidez—, bai Rural Zombies, Belako eta horrelakoetan, Big Boy ere hor dago… Talde asko ari da bestelako musika tresnak erabiltzen, baina gitarra alboratu gabe. Noski, bere rola aldatu da, baina panorama aberatsagoa da. Eta eskerrak!

Bestalde, “gitarraren gainbehera” aipatzen denean, pentsa dezakegu inplizituki musika entzute ez aukeratu eta inkontzienteari egin nahi zaiola erreferentzia, hau da, irrati komertzialetan eta parranda testuinguruan jartzen denari. Ziur tabernetan, gaztetxeetan… geroz eta gitarra-rock gutxiago entzuten dela, baina testuinguru horietara musika entzutera joaten al gara gaur egun? Musika entzuteko modua ere aldatu egin da, eta horrek azaltzen du baita ere zer entzuten den momentu eta une ezberdinetan.

Hardcoretik eta punketik asko duten doinuak landu dituzue orokorrean baina badago bestelakoetarako tarterik ere. “Psikiatra bat atez ate” abestiko reggae ukitua aipa genezake, adibidez, baita herrikide duzuen Perlak taldearen estilotsukoa izan daitekeen post-punk ukitua ere, “Mutil ala neska” izenekoan.
Horregatik diogu pottormusika egiten dugula; saiatzen gara gure sorkuntzari mugarik ez jartzen estilo aldetik. Abestiarekin eroso sentitzen bagara, aurrera!

Gure sortze prozesuan kontua ez da zer sortu nahi dugun, zein izango den azken emaitza, baizik eta zein den abiapuntua, zein momentu eta egoeratik sortzen dugun, bai pertsonalki bai talde izaeraren aldetik ere. Abesti bakoitzaren sorkuntza sinbiosi prozesu moduko bat da, eta horrek eskatzen du irekita egotea eta ez itxita, adibidez, abesti bat ez delako estilo konkretu bateko forma hartzen ari. Noski, entzuten dugun musikak ere eragiten du emaitzan, nola gauden momentu horretan, zer esan nahi dugun… Adibidez, “Mutil ala neska” hasiera batean hardcore estiloko abesti bat zen, zuzenean ere jo genuen zenbait alditan, baina ez gintuen guztiz konbentzitzen, eta lokalean inprobisatzen, nolabait orain den post-punk moduko zerbait atera zen, hardcore abesti haren hitzak erreziklatuz. Eroso sentitzen ginen bertsio berriarekin eta horrekin geratu ginen… zeatikezpa!

“Gure abestiek ahalduntzen gaituzte gu, baina baita gure entzuleak ere. Pertsonala denak dimentsio kolektibo eta politikoa hartzen du abestien bidez”

Azken urteetan letra poetiko edo nolabait kriptikoak egiteko joera zabaldu da zenbait musikariren artean. Zuek, aldiz, mezu eta aldarri zuzenak dituzue.
Gure letra asko amorrutik, beharretik, egoera pertsonaletatik sortu dira, bizipenak eta kezkak adierazi nahi izan ditugu, erreferenteei aipamenak egin…. Zuzenak dira, ahalduntzen gaituzte gu eta badirudi zenbait entzule ere ahalduntzen dituztela. Pertsonala denak dimentsio kolektiboa eta politikoa hartzen du abestien bidez, horregatik sentitzen dugu Pottors ta Klito ez garela soilik gu laurok, Pottors ta Klito komunitate oso bat dela.

Dena dela bi joerak zilegiak eta uztargarriak dira gure ustez, zeharkako mezuak zein zuzenak abestea, beraz etorkizunean auskalo zer aterako zaigun!

Euskal Herriak eman duen punk talderik ezagunenetako batek La Polla zuen izena eta normala iruditu izan zaigu. Era berean, sexualitate maskulinoari buruzko erreferentziak ere hamaika dira euskal musika, esan dezagun, “gogorrean”. Aldiz, badirudi oraindik ere arraroa egiten zaigula talde batek hilerokoari buruz kantu bat egitea. Emakumeak ikusgarritasuna behar du oraindik musikaren munduan?
Asko dago egiteko. Sexualitate maskulinoari egindako erreferentziak oso barneratuak ditugu, normalduak, ez digute atentziorik deitzen, eta La Polla adibide bat da, baina badago besterik, Gatillazo adibidez. Gure izenak bati baino gehiagori oraindik harridura sortzen dio. Taldeari Pottors ta Klito izena jartzea hautu inkontzientzea izan zen hasieran, askatasun handiarekin sentitzen ginen, presiorik gabe, berdin zigun jendearen erreakzioak, eta gure letra askok ere hortik asko dute, barruan duguna askatu dugu eta bale, ez da premeditatua izan, ez dugu efektu zehatzik bilatu. Kasu gehienetan gerora hartu dugu kontzientzia, askotan jendearen komentarioen ondorioz. Dena dela, gure aurretik Euskal Herrian izan dira emakumeen egoerari erreferentzia egin dioten punk taldeak, Vulpess, Las Putass del Mistol, Derrame Vaginal…

Gaiarekin jarraituz, behin mutil batek aipatu zigun ea hilekoa izatea “Odola” abestian kontatzen den bezala ote zen, hain “traumatikoa”. Abesti horretan hain zuzen ere, esperientzia pertsonal bat kontatzen da, nola lehenbiziko hilekoa shock moduan bizi izan zen baina gero abestiaren protagonista hilekoa onartzen, goxatzen doan… eta baita ere nola pertsonaltzat jotzen den gai honek baduen dimentsio sozial garrantzitsu bat, hilekoaren inguruko produktuen prezioa, hilekoaz (ez) hitz egitea modu lasai eta irekian, bere “gorritasuna” ukatzea, zikintzat hartzea… Abestia ez da trauma baten deskribapena, ahalduntze prozesu batena baizik. Horrela azaldu genion galdetu zigun mutilari, eta balio izan zuen “hilerokodunon” errealitatea ezagutarazteko.

Punkak gurean hartutako moldeekin jarraituz, aipa genezake nola RRV delakoaz harago, 90eko hamarkadan Washington aldetik zetozen Dischord diskoetxearen eta antzekoen oihartzunek ere zer esan handia izan dutela euskal herri mugimenduetan eta baita musikan ere. Halere, badirudi garai bereko riot grrrl mugimendua oharkabean pasa dela orain gutxi arte. Nola azaldu daiteke hori?
Garai batean ez zegoen orain dagoen informaziorik eta baliabiderik. Punka, HCa, grunge-a… entzuten genituen, iritsi zitzaizkigun Minor Threat eta Fugazi Negu Gorriaken bertsioengatik edota lagun eta senideen bidez, eta baita telebistan jartzen zituzten bideoklipetatik ere, adibidez. Bilatzeko aukera gutxi genuen Zarautzen, hirietara joaten ginen gutxietan dendetan disko artean kuxkuxean ezagutzen genituen taldeak. Riot grrrl mugimenduaren ezagutza ez zegoen gure hastapenetan, duela ez hainbeste deskubritu genuen, fanzineetan eta horrela, edo inork esanda, adibidez, L7k 1992an hemen inguruan jo zuela… Gerora noski, Internetekin asetzeko adina gauza topatu dugu. Riot grrrl-a ezagutu gabe ere, beti izan dugu emakumeak oholtza gainean zarata egiten ikusteko egarria. Aktiboan ezagutu ditugun talde gutxiak jarraitu ditugu, Jauko Barik kasu.

“Sexualitate maskulinoari egindako erreferentziak oso barneratuak ditugu. Aldiz, gure izenak bati baino gehiagori harridura sortzen dio oraindik”

MEFSST jaialdiaren antolakuntzan buru belarri ibili zarete eta talde gisa Emarrock edota Ladyfest estiloko hainbat jaialditan parte hartu duzue. Zergatik dira beharrezkoak horrelako jaialdiak?
Ekimen hauek rock eszenako identitate ez hegemonikoak bisibilizatzeko eta iruditegi kolektiboa astintzeko tresnak dira; era berean, konfort eremuak dira, ahalduntze plataformak. Epaituak izateko beldurra alde batera utzi eta pixkanaka oholtza gainean eta azpian eroso egotea ahalbidetzen digutela iruditzen zaigu, beste eszenetan ere eroso sentitzeko gure buruekin, eta haiek iraultzeko, zenbait pertsona oraindik ere harritu egiten baititu emakumeak edota marikak musika kañeroa egiten ikusteak.

Aldaketarik nabaritu al duzue belaunaldi berriek musikaren munduan parte hartzeko duten eran?
Bai, aldaketak badaude. Internetek, beste arlo askotan bezala, iraultza bat ekarri du musikari dagokionean: Youtube, musika zabaltzeko eta entzuteko plataforma ezberdinak… asko birtualizatu da eszena. Orokorrean kontzertuetan gazte asko ez da ikusten, salbuespenak salbuespen, adibidez, Glaukoma, Esne Beltza edo Ze Esatek!-ek jotzen dutenean gazte piloa biltzen da. Dena dago oso eskuragarri egun, akaso errazegi? Dena dela, nabaritzen dugu kontzertuetara etortzen diren gazteetako askok oso sutsuki bizi dutela zuzenekoa, eta horrekin geratzen gara.

Badirudi oholtza gainean geroz eta emakume gehiago topa dezakegula, baina musikarena mundu zabalagoa da. Zer gertatzen da antolakuntzarekin, alor teknikoarekin, kazetaritzarekin eta publikoarekin?
Musikaren beste alorretan ere gero eta emakume gehiago dago. Publikoan nabarmena izan da hazkundea, eszena gehienetan. Baita antolakuntzan ere. Alor teknikoan ari da gehien kostatzen, ziurrenik, baina hor ere pixkanaka-pixkanaka emakumeen parte hartzea goruntz doa. Analisiak arrazoi anitzetara eman gaitzake, eta faktore horietako bat ziurrenik bada emakumeok aisialdia bigarren maila batean utzi izana; ez da kasualitatea “emakumetzean”, 14-16 urteren bueltan, musika eskoletan gehiengoa diren neskek musika tresnak jotzeari uztea edota denborapasako kirola alboratzea ikasketetan zentratzeko edota “gauza serioak” egiteko (zeresanik ez 30 urteren bueltan); halere, zorionez, badirudi hau aldatuz doala. Beste arrazoi bat izan daiteke oraindik ere musikaren zenbait alor, teknikoa batez ere, eremu “maskulinotzat” jotzen dela, eta beraz ezerosoa emakumeentzat, askotan norbere burua ez duelako lan horietan irudikatu ere egiten, eta baita ere zenbait gizonen aldetik jarrera zenbaitetan paternalistegia izan daitekeelako.

Pottors ta Klito / Arg: Caught in the act fanzinea

Martxoan Putzuzulo gaztetxean eman zuen Pottors ta Klitok atsedena hartu aurreko azken kontzertua. (Caught in the Act)

Emakumeez osatutako talde bati buruz hitz egitean, honako iruzkin hau behin baina gehiagotan entzun izan dut: “emakumeak direlako besterik ez dituzte ekarri antolatzaileek”. Zer erantzungo zeniokete hori dioenari?
Inoiz entzun al duzu mutil talde batengatik “mutilak direlako besterik ez diete deitu” esatea? Eta badaude mutilez osatutako taldeak asko dutenak oraindik ikasteko, baina halakoetan ez dira modu horretako komentarioak entzuten, rockean “mutilak izatea” normalitatea delako, eta ulertzen delako oraindik hasiberriak izan daitezkeela eta denbora beharko dutela trebatzeko.

Guk badakigu deitu izan gaituztela zenbait tokitatik, eta askotan data seinalatuetan, soilik neskak garelako. Zapaltzen ditugun eszenatoki guztietan dena ematen saiatzen gara, musikari bezala ikasten eta gure emanaldiak hobetzen. Eta iruditzen zaigu hasi ginenetik gaur arte asko ikasi dugula, askoz erosoago gaudela agertokian eta hori trasmititzen dugula. Eta hori jotzeko aukerak izan ditugulako izan da, aukera asko eman dizkigutelako eta irabazi ditugulako, gauza batengatik edo besteagatik deitu gaituztelako, eta sarritan, guk geuk antolatu ditugulako kontzertuak guk nahi izan dugun moduan eta guk nahi izan dugun taldeekin.

Sona izan zuen Tabakaleraren inaugurazio ekitaldian egin zenuten performance-ak. Antolatzaileek jaialdia “femeninoz eta aldarrikapenez” hasi nahi zutela esan zuten baina zuena ez omen zen irudikatu nahi zutena izan, ez zarete femeninoak eta aldarrikatzaileak izango, dirudienez. Nola ikusten duzue han gertatutakoa?
Femeninoak… gu feministak gara, musika talde politiko bat. Ulertzen dugu musika espresio libreko eremua dela, eta edozein tokitan egingo genukeen berdina egin genuen Tabakaleran, oso modu naturalean, guretzat hain garrantzitsuak diren gune liberatuen aldeko aldarria egin genuen, kasu hartan arriskuan zegoen Kortxoenearen aldekoa. Diferentzia izan zen publikoa normalean baino zabalagoa zela eta komunikabide eta kamera gehiago zeudela. Kontua da oihartzun zabala izan zuela, baina Tabakalerakoa gure beste kontzertuen oso antzekoa izan zen; testuingua zen ezberdina.

“Egia da “feminismo” eta “feminista” hitzak hitzetik hortzera erabiltzen direla egun, baina askotan karga politikoa kentzen zaiela pentsatzen dugu”

Feminismoa modan omen dagoen honetan, ikusten al duzue mugimendu osoa patrimonializatu eta mamirik gabe uzteko arriskurik?
Bai. Ez zaigu iruditzen feminismoa “modan” dagoenik. Egia da “feminismo” eta “feminista” hitzak hitzetik hortzera erabiltzen direla egun, baina askotan karga politikoa kentzen zaiela pentsatzen dugu, merkantilizatzen direla, beste zenbait mugimendu bezala (ekologia, mugimendu beltza…). Ikusi besterik ez dago H&M, Beyonce eta abarrek azken aldian egin dituzten ikuskizun edota kanpainak. Egia da sekulako bozgorailuak direla, baina orohar gizarte mugimenduak esanahiez hustutzen dituztela iruditzen zaigu, komeni zaielako erabiltzen dituztela mugimenduen izenak, baina euren eguneroko jardunean ez dutelako politika edota jarrera feministarik edota ekologistarik txertatzen. Egitasmo horietan emakumeak objektuak dira, ez dira erabaki nagusiak hartzen edo kanpainak diseinatzen dituzten subjektuak.

Orain dela urte batzuk estreinatu zen Zuloak filma. Askok goraipatu eta emakumeen ikusgarritasunaren aldekotzat hartu zuten. Zuek, aldiz, feminista baino gehiago, “ferminista” izatea egotzi diozuela irakurri dut. Zergatik?
Emakumeak ikusgarri bai, baina… nola? Aurreko galderaren erantzun bera itsats genezake hemen, “H&M eta Beyonce” beharrean “Zuloak” jarrita.

Amaitzeko, zeintzuk dira zuen asmoak aurrerantzean?
Martxoaren 27an “gero arte” kontzertu bat eman genuen etxean, Putzuzulo gaztetxean, Lucky Malice eta Danger!Man lagun norbegiarrekin batera. Atsedenaldi bat hartuko dugu apiriletik aurrera, taldekide bakoitza bere proiektu pertsonaletan murgiltzeko, beste egitasmo artistiko batzuk martxan jartzeko, izan musikalak edo eszenikoak, eta baita gurasotasunean murgiltzeko ere… Indarrak hartu eta berriz gogotsu gaudenean Pottors ta Klitori ekiteko!

ETIKETAK:Esne BeltzaGlaukomaJauko BarikNegu GorriakPottors ta KlitoZe Esatek!Zuloak