2023.11.07
Azalean eta lehen entzunaldietan, bere erritmo geldo, abstraktu eta bere hizkera azkoitiar peto eta pittin bat kriptiko horren aurrean, arrotz, zalantzakor eta era berean, arriskuak iradokitzen duen erakarmen indar jasanezin horren preso sentitu naiz. Aurrera egin eta behin entzuten hastean, Abaunz-en unibertsoaren barne horretan bere hitz eta doinu jario hipnotiko horretaz blaitzen joan naizen neurrian, Xabierren barneak, giharrak, desirak eta beldurrak argitasun eta gordintasun osoz azaldu zaizkidala iruditu zait. Hala sentitu dut nik behintzat, eta deserosoa izan daitekeen arren, era berean oso indartsua, hunkigarria eta zirraragarria suertatu zait. Are gehiago, euskal panoramaren barnean azken urteetan entzun dudan diskorik txundigarriena dela esatera ausartuko nintzateke. Misterio txiki honen gako batzuren bila Xabier berarekin kontaktatu dut erantzunen bila.
“Stretch ta Bobbitokin ametsetan
Realidadi berriz Matan”
Xabier Abaunz berak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1981) onartzen zidan bezala, interpretazio okerrera erortzeko arriskua duten arren (hots, Azkoitiko Mataderoa Stretch eta Bobbitoren unibertso koloretsu eta zabala baino maila baxuago batean dagoela), goiko estrofa hori ezin borobilagoa geratu zaio eta diskoaren izaera ezin hobeto deskribatzen du. Azken batean, alde batetik Xabierren ezagutza musikal eta jakin-nahi zabal eta anitza dugu eta bestetik bere Azkoitiako jaioterriko sustraiekiko, kultura, komunitate , lagun eta familiarekiko atxikimendu estua. Konbinaketa horretatik loratzen da disko paregabe honen edertasuna.
Xabierrek bere burua pertsona erabat “normaltzat” duela eta hitzetan “milongarik” kontatzea ez zaiola gustatzen onartzen zidan, guzti horrek bere hitzak gutxiesten dituen mugapen bat balitz bezala. Kontrara, bere burua era horretan ikusteari ondo deritzot, baina garbi dago Xabierrek oso pertsona berezia -zentzurik hoberenean- izan behar duela. Azken batean, ez al gara denak bereziak? Are gehiago, pertsona normal baten bizitza kontatu ahal izatea, eta benetan kontatzea diot, ez al da edozein artelanaren funtsezko helburua? Halakoak datozkit burura Beire beste behin, erabat liluratuta, entzuten dudanean.
Xabierrek, aurretik 30 doinu instrumental inguru zeuzkan grabatuta, hitzak gehitu aurretik. Une horretan izugarrizko lana iruditu zitzaion arren, pixkanaka geroz eta erosoago sentitzen hasi zen. Bere eremu naturala doinu sortzailearena dela idazlearena baino gehiago onartzen duen arren, eta agian hala baldin bada ere, Azkoitiko hizkera petoan botatako estrofa hauek harribitxiz beteta daude.
Bereziki deigarria da, bertan etengabe halako kutsu ‘hip-hoper’o batez botatzen dituen erreferentei horiek guztiak. Diskoan barnerako bidean galdu ez gaitezen, aztarna moduan noizean behin eskaintzen dizkigun heldulekuak bailiran. Baina zer dira Xabierrentzat? Artista eta pertsona guzti horiei egindako omenaldia? Bere ibilbide pertsonalaren oroigarriak? Zintzotasuna baino ez da bere hitzetan:
“Diskoan aipatzen ditudan erreferenteak batik bat diskoa edertzeko asmoz egiten dudan gauza dira. Ez da inolako “erreferentzia erakustaldi” bat. Hitzak egiteko garaian artista horiek nituen buruan eta zintzo izaten saiatu naiz. Hitzak idazteko garaian diskoak entzuten nituen. Baina orohar, hitz gutxiko kantuak jartzen saiatzen nintzen, kontzentratu ahal izateko eta hortik datoz besterik gabe Daniel Lopatin, Yves Tumor eta Visionist bezalako artisten aipamenak. Green Eye Genie kantuan, ordea, euskal artistak aipatzen ditut, eta kasu horretan errimak garrantzi handia zuen eta era berean artistak oso undergroundak eta euskaldunak izan behar zuten. Kasu horretan lan kontzienteagoa izan da”.
Edozein erara, garbi dagoena, aurreko Ilunpean Arnas Hotsa Entzuten diskoaren iluntasun abstraktuagorekin alderatuz, Beira berri honetan lantzen duen eusko sampledelic post-trap-a oso ezberdina dela. Lan erraldoi hau aurrera atera ahal izateko jarraitu duen metodo eta planteamendua ezagutzeko kurios naiz eta era berean, prozesu horretan zer ikasi eta zer galdu duen (ezer galdu badu) jakiteko ere bai: “Eusko sampledelic post-trap ez dago gaizki! Ni beti izan naiz etiketen aldekoa, beraz ez naiz kexatuko. Artistak etiketen kexu azaltzen dira sarritan, baina nik ez daukat arazorik horrekin. Kasu honetan, lotura berezi eta pertsonal baten bila euskal musikako sanplerretara mugatu dut guztiz nire soinu iturria eta horrek erabat aldatu du prozesua. Neuk ezarritako mugapen bat da, lotura berezi bat lortzeko asmoz. Baina egia esan, ez nintzen kontziente muga horren barruan ere zein itsaso zabala aurki zitekeen eta zein lan erraldoia nuen nire aurrean. Euskal diskoen artean sanpler bila ibiltzea erabateko obsesioa bilakatu zen niretzat hortik aurrera, eta behin hasita, sakoneneraino sartzen diren horietakao naizenez, azkenean 29 kantu betetzeko adina material pilatzeko gai izan nintzen. Erabat ahituta, lasaitu ederra hartu nuen bukatzean. Orain berriz ere edozein musikan murgildu naiteke, sanpler bilaketa obsesiboan hasi gabe. Sanplerren prozesu honetan aurkitu ditudan gauzetarako Instagramen kontu bat ireki eta material hau igotzen hastea bururatu zait guzti hau borobiltzeko. Zer ikasi dut prozesu honetan? Alchemist-en edo Madlib-en moduko bilatzaile obsesiboen bizitza oso gogorra izan behar duela!!! Txantxak aparte, ahotsarekin lotutako guztia (bai kantatzea, baita hitzak idaztea ere) izan da bereziki aberasgarria eta berria niretzat. Zer irabazi edo galdu? Irabazi, agian disko honek duen kohesioa (baina ez naiz ziur) eta euskal musikaren barna egin dudan bidaia. Baina hori irabazteko, askatasuna galdu behar izan dut , mugak ezarri baitizkiot nire buruari eta hortik ateratzea guziz debekatu diot”.
Behin sanplerrak lortuta, doinuen bila gainetik, inprobisazio osoz kantatzen eta hitz egiten aritu da Xabier doinu egokiaren bila, emaitza mugikorrean gorde eta gero berriz estudioan burutu ditu ahotsaren grabaketa egokia eta azken moldaketak. Prozesu horren magia eta indarra sustraien arakatze lan sakonean eta subkontzientetik ateratzen diren hitzen arteko konexioan bururatu zait hori jakitean. Hitzetan, sarritan bere munduan irudikatzen du Xabierrrek bere burua, bere arnasa entzuten. “Zaratatik” aldentzeko beharra sentitzen da maiz.
Gehiegizko esposizioak eta sarritan topatzen dituen faltsukeriek eragindako mina sendatu nahian dabilela otu zait, edo agian neu naiz eta ez Xabier, behar hori duena. Era horretan musika beti da lagun, beti zutabe, bai kanpora begira baita intimitate handienean. Deigarria da nola bere bizitzako une askotan (letrak ia guztiz autobiografikoak direla suposatuz) zein musika entzuten ari zen zein ondo gogoratzen duen eta zein garrantzitsua den beretzako. Nahasketa guzti horren zintzotasunak ematen dio nire ustez disko honi euskal musikaren ezagutza eta euskaldun identitatetik harago doan sakontasun unibertsala.
“Hi bertsolai txapelketan
Ta ni berriz idi probatan
Marra okerrak etten rektan
Ixilik geratzen zaratan
Basun aizkoran ta ez plazan
Barru usexe nere teman”
“Gezur danak bertan ispilun
Algoritmukin baino gexo jakin
Ta barrun beitzen daki
gezurre dao larri”
Ez, ez da erraza ausardia horretaz barrurantz begiratzea eta, are gutxiago, bertatik era honetako artelan zoragarria ateratzea. Tarteka honelako mirariak ematen dira. Ospa eta goza dezagun bada.