2020.02.07
Ahotsa, teklatua, txistuak, esku biluziz emandako txaloak eta patroi errepikakorrak sortzen dituen looper bat; horiek dira Ana Arsuaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1994) musikari eta artista plastikoaren bakarkako proiektua osatzen duten oinarrizko osagaiak. Ez dira elementu asko, berez, eta bakoitza behar baina gehiago ez erabiltzeko erabakian oinarritzen da Verde Prato, gainera. Aritu izan den beste taldeetan —Serpiente, Mazmorra— ikasitakoetatik abiatu da itxura errazeko piezak sortzeko erronka zailari erantzun pertsonal bat eman nahian. Orain gutxi ekin zion bide horri eta oraindik ez du formatu fisikoan argitaratutako diskorik, baina jada sarean entzungai dituen kantuak eta eskainitako zuzenekoak aski iradokitzaileak dira edonoren arreta bereganatzeko.
Musika ikasia zara, baina noiz hasi zinen musika sortzen?
Piano ikasketak ditut, baina txikitakoak. Duela urte batzuk egun Serpienteko kide dudan Beatriz Peralesek proposatu zidan berarekin jotzea eta horrela hasi nintzen musika konposatzen eta abesten. Nire lagun guztiek jotzen zuten musika eta ni ere animatu nintzen, orduan etxean edo entsegu lokaleak soilik bazen ere. Ondo pasatzeko hasi nintzen, besterik gabe, oso era xumean. 2015 ingurua izango zen.
Serpiente da zure talde nagusia. Etiketa ezberdin asko jarri izan dizkizuete baina badago adostasun bat estetika ilun eta hotz bat gailentzen dela azpimarratzean. Zeure bakarkako lan honetan ageri den zerbait ere bada.
Bai, baliteke. Hau agian ez da horren hotza eta atonala, dena dela. Serpienten tentsioarekin jolasean gehiago aritzen gara. Abesti bakoitza sortzean zati ezberdinak bereizten ditugu, nahi gabe bada ere, eta zati horien artean tentsio moduko bat dago. Entzulearentzat zailagoa da agian, ez da horren atsegina. Ez dakit, hotzagoa da. Hiru pertsona gara gainera, eta bakoitzak bere aldera jotzen du. Tentsio hori nabarmenagoa da Serpienten. Badakit Verde Prato ere iluna dela, baina beste puntu bat ikusten diot.
Tematika kontu bat ere izan daiteke. Letretan ere badago gustu ilun hori.
Bai, izan daiteke. Ez dakit, ez da horren gauza kontzientea niretzat. Serpienten argiago ikusten dut, hori egia da.
Zein da Mazmorra taldearen egoera? Bertan bestelako doinu batzuk lantzen zenituzten, dantzagarriagoak.
Taldea utzi dugu jada. Mazmorra beste gauza bat zen, guztiz ezberdina. Taldekide bakoitzak eragin ezberdinak zituen, oso gauza eklektikoa zen niretzat, askoz ere beroagoa.
Uste duzu bertan ikasitakoa nabari dela Verde Praton?
Erabiltzen dudan looper gailua Mazmorran ezagutu eta ikasi nuen erabiltzen eta publikoarekin harreman zuzenago bat izaten ere ikasi nuen bertan. Serpienten pianoa jotzen ari naiz denbora guztian baina Verde Praton entzuleari zuzenean begira ere aritzen naiz, instrumenturik jotzen aritu gabe. Gogorragoa ere bada, zuzenagoa. Horri aurre egiteko esperientzia ere Mazmorrak eman dit.
Eta orain bakarkako proiektu bat. Jon Manzisidor Mantxi (Gora Japon) izan omen zen lehenbizikoz halako zerbait egiteko proposatu zizuna. Aurrez bazeneukan horretarako gogorik ala kasualitate hutsa izan da?
Lehen esan dizut Serpienterekin hasi nintzela konposatzen baina egia da nire bizitzan, inongo asmorik gabe eta nire buruarentzat soilik, musikarekin jolasean aritu izan naizela. Halere, ez nuen bakarkako proiektu bat izateko asmorik inoiz izan, inondik inora ere. Jon Mantxi Larraskitun kontzertu batzuk antolatzen ari zen eta Serpiente baino formatu txikiagoa nahi zuen, hiru abesti edo egiteko bazen ere. Eta bueno, animatu nintzen bakarka aritzen. Agian erraz animatzen naiz horrelakoetara (barreak). Esperimentu gisa hor geratuko zela uste nuen baina beste kontzertu bat ere eskaini zidaten gero eta jarraitzera animatu nintzen. Verde Prato ez zen hasierako proposamen hori gabe existituko.
“Oso modu sinplean eta oso gutxirekin zerbait ona edo baliagarria egiten saiatzea interesatzen zait”
Tolosarra zara izatez baina Bilbon bizi zara aspaldion eta bertan garatu dituzu zure proiektu musikal guztiak. Zein paper jokatu du hiriak zeure sorkuntzan?
Garrantzi handia dauka. Bilbora Arte Ederrak ikastera joan nintzen eta gero han geratu naiz bizitzen. Arte plastikoen munduan eta musikan ezagutu dudan jende guztiak eragin handia izan du, inguru hori izateak garrantzi handia dauka apustu hori egiten jarraitzeko orduan. Herri txiki batean agian isolatuago nengoke. Bilbon badago giro hori.
Bilbon badagoela giro hori diozu eta egia da badagoela hainbat rock talde —Vulk, Killerkume, Motorastola…—, eta aipatu dugun Le Larraskitu eta beste hainbat gunetan biltzen diren musikariez osatutako beste giro agian ezkutuago bat ere.
Bai, bi ildo ezberdin dira agian. Larraskitukoa oso giro berezia da, arty-agoa nolabait, esperimentalagoa. Gutxiago eragin izan nauen giro bat da, berandu ezagutu dudalako eta askoz ere gutxiago joan izan naizelako bertara. Baina oso interesgarria iruditzen zait, soinuaren eta mundu plastikoaren munduekin zerikusia duena, gainera.
Gune horietan soinu esperimentazioa lantzen da batez ere. Askok halakoak musika zaratatsuarekin lotzen dituen arren, zurean zaila da halakorik topatzea. Esperimentala da baina baita entzunerraza ere, hein batean. Kontzienteki saiatu zara atsegina ere izan daitekeen zerbait egiten?
Erdi kontzientea eta erdi inkontzientea izan daiteke. Musika asko entzuten dut, dela edozein tabernatan jarri dezaketen reggaetoia –eta gustuko dut– edo musika, nolabait, zaila. Nire gustuetan dagoen hori egiten dudan lanean islatzen da. Nire burua musikaren bidez bide berrietara eraman nahi dut, zerbait berria aurkitu. Badut helburu hori, baina zuk esan didazun hori ideala da; bi gauzetatik izatea. Ez nuke jendearekin distantzia hori lortu nahi, zerbait bortitz edo arrotzegia eginez. Niretzat oso gauza ona da ulergarria edo entzuteko erraza izatea.
Soiltasuna ere aipatu beharreko ezaugarria da zure musikaz hitz egiterakoan.
Interesatzen zaizkidan gauza batzuk indartzeko estetika edo egiteko modu hori egokia dela uste dut. Verde Praton ahotsarekin egiten ditudan gauza batzuei garrantzia emateko aurkitzen dudan biderik errazena horixe da, dena oso soila egitea. Hala, ahotsa azpimarratzen da. Filosofia hori ere interesatzen zait; oso modu sinplean eta oso gutxirekin zerbait ona edo baliagarria egiten saiatzea. Bitarteko gehiago edo hobeak izateagatik ez duzu zertan emaitza hoberik lortuko. Elementu gutxirekin ea zer ateratzen den ikustea interesatzen zait.
Zein paper jokatzen du herri musikak Verde Praton? Etiketa hori ere jarri izan baitizute hainbat afitxatan.
Oso presente dut herri musika. Oso abesti boteretsuak iruditzen zaizkit, ahotsak garrantzia handia izan ohi du eta melodiak ere sinpleak izaten dira. Orokorrean, gauza sinpleei buruzkoak dira kantuak, gainera. Urteak pasa arren, jendeak abesti horiek kantatzen jarraitzeko bezainbesteko indarra dute eta hori ikustea niretzat beti izan da oso potentea. Herriaren abestiak izate hori ere oso polita iruditzen zait. Lehen esan bezala, irisgarria eta entzunerraza izatea eta denboran zehar mantentzea, hori pasada bat da.
Halere, jorratzen duzuna ez da tradizioari modu zurrunean begiratzen dion musika bat. Darkwave eraginak hor daude eta erritmo dantzagarri batzuk ere era naturalean txertatzea lortu duzu. Herri musika ez duzula batere era ortodoxoan ulertzen, alegia.
Bai, herri musika iturri bat da baina beste asko ere badauzkat. Ez dut mugarik ezarri nahi eta reggaetoia entzun eta elementu bat txertatu nahi badut, sartuko dut. Musika klasikoa, bachata edo salsa, berdin zait.
Letrei dagokionez, istorio antzeko bat osatzea erabaki duzu, ikuspegi ezberdinetatik kontatuz.
Nik letrak gero idazten ditut, melodiaren zirriborro bat jada badaukadanean. Horren gainean idazten dut eta horrek melodia bera ere alda dezake. Hasieran, Larraskiturako oso abesti gutxi prestatu nituen eta konturatu nintzen letrek lotura izan zezaketela gai antzekoen bueltan ari baitziren: maitasuna, norbaitek alde egitea… Idazterako orduan istorio batean pentsatzeak lagundu egin zidan, ariketa moduan, abesti bakoitzak ikuspegi ezberdin bat izateak. Horrela hasi eta bide hori jarraitu nuen. Istorioa mutil bat joan egiten denean hasten da eta horren harira aitak zerbait esaten du, amak beste zerbait… Neska bat ezagutzen du eta bere abestia gazteleraz da, nolabait, aitzakia horrekin; mutila kanpora joan da eta han ezagutu du erdaraz ari den neska. Tontakeriak dira igual, e? (barreak) baina niri konposatzerako orduan lagundu dit.
“Proiektu hau euskaraz egin nahi nuen, askoz ere aberatsagoa iruditzen zaidalako fonetika aldetik”
Eta hizkuntzena? Euskaraz eta gazteleraz egiten duzu, baita Serpienten ere. Sonoritate kontu bat da?
Bai, oso ezberdinak dira niretzat euskara eta gaztelera. Proiektu hau euskaraz egin nahi nuen batik bat, euskara askoz ere aberatsagoa iruditzen zaidalako fonetika aldetik eta ahotsarekin zenbait gauza egiteko. Egiten ditudan melodiengatik eta euskara bera oso berezia iruditzen zaidalako, nola eratuta dagoen ere arte plastikoekin oso lotua dagoela iruditzen zait. Euskarak duen soinu bereziagatik batez ere da oinarrizkoa euskara proiektu honetan, beste arrazoi batzuen artean. Gaztelerari ere ez dizkiot ateak isten. Reggaetoiarekin, adibidez, oso zaila iruditzen zitzaidan euskaraz egitea eta emaitza gustatzea. Ez nuen modua aurkitzen, beraz, erdaraz egin nuen.
“To Ostatnia Niedzela” izeneko abestia ere baduzu, errusiarrez kantatzen duzuna. Suizidio-tango gisa ere ezaguna omen da kantua, hor ere badago estetika ilun hori…
Agian ni naiz horrelakoa dena (barreak). “Galtzaundi” abesti herrikoiaren moldaketa bat ere egiten dut, Tolosako inauterietan kantatzen den kantuarena, eta beste bertsio bat ere egin nahi nuen. Utomlennye Solntsem (Eguzkiak erreta) filmean entzun nuen kantu hori lehen aldiz eta gero, berriz, Krzystof Kieślowskiren beste batean, Trois Couleurs: Blanc (Hiru Kolore: Zuria) filmean, uste dut. Patua zela iruditu zitzaidan eta moldaketa egitera animatu nintzen. Errusia gainera oso leku interesgarria iruditzen zait.
“Galtzaundi” abestia, nolatan?
Betidanik asko gustatu izan zaidan abestia da eta lehenengo kontzertuan jada kantatu nuen. Ahots bakarrarekin nolakoa izango zen probatu nahi nuen. Abestien sorkuntza prozesua beti antzekoa da, abesti baten elementu bat interesatzen zait eta isolatuta irudikatzen dut.
Abesti hauek modu digitalean argitaratu dituzu, Bandcamp plataforman. Baduzu disko fisikorik argitaratzeko asmorik?
Abesti hauek eta beste pare bat gehiago bildu eta formatu fisikoan argitaratuko ditut. Orain sarean dagoena saio bakarrean egindako zuzeneko grabaketa da. Otsailean grabatuko dut diskoa eta Jon Agirrezabalagak (WAS) ekoitziko du.
DATOZEN KONTZERTUAK