Elkarrizketa

Iker Of a Down

2025.02.27

Iker Of a Down

“Oraindik ere, talde gehienak gizonezkoz osatuak dira”

Elkarrizketa: Madame Birrots

Baztanen (Nafarroa) bost emakumek sortutako folk-rock taldea dugu Madame Birrots. Eneritz Mitxelena Irazokik (txeloa), Izargi Zumarraga Etxandik (gitarra elektrikoa eta koroak), Uhaina Apezetxea Muruak (gitarra akustikoa eta koroak), Alazne Untxalo Erregerenak (bateria eta koroak) eta Kattalin Ezkerra Sobrinok (ahotsa eta pandereta) osatua. 2020an taldea asmo handirik gabe sortu arren, bertsioak jotzetik haien kantak konposatzera pasa dira. Eta modu naturalean emandako urrats honi haien lehen diskaren grabazioarekin jarraipena eman diote. Egun, haien lehen lana zuzenekoetan aurkezten ari dira eta aitzaki ona izan da haiekin taldearen iraganaz, orainaz eta geroaz mintzatzeko.

 

Madame Birrots taldeko bost kideak.

Madame Birrots taldeko bost kideak.

Lehenik eta behin, nola sortu zen taldea?

Hasiera batean talde izateko helbururik gabe sortu zen. Greba feministetako bazkalondoetan instrumentuak hartu eta elkarrekin kantatu eta musika jotzen hasi ginen. Horrelako bazkalondo batean Izpigiko Bereko Bentako Idoiak kantu batzuk prestatu eta beraien bentan kontzertu ttiki bat egiteko proposamena luzatu zigun, eta hura pretatzeko helburuarekin hasi ginen elkartzen.

Eta nondik heldu da taldearen izena?

Taldearen izena berriz Mari Luz Estebanen “birrotxak” poematik dator. Hau ere lagun batek proposatu zigun: andre zahar, neska zahar edo mutxurdin erran nahi du. Erranahia gustatu zitzaigun, eta aitzinetik Madame gehitu genion izenari indar gehiago emateko edo.

Bost emakume zarete taldean. Hasieratik argi zeneukaten soilik emakumezko talde bat osatzea ala modu naturalean emandako gauz bat izan zen?

Greba feministen inguruan sorturiko taldea izanik, naturalki eman da emakumezkook bakarrik osatzea taldea.

Musika munduan, nahiz eta emakumeen presentzia geroz eta nabarmenagokoa den oraindik emakumez osatutako taldeen beharra sentitzen da. Zentzu hortan, nola ikusten duzue euskal eszenan eman den bilakaera?

Egia da gero eta emakume gehiago gaudela oholtzetan, lan haundia egin dute gure aitzinetik pausua eman dutenek ,eta oraindik ere egiteko aunitz dagoela erraten ahal dugu. Izan ere, euskal eszena geroz eta anitz eta zabalagoa da, baina jaialdi eta kontzertu areto aunitzetan, oraindik ere, parte hartzen duten talde gehienak gizonezkoak dira.

Taldearen berezitasunetako bat biolontxeloaren presentzia da. Zer ekartzen dio taldeari gisa hontako instrumentu bat izateak?

Hau ere modu naturalean eman zen, ez zen hala pentsatu hasieratik. Gitarrak, perkusioa eta ahotsa genituen taldean eta Eneritz txeloa ikasten ari zela jakin genuenean taldera hurbildu eta probatzeko gonbita luzatu genioan. Txeloak bertze indar bat ematen die gure kantei, bertze soinu mota bat, normalean horrelako formazioetan ikusi edo entzuten ez dena. Berezitasun hori maite dugu.

Hasieran soilik bertsioak jotzen zenituzte, aldiz ondotik zuen konposaketak egitera ekin zenioten. Erreza izan ahal da urrats hori ematea?

Bertsioak egiten aritzen ginen elkartzen ginenetan eta egia erran ez dugu ongi oroitzen nola izan zen, baina Birrotxak izan zen gure lehenbiziko kanta propioa. Mari Luz Estebanen poema gustatu eta hori musikatzen hasi ginen, modu inprobisatuan. Horrela sortu genuen gure lehenbiziko kanta eta horren ondotik etorri dira gainerakoak. Denak ere antzera sortu ditugu, inprobisazioarekin jostatuz bai letra bai melodietan.

Zuen kantuak egin ondotik diska grabatzera animatu zarete. Batzuentzat zuen lehen grabaketa izan da. Nola bizitu zenuten grabaketa prozesua?

Hasieran urduritasunez, erran duzun bezala lehenbiziko aldia zelako gehienendako. Baina orduak pasatu ahala gustoa hartu genion. Atala estudioan, Iñigok, etxean bezala sentiarazi gintuen eta egia erran arras oroitzapen politak ditugu grabaketa egunetakoak. Iñigo Irazokirekin grabatu genuen, berak analogikoan egiten du lan, talde osoak elkarrekin joz grabatu genuen eta honek ere lagundu gintuela uste dugu. Bertzeen hurbiltasun horrek segurtasuna ere ematen baitu.

“Orokorrean jendea adi egoten da entzuten eta zenbait kantutan publikoak kantatu ere egiten du, horrek ilusio berezia egiten digu”

Behin diskoa grabatuta zuzenekoekin hasi zarete. Jendearen erantzuna nolakoa izaten ari da?

Arras kontent gaude jendearen erantzunarekin. Diskoa atera aitzinetik ere emanak genituen kontzertu batzuk baina bateriaren partez kajoia jotzen zuen orduan Alaznek. Beraz, berritasun hori dugu orain ematen ari garen kontzertuetan. Orokorrean jendea adi egoten da entzuten eta zenbait kantutan publikoak kantatu ere egiten du, horrek ilusio berezia egiten digu.

Kontzertuak emateaz gain, Zapatillera elkartearekin Baztanen ere kontzertuak antolatzen zabiltzate batzuk. Zertan da proiektua?

Irailean urtaro bat kontzertu bat ekimenari hasiera eman genion eta orain udaberriko kontzertuak prestatzen ari gara. Martxoaren 16an Amaiurko elkartean izanen dugu udaberrikoa, Berako Hirugarren Mundu Gerra eta Harat taldeekin.

Zer ekartzen du Baztanen gisa horretako elkarte eta espazio bat izateak?

Hasteko entsaiatzeko leku bat edukitzea. Gauza sinplea iduri du, baina zapatillera eduki arte Baztanen ez zegoen entseatzeko lekurik. Egon direnek bertze erabilera batzuk zituzten eta denetatik alde egin behar izan dugu/dute. Hortaz aparte, musikariok elkarren artean harremantzeko ere balio du eta zuzeneko musikaz gozatzeko izan bertan edo izan inguruko herrietan antolatzen ditugun kontzertuetan.

 

Madame Birrots, zuzenean

  • Otsailak 28: Axular Elkartea – Burlata (Nafarroa)
  • Martxoak 14: Haize Basa  (+ Bidenabar) – Baigorri (Nafarroa Beherea)
  • Martxoak 27: Zaldiko Maldiko – Iruñea
  • Apirilak 4:  Sahrijai Kultur Elkartea – Villabona (Gipuzkoa)
  • Apirilak 12: Etxeluze Gaztetxea  (+ Kaskezur) – Orio (Gipuzkoa)
ETIKETAK:2025eko elkarrizketaIker Of a DownMadame Birrots