Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2015.10.01

Gorka Erostarbe

“Rock lurraldera itzultzea betegarria da”

Elkarrizketa: Xabi Strubell

“11 ostikada”. Horrela izendatzen ditu Xabi Strubell Zura taldeko gidariak (Palma de Mallorca, Herrialde Katalanak, 1978) Egunkari ezkutua (Oihuka) lan berriko kantuak. Zazpi urte igaro dira Kiribil (Gor) aurreko lana plazaratu zuenetik. Tartean, Bidehuts kolektiboak Mikel Laboari egindako omenaldi diskoan parte hartu zuen, “Haize hegoa” kantuaren bertsioa eginez. Geroztik, taldearen osaketa aldatu egin da (lau izatetik hiru izatera, eta hiru izatetik bost izatera), bossanovaren doinu beroak desagertu egin dira, rockaren lengoaia berriz besarkatu du, eta 11 kantu berriz osaturiko diskoa ondu du Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenaren Leturiaren egunkari ezkutua nobelatik abiatuta. Urriaren 2an aurkeztuko du komunikabideen aurrean, baina dagoeneko dendetan dago diskoa. Musikaren eta bizitzaren ziklikotasunak nora eraman duen ikusita “ilusio handiz “ da Strubell, eta baikortasunez mintzo da taldekideekin batera Hondarribin duten lokalean ondutako lanaren inguruan.

zura

Zura taldeko kideak. (Irantzu Pastor)

Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua du oinarrian Zuraren lan berriak. Zergatik liburu hori?
Euskal klasikoak berrirakurtzen hasi nintzela, bereziki jo zidan liburu honetan idazleak nola erabiltzen duen euskara. Oso laua eta apala da, apaingarririk gabea. Gerora, Txillardegiren liburua bere testuinguruan kokatuta, bere garrantziaz jabetu nintzen. Batez ere, gerra-aurreko literaturarekin planteatzen den apurketa, eta Euskal Herrian paradigma berriak zabaltzen ari direneko une historiko horren garrantzia, 1957. urtearen inguruan. Lauaxeta musikatu dugu lehen diskoan, eta badirudi euskal literaturarekin daukagun lotura horrek eboluzio zentzu bat hartzen duela baita ere.

Ez da ohikoa nobela bat disko baten abiapuntua izatea…
Txillardegiren euskara oso poetikoa da, oso laua eta kaletarra. Faltan sumatzen dut hori euskal literaturan. Beste zenbait ideia ere gurutzatu zitzaizkidan, tartean korear zinemagile baten pelikula bat, Kim Ki-Duken Udaberria, Uda, Udazkena, Negua… eta berriz Udaberria. Baina egia dena da liburua goitik behera irakurri nuela, eta segituan sortu zitzaidala behar hori, egitekotan liburu osoa izango zela haria, diskoa lotuko zuen soka luzea. Gure aurreko diskoak ere kontzeptualak izan dira, eta disko honek horrela hartu du funtsa eta mamia. Azkenik, nik uste dut ondo merezitako omenaldia ere badela diskoa, Txillardegiri egiten dioguna. 

Liburuko pasarteak bere horretan erabili dituzu letrak osatzeko?
Bai, teknika nahiko berriaren bidez, copy-paste-tik hasi eta erremixeraino. Liburuko hitzak denak mahai gainean jarri eta dadaistak bezala jolasten hasi. Masa horretatik abiatu eta istorio bat lotu, poemen forma eman, hitzei askatasuna eman beren kabuz eraldatzeko. Esan beharra dago, sorkuntzaren une jakin batean ez naizela gehiago itzuli liburura, ez nau aztoratu liburuari fidela izateak, baizik eta hitz haietatik sortutako poemek nortasuna izateak, istorio orokor baten soka-luzean, jakina.

Entzun ahal izan dugun kantuetako batean oihu egiten duzu: “Landareak bezalakoak gara!”…
Maite ditugun gauzekin mimetizatzen gara, bestekotasuna ibiltzen dugu. Alteritateak janzten gaitu.

https://youtu.be/N8TeXalVoPs

Utopiaz ere mintzo zara. Musikarekin gizartea eraldatzeko nahia utopia da?
Utopia ibiltzeko aitzakiarik politena da. 

Zer eragiten dizu Txillardegiren prosak?
Ez naiz Txillardegiren literaturan iaioa, baina liburu honek asko esan zidan. Xaloa eta apala da bere euskara; istorio sentzillo baten kontakizun polita da; baina batez ere, apaingarrietara eta hitz arraroetara ez jo behar izatea da erakartzen nauena. Euskal literatura erabat galdu da arrarotasuna bilatu eta erakutsi nahi horretan, artifizialdu egin da erabat. Nire uste apala da.  

Literaturan musikalitatea bilatzen duzu? Mezua? Zer?
Txillardegiren liburuak irudi poetiko oso bortitzak ditu. Oso poetikoa da. Musikariok irudi poetikoak bilatzen ditugu, eta hor aurkitu nituen behar nituenak. Baina egia da musikalitatea ere aurkitu nuela, agian euskara kaletar eta garbi horren musikalitatea. Euskaldun-zaharrengan soilik entzuten dugun musikalitatea, hainbeste galdu dena.

Zazpi urte igaro dira Kiribil plazaratu zenuenetik. Denbora bat hartu nahi izan duzu proiektua berriro definitzeko?
Ez. Oso modu naturalean eman ditugu pausuak. Azken biraren ondotik Hans [Dieckmann], Eñaut [Balentziaga] eta hirurok tarteka lokalera joaten jarraitu genuen. Zura eskola moduan planteatzen dugu, eta asko ikasi dugu elkarrekin. Nereak bere bide propioa jarraitu zuen bizitzan [Nerea Olaxa aurreko kantariaz ari da], eta beste hirurok kantuak sortzen eta batez ere lokalean momentu atseginak pasatzen jarraitu genuen. Soilik duela bi urte ikusi genuen jada bazegoela oinarri bat disko berri bati ekiteko, eta orduan Arkaitz Amunarriz gitarrista taldean sartzera gonbidatu genuen. Gure azken fitxajea Jurgi Ekiza izan da, Willis Drummond-eko abeslaria, eta orain, behintzat diskoaren aurkezpen biran, bostok ibiliko gara dena ematen.

“Txillardegiren euskara oso poetikoa da, oso laua eta kaletarra, apaingarririk gabea. Faltan sumatzen dut hori euskal literaturan”

Zura oso egon da idazleei loturik (Lauxeta, Garcia Lorca…), eta ildo horrekin segitzen duzu, baina sonoritatea guztiz aldatuz. Uneko egoeraren arabera estilo bat edo beste lantzen duzu?
Egoerak baino gehiago proiektuaren parte garenon partehartzeak ematen digu nortasuna. Lehen aroan, Martxel Mariskal —Beti Mugan— eta biok hasi genuen bidaia, eta orduan literaturari oso loturik ibili ginen. Bigarren diskoa aldiz, gehiago izan zen nire sorkuntza pertsonala. Baina hirugarren disko hau talde-izaeratik sortzen da, hirukote izaera horretatik (gitarra, bateria, baxua). Hirurok osatu dugu mami horren funtsa, eta gero beste bi fitxajeak ondo baino hobeto egokitu dira. Beraz, esango nuke Zuraren musika, egiten dugunok osatzen eta eraldatzen dugula, eta azken disko honek sonoritate rockero hau eskatu digula, modu naturalean lokalean sortu baitira kantu gehienak.

Entzun ahal izan dugun apurrarengatik doinu bero eta dantzagarrietatik berriro rock gogorrerako biraketa egin duzu. Zergatik?
2010ean Kiribil bira bukatzen ari ginenean jada rock lurraldera itzultzen ari ginen. Hori izan zen taldea berritu zelako, Eñaut eta Hans-ekin, eta talde horrek bere izaera propioa ematen ziolako musikari. Ez dago arrazoi bat, baina bai azalpen hori. Gainera Euskal Herria oso rockeroa da, eta zaila da bossanova disko bat defendatu behar izateak uzten dizun sentsazioa erabat ulertzea. Batez ere zuzenean, batzuetan martziano bat sentitzen zara, Euskal Herrira ez delako iritsi beste herrialde batzuetako berotasun musikala.

“Euskal Herria oso rockeroa da, eta zaila da bossanova disko bat defendatu behar izateak uzten dizun sentsazioa erabat ulertzea”

Nolako osaketa du egun taldeak eta zein ekarpen egiten du bakoitzak?
Kiribil biraren azken formaziotik, Hans Dieckmann, Eñaut Balentziaga eta neu geratu ginen. Gerora Arkaitz Amunarriz sartu da, eta diskoa grabatzen hasiak ginela Jurgi Ekizari eskatu genion kantu batzuetan parte hartzea. Horren gustura geratu ginen bostok, zuzenekoari begira boskotea itxuratu dugula, eta horrela Jurgi eta biok ariko gara ahotsak defendatzen. Hans eta Eñaut oso indartsu dabiltza sekzio erritmikoan, asko ikasi dute eta ikasi dugu elkarrekin, eta Zuraren gasolina dira, motorra. Arkaitz eta biok, gitarrekin, indarra ematen diogu, oso ondo elkar osatzen gara. Jurgik ere ahotsekin joko bikaina ematen du, eta zuzenekoan asko nabarituko da.

https://youtu.be/a_wYSi1LtBI

Nola sentitu zara berriro rock moldean abesten? Jurgi Ekizaren inkorporazioa nola gauzatu da?
Ahotsa lantzen saiatu naiz, eta rock taxua ondo ateratzen. Espero dut lan horren ondorioa jendeari gustatzea. Jurgirekin dimentsio zabalago bat eman nahi genion diskoari, Iparraldeak ahotsa izan zezan gure omenaldi xumean, eta sonoritatea aberatsagoa izan zedin. Ondo baino hobeto gertatu da elkarketa, modu naturalean, eta diskoan hori nabaritzen da.

Nolakoa izan da grabaketa prozesua? Non egin duzue eta zein teknikarirekin?
Iñigo Irazokirekin egin dugu, Lapurdiko Saran duen estudio txiki batean. Iñigok teknikari lan txukuna eta ekoizpen lan oso bikaina egin du. Hiruzpalau eguneko saioak egin ditugu, maiatza eta ekainean zehar. Iparraldeko magia guztiak lagundu gaitu, eta oso disko antzestrala geratu zaigu.

Entzun orduko jendeari Dut etorriko zaio burura, nahiz desberdintasunak izan. Jendeak Dutekin lotuko duela iruditzen zaizu? Eta hala bada, zuri zer sentipen ekarriko dizu horrek?
Ez litzaidake gustatuko Dutekin lotzea, baina beste alde batetik, nire ibilbidearen parte oso garrantzitsua da. Batez ere, urte batzuk rock antenatik at ibili ondoren, normala da Duten kutsu hori hartzea ere. Sentipena positiboa da hala ere, Dut ere gure eskola izan zen, musikarako eta bizitzarako.

Aipatu izan duzu jatorrietara, rock lengoaiara, itzulera moduko bat dela, ziklo baten amaiera eta hasiera berriz ere?
Bai. Beti gabiltza Fenix hegaztia bezala errautsetatik berriz altxatzen. Eta rock lurraldera itzultzea betegarria da. Sentitu ahala egin dugu, eta beraz ez dago bueltarik.

“Bizitza soziala asko aldatu da, musika entzuteko moduak asko aldatu dira, eta musikarion inadaptazioa nahiko handia da”

Rockari bigentzia ikusten diozu? Bada dioenik zaharkitua geratu dela rocka, eta kontzertuetan jende gazte gutxi ikusten da…
Rockaren arazoa da Internetek musika abanikoa erabat zabaldu duela, eta musikariak rock lurralde horretan lotuta geratu garela. Bizitza soziala asko aldatu da, musika entzuteko moduak asko aldatu dira, eta musikarion inadaptazioa nahiko handia da.

Musika elektronikoarekin jolasean ibili zinen garai batean. Disko jartzaile fazeta ere ukitu zenuen. Noizbait horretara itzultzeko gogorik?
Ez dut erabat utzi, baina ez diot aterabiderik eman publikoari begira. Fazeta horrek, hala ere, influentzia handia du musika ulertzeko orduan, lan egiteko orduan, hitzak egiteko orduan. Loop-aren esklabu naiz!

Zerk erakartzen zaitu egun musikatik? Zer entzuten duzu bereziki? 90eko hamarkadan ez zegoen orain dagoen irekitasuna, baina talde ikonikoagoak bai beharbada…
Gaurko musikatik denak erakartzen nau. Dagoen kaos erabateko hau. Inork ez daki deus, non dagoen musika, nora doan, nondik datorren. Zer den entzun beharrekoa, edo boga-bogan dagoena edo egon daitekeena: amaren 70. hamarkadako disko folki eta hippiak, aitaren rock zaharreko diskoak, edo amonaren Tolosako abesbatzen biltzarren diskoen erremix punkiak. Nik ahal dudan musika dena entzuten dut. Mugarik gabe eta aurreiritzirik gabe.

“Erakartzen nau gaur egun dagoen kaos erabateko honek. Inork ez daki deus, zer den entzun beharrekoa, edo boga-bogan dagoena, edo egon daitekeena”

Molesta zaitzake jendeak oraindik batez ere Dutekin lotzeak?
Ez. Bizitza musikala horrela da.

Perspektibarekin begiratuta, zer izan zen Dut?
Aipatu dizudan bezala, eskola bat. Asko ikasi genuen, asko bidaiatu, mundua zertan zen ikusi eta ikasi. Gero, irailaren 11ko atentatuak etorri ziren, eta badirudi mundua ere pixka bat aldatu zela horrekin. Sentsazioa daukat 1996, 1997, 1998ko bira haietan (Europa, Ipar eta Hego Amerika), mundua momentu jakin batean ezagutu genuela. Aireportuak ez ziren gune antiterroristak oraindik, eta mundua bere freskotasun hartan ezagutzeko aukera izan genuen. Duteko musikari dagokionean, Kortaturen belaunaldiaren erreferentzia Ingalaterra izan bazen, gure belaunaldiarena Ipar Amerika izan zen, bertatik zetorren uholde hura. Sentsazioa dut Dut oso Bidasoaldekoa zela, Bidasoa errepublika independente bat balitz bezala. Soilik gure tabernetan entzuten ziren talde haiek: Helmet, The Beyond, Fugazi… Baina geroago, Euskal Herriko beste tokietara ere iritsi da musika hura. Eta, egia esateko, Dut bidaia latza izan zen, oro har.

Zer eman zizuten Joseba Poncek eta Galder Eizagirrek, Duteko beste bi kideek? Zer ikasi zenuen?
Lagun talde zabala ginen, LIF-ekoekin eta beste. Mosku auzoan, Irunen, genuen gure bizitza. Eta garai hori atseginez gogoratzen dut. Hirukote moduan, oso ondo lan egiten genuen elkarrekin. Batez ere, diskoak eta kantuak sortzeko orduan. Zuzenekoetan ere, energia berezia sentitzen eta zabaltzen genuen. Beraiek helduagoak izanik, esperientzia ematen dizute. Eta bizitzen ikasten duzu, denok bezala.

Zure musika ibilbidean une onak eta txarrak igaro dituzu? Zeintzuk?
Txarrenak, 1995ean bizkarretik operatu eta gerokoak, Duten lehen diskoaren aurkezpen biran. Eta Fermin Muguruza eta Dut bira ere nahiko latza izan zen niretzat. 20 urte nituen eta gazteegia nintzen horrelako bira bat egiteko. Onenak, batez ere zuzenekoak ematen dizun hegaldia eta lokalean ematen dituzun momentuak, musika bizirik dagoenean.

ZURA-REN HURRENGO KONTZERTUAK

  • Urriak 10: Psilocybenea aretoa (Hondarribia), 22:00. Síndrome del Norte taldearekin
  • Urriak 24: Bonberenea aretoa (Tolosa), 22:30. Han! taldearekin
ETIKETAK:Beti MuganDutEgunkari ezkutuaGalder IzagirreJoseba PonceKiribilKortatuLIFMartxel MariskalTxillardegiXabi StrubellZura