Elkarrizketa

Mikel Izarra

2021.09.09

Mikel Izarra

“Orain ez dugu argi gure estiloa, baina ez dugu txartzat hartzen”

Elkarrizketa: Tatxers

Iruñeko Tatxers taldeak azkenaldian euskaraz argitaratu den lanik interesgarri, polit eta freskoenetako bat kaleratu du, lau abestiz osatutako Hiruzpalau amets larri EPa. Madrilgo Tough Ain’t Enough zigiluak ateratako 300 biniloetatik ale gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Eta ez da gutxirako, taldeak lortu duena inoiz ez bezalakoa delako: eszenako tribu guztiak (izendapen horrek oraindik balio badu) ados jarri ditu. Kaskamotzak, punkiak, zenbait rapero eta auzoetako makarrak… eta baita indieak ere!

Tatxers

Martin Ziriza + Iñigo Soria + Jon Salinas = Tatxers

Mamia dauka kontuak. Logikoa denez, betiko estilo agintariez nazkatuta, azkenaldian gurean gehien entzuten ari dena berritzaileena da. Baina ez zertan berriena. Tatxersek 70eko hamarkadaren bukaerako taldeetan aurkitzen du babesa. Bai kanpokoak eta bai gertukoak. Haien izenak salatzen du The Jam edo Stiff Little Fingers bezalako talde ingelesekiko gustua, baina hemengo klasikoetan ere kokatu dezakegu hirukotearen soinua (ahotsarena, batez ere): HertzainakItoiz… Hala ere, elkarrizketan argitu duten bezala, horrek ez dizu lana egingo, baizik eta erreferentziok maisuki zein inpostatzerik gabe nahasteak, eta batez ere, zure garaian bizitzeak.

Zure garaian diot, Tatxersen letrek gaur egungo belaunaldiaren isla izateko guztia dutelako: punkari falta zitzaion malenkonia eta goxotasuna, baina baita kritika zorrotza eta hausnarketa pizteko grina ere. Bi ahotsen arteko kontraste zein jokoak eta melodiak bikaintasunerako bidea irekitzen dute, instrumentazio azkar eta freskoak ereserki itsaskor bihurtuz lau abestiak.

Denak ados daudela dirudi. Denekin konpontzen zarete ondo? Zeinentzat jotzen duzue gusturago?
Estilo ezberdinetako giroetan gustura sentitzen gara, taldekideok estilo horiek entzuten ditugulako. Bigarren galderari dagokionez, taldekide bakoitzak iritzi ezberdina du, taldea hasi genuenetik gustura sentitu gara skin giroetan, baina azken kontzertuetan beste giro batzuetan ere primeran egon gara eta oso aberasgarria da.

Zer da Tatxers musikatik harago? Zelan ezagutu zenuten elkar?
Tatxers 22 urteko hiru gaztek osatzen dugu, oso musikazaleak garenak. Betidanik ibili gara Iruñeko musika eszenan eta horrela ezagutu genuen elkar, aurreko proiektu batzuk geneuzkan bitartean.

Zelan hasi zen proiektua?
2018an Martin [Ziriza; ahotsa eta gitarra] eta [JonSalinas (ahotsa eta baxua) elkartzen hasi ginen aurretik jorratu gabe genuen estilo bat landu nahi genuelako, eta [IñigoSoriari (bateria) egin genion proiektura batzeko proposamena, orduan talderik gabe zegoelako. Funtsean britainiar influentziako musika egiteko bildu ginen, modu oso orokorrean, asko gustatzen zitzaigulako eta gaur egun ez daudelako talde gehiegi hori jorratzen dutenak. Interesgarria iruditu zitzaigun.

Intentzio estilistiko garbia zegoen edo denborarekin zehaztuz joan da prozesu baten bidez?
Urtebetean estilistikoki aldatu gara bai, baina ez da ezer intentzionala izan, naturalki atera zaigu. Entzun dugun musika zerbait aldatu delako ere izan dela suposatzen dugu. Lan berrian, estiloa zehaztea zailagoa dela esango genuke, influentzien aniztasunaren seinale. Laburbilduz, hasieran bai hasi ginela proposamen musikal batekin, baina denborarekin aldatu egin da eta agian orain ez daukagu duela urtebete bezain argi gure estiloa. Hala ere, ez dugu txartzat hartzen.

Zeintzuk dira erreferente edo inspirazio estilistikoak? Ezarriak dira edo aldakorrak?
Ez, aldakorrak dira eta taldeak bere erreferenteak izatea baino, taldekide bakoitzak bereak ditu eta abestietan txertatzen ditugu modu politean geratu daitezen eta ez estilo ezberdinez egindako txaplata artifizial bat bezala.

Eta letretan (nahiko inplizitu, misteriotsu eta poetikoak), zer adierazi nahi da? Zertan inspiratzen zarete?
Askotan esan dugun bezala, ez ditugu letrak egiten intentzio batekin, errealitateari eta inguruan daukagunari buruz idazten dugu. Eztabaidak dauzkagu taldekideen artean baina honi buruz baino gehiago politikoak direla argi dago, ez hain ideologikoak agian? Ez daukagu argi. Letretan inguruan aurkitzen dugu inspirazioa, edo kontzeptu, kontakizun baten inguruan idaztea gustatzen zaigu, “Aitona” abestian bezala adibidez.

“Nahiz eta egunerokotasunean askotan ez erabili, erabaki politiko bat izan zen euskaraz abestea. Hizkuntza ez dugu hesi bat bezala ulertzen”

Euskaraz abestea argi izan zenuten hasieratik? Idazle gustukorik? Kanpokoak?
Bai, gure hautua izan zen. Nahiz eta egunerokotasunean askotan ez erabili, erabaki politiko bat izan zen, inguruko talde askoren antzera. Pozik gaude erabakiarekin, hizkuntza ez dugu hesi bat bezala ulertzen, baizik eta bereizgarri bat bezala Euskal Herritik kanpo; aldiz, hemen musika estiloa da bereizgarria dena. Hala ere, hau beranduago pentsatutako zerbait da, erabakia hasieratik hartua zegoen. Idazleei dagokionez, zoritxarrez ez dugu gehiegi irakurtzen euskaraz. Kanpokoen artean, Leonardo Padura edo Philip K. Dick, adibidez.

Disko honetan soinu eta konposaketa aldetik aurrerapauso nabaria dago. Intentzioz?
Bai, badago. Intentzioz egina dago baina naturaltasunetik, hau da, influentziak zabaldu ditugu eta horrek ekarri du soinu eta konposaketan aldaketa.

Pandemia garaian hasi zineten eta hala ere kontzertu ugari egin dituzue. Zer espero duzue pandemia bukatzen denean?
Iruñean kontzertu pila egotea espero dugu behintzat.

Zelakoak dira Tatxerren zuzenekoak? Aldatuko dira pandemia eta gero?
Entzuleak eserita izatea hasieran, batez ere EPa atera baino lehen, deserosoa zen guretzat. Baina jada ohitu gara, eta jendeak ere nahikoa mugitu eta abesten du kontzertuetan, eta hori laguntza bat da.

Zelan ikusten duzue eszena orokorrean eta Iruñeakoa zehazki? Zer hiru talderekin eta non joko zenukete kontzertu perfektoa?
Eszena geroz eta anitzagoa ikusten dugu, edo hori da gure itxaropena. Eszena den heinean oinarrizko ideia batzuk konpartitu behar dira, baina soinu aldetik geroz eta anitzagoa bada, aberasgarriagoa izan daiteke. Iruñeari dagokionez, puntu horretan dago, musika estilo ezberdinak daude baina sarea egina dago eta taldeen arteko harremana estua da. Hiru talde aukeratzekotan, ArrotzakPogromFuturo TerrorSyndrome 81… pila bat daude.

Zer oztopo gainditu behar dira horrelako proiektu bat aurrera eramateko?
Diruaren oztopo amaigabean gaude, orain zorionez egoera hobeagoan gaude, baino itzuliko da arazoa. Arazo horrek dena dakar: ekipoa, azpiegitura, garraioa, grabaketa, entsegu gela…

Deskribatu diskoa abestiz abesti.
“Urte kontua” ez dakigu nola deskribatu, baino oso ona da. “Goizean oskorri” interpretagarria da, “Ederregia” errealitate bat, eta “Zu eta biok” itxaropen bat.

ETIKETAK:ArrotzakHertzainakIruñeaItoizTatxersTough Aint Enough Records