Zer moduz zaude?
Oso pozik. Diskoarena sekretupean gorde dugu, nahi nuelako bat-batean disko osoa atera, abisatu gabe. Ideia brillantea zen, baina pixka bat gogorra egin zait bukaeran.
Oso gordea al zenuen?
Nik oso-oso gordea, baita etxean ere. Jende oso gutxik zekien. Gero, jakina, data gerturatu ahala, gero eta inplikatu gehiago zeuden: diseinatzailea, grabatu duen jendea, managerra… Hori ikusita, pentsatzen nuen: “Hau igual filtratu egingo da”. Eta ibili naiz horrekin pixka bat larrituta. Orain diskoa jendearena da, eta askoz lasaiago nago.
Zergatik ez zenuen plazaratu aurrerapen abestirik ere? Izan da disko formatuaren aldarrikapen bat, nolabait?
Horregatik da, eta baita kantu hauek bilduma edo sekuentzia bat osatzen dutelako ere, eta ni saiatzen naizelako ikuspegi hori zaintzen. Bestetik, gaur egun ematen du Silicon Valley dela guztion diskoetxea edo abiada markatzen diguna. Turbo abiadura horretan sartuta gaude, eta inpresioa daukat joera dela bospasei kantu aurkeztea diskoa atera baino lehen. Bakoitza bere bideokliparekin, hamar making-off-ekin… Beharbada entzunaldi gehiago ditugu horrela, eta algoritmoari ematen diogu nahi duen hori. Uste dut badela estrategia bat, baina ez ote dion horrek musikari zerbait kentzen. Lilura aipatzen da disko honetan, eta deslilura, eta uste dut estrategia horrek deslilura pixka bat sortzen duela. Nik nahi nuen mundu guztiak edukitzea aukera lehenengo minututik diskoa osorik entzuteko.
Eta segidan? Dagoen ordenan?
Ahal dela bai. Eta ez kantu bat, gero beste bat, eta beste bat. Horrekin ez nuen jokatu nahi. Nik gauza gutxi dauzkat argi, baina hori oso argi neukan.
Berri Txarrak-en ibilbidearen bukaera iragarri eta segituan azaldu zenuen zuk adierazteko molde berriak bilatuko zenituela. Non bilatu dituzu? Nola?
Bilaketa gorabeheratsua izan da. Berri lozorroan uztearena azaldu genuenean, higadura zegoen batetik; bederatzi disko, ehundik gora abesti, milatik gora kontzertu. Milagarren kontzertua Zeelanda Berrian eman genuen, eta nik hor ikusi nuen zikloaren amaiera. Bestetik, beste nonbaitetik sortzeko aukera eduki nahi nuen. Marka hori alde batera utzi, eta ikusteko zer ateratzen zen hortik. Askok uste zuten ja diskoa prest neukala, eta ez da inondik inora horrela izan. Azkenean, joan dira lau urte Berri utzi genuenetik. Atseden hartu dut, eta ez naiz damutu hartutako erabakiaz.
Beldur zinen damua iritsiko zen?
Bai. Baina ez utzi izanaren damua; zuzenekoen irrika edo mono hori sentitzeari nion beldurra, horri bai. Esaten nuen: “14 urterekin ja ari nintzen jotzen nire lehendabiziko taldean, eta ordutik ez naiz oholtzatik jaitsi. Zirkuan ibili naiz ordutik. Orain, asteburuetan zer? Igual, hemendik hilabetera izango dut kristoren irrika oholtzara igotzeko”. Eta ez, benetan neukan geratu beharra.
Hasieratik zenekien zer sortu nahi zenuen?
Ez nuen batere argi eduki diskoa orain aurkeztu dudan hau izango zenik. Ibili naiz beste ekoizle batzuekin, ibili naiz beste musika molde batzuk probatzen… eta sartu ditut horiek kaxoian, eta egin dut beste zerbait, eta gero egon naiz geldirik… eta gero, zalantzak. Bueno, zalantzak beti ditut. Aldarrikatzen dut zalantza, batez ere sorkuntzan.
Beraz, bestelakoa ere izan zitekeen “hasiera”.
Bai, tituluak badu horretatik ere. Uste dut sorkuntza —kantagintza— badela onartzea ideia asko bidean geratzen direla, besteak beste. Hori oso gogorra da, baina bueno, ikasten duzu. Ni pozik nago disko honekin, baina askoz gehiago gustatzen zitzaidan kanpoan gelditu den eta azkenean atera ez den diskoa.
Zergatik ez duzu hori atera?
Batzuetan, prozesuan, kantuak berak muga batzuk markatzen dizkizu. Zuk letra puska bat daukazu, baina gero etortzen zaizu doinua, eta esaten dizu: “Tsss-tsss, hemendik ezin duzu joan”. Inurri bati parean behatza jartzen diozunean bezala. Diskoak azkenean forma bat hartzen du, saiatzen zara hori dominatzen, baina zuk ez daukazu erabateko botererik. Horregatik da diskoa hasiera bat, eta izan zitekeen beste bat.
«Askoz gehiago gustatzen zitzaidan kanpoan gelditu den eta azkenean atera ez den diskoa»
Hau da eskaini duzuna: kantu aski biluziak eta soilak, hitzez harago ere. Diozu abestiak “erantzi, hustu eta kimatu” egin dituzula. Zer lortzeko?
Pirotekniarik gabeko disko bat nahi nuen, estridentziarik gabea. Besteak beste, hautu estetiko bat izan da, grabaketa moldetik hasita, zortzi pistako analogikoan egin baitugu gehiena. Gaur egun, aukera daukazu geruzak eta geruzak gehitzen joateko, eta hori ondo dago, baina, nire ustez, pixka bat nagitu egiten zaitu. Atentzioaren giharra ahuldu egiten du, ikusten duzulako paleta osoa daukazula eskura. Aldiz, guk esan dugu: “Arkatz bat eta margo gorri bat dauzkagu; egin dezagun diskoa honekin”.
Zer moduzko ariketa izan da?
Hasieratik aritu behar duzu erabakiak hartzen. Hori oso zaila da, batez ere ni bezalako zalantzati batentzako, baina laguntzen dio diskoari, eta ematen dio halako batasun bat. Azken batean, disko honek 35 minutu-edo irauten du. Ez bazaude prest 35 minutu horiek entzuteko, beharbada hau ez da zure diskoa. Ez da harrokeriaz esaten dudan zerbait, baina benetan uste dut horrela gehiago merezi duela.
Nolatan grabatu duzu Lleidako Teatre de ca l’Erilen?
Koherentea da egindako hautu estetikoarekin. El Petit de Cal Eril taldearen soinuarekin maitemindu nintzen orain dela urte batzuk. Ikusi nuen gauza bat hemen ez dudana inon entzuten. Jordi Matasen atzetik-edo hasi nintzen [Matas talde horretako kidea da; berak ekoitzi du Hasiera bat], baina ez nuen ezer erabakia. Halako batean, ordea, Jordik argazki bat bidali zidan, esanez: «Begira nor dabilen hemen gurekin». Big Thief taldea zen, asko maite dudan taldea. Pentsatu nuen: «Hau da tokia».
Nolakoa da tokia?
Zoragarria, eta ez da, berez, estudio bat. Estudioak askotan dira oso toki hotzak, kirurgikoak, oso itxiak. Aldiz, hau da antzoki zahar bat, sekulako xarma daukan toki bat, eta horrek giroari laguntzen zion. Prozesu oso antigoalekoa egin dugu, ordenagailuak ere erabili ditugun arren. Bestalde, ni beti izan naiz entseguaren oso aldekoa. Aldiz, Jordik esan zidan ezetz. Entseguetan kantuek bide bat hartzen dutela, gero hortik irtetea oso zaila dela, eta berak nahi zuela magia estudioan gerta zedin. Nahi zuen erabakiak estudioan bertan hartzea.
Horrek ez du eragiten bertigoa?
Sekulakoa. Gainera, honen aurreko nire azken estudioko lana Infrasoinuak izan zen. Alegia, ia zazpi urte pasatu dira. Hauek dira zenbakiak: zazpi urte, 10.000 zalantza eta hiru entsegu. Asko ikasi dut.
Soinu epel eta goxoa erdietsi duzu, askoren irudiko.
Jende batzuek esan didate babesleku bat bezalakoa dela; ez dakit. Disko batzuek konektatzen zaituzte mundura, garaira, eta beste batzuk dira burbuila moduko bat mundutik ihes egiteko. Oraindik ez dut ebatzi disko hau zer aldetan dagoen. Baina, bai: mundua hankaz gora dago, oso itsusi dago dena, eta uste dut disko honekin edertasun dosi bat duzula eskura, eta bidaiatu dezakezula beste norabaitera.
Zale batzuek esan dute diskoa “harrigarria” iruditu zaiela. Beste askok aitortu dute espero zutela zuk bide hau hartzea. Nola kudeatu dituzu jendearen espektatibak?
Saiatu naiz hori kudeatzen. Banekien fokua edukiko nuela, eta eskerrak, baina pentsatu izan dut: “Nola egin nuen Jaio.Musika.Hil?”. Ja ahaztuta daukat, eta inozentzia hori oso zaila da berreskuratzen, baina sentipena daukat gauzak errazagoak zirela inor begira ez zegoenean.
Eta nolakoa da orain?
Hortik abstraitzeko ariketa bat egin behar duzu. Ezin duzu sortu jendearentzat, sortu behar duzu zure jakin-min artistikoa asetzeko. Neurri batean, neukan motxila kentzeko utzi nuen Berri, baina batzuetan inpresioa dut taldea uztearekin motxila zamatu egin dela. Berri lozorroan dagoen zerbait da, eta, orduan, idealizatu egiten da, are eta gehiago. Halere, ez naiz horretaz kexatuko. Presioa da, baina entzulerik gabe ez dago musikarik. Eta, aitortzen dizut: ez nuen espero halako olderik.
«Neurri batean, neukan motxila kentzeko utzi nuen Berri, baina batzuetan inpresioa dut taldea uztearekin motxila zamatu egin dela»
“Koherente izan sortutako pertsonaiarekin, zutaz espero dena da. Idiotak asko daki”, diozu Toki bat kantuan. Eta sumatzen da halako gogaitze bat.
Fokuaren pean gaudenoi exijitzen zaizkigu beste askori exijitzen ez zaizkien gauzak. Ogibidearen bidesari hori da, baina ikasten duzu hori onartzen. Gero, denok sortzen dugu pertsonaia bat. Pertsonaia sortzen ez duenak ere badu bat: pertsonaia sortzen ez duenarena. Harrapatuta gaude hor.
Berri Txarrak-en oihartzuna bainoago, Peiremans edo Katamalo taldeenak aditzen ditu jendeak lan honetan. Zer iritzi duzu?
Niri pixka bat erredukzionista iruditzen zait, sinplista. Neurri batean normala da, hemen distortsiorik ez dagoelako, eta funtsean ni naizelako kantuak egiten, baina, nire ustez, ez dauka zerikusirik. Ekoizpenak eta hautuek beste norabait eraman dituzte kantuak, erabat.
Zer du berezi lanak?
Instrumentazioa, adibidez. Bateria grabatu dutenak ez dira bateria joleak ere, baina bada norbait kantua bere osotasunean aditzeko kapaz dena. Edo baxuaren trataera, esaterako. Dena den, ahotsa eta baxua dira disko honetako zutabeak. Ahotsarenak klasiko bat ematen du, topiko bat, baina gero ez dugu betetzen.
Zer ez da betetzen?
Ahotsa izatea kantu baten totema, eta dena eraiki behar dela ahotsaren inguruan. Hasten gara oinarria erritmotik eraikitzen, ez-dakit-zer… eta gero, azkenean, ahots bat dago, normalean bukaeran grabatzen dena. Garrantzitsuenak hitza eta ahotsa dira, eta disko honetan hori errespetatu da hasiera-hasieratik.
Jasone Osorok elkarrizketa egin zizun Arrakasta liburua ontzeko. Musika ibilbideez mintzo, Mikel Laboa-ren eta Tom Waitsen “bolantazoak” aipatu zenizkion, baina argitu zenuen ez dela zertan horrekin obsesionatu. Izan al duzu horretarako tentaziorik?
Bai. Izan nuen aro esperimentalago bat: elektronikoagoa, adibidez. Aritu nintzen, baina gero etsi egin nuen. Sentitzen nuen mozorrotzen ari nintzela, eta nahiago izan nuen disko zintzo bat egin, ordezkatua sentiaraziko ninduena. Oso poperoa naiz, oso klasikoa. Halere, auskalo zer egingo dudan hurrengoren batean.
Aitortu izan duzu letragintza duzula borroka handienetako bat. Zer moduz oraingoan?
Ez naiz guztiz asetuta geratu. Uste dut zenbait alderditan erdibidean geratu naizela. Berri osteko aro honetan, nire helburuetako bat bazen beste toki batetik idaztea, edo halako klik bat egitea, beste zerbait eskaintzeko. Kanta batzuetan, lortu dut. Beste batzuetan, ez hainbeste.
Toki beretik idatzi duzu, oro har?
Bai, uste dut nire lehengo estiloa asko nabaritzen dela. Aldiz, ikusten dut Etxe bat, eta hor bai ikusten dudala badagoela beste zerbait.
“Kostatzen zait hitzak ontzat ematea. Horrekin bai obsesionatzen naizela. Eta beldur bat izaten da: kantuak ez ote dituzun gehiegi eskuztatzen”
Dibertitu zara idazten?
Kostatzen zait hitzak ontzat ematea. Horrekin bai obsesionatzen naizela. Eta beldur bat izaten da: kantuak ez ote dituzun gehiegi eskuztatzen. Halakoetan, zerbait galtzen da, baina, jakina, hitzak betirako dira, eta pertsonalak. Eta aurreko ondarearen itzalak ere segitzen zaitu. “Iragana aurretik”, esaten genuen Berri Txarrak-en; eta horrela da.
Ohartarazi duzu komeni dela «gelditzea, eta orduan entzutea». Oro har, jendeak ez dio horri kasu handirik egin, eta diskoa «irentsi» du. Kezkatzen zaitu?
Gehiago da ikusten dudala zalaparta batean sartuta gaudela, baina badakit ezinezko bat ari naizela eskatzen. Pribilegio bat da kalitatezko denbora eskatzea.
Beste musikari batzuen musika ekoizten ere jardun duzu.
Bai, baina uste dut ez dudala beste ekoizpen askorik egingo. Ez daukat neure burua ekoizletzat. Halere, izan da halako salto bat. Areago, atrebentzia bat. Musikara hurbiltzeko beste modu ezberdin bat ikusi dut, eta asko ikasi.
«Deitu ‘euskal mainstream’, baina ihar-iharra da»
Musika sistemaren «ajeak» irmo nabarmentzen ditu Urbizuk, kezkatuta oso. Ekonomiari loturiko faktoreak kritikatu ditu, baina, gainera, sinetsia dago badela azken urteotan okerrera egiten ari den beste alderdi bat ere: hizkuntzarena.
Hasiera bat deitu diozu diskoari. Izana baitzenuen hasiera mordo bat lehendik ere. Zer aldatu da horietako bakoitzean?
Dena aldatu da, erabat: gizartea, gure herria, gu, egoera.
Ekonomikoki irauteko beharrezko baldintzak ere aldatu dira. Egun, merchandising-a saltzea da diru iturri handietako bat. Berri Txarrak-ek ez dio utzi halako produktuak saltzeari.
Musikaz bizitzea oso zaila da; euskaraz, are zailagoa. Niri mirari bat iruditzen zait oraindik ere. Nekea sentitzean, bada aintzat hartu beharreko zerbait. Halere, argi dago sistema ez dagoela pentsatua musikari izateko. Hari horretatik zintzilik zaude beti. Ez daukat ezer merchan-aren kontra. Jendeak oraindik ere erosten ditu biniloak, eta niri kristoren ilusioa egiten dit, komunitateak bizirik jarraitzen duen seinale baita.
Jakin aldizkariaren 2019ko zenbakian, “oximoron” gisara definitu zenuen euskal mainstream kontzeptua. Hala izendatuko zenuke egun ere?
Bai. Peioratiboki hitz egiteko modu bat iruditzen zait, arrakasta lortzeak, zuzenean, artistikoki gutxiago balioko balu bezala. Nire ustez, konplexu bat da hori, eta, gainera, eztabaida ez dago hor. Beti egon dira jende gehiago mugitu duten artistak, eta jende gutxiago mugitu dutenak. Mainstream deitu nahi diogu? Ados, deitu euskal mainstream, baina ihar-iharra da. Batzuetan, normaltasun batean biziko bagina bezala jokatzen dugu, eta tranpa egitea da hori. Solitario jokoan, gainera.
Zer behar du euskal eszenak?
Igual, sortzaile euskaldunak baino gehiago, sortzaile euskaltzaleak beharko ditugu. Badaukagu ardura bat hor. Begira: euskara batuaren aldeko aldarri bat egiteko puntu-puntuan nago jada. Kristoren nagia ematen dit, baina hori egiteko puntuan nago. Eta ez naiz soilik hizkuntza nahasketez ari. Gustatuko litzaidake talde euskaldun gehiago egotea. Ze badakigu errealitatea zein den: arraun egin ezean, badakigu korrontea norantz doan. Eta, hala ere, batzuetan pentsatzen dut igual lorpen bat dela talde batzuek hiru kantu euskaraz egitea Durangoko Azokan eta Gaztean egoteko. Igual euskaldunen lorpen bat da, baina niretzat ez da nahikoa.