Elkarrizketa

Jon Urzelai

2022.03.16

Jon Urzelai

“Rockero batzuk gara baina beti dago hortik irteteko anbizio bat”

Elkarrizketa: Vulk

Zer den Vulk, horrek dirudi afera. Datu eta ezaugarri asko izenda genitzake erantzuna zirriborratzeko, baina, hasteko, agian nahikoa da honakoa azpimarratzea: Vulk egun Euskal Herrian dugun rock talderik indartsuenetakoa da. Vulk ez da izena du bilbotarrek zuzenean eta era analogikoan Iñigo Irazokirekin Berako Atala estudioetan grabatu duten diskoak, beraien ibilbideko hirugarrenak. Montgrí zigilu kataluniarraren laguntzaz argitaratu berri dute eta lehen aldiz euskara hutsean kantatu dute diskoko abesti guztietan. Pandemia aurretik jada Jangitz Larrañaga Javier Marcoren lekua hartzen hasia zen bateriaren atzean, eta, denok etxeratu aurretik, abesti berriok dezente garatuta zituzten. Nahitaezko geldiaren ostean eta diskoa kalean dutela, egonkortutako formazio berria hasia da hamaika kontzertu ematen han-hemen, oholtza gainean baitago laukotea gusturen.

Vulk

Vulk

Disko honekin sekula baino elkarrizketa gehiago ematen ari zarete. Nola daramazue? Espero zenuten halako oihartzunik?
Gertuko askok esaten digute: telebistan, ez dakit non, denean zaudete! Badirudi sekulako saltoa eman dugula eta hori ere ez da horrela, atzetik ere badago elkarrizketak lortzeko lan bat, lagunak baditugu horretan lanean. Bi alde ditu kontuak; egia da lau urte diskorik gabe egon ostean normala ere badela, baina lan bat ere badago, elkarrizketak ez dira besterik gabe etortzen. Ondo daramagu, baina egia da iritsi dela puntu bat non ez dakigun diskoari buruz ezer gehiago esan ote dezakegun. Beti jausten dira galdera berri eta interesgarriak, dena den.

Zentzu horretan, badakit askotan galdetu izan dizuetela Vulk ez da izenburuari buruz. Azaltzeko eskatzen zaizuen arren, titulua bera ez al da, finean, zehaztu beharraren kontrako aldarri bat? Sailkatuak, erabiliak edo mugatuak izateari uko egiteko gogoa ez al du adierazten?
Hein batean bai. Gainera, guk ez daukagu oso argi zer den Vulk edo zergatik aukeratu dugun izenburu hori. Aspaldi egindako kartel batean idatzi genuen eta kontzeptu horri tira egitetik dator guztia. Egia da azken urteotan Vulken identitatea askoz gehiago garatzeko aukera izan dugula, denbora izan baitugu; beti ukapenetik, hori ere esan beharra dago. Gaur egun oraindik ez dakigu zer den Vulk, edo zer ez den. Egunero egiten ditugu hautuak eta zuk diozuna ere egia da, bada Vulk zer ez den mugatzeko modu bat.

“Benetakotasuna” asko baloratzen den garaiotan, zuenak ez dirudi bogan dagoen aldarri bat.
Egia da, benetakotasunaren kontu horri ez diogu uko egiten, baina era militantean zinezko hori bilatzea ariketa inposatu bat ere bada kasik… Oso gai gaseosoa da benetakotasunarena, ea zer edo nor den benetakoa. Gainera, landu dugun identitatea oso pertsonala da, ez dugu gehiegi pentsatzen zerekin erlazionatzen den taldea, egunero aldatzen doa eta lau pertsona aldakorrek osatzen dute. Taldeari jarraipena emateko haria ere bada hori, oso positiboa da norberaren ekarpenak aldatzen joatea ere, bai musikalki, bai ideiei dagokionez. Ateak zabaltzea, topatutakoetatik gustukoak jasotzea eta ate gehiago irekitzen joatea. Koherentzia mantentzeak bai, baina guztiz zurruna izateak ere ez du zentzurik.

Vulkek badauka, gainera, alde performatibo ageriko bat. Zuzenekoetan, afixetan, irudian… Badago horretarako gogo bat eta irudiaren inguruko lanketa etengabe bat, ezta?
Bai, guretzat lana ez da musikarekin amaitzen. Vulken munduan musika, estetika, performancea eta abar ere badaude. Ez da soilik musika, baizik eta musika hori nola jotzen duzun, zein modutan aurkezten diozun jendeari… Hor ere lan bat badago. Edozein tokitara goazela ere, gure gauza egiten saiatzen gara. Azken hilabeteotan konturatu gara lekuren batean, dena kontra izanez gero, dela egunagatik edo tokiagatik, gauzak zeure eremura eramaten saiatzea ariketa ederra dela. Dena den, estetika lantzearen kontu hori, bai, baina ez da mahai baten bueltan jartzen garela erabakiak hartzeko. Lauron arteko eguneroko hartu-emanetik eraikitzen da modu naturalean eta gure arteko sinbiosiak sortzen dira.

Oholtza gainekoari dagokionez, zintzoena benetakoa izaten saiatzeari uko egitea ere bada, agian? Ezinbestekoa dela antzerki puntu bat, alegia.
Guk ez dugu inoiz koreografia modukorik prestatu, baina guztiz ados. Jangitzek dio sekula ikusi duen kontzerturik onenetako bat David Byrnerena izan zela, adibidez; eta koreografiak pisu handia du bere zuzenekoan. Gure gauza ezberdina da, hala ere. Taularatzea ez dugu horrenbeste prestatzen eta momentuko tentsioaren araberakoa da gertatzen dena. Gure arteko begiradetan eta sortzen den tentsio eta energia horretan dago gakoa. Agian batzuetan ez da pasatzen, kontzertu bakoitzean ezberdina da.

Badago zuek zuzenekoaren biolentziak ezeroso jartzen duenik ere. Oldarkorrak edo erasokorrak zarete.
Jendea oso gauza rockeroetara ohituta dago, molde konkretu batzuetara. Eskenatoki guztietan pose berdinak daude: kanten artean zerbait esaten da, gero bisak datoz… Guk ez dugu horrelakorik egiten. Guretzat ez da biolentoa, gure egoteko modua da. Musika klimaxera heltzen denean tentsioa askatu eta adierazteko modua ere bada.

Zinebirekin elkarlanean egin zenuten aurkezpena ere ildo beretik joan zen: pentsatutako irudia eta unean uneko bulkada uztartu zenituzten.
Bai, guztiz. Hor gehiago egon zen koreografia nahi baduzu, baina prestatutako egituretan. Ez genekien oso ondo guk zer egingo genuen eta elkarri lagundu genion zuzenekoan. Unean unekorako tarte handia egon zen. Arte ederretatik gatoz batzuk eta performanceak modu orokorrean erakartzen gaitu. Modu naturalean hartzen dugu hori eta zergatik gordeko dugu bada gogo hori? Kontzertuen aurretik beti daude zer gertatuko denaren zalantza eta urduritasuna, halere.

Diskoaren soinuari helduta, nabari da grabatzerakoan zuzenekoaren ahalik eta fidelenak izaten saiatu zaretela. Ohiko zehaztasunik galdu gabe nerbioa eta kolpea irabazi dituzue.
Bai, bai, nabarmen. Oso gustura grabatu dugu, gainera. Aurreko biak ere gustura grabatu genituen, baina ez zen organikoa izan, nolabait esatearren. Disko honekin estudioan lokalean bageunde bezala egotea lortu dugu. Gure kantak jo, hori errejistratu, eta kito. Nabari da emaitzan eta abestiak ere hobeak direla uste dugu, soinuari eta kantei dagokionez salto bat eman dugula.

Vulk ez da diskoarekin zerikusia izan duten kantuak” izeneko abesti zerrenda partekatu zenuten orain gutxi, eta bertan punk, rock, hardcore eta horien guztien “post” aldaerak lantzen dituzten talde esanguratsuak topa daitezke. Eragin batzuk aipatzearren: hor daude Devo edo Uranium Club bezalakoen jolasa eta abiadura…
Bai, horrelakoekin maiteminduta gaude!

Enablers-en oholtzan egoteko modua…
Barkatu etetea, egia da hori hor dagoela, baina, era berean, gustuko dugu zein zaila den haien abestien garapena eta hezurdura ulertzea, bidaia triposo arraro modukoak dira. Abestien konposizioari dagokionez maila horretara iristea itzela da, musika beste modu batera ulertzearen antzeko zerbait da, poesiaren modukoa.

Bad Brainsen indarra, The Exen perkusioa, Wireren pop gustua, King Tubbyren dub ikutua, Mission of Burmaren hotsak eta zaratak… Besterik nabarmenduko zenukete?
Oso ados esandakoekin. Musika entzutean guztiz identifikatzen ez diren arren, beste zerbait eman diguten beste zenbait talde ere badaude: Death Grips, adibidez. Musika ezberdina da, baina haiek duten indar eta gar hori, energiaren transmisioa… Haien zuzeneko batetatik hilda ateratzen zara.

Koru oi! batzuk ere badaude, nolabait esatearren. Ez dakit Cueroren eragina den [Andoni de la Cruz abeslariaren beste talde bat]
Oi! diozunean koru popero edo “errazak” diozula ulertu behar badugu, bai, Tatxers-ekoek egiten dutena ere hortik doa. Baina Wire taldeak ere baditu “lalala” koru sinpleak, ez da soilik o! munduko zerbait. Killing Joke taldearen lehen diskoan ere badago kantu bat erabat oi! dena. Kontu lauso bat da, popa da, azken finean; lagun kaskamotz batzuei adarra jotzeko esaten diegu haiena popa besterik ez dela.

Aipatu ditudan talde horiek guztiek komunean dute rockaren moldeak puskatzeko gogoa. Zuek ere genealogia horretan kokatzen zarete?
Gure moduan, baina bai. Rockero batzuk gara baina beti dago hortik irteteko anbizio bat, hori ere bada aurrera egiteko motore bat.

Rocka hilda omen dagoen egunotan, erraza al da hori egitea?
Rock kultura handia dago Europan eta zaila da hori lortzea, anbizioa izanagatik. Baina ez gara ari horretan pentsatzen, egia esan, egiten duguna egiten dugu eta heltzen gara heltzen garen lekura eta kito. Ondo badago, ondo dago. Noski, lehenago sekula entzun gabekoak aurkitzeak sekulako zirrara sortzen du, zerbait berria entzutearen sentsazioa ederra da eta normala ere bada horrelakoak erreferentetzat hartzea.

Aipatu zerrendan Zarama, Jotakie, Kaskezur eta Akauzazte ere agertzen ziren. Euskaraz kantatzen hastearekin batera euskarazko rock gehiago entzuten hasi zarete?
Horiek lehenagotik ere bazeuden. Ingelesez kantatzen genuenean ere entzuten genituen; hemengoak gara, azken finean.

Letrak egiterako orduan erreferente bila ere ez? Era berean, euskaraz idazterakoan izan duzue biluziago agertzeko beldurrik?
Ez, oso gustura aritu gara. Andonik ez dio begiratu letragile euskaldunak egiten ari ziren horri, ingelesetik jasoa izan daitekeen iruditeria bat euskarara ekarri du, agian.

“Etsai, orpoan” kantuan Erramun Maruriren poesia bat moldatu duzue.
Gustatzen zaizkigu horrelakoak. Armiarma webgunean badago euskal poeta guztien erregistro bat eta Andoni maiz sartzen da irakurtzera eta gustukoak gordetzera. Letra oso polita da, harrigarria da duela mende erdi baino gehiagoko apaiz batek idatzia izatea. “Lili-Txingar” deitzen da poesia bilduma hori.

Igual nire kontua da, baina “Vulk ez da” abestian Jotakie taleko Elortxa abeslariaren kantakeraren parekoa entzun daiteke.
M-ak aipatzen digute askotan. Izan daiteke, baina ez dakit, kantu hori bera nahiko no wave da, ia melodiarik gabekoa eta perkusio asko duena, identitate arraro bat eskatzen zuen. Nahiko spoken word da eta bat-batean falsete moduko batzuk daude, horren ezberdina da zati instrumentalarekiko, beste kontu bat dela. Ez dugu irakurketa hori egiten kantua oso ezberdina baita, nahiz eta Jotakie entzuten aritu garen eta, tinbreari dagokionez, izan daitekeen.

Diskoaren “gida lana” Ibai Gogortzari (Borrokan) aitortu diozue. Zein izan da bere lana zehazki?
Gu estudiora besterik gabe joan ginen, guk geuk produktore lanak hartzeko asmoarekin. Iñigo Irazoki teknikariak grabatzen ari ginena bidali zion, eta, asko gustatu zitzaionez, estudioan agertu zen. Ea ahotsen lanketarekin edo lagunduko gintuen galdetu genion eta hurrengo egunean koaderno batekin agertu zen, apunteekin… Borrokan erreferenteak dira, beraz, pertsona perfektua izan da. Hala gertatu da, bilatu gabe. Estudioko prozesua nahiko neketsua da eta momentuan ez zara gehiegiz ohartzen, baina gero konturatu gara zenbat inplikatu den eta zenbat lagundu digun.

Ibai aipatu dugu eta Beran grabatu duzuenez, lehen izendatu ditugun atzerriko taldeekin egin moduan, ezinbestekoa ere bada rocka ulertzeko modu antzekoa duten Berako zenbait talderen eskola aberatsa aipatzea: Borrokan, Joseba Irazoki, Gutariko Bat…
Kristoren jendea, bai, Lenoir bera ere… Asko gustatzen zaizkigu eta behin aurrez aurre ezagututa, konturatzen zara interesak ere antzekoak ditugula. Bilbon ere badago halako zerbait…

Eten, Killerkume, Meido
Hori da. Duela gutxi egon ginen IbonRG eta Garazi Navas ikusten, adibidez, eta itzela izan zen.

Bilbo aipatuta, nola ikusten duzue hiriko panorama? Duela zenbait urte kontzertu asko egoten ziren, baita maila undergroundean ere, baina orain Larraskito joan da, baita zuetako zenbaitek gertutik ezagutu zenuten Izar Beltz ere, besteak beste.
Geroz eta toki gutxiago geratzen dira, nahiko gaizki dago kontua zuzenean aritu ahal izateko. Kolektibo berri bat sortzen ere ari gara gutako batzuk, Bilbon eta Bizkaia osoan kontzertuak antolatzeko asmoz. Gaztetxeak ere jazartzen dituzte eta ez dago erraza kontua. Gero jendearen aldetik panorama hobea da, ez dago generoen arabera antolatutako eszenarik agian, baina hobe kasik, jendea batera eta bestera joaten da eta gustu ezberdineko jendearen artean harremana badago, eta hori askoz ere interesgarriagoa da. Jendea ari da gauzak egiten.

Vulken kontzertuen agenda

ETIKETAK:AkauzazteBorrokanEtenIbon RGJoseba IrazokiJotakieKaskezurKillerkumeM-akMeidoTatxersVulkZarama