Pantxix Bidart (Hazparne, Lapurdi, 1971) Ahots Hutsez taldeko partaide da, Ander Barrenetxea, Marie Bidart Hirigoien, Claudine Arhantzet eta Ibon RG-rekin batera. Kanterri ikastaroan aritu dira, Oiartzunen (Gipuzkoa), taldean kantatzea batez ere entzutea dela irakasten.
Kanterrira bordoiaren lanketa ekarri duzue. Esplika ezazu.
Polifonia moduko bat da, nota bakarreko doinuan. Ipar Euskal Herrian txirula eta ttunttuna erabiltzen dira, eta azken horrek ematen du nota, bon-bon-bon. Kanta bat ez da baitezpada melodia bat eta horren gainetik ahots bat, baizik eta gauza lineal bat, eta horien inguruan sortzen diren uhinak. Behar da entzuten jakin, eta tinbrea egokitu besteekin bat egiteko. Nahi genuke sentiarazi ez direla bost ahots indibidual, bost ahots horiek bakar bat osatu behar dugula, eta bat hori osatzeko inportantea dela soinua. Ahoskera ere inportantea da.
“Nahi genuke sentiarazi ez direla bost ahots indibidual, bost ahots horiek bakar bat osatu behar dugula, eta bat hori osatzeko inportantea dela soinua”
Hitzik ez da zuen bordoian?
Bai, baditu, Claudine Arhantzet zuberotarrak kantatzen ditu, baina, ikastaroan, bordoian aritzen irakasten dugu: batasun hori mantentzeko bestea entzun behar dela eta norberak ez duela bestea estali behar, joko hori guzia, hau da, La justesse du chant [kantuaren zuzentasuna]. Guretzat ere ez da erraza, kantariak baikara denak.
Gaurko garaiok indibidualismora jotzen dute, ordea, baita musikan ere. Zer gogoeta duzue horren harira?
Niretzat kantua momentu politiko bat da, edozer kantatuta ere, eta ez preseski mezu bat pasarazi nahi delako. Toki batean existitzea eta besteekin harremanetan sartzea ekintza politikotzat jotzen dut beti. Kantu bat ematea ez da oholtzan jarri eta zenbat dakidan erakustea, baizik eta besteekin batera aritu eta erresonantzian sartzea. Orain star system moduko bat bihurtu da musika, eta kasu horretan entzutea ez da biziki aktiboa. Baina kantuak, eta musikak oro har, bestearen entzuteko beharko luke. Elkar entzuten ikasiko bagenu, eztabaidak ez lirateke horren antzuak izanen.
“Kantu bat ematea ez da oholtzan jarri eta zenbat dakidan erakustea, baizik eta besteekin batera aritu eta erresonantzian sartzea”
Euskal Herriko txoko askotakoak zarete. Nolatan elkartu zineten?
Duela bi urte, georgiar polifoniako ikastaro batean egin genuen topo Claudinek, Mariek, Ibonek eta laurok. Bizpahiru egunez aritu ginen elkarrekin, eta, ongi pasatu genuenez, jarraitzea erabaki genuen. Zinez naturalki gertatu zen. Hastapenean bagenuen beste kide bat ere, Claudinen lagun baxenabartar bat, baina, astirik ezin atera, eta utzi behar izan zuen. Gerora, Ander batu zitzaigun. Hilabetean behin elkartzen gara. Hastapenean entsegua egin eta arratsalde apalean aurkezpena egiten genuen hamabosten bat lagunen aurrean. Berriki emanaldiak egiten hasi gara, eta gustura, bai gu, bai eta jendea ere, ustez. Ahal dugun guzietan biribilean jarrita egiten ditugu emanaldiak, ahotsak ez baitira berdin entzuten entzuleei begira jarrita.
“Ahal dugun guzietan biribilean jarrita egiten ditugu emanaldiak, ahotsak ez baitira berdin entzuten entzuleei begira jarrita”
Zuei mikroak jartzea ez da erraza izango.
Ez dugu mikrorik, ahalaz. Ez gara 10.000 lagunen aurrean ezartzen. Mikroak sartu behar izanez gero, giroa hartzekoak izan daitezela, bostetik bat egitea baita beti helburua. Soinu ekipo batekin zaila litzateke, teknikari oso ona eta pazientziatsua beharko litzateke, eta, halaz ere, zaila litzateke.
Rock estiloetatik abiatu eta polifoniara etorri zara. Zeren beharrez?
Kantu klasiko eta tradizionala ttipitatik jaso dut; jaso, eta jasan ere bai, beharbada. Gaztetan metala entzuten nuen, Metallica eta abar, baina, bat-batean Su Ta Gar iritsi, eta lotura egin nuen. Nolanahi ere, nik beti banuen gitarra bat, eta gustuko nuen Pantxoa eta Peio eta beste hainbat kantariren abestiak kantatzea. Euskal Herrira itzuli nintzelarik, folk talde bat sortu nuen. Enetzat, kantatzea gauza natural bat izan da beti, eta hori da gaurko munduak moztu nahi diguna. Lehen, haurrak lokartzeko kantu marmar hori egiten zen, eta, orain, batzuek autoa hartzen dute horretarako. Kantatzeko ohitura natural hori kendu nahi digute, eta berreskuratu behar dugu.
Etxean, elizan, ikastolan… nonahi kantatu dugu. Jendea kantuz entzun eta ez nau harritzen, gure haurrak ere ez. Eskoletara joaten naiz Gotzon Barandiaranekin, eta, kantuz hasi orduko, haur batzuei irria ateratzen zaie. Beharbada berezia egiten zaie nire ahotsa, baina gaizki sentitze bat ere bada, eta horrek erran nahi du ez zaiela natural. Hor bada galtze bat.
“Enetzat, kantatzea gauza natural bat izan da beti, eta hori da gaurko munduak moztu nahi diguna”
Estimu handian dituzu poetak. Zer bilatzen duzu haien testuetara jotzen duzunean?
Ez dakit zer bilatzen dudan; gehienetan instintiboa dela erranen nuke. Testu batean gelditu, eta hartzen dut, baina ez dut jakiten zergatik. Gero, emeki-emeki ematen diot zentzua, baina instintiboa da guziz.
Musikari gisa ez dut askorik idazten, hitzak hartu egiten ditut gehienetan, zeren eta Euskal Herrian bada poeta on asko. Haien testuak liburuetan irakurtzen dituztenentzat bikain, baina irakurtzen ez dutenentzat kantua medio ona da poeta baten ezagutarazteko.