2021.06.23
Hegazkin Bergara (Gipuzkoa) inguruko bikotea da. Inguruko eszenako partaide sutsuak, Alayn Carazo eta Iosu Isaias aka Isuo pretentsio handirik gabe elkartu ziren musika egiteko, elkarren lana miresten zutelako. Ez zuten hasiera oparoa izan, eta lehen kantua sortu arte denbora asko eman zutela aitortu dute. Hala ere, atera duten lehen diskoa (Haize beltzak) lan biribila da, eta garrantzitsuagoa dena: soinu dotore eta originala biltzen du. Izan ere, salbuespen pare bat kenduta, gurean ez da musika industrial edo trip-hopik egin.
Horrela, Alaynen tramankuluen hegazkinean igota eta Borrokan taldearen abestia izentzat hartuta, haize bolada freskoa ekarri dute eszenara; sintetizadore atmosferiko eta erritmo mamitsuak lagun, Isuoren letra barnerakoiak melodia soil bihurtzen dira. Diskoa Shot! estudioan grabatu dute, Ander Barriusoren laguntzarekin eta Mukuru kolektiboaren bidez (Kaskezur, Muskulo…) argitaratu dute CD formatuan. Ez galdu denborarik lan lasai, hausnarkor baina itsaskor hau entzuteko. Gainera, aurki, Gvridi kode eta proiekzio artista bisualarekin elkarlanean egindako bideoklipak kaleratuko dituztela iragarri dute.
Zelan batu zineten? Zer beste proiektuetatik zatozte?
Alayn Eyharts taldearekin Urretxu-Zumarragako gaztetxera jotzera joan zenean Isuo bertan zegoen eta asko gustatu zitzaion sintetizadoreekin egiten zuena, eta elkarrekin zerbait egitea proposatu zion.
Gaztetxo hasi ginen biok musika jotzen, eta hainbat taldetan aritu gara: Eyharts, MKT, Txost!, Isuo ta Kezman… Baita gaztetxe eta irrati libreetan ere.
Zer intentziorekin batu zineten?
Elkarrekin zerbait ederra sortzen saiatzea zen asmoa, zer izango zen jakin gabe. Esperimentatuz elkarrengandik ikastea eta gozatzea, batez ere.
Zuen estilotan (trip-hopa, industriala…) jorratzen dena baino argiagoa da diskoa. Badago atzean intentziorik?
Ez dugu halakorik pentsatu. Taldea sortzea erabaki genuenean, ez genekien zein musika estilo landuko genuen. Hasiera ez zen erreaza izan, zirriborro pila bat grabatzen genituen baina ez genuen gustuko soinu bat lortzen. Ia urtebete pasa genuen lehen kantuaren oinarria sortu arte, “Begietan” kantuarena. Eta pixkanaka, eta intuizioari jarraituz, kantuak etorri ziren. Argitasunari buruz, ez dakigu zer esan… gure ustez, badu argitik, eta ilunetik ere bai, bai doinuetan bai hitzetan. Hitzetan ilunetik gehiago akaso, zauri asko antzematen dira. Ez da hautu kontziente bat izan, dena den.
Zelakoa izan da disko honen konposaketa?
Dena bion artean eta lokalean egina izan da. Konposatzeko, sintetizadoreekin soinuak ateratzen hasten gara, gustuko erritmo eta melodia bat sortu arte. Batzutan nahigabeko soinu politak ere irteten dira, zoriak ekarriak, eta gero soinu horiek landu, findu, eraldatu… egiten ditugu abestia osatzeko. Bukle luzeetan murgiltzen gara, eta atmosfera horretan etortzen dira ahotsak eta letrak ere. Pasa izan dugu entsegu osoa riff bati bueltak eta bueltak ematen.
Jende askok uste du musika mota hau etxean grabatzen dela, baina zuek estudiora joan zarete. Zergatik? Zelan?
Musika mota eta erabiltzen dituzun tresnen arabera, errazagoa edo zailagoa izan liteke etxean grabatzea eta gustuko emaitza bat lortzea. Dituzun materiala eta jakintza ere faktore garrantzitsuak dira. Isuok, kantautore gisa, grabatu izan ditu diskoak etxean, lagunartean. Gure oinarria elektronika izanda ere, erabiltzen dugun tresneria ez da hain erraza gobernatzen. Lokalean sorturiko kantu hauek grabatzen genituenean, kantuek indarra galtzen zuten. Ez genuen lortzen nahi genuen soinua. Ander Barriusorekin (Elektrika Grabaketak) Shot! estudioan grabatzea erabaki genuen, eta oso gustura geratu gara emaitzarekin. Bere jakintzak, esperientziak eta estudioan dituen baliabideek garrantzi handia izan dute disko honetan. Ahotsen tratamenduan egin duen lana aipatzekoa da.
“Konposatzeko, sintetizadoreekin soinuak ateratzen hasten gara, gustuko erritmo eta melodia bat sortu arte. Batzutan nahigabeko soinu politak ere irteten dira, zoriak ekarriak”
Hasieratik Mukuru kolektiboan zaudete. Zergatik? Zer da Mukuru?
Isuo bertan aritu da sorreratik, eta Alaynek ere gertutik jarraitu du Mukuru eta bere jarduna. Mukuru musika talde batzuek sorturiko kolektiboa da. Musika munduan gailentzen den indibidualismo eta lehiakortasunaren aurrean horizontaltasuna eta elkarren babesa du helburu. Gertutasuna bilatzen dugu, bai musikarion artean, bai entzuleekiko. Webgunean aurkituko duzue guri buruzko informazioa: http://mukuru.eus/
Zelakoa da zuzenezkoa? Biak bakarrik aritzen zarete?
Zuzenekoetan Alaynek bere sintetizadore guztiekin eta sekuentziadoreen laguntzarekin hegazkina pilotatzen du. Isuo, kantuan, eszenatoki guztian zehar mugitzen da.
Letrak oso zainduta daude titulutik. Nondik dator inspirazioa? Erreferente literario edo musikalik?
Inspirazioa entseguetako bukle amaigabeetan sortzen da; musikak berak dakar inspirazioa hitzetara. Erreferente zehatzik ez dugu izan buruan, ez musikarentzat, ez letrentzat. Baina, noski, entzuten eta irakurtzen dugunak eragina du gugan, bizipen gozo eta mikatzek bezala. Gustuko ditugun eta gure musikan eragina izan dezaketen batzuk aipatzearren: Lumi, Thom Yorke, Simian Mobile Disco eta Pink Floyd, besteak beste. Elkarrekin gehien entzun dugun diskoa Seitan taldearena da. Eta literaturan, pare bat aipatzeko, Miren Agur Meabe eta Karlos Linazasoro. Ez genuke aipatu gabe utzi nahi Hegazkin izena Borrokan taldearen lehen diskoko kantu batena dela. Gure musikak ez du Borrokanen batere antzik, baina taldetzar honi gorazarre egitea inoiz ez dago soberan. Letrak ere asko gustatzen zaizkigu.
Ze etorkizun plan du proiektuak?
Ez dugu etorkizunean asko pentsatu oraindik, egin dugun lanaz gozatzen ari gara zuzenekoetan, baina egia esan, gogo handia daukagu berriz lokalean sartu eta bigarren disko bat sortzen hasteko.
DISKOA ABESTIZ ABESTI, EGILEEN HITZETAN
1. — “Begietan”: Hasiera goxoa du, erritmo geldoa, trip hop deitzen diogun erritmo hori, baxu sakona, eta “zu” bati ari zaion ahotsa, disko osoan zehar ariko den bezala. Mila arantza, etxe altuak, industriaguneak, argitzalak…
2. — “Izar euritsua”: Erritmo bizia, argitasuna, dantzarako gonbita, atzo nonahi elkarri emandako agurra eta “izarak soinean/ izarrak golkoan/ bere izena gakoan/ esan dit ahoan”.
3. — “Hondartza”: Soinu berezi batek ematen dio hasiera eta oinarria kantuari. Sintetizadore-hots bat da, soka pultsatu moduko bat dirudiena. Eta segidan perkusio eta baxu bizia, eta ondoren “dream-pop” kutsuko teklatu bat. Letrak ere pelikula bat dirudi. Twin Peaks telesailean kontzertua eman behar bagenu kantu hau aukeratuko genuke zalantzarik gabe, Roadhouse-an ederki emango luke.
4. — “Lehergailua”: Mantso eta sendo aurrera doan bloke indartsua. Sei zortziko. Gitarra solo pinkfloydiarra. Ahotsa lehergailua desaktibatzen saiatzen ari da baina uhinik bortitzenak leher egiten dio.
5. — “Isilpean nabil orain”: Bortizkeriaz beteriko baxuak abiatzen du kantu azkar, motz, zuzen eta iluna. Ahotsak erretolika gogorra botatzen du, errezitaldi-rap-oihukatze distortsionatuan.
6. — “Trantzea amaitzean”: Elementu gehien dituen kantua: baxu erritmiko berezia, perkusio dantzagarri konplexua, egitura harmoniko arraroa, eta bukaerako klimaxa teklatu sarkorrarekin. Ahotsak argi-izpi batekin ematen dio amaiera istorioari, katarsia nolabaiteko bakearekin amaituz.