Elkarrizketa

Antton Iturbe

2020.10.15

Antton Iturbe

“Sentimendu zatarretan arakatu dugu eta prozesua ez da beti atsegina izan”

Elkarrizketa: Elena Setien

Urte goibel honetako ezusteko zoragarrienetako bat bilakatu da dagoeneko Mirande diskoa (Forbidden Colours). Jon Mirande poeta “gaitzetsiaren” obraren berraurkikuntza eta berrirakurketa eder honetan, haren oinaze eta plazer, gozo eta garratz, erraztasun eta korapilo, lilura eta mina, inoiz baino biziago eta koloretsuago sentiarazten dizkigu Elena Setien, Grande Days eta Xabier Erkiziak osatzen duten hirukoak.

PHOTO-2020-10-14-09-26-53

Elena Setien, Grande Days eta Xabier Erkizia, Donostiako Antzoki Zaharrean eskainitako kontzertuan. (Juan Luis Etxebarria)

Diskoaren argitalpenerako Beñat Sarasolak idatzi duen testu ederrean Jon Miranderen apustua “eremu horietatik haratago joatea” izan zela dio, eta “hara joan zelarik, siniestroa denarekin topo” egin zuela. Hitz eta sentsazio horiekin bat egin al duzu diskoa egiteko garaian?
Gogoan izan Bigarren Mundu Gerraren ondoren idatzita daudela poema hauek, garai horretan bizi behar izan zuten lazturaren eraginpean. Une horretan subkontziente kolektiboaren geruza sotil eta sakonenetan arakatzen hasten den edozein artistarentzat, ezinbestekoa da sufrimendua aurkitzea. Jon Mirande, artista bezala, izugarrikeria haien guztien “aztarnaritzat” hartzea guztiz zentzuzkoa da, beraz. Milioika pertsonarengan izugarrizko eragina izan zuen bizipen hark sortarazitako sentimendu zatar, konplexu eta gatazkatsuen ikertzailea, alegia.

Testu berean Sarasolak dio “plazera eta erresumina banaezinak” zaizkiola Jon Miranderi. Hitz horiek musika ederrena goxoa eta aldi berean mingarria izan daitekeela pentsarazi didate. Musika, denbora-pasa ariketa huts moduan egiten bada hortxe geratzen da eta erraz ahantzi daiteke. Egiazkoa denean eta egiatik abiatzen denean, entzulearen baitan geratzen da, eta ez dauka beti prozesu atsegina izan beharrik. Hori da musikaren lilura eta indarra. Orokorrean, nola bizi duzu zuk musika? Sortzaile bezala? Entzule bezala?
Disko honetan ere plazerak eta erresuminak bat egin dute. Sortzaile bezala sentimendu zatar horien artean arakatu dugu eta prozesua ez da beti atsegina izan. Diskoa horren isla da. Edertasuna, tentsioa eta zatarkeria nahasten baitira bertan. Argi-ilun horiek guztiak antzeman ahal izateko erabat murgildu eta arreta osoz entzutea eskatzen duen diskoa da.

Bere metrika bereziari esker, musikatzeko “errazak” omen dira Jon Miranderen poemak. Hala ere, nolakoa izan da musikatze prozesu hori? Nola banatu dituzue lanak? Zer esango zenuke ekarri diola bakoitzak proiektuaren soinu eta izaerari? Hirurok osatutako formatu horretan jarraitzeko asmorik al duzue?
Abestiak nik konposatu nituen. Jon Miranderen metrika horrek eskandinaviar poesiarekin zerikusi handia dauka, eta Danimarkan 13 urtez bizi eta gero oso ezaguna zaidanez, sortze prozesua naturala eta erraza izan zen niretzako. Grande Days-ek banda soinua, pertsona bakar bat bailiran jotzeko duten gaitasun berezi hori, ekarri dute proiektura. Xabier Erkiziak ekoizpen lanak egin ditu eta bere ahotsa —“Jauregi hotzean” abestian— eta bere ohiko elektronika ukitu bitxiak gehitu ditu. Disko hau une jakin batean hiruron ekarpenari esker eta denok bat egin dugunean izan da posible. Emaitza, bai estudioan baita zuzenean ere, harrigarriki ona da. Beraz, berriz ere elkarrekin lan egiteko aukerak bere horretan dirau, noski baietz!

Suposatzen dut diskoa prestatu ahal izateko edota diskoa bera egitearen ondorioz, Jon Miranderen obra gehiago irakurri duzula. Zer aurkitu duzu? Eta agian, horren aurretik, zergatik Mirande? Non sumatu duzu lotura zure ikuspegi pertsonal eta artistikoarekiko?
Bere poema guziak irakurri ditut, Haur besoetakoa eleberria irakurtzeko daukat oraindik. Koldo Almandoz zinemagileari esker sartu nintzen Jon Miranderen obran eta lehen unetik metrika musikal horrek liluratu ninduen: gauza ikaragarrienak modu hain samurrez esateko gaitasuna, munduko lanik errazena balitz bezala. Formalismorik gabeko arintasun hori euskarazko poesia modernoaren aitzindari da, hainbat adituk jakinarazi didatenez. Eta horixe da erakargarriena niretzat, bere obraren balio artistiko soila, beste inolako alderdietan sartu gabe.

“Lehen unetik Miranderen metrika musikalak liluratu ninduen: gauza ikaragarrienak modu hain samurrez esateko gaitasuna, munduko lanik errazena balitz bezala”

Zure ibilbide musikalean abstraktutik abestira gerturatzen ari zarela diozu. Hots, abestitik hasi eta abestiaren zerbitzura konposatzen duzu geroz eta maizago. Mirande proiektua, bide horretan barna emandako pauso bat izan daiteke, edo agian, albo baterantz egindako disgresio moduko bat?
Proiektu hau hirurena da. Proiektu bakoitzak bere sormen norabidea du, eta bide horretan barna abiatzen da. Gutako edozeinek bere motxilan eramango du, hurrengo diskoa grabatzera abiatzen denean, proiektu honek eman dion jakituria, zalantzarik gabe.

Hainbat leku eta herrialdetan bizi izan zara, baita bidaiatu ere, eta leku bakoitzeean subkontziente musikal berezi bat sumatu duzula komentatu duzu inoiz. Oraingoan ordea, Jon Mirandek inoiz ezagutu ez zuen lurralde irudikatu baten musika eta poesia egin zuela diozue. Bizitakoaren eta amestutako edota irudikatuaren artean halako gune gris bat badagoela sinisten dut nik. Alegia, amestutakoa bizi eta bizitakoa amesten duzula, eta gero ustez leku berri batera joaten zarenean modu bitxi batean familiarra, ezaguna, egiten zaizula. Inoiz pasa zaizu hori?
Hala da. Leku jakin bat amets dezakezu eta zeurea egin, inoiz han izan ez bazara ere. Eta Miranderen poesien kokagune irudikatu horrek, gure asmoz behintzat, era berean irudikatua den eta berezko arauak, familiarrak eta aldi berean arrotzak, dituen musika bitxi bati bidea eman dio proiektu honetan.

Oso hunkigarriak eta inspiragarriak iruditu zitzaizkidan zure aitari elkarriketa batean eskainitako hitzak. Bere ikuspegi alegorikoa aipatzen zenuen, bizitza sinbolo eta irudien bitartez ikustea. Nire ustez, zure musika ere halakoxea da, irudiei oso lotua baitago, irudiak iradokitzen ditu entzuteko garaian. Sortzeko garaian ere hala da? Zure buruan dituzun irudiei musika jartzen diezula esango zenuke?
Mila esker! Pozgarria da hitz haiek gustatu izana. Sortzeko garaian, irudiak funtsezkoak dira niretzako. Ez kanpokoak, barnekoak baizik. Nire musika era horretako barne gune batean kokatzen dut sortzen ari naizen heinean. Izan ere, abesti onenak gune hori lehen unetik indar handiz definituta dutenak izaten dira niretzat. Abestiak dagoeneko han bizi balira bezala, nire lana, hara joan, handik atera, nigana ekarri eta soinu moduan eratzea bilakatzen da. Errealitatea eta artea zentzumen ezberdinak, batipat entzumena eta ikusmena, nahastuz ulertzea gustatzen zait.

Donostia Dock Of The Bay jaialdian Häxan filmari musika jarri zenion. Kontzertu-akelarrea deitu zenion emanaldiari. Nolakoa izan zen esperientzia hura? Mirande zuzenekora eramateko garaian alderdi bisualarekin jokatzeko asmorik baduzue?
Estreinako kontzertua Donostiako Antzoki Zaharrean eman genuen eta Sebastian Salaberryren proiekzioak izan genituen lagun. Oso ondo funtzionatu zutela esango nuke. Zuzenean alderdi bisual hori gehitzea oso aberasgarria da. Abstrakzioa erraztean, musikan zentzumen ezberdinak konbinatuz murgiltzea posible egiten dio entzuleari.

Estreinako aldiz inguruko argitaletxe batekin, Forbidden Colours-ekin, lan egin duzu. Nolakoa izan da esperientzia eta zein dira zure planak epe motzera? 
Oso pozik nago Forbidden Coloursekin lan egiteaz. Euskal Herrian guztiz beharrezkoa dugun kalitate handiko diskoetxea da. Aitor Etxeberria eta Irene Prieto egiten ari diren lanari benetan miresgarria deritzot.

ETIKETAK:Aitor EtxebarriaBeñat SarasolaElena SetienForbidden ColoursGrande DaysJon MirandeKoldo AlmandozXabier Erkizia