2020.04.03
Dantzaleku batean elkar ezagutu eta gero, Bego Aldalur eta Ines Garciak 2018an sortu zuten Krii Kolektiboa. Esperantoz garrasi egin esan nahi du krii hitzak. Musika elektronikoa eta dantzalekuak emakumeentzako eremu eroso bilakatzea zuten helburu, eta baita sarea egin eta emakumezko disko jartzaileei bidea zabaltzea ere. Urteak pasata, Donostian eta inguruan agertutako artista mordoak erakutsi du uste baino askoz gehiago zirela. Dei efektu gisa, edo. Dantza, errespetua eta transmisioaz hitz egin dugu apirilaren 11rako antolatua zuten Matraka Fest jaiaren harira, koronabirusaren krisiak atzera bota duena. Elektronika, euskal musika eta genero arteko harremanak, bertuteak eta beharrak azaldu dira elkarrizketan. Espero dugu lehenbailehen dantzalekuetan elkar ikustea eta kolektiboaren ariketa mesedegarriaz disfrutatzea.
Zelan sortu zen Krii? Orain bi kide zareten arren, kolektibo irekia da ezta?
Behar eta kexa batetik sortutako proiektua da. Biok dantzalekuan ezagutu ginen eta bertan esperientzia ugari izan ondoren, jarrera proaktibo bat edukitzea erabaki genuen. Gauetan dantzarako espazio segururik ez genuen topatzen eta, horretaz gain, programazioa eta haren atzean zegoen guztia gizonek kudeatzen zutela ikusi genuen. Kolektibo irekia da, bai. Guk antolatutako ekitaldietan emakume dj desberdinek hartzen dute parte. Irekiera honekin emakumeei aukera eman nahi diegu pintxatzeko, dantzatzeko eta pintxatzen ikasteko espazio seguru batean.
Kolektiboa 2018an eratu zenutenetik ez diozue soilik dantzatoki barrukoari bakarrik erreparatu baizik eta hortik kanpoko jarduerak ere antolatu dituzue, ezta?
Festak eta ekitaldiak antolatzeaz gain, ezinbestekoa iruditzen zaigu hauek gertatzen diren espazioetan guretzako garrantzitsuak diren neurriak egotea. Horretarako, adibidez, Dabadaba aretoarekin protokolo bat sortu genuen gure festetan eta bertan gertatzen diren ekitaldi guztietan denontzako espazio seguru bat bermatzeko. Horretaz gain, oso garrantzitsua iruditzen zaigu gure ezagupenak eta esperientziak beste emakumeei transmititzea. Horretarako, ikastaroak antolatu ditugu, emakume dj-en sarea handitzeko intentzioarekin eta hain maskulinizatua den inguru honetan emakumeok ahalduntzeko helburuarekin.
Zuen manifestua oso argia da klubetan egon daitezkeen jarrerekiko, batzuei garai hauetan errendundantea iruditu dakiekeen arren. Horrek dantzatokiko jarreretan eragina izan al du? Zer protokolo duzue erasoei aurre egiteko?
Eragina nabaritu dugu bai gure festetan eta baita beste ekitaldietan ere, azken finean protokolo honek babesten gaituelako. Edozein arazo badugu, badakigu komunikatuz gero erantzun bat egongo dela. Dabadabak sarreran eskuragarri dagoen eskuorri bat sortu zuen manifestuko puntuekin. Beraz, langile guztiak eta baita pixkanaka-pixkanaka bertara joaten garenok ere protokoloaren berri dugu. Guk Dabadabarekin batera sortutako protokoloa Bartzelonako udaleko No Callem! protokoloan dago oinarrituta. Hala ere, Dabadabak berak duen errealitatera dago moldatuta. Eraso baten aurrean, eta honen larritasunaren mailaren arabera, protokoloak biktima eta erasotzailearekiko hartu behar diren neurriak argi eta garbi azaltzen ditu.
Euskal Herrian musika elektronikoa tradizioz nahiko gutxietsia izan da, baina hori aldatzen ari dela ematen du. Zein faktorek eragin dute, zuen ustez?
Faktore bakarra ez dagoela pentsatzen dugu. Historikoki musika elektronikoa Euskal Herrian giro eta bizimodu konkretu batekin lotu da. Denborarekin elektronikaren azpigenero desberdinak ezagutzen joan gara eta jarrera kritiko hori desagertzen joan da. Musika mota hau kontsumitzeko modua ere aldatu da, ez gara dantzaleku erraldoietara joaten baizik eta gertuko tabernetara edo klub txikietara. Momentu hauetan elektronikak askotan duen jarrera aldarrikatzailea ere lagungarria dela uste dugu. Hala ere, Interneten erabilerak genero honetan izandako eragina bereziki handia izan da, azken finean teknologia berriekin oso lotuta dagoen musika estiloa baita.
“Oraindik emakume oso gutxi dago gestio lanetan. Gure festa, jaialdi, klub propioak antolatzea iruditzen zaigu hori konpontzeko bide egokiena”
Euskal musikan emakumeen presentzia (edo presentzia ezaren salaketa) punkari lotuta egon da aspaldi, eta azken aldian reggaetoiari eta horrelakoei ere. Baina zuek ez duzue estilo batera mugatzen; mainstream-etik edota kontrakotasun ebidenteengatik aldentzeko?
Estilo bakar batera lotzea kontraesankorra da gure kasuan. Elektronikak berak milaka aldaera dauzka eta guk oso gustuko dugu aniztasun hori. Genero batera mugatzeak jendea kanpoan lagatzea suposatzen du eta ez gara horren partaide.
Bestalde, emakumeen presentzia klubetan abesten edo dantza egiten izan da, ez dj, musikari, teknikari edo beste zereginetan… Hau aldatzen ari bada ere, uste duzue gestioan emakumeen falta dagoelako dela? Zelan aurre egin ahal zaio?
Oraindik emakume oso gutxi dagoela iruditzen zaigu gestio lanetan. Emakume dj gehiago ikusten ditugu oholtzetan baina festa, jaialdi edo klub hauek antolatzen dituztenak gizonak dira, baita teknikariak ere. Honi aurre egiteko bide bat formakuntza izan daiteke. Ezagutzarekin ahalduntzen gara eta aukera gehiago ditugu horrelako postuetara iristeko. Hala ere, ez da bide erraza, agian gure festa, festibal, klub propioak antolatzea egokiagoa iruditzen zaigu. Ereduen prezentzia ere beharrezkoa da. Aitzindarien bidea jarraitu, beste toki batzuetan egiten diren ekintzetatik ikasi eta gureganatu. Hau dena kontuan izanda, egoera hobetzen joatea espero dugu.
Beste arrakala nabarmen bat dago musika jotzea eta jartzea edo pintxatzearen artean. Oraindik uste da djak ez duela sormenik. Zergatik uste duzue ez direla plano berean jartzen eta zer eragin du honek?
Askotan entzun behar dugun komentario bat da eta berriz ere gure buruak justifikatzea nekagarria egiten da batzuetan. Gure ustez, sormen puntua badu dj batek egiten duen lanak: zuzenean pintxatzen dugunean dagoeneko existitzen diren kantuen erabilera originala aldatzen dugu eta honen bidez istorio bat kontatzen dugu. Akaso ez da berdina gertatzen kontzertuetan? Horretaz gain, dj gehienek musika ere ekoizten dute. Beraz, plano antzekoetan topatzen gara. Honen eragin zuzena, adibidez, katxeetan ikusten dugu, live bat egitea askoz hobeto ordainduta dago dj saio bat egitea baino.
“Pixkanaka publikoa fidelizatzea lortu dugu programazioarekin eta sortzen dugun giroarekin. Sorpresa oso atseginak izan ditugu ekarri ditugun artistekin”
Egin dituzuen jaietan Erresuma Batuko edota AEBetako izen handiak ekarri dituzue, horrek dituen zailtasunekin, baina oso entzunak ez direnak hemen. Nolakoa izan da erantzuna? Publikoak zuen aukeraketan konfidantza du? Agian izen ospetsuak ekartzea baino nahiago duzue ezezagunak ezagutaraztea?
Publikoaren erantzuna orain arte oso ona izan da. Sorpresa oso atseginak izan ditugu ekarri ditugun artistekin. Pixkanaka publikoa fidelizatzea lortu dugu programazioarekin eta sortzen dugun giroarekin. Jendeak badaki segurtasuna eta askatasuna gure lehentasunak direla. Ezezagunak ezagutaraztea bai dugu helburu, guretzako kalitate oso handiko dj-ak dira eta espazio bat eman nahi diegu. Baina guretzat eta gure festetara etortzen diren neskentzat erreferente edo eredu bilakatzeko ere gonbidatzen ditugu. Ikus dezaten posible dela eta guk ere dj lan hori egin dezakegula, eta nahiko ondo!
Apirilaren 11n Matraka Fest egitekoak zineten. Bertan behera utzi behar izan duzue, baina zer aurkituko genuen bertan?
Pena handiz bertan behera utzi dugu Covid-19a dela eta. Laster egitea espero dugu eta bertan gau bateko festibaltxo bat topatuko dugu. Zortzi orduko bidaia musikatu bat proposatzen dugu, bost artistaren gidaritzapean [Tutu, Okkre, Itzi, Ines eta Frances Be]. Gutako bakoitzak bere estiloa du baina elkarrekin konbinazio ona egiten dugula uste dugu. Musikarekiko eta festarako amodioa daukagu denok.
Etorkizunari begira zer espero duzue? Zer gomendio emango zenieke dj eta musikari gazteei?
Benetan espero dugu urte batzuk barru Krii bezalako kolektiborik ez existitzea. Hori gertatzeko, line-up parekideen normaltasunera iristeaz gain, klub eta aretoetako gestioan ere lortu beharko dugu berdintasun hori. Gure segurtasuna dantzatokian eta gauean hobetzea espero dugu. Aldaketa hauek guztiak ez ditugu emakumeontzat bakarrik nahi, oso-oso garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zaigu LGTBIQ+ kolektiboa ere barne egotea (ez bakarrik hemen, baizik eta aurretik erantzundako galdera guztietan kolektibo osoa dago barne). Gure gomendioa: ez dago ezer egin ez dezakezunik zure generoagatik. Dantzatu nahi baduzu, dantza egin. Pintxatu nahi duzula, pintxatzen hasi (workshop-ak, tutorialak, ikastaroak… daude), eta edozer laguntza behar izanez gero sare sozialak erabili, bertan gu eta beste hainbat kolektibo eta kudeatzailerekin harremanetan jarri zaitezke. Ez izan beldurrik, laguntzeko prest gaude eta gure sarea handitzeko desiratzen gaude, elkarri aberasteko.