2016.01.14
Kilometroak egiteko beldurrik ez dute ideiak garbi dituzten taldeek. Gasteiz topagune hartuta Eratu rock bandak Bidea (Mauka Musikagintza) hirugarren diskoa argitaratu du. Aitor Agirrek (bateria), Joseba Luzuriagak (baxua) eta Unai Olaldek (gitarra eta ahotsa) osatzen duten hirukoak errepidea behar du bere sormenari bide emateko. Zuzenekoekin bizi dute musika. Helmuga zehatzik jarri gabe, 2016a taula gainean pasa nahi dute.
Gaur egun nola egin ahal du “bidea” musika talde batek?
Egia esan, ez da erraza zure bidea egitea, sekreturik ez dago: lana, lana eta lana. Gaur egungo egoera ikusita proiektuan sinestea ezinbestekoa dela uste dugu, egiten duzun horretan sinestea eta, diskoan diogun bezala, bideaz ohartu eta gozatzea.
Distantzia zama izan ohi da. Ondarroa, Gasteiz eta Aguraingo hiru musikarik lege hori hautsi zenuten, eta dagoeneko hirugarren diskoa argitaratu duzue. Zein da sekretua?
Elkar ondo ulertzea. Momentu txarrak eta onak izango dituzu baina horiei buelta emateko lan egin behar da. Hirurok familia antzeko bat sortu dugu bai Ivan Unzu gure teknikariarekin zein Igortz Iturberekin (Mauka) batera.
Egia da hiru hilabetetan konposatu zenutela diskoa?
Bigarren diskoaren Eratour kontzertu bira martxoan amaitu genuen eta urte bereko abuztuan sartu ginen disko berria grabatzera. Beraz, bai, 3-4 hilabetetan egin dugu diskoa. Nahiz eta denbora gutxi izan, ez da azkar konposatutako lana. Aurrekoarekin baino buruhauste gehiago izan ditugu, eta gehiago landu dugu. Normalean etxetik hasten dugu konposaketa prozesua, baina disko honetarako errepidean pentsatutako hainbat ideia daude. Azkeneko biran Galizian, Andaluzian, Katalunian eta Madrilen jo genuen, eta errepidean ordu asko pasatu genituen. Ondoren ideiak Gasteizko lokalean findu genituen.
Grabazioa ezberdina izan da. Oiartzungo Mecca estudioetan elkarrekin jo eta grabatu zenuten. Nolakoa izan zen esperientzia?
Argi genuen beste era batera lan egin nahi genuela. Aurreko bi diskoekin, lan kontuak eta ordutegiak zirela eta, ia ez ginen elkarrekin estudioan egoten. Horrek hoztu egiten zuen nolabait prozesua, elkarrekin egotearen feeling hori ez genuen. Horrek ez du esan nahi Karlos Osinaga Txap-ekin edo Haritz Harreguyrekin ez ginenik gustura geratu. Oso esperientzia aberasgarria izan zen beraiekin lan egitea, asko ikasi genuen. Oraingoan, ordea, grabazioaren %100ean murgildu behar ginela argi genuen eta Oiartzungo Mecca estudioetara joan ginen. Mikel eta Igor [Ezeiza] anaiek komentatu ziguten hirurok elkarrekin grabatzearen aukera. Nahiz eta hasieran beldur ginen, azkenean esan dezakegu ikaragarria izan dela hirurok batera areto batean jotzen grabatzea. Beste zerbait lortu dugula uste dugu, eta hori, kantuetan nabari da.
Zuek aitortu duzue diskoak bi zati dituela. Zeintzuk dira?
Horrela da, bai. Hasiera batean, diskoa bi zatitan ateratzeko ideia izan genuen baina azkenean horrela atera da. Bi zati ditu, aurrenekoa lehen abestitik seigarrenera doa, eta bigarrena, zazpigarrenetik hamaikagarrenera. Azkeneko bost abestiek aurreko diskoarekin zubi lana edo egiten dute, ildo beretik doazela uste dugu. Konposaketan ere atera ziren lehenengo kantak izan ziren. Aldiz, lehen sei abestiek beste kutsu bat dutela esango genuke. Pop melodia gehiago daude, pausatuagoa da eta detaile gehiago ditu. Gitarretan afinazioak ere eragin duela esan daiteke.
Hamaika kantuek rock taldea zaretela islatzen dute, etiketa guztien gainetik. Hiruron eraginak inoiz baino hobeto orekatu eta batu dituzue?
Ados gaude horrekin. Rock talde bat garela azpimarratu nahi genuke, eta hiruron eraginak orekatu direla esatean hor egon daiteke diskoa bi zatitan banatzearena.
“Heldu nazazu”, “Pentsatu, hartu, erabaki!” edo “Paradisua?” bezalako kantuetan rock alternatibo amerikarraren eragina nabari da, disko osoa zeharkatzen duena. Ados zaudete?
Bai, musika amerikar asko entzuten dugu. Izan daiteke.
Metal doinuetatik hurbilago hasi zineten, baino rock alternatiborantz egin duzue. Eboluzio naturala izan da, edo proposamen entzungarri edo melodikoago bat bilatu duzue?
Egia esan, disko bakoitza desberdina izan da. Metal taldea baino gehiago rock banda bat gara. Ez da aurrez pentsatutako zerbait, ez dugu gustuko disko berdinak egitea. Esperimentatzea atsegin dugu. Lehen entzuten genuen musika eta orain entzuten ari garenaren artean aldaketa dagoela esan dezakegu, zaharragoak garelako… Faktoreak hainbat dira, baina aipatu bezala, esperimentatzea gustuko dugulako.
Ez zarete banda bakarra norabide hori hartzen. Heldutasun kontu bat al da, edo metal doinuen baitan eboluzionatzea zaila eta mugatua dela?
Gure kasuaz hitz egin dezakegu. Ez da metal doinuetan eboluzionatu ezin delako, baizik eta beste esparru batzuetan sartzeko grina eta gogoa dugulako. Hurrengo lana akustikoan bada, horrela egingo dugu. Metaleroa bada, berdin. Senari jarraitzen diogu eta nahi duguna egiten dugu.
Kolaborazioek nabarmen jantzi dute zuen kantu bilduma. Batez ere, Juantxo Arakama (Glaukoma) abeslariaren parte hartzea “Eslogan gehienei falta zaie praktika” kantuan. Rage Against The Machine gogora ekartzen du. Omenaldi modukoa?
(Barreak). Ez zara lehena hori esaten. Egia esan, kolaborazio guztiek kolorea eman diote diskoari, eta izugarri aberastu dutelakoan gaude. Kantu horretan esan daiteke RATM-en kutsu bat baduela, hiruroi asko gustatzen zaigun taldea da.
Fer Apoarekin, “Pentsatu, erabaki, hartu” kantuan, Kuraia berreskuratu duzue?
Bigarren diskotik genuen berarekin kolaboratzeko gogoa. Kuraia taldearen jarraitzaileak ginen, oso zaleak, eta Fer gure emaitzaren parte bezala ikustea plazerra eta ohorea da.
Keu Agirretxeak ere bere gitarra jarri du hainbat kantutan. Zenbatean aberastu du zuena?
Hasiera batean kantu batean punteo bat sartzeko esan genion baina estudioan hiru kanturi detaileak erantsi dizkio, eta ezberdin egin ditu. Aberastu eta koloreztatu ditu. Denbora gutxi duelako, bestela hamaika kantuetan zerbait sartzeko esango genion (barreak).
Zuzeneko taldea baino gehiago, errepidekoa zaretela esan daiteke?
Bai, errepidean ordu asko eman ditugu, eta gustura jarraitzen dugun heinean eta ahal dugun bitartean errepidean jarraituko dugu, dudarik gabe. Bizitzeko era hau aukeratu genuen eta hau egin nahi dugu, ez dago besterik.
Martxoan aurreko diskoaren kontzertu bira bukatu zenuten, eta abenduan itzuli zineten taula gainera. 2016an beste kontzertu birarik egiteko asmoa duzue?
Abenduan itzuli ginen taula gainera. Orain arte bi kontzertu besterik ez ditugu eman, Durangon eta Bilboko Kafe Antzokian, baino urtarriletik aurrera hasiko dugu biraren zati bat. Kontzertu sorta bat dugu prest: Larrabetzu, Tolosa, Andoain, Donostia, Olazti, Gasteiz… joango gara datak gehitzen eta gogo izugarriak ditugu errepidean astebururo egoteko.
ERATU-REN HURRENGO KONTZERTUAK