Elkarrizketa

Jon Urzelai

2020.06.10

Jon Urzelai

“Polita da jende ezberdina elkartu eta nahasketa berri bat sortzen ikustea”

Elkarrizketa: Gorka Lazkano (Lepora taldeko kidea)
Talde berria da Lepora, nahiz eta eskarmentu handiko musikariez osatua egon. Gorka Lazkano (baxua), Ibon Salterain (bateria), Txus Billalabeitia (gitarra) eta Mikel Salcedo Txusta (ahotsa) aurrez aritu diren taldeak zerrendatze hutsak bertigo pixka bat ere ematen du: Kashbad, Trumbo, Bronze, Tutan Come On, Same Old, Eh!, IONT… Espezialistak dira instrumentuei zukua ateratzen eta trebezia hori agerikoa da Bonberenea Ekintzak zigiluarekin argitaratu berri duten lehen diskoan. Rockaren bueltan aritu izan dira betidanik, eta horretan jarraitu dute proiektu honetan ere, nahiz eta, klixeez harago, generoaren aberastasuna baliatzen ahalegindu diren.
Lepora sinadurarik gabe

Lepora taldea kontzertu bakarra eman du orain arte, Gasteizko Gaztetxean. (Eider Iturriaga / Izarbe Photo)

Nola gurutzatu dira zuon lauon bideak? Nola sortu da Lepora?
Lehenagotik lagunak ginen eta, gainera, Gasteizen gauza bitxi bat gertatzen da: besteegandik pixka bat aparte gaudenez, endogamia handia dago musika taldeen artean. Askotan nahasten gara talde batekoak eta bestekoak. Besterik gabe, jotzeko gogoak eta laguntasunak elkartu gaitu. Elkarri aukera proposatu eta aurrera egin genuen.

Gasteizen, talde dezente zaudete rocka lantzen, eta mugimendua ere somatzen da.
Horren isla ere bada hemen dugun areto kopurua. Ez dago oso-oso areto handirik baina jo ahal izateko toki asko dago. Helldorado, Jimmy Jazz edo Kubik bezalako aretoak daude eta badago programazio jarraia duen tabernarik ere. Egia esan, bertako taldeontzat luxu bat da, eta ikusleek ere kanpotik datozen taldeak ikusteko aukera izaten dute. Nahiko rockeroa izan da beti Gasteiz. Punka, rocka… asko entzun dira hemen. Euskal Herrian orokorrean, nik uste; baina bai, Gasteiz ere potentea da. Egia da, dena dela, kontzertuetan horren gazteak ez garenok elkartzen garela askotan, baina nik uste fenomeno orokorra dela. Hala ere, talde gazteak ere badaude, eh?

Rockaz arituta, Leporako kide guztiok ibilbide oparoa egin duzue estilo horren molde ezberdinak jorratzen. Erraza izan al da denon artean ikuspegi bateratu bat sortzea? 
Bai, gainera polita izaten da etxe ezberdinetako jendea elkartu eta nahasketa berri bat nola sortzen den ikustea. Gure kasuan ere horrela izan da: batzuk hardcoretik edo rocketik gatoz, metaletik edo stonerretik besteak… Ezer probokatu gabe eta, besterik gabe jotzen hasterakoan, hori guztia irabiatu eta zer sortzen den ikustea ederra da. Guri hau atera zaigu. Konposatzeko prozesua nahiko azkarra izan da; abestiek ere ez dute buelta berezirik, uste dut nahiko zuzenak direla. Nik uste dut nahasketa hori guztia nabari dela atera zaigunean.

“Batzuk hardcoretik edo rocketik gatoz, metaletik edo stonerretik besteak… Ezer probokatu gabe, hori guztia irabiatu eta zer sortzen den ikustea ederra da”

Bakoitzaren eragin horiek uztartzeko metodo bat topatu duzue, beraz. 
Bai, normalean lokalean bateria eta baxu oinarri bat sortzen dugu, gainetik gitarra hasten da dantzan, eta gero ahotsarena izaten da sartzen dugun azken geruza. Zortzi abesti hauetan behintzat, ahotsa izan da azkeneko atala. Gitarra riff batetik ere hasi gara eraikitzen noizbait; ideia txiki batetik abiatuta denon artean osatzen ditugu kantuak, nahiko modu azkarrean.

Bizpahiru urte dira lehen aldiz elkartu zinetenetik, ezta?
Bai, baina taldeak bi etapa moduko izan ditu. Lehenengo Txus gitarristaren ideia batzuetan oinarritzen saiatu ginen, baina berak oso argi zeukan nolakoak izan behar zuten abesti horiek eta bateria eta baxua sartzerakoan bere ideia horietatik aldentzen ginela konturatu ginen, eta erabaki genuen asmo hori alboratzea. Txusek abesti horiek beste musikari batzuekin grabatu ditu Txapen laguntzaz, eta guk zerotik hastea erabaki genuen, lehenago kontatu dizudan modu horretan. Geroago sartu zen Txusta abeslaria.

Abestiek oinarri oso trinko eta sendoa dute. Bateria eta baxuaren erritmoak finkatzetik hasten zarete, eta horren gainean aritzen da gitarra ñabardurak gehitzen. 
Bai, Txusi The Mars Volta bezalako taldeak asko gustatzen zaizkio eta pasarte ero modukoak txertatzen ditu.

Ahotsa aberatsa da, xuxurlatzetik oihukatzera pasatzen da segundo gutxian.
Txustak sekulako erraztasuna dauka horretarako. Bera metal erregistroetan aritzetik dator, IONT taldean abesten baitu, eta berak ere esaten zuen musika mota honetan ez zuela kantaera heavya erabili nahi. Baina melodia bai erabili nahi zuen, eta uste dut oreka polita lortu duela. Nahiko erraz egin du, gainera, erraztasun handia dauka melodiak sortzeko.

Letrak ere berak egin ditu?
Bai, gehienak berak egin ditu. Bat edo beste besteok moldatu dugu baina, batez ere, berak egiten ditu. Letrek gai sozialak lantzen dituzte, orokorrean. Denetarik atera da: immigrazioa, faxismoaren gorakada, gaur egungo gizarteko bizimodua…

Lehenago aipatu ditugun musika estilo horiek guztiak uztartu eta koherentzia bat aurkitzea lortu duzue, baina, era berean, emaitza anitza da. “Besarkada” abestiak badu Tool taldearen kutsu bat, esaterako.
Guk ere lokalean hori aipatu genuen. Abesti horrekin ez ginen guztiz gustura gelditu, dena dela. Abesti guztiak Bonberenean grabatu genituen, zuzenean, eta une horren isla dira kantuak. Oso azkarra izan zen dena.

Karlos Osinagarekin grabatu zenuten diskoa, eta orain arteko zuzeneko bakarra ere Lisabörekin batera egin zenuten, Gasteizko gaztetxean antolaturiko Muinoko Hotsak zikloaren barruan. 
Bakarra izan da, bai. Maiatzerako bagenuen pare bat kontzertu lotuta, baina, egoerak hala behartuta, bertan behera geratu dira. Otsaileko hura egin genuen gutxienez, eta badakigu zer den zuzenean taldea martxan jartzea behintzat.

“Uztailean egingo dugu saiakera bat, Gasteizko Baratza aretoan jotzeko. Talde txikia garenez, aforoa mugatzeak ez digu horrenbeste eragiten”

Zer moduzko sentsazioak izan zenituzten?
Oso onak. Oso pozik gelditu ginen. Lisabök jotzen zuenez, gaztetxea beteta zegoen eta luxu bat izan zen. Froga moduan ondo etorri zitzaigun.

Eta orain, zein da panorama? 
Uztailean egingo dugu saiakera bat, Gasteizko Baratza aretoan. Arte eszenikoetarako erabiltzen da batik bat, eta aforo txikia dauka. Guk badugu abantaila hori: talde txikia garenez,  aforoa mugatzeak ez digu horrenbeste eragiten. Doblete moduko bat egingo dugu, 40 minutuko bi emanaldi eskainiko ditugu bi egunetan. Aretoak 80 pertsonako aforoa duenez, eta erdira murriztuko dugunez, saio bakoitzean 40 pertsona sartzea da helburua. Ea nola ateratzen den, ikusteko dago. Eserita egin beharko da, musukoekin… Ez dakigu nola izango den. Orain gutxi agertu dira zuzeneko musikaren hainbat ordezkari protokoloak eskatzen. Egoerak ez digu horrenbeste eragiten halere, kezka iturri handiagoa da areto handientzat, talde koskorrentzat… Txikia izateak oraingoan badu abantailarik.

Era berean, ahanzturara kondena zaitzakete halako geldialdi batek. Azkenerako, etenaldiak gehiago iraun izan balu, zuen diskoak nobedadea izateari uzteko arriskua izango luke eta berriagoek izango lukete oihartzun gehiago. Beldur hori izan duzue?
Horren kontziente izan gara baina ez dugu beldurrik izan. Galtzeko ezer gutxi daukagu eta diskoa erdi-hilda geratuko balitz, abesti gehiago egin eta lauzpabost abestiko lan berri bat urte bukaerarako argitaratzea pentsatzen hasiak ginen. Ilusioa pixka bat piztuta mantentzeko. Talde kontsolidatuentzat kolpea handiagoa izan liteke. Guretzat hau zaletasun bat da, eta nahiko lasai gaude. Guk grabatu nahi dugu, kontzertutxo batzuk eman eta ondo pasatu. Ez dugu pretentsio handirik.

ETIKETAK:Bonberenea EkintzakBronzeGasteizGorka LazkanoIbon SalterainIONTKashbadLeporaLisaböMikel SalcedoSame OldTrumboTutan Come OnTxus Billalabeitia