2015.06.23
Itsaso Gutierrezi (1978, Donostia) gazte-gaztetatik piztu zitzaion musikarako grina. Letrak eta doinuak bizitzari aurre egiteko modu natural bat izan dira. Berea. Barneak askatzeko hautatu duen bidea, eta horrek sortu dituenak eta sortzen dituenak bere bizitzaren mihisea josteko hariak dira. Musikarekin arantzarik geratzen ez zaiola dio. Pozgarria da halakorik entzutea hainbat zentzutan egin beharreko bidea sortzen lagundu duen, eta oraindik ilusio eta emozio izpirik galdu ez duen sortzailearen ahotan.
Jotzen ikasi zenuen aurreneko instrumentua biolina izan zen arren, talde bat sortzeko aukera izan zenuenean ez zenuen gitarra hartzeko beldurrik izan.
Biolina haur nintzela ikasten hasi nintzen, 9-10 urteren bueltan; baita musika ikasketak ere; solfeoa, eta kontu horiek. Biolinaren ikasketa prozesua naturala izan zen, ikastolako tarteetan bainuen saioa, eta ezustean bereganatzen joan bainintzen jotzeko gaitasuna. Institutu garaian hartu nuen lehen aldiz gitarra, Euskara Taldeak antolatu zuen hilabete bateko ikastaroan. Hiru akorderen bueltan euskal kanturen batzuk jotzen ikasi nuen. Rock zalea nintzenez, gitarra hark asetzen ez ninduela ohartu nintzen. Eta segidan, 16 urte nituela, nire lehen gitarra elektrikoa erosi nuen. Gitarra elektrikoa entzunez eta imitazioz jotzeari ekin nion. Baita kontzertuetako lehen ilaretan ere, gitarra-jotzaile guztien aurrean jarriz, eta euren eskuen mugimenduak barneratuz.
Zergatik hautatu zenuen biolina, ondoren instrumentuz salto egiteko?
Biolinak ez zuen asetzen musikaren bidez barneak husteko nire beharra. Partiturak irakurri besterik ez nekien, Kontserbatorioan, ez ziguten irakatsi inprobisatzen. Gitarrak, gainera, abesteko aukera ere ematen zidan. Nireak askatzeko bidea zela sentitzen nuen.
1997an Donostiako Buenavixta etxe okupatuan Jauko Barik sortu zenuten. Horren aurretik zer?
Ordura arte, Lezoko kontserbatorioan aritu nintzen Orkestrako lagunen artean taldekideren bat bilatzen. Bertako lokaletan, gerora Jousilouli-ko partaideak izan ziren batzuekin ere talderen bat sortzeko saiakera egin nuen. Etxean jotzen nuen. Baina, taldean aritzeko irrika handia, handiegia zen. Eta horren bila temati hasi nintzen.
Nola sortu zenuten taldea?
Institutuan gelakide eta lagun nuen Enara Mateori proposatu nion. Eta musika tresnarik jotzen ez bazuen ere, animatu zen. Lagun baten bitartez Buenawistako etxe okupatuan lokal bat eskuratu genuen. Eta hantxe Enara eta biok elkartzen ginen, orduak eta orduak, jotzen, amesten, filosofatzen, rockeatzen.. Geroxeago, Haizea Loirari proposatu genion. Berak bateria jotzea gustatuko zitzaiola aitortu, eta zergatik ez! batez osatu genuen, azkenik, Jauko Barik.
Nolakoa zen Buenawista garai hartan?
Gu bertako gazteenak ginen. Batzarren bidez hartzen ziren elkarbizitzarako erabakiak. Guretzat ikaskuntza polita izan zen. Oso lotsatiak ginen. Baina elkarlana eta inplikazioa oso berezkoa genuen. Proiektu berrien ilusioan oroitzen dut garaia.
Esan Ozenkirekin grabatu zenuten aurreneko diskoa, Jauko Barik (2000). Ordurako, gaizki ez banabil, 50 bat kontzertu emanak izango zenituzten. Nola sortu zen diskoa grabatzeko aukera?
Hirurak elkartu eta lokalean hilabete eskasean aritu ostean, eta hutsetik hasita, gure lehen kontzertua emateko aukera heldu zen. Lehena eta bakarra izango zelakoan baginen ere, kontzertu gehiago egiteko aukerak etorri ziren eta ilusioak harturik aurrera egin genuen. Gure kantuak biltzeko asmoz, maketatxo bat grabatu genuen, Buenawistan bertan, Elorrioko lagun batzuekin (Non Demontreko kideak izan zirenekin). 1998ko uda heldu, eta Loiolako jaietan ireki zuten lokal batean jo genuen. Bertara, Fermin Muguruza agertu zen. Gure berri izan zuela aitortu zigun eta baita bere eskaintza luzatu ere. Esan Ozenkirekin diskoa grabatzeko aukera eskaini zigun eta guk ilusio handiz onartu.
Nolakoa izan zen esperientzia?
Aberatsa. Madrilera joan ginen. Gure esperientzia eskasiak ez gintuen beldurtzen. Gaztetasunaren indarra eta inozentziak indartzen gintuen. Batzen. Roberto Galan, Hamlet taldeko teknikaria zenaren estudioan grabatu genuen diskoa. Eta Söber taldeko Jorge Escobedo gitarra-jotzaileak ekoizpenean lagundu. Estudioaren handitasunak ez gintuen txikitu. Eta Madrilen lagunarteko giroan eman genituen hamabost egun. Oso aberatsa guretzat.
Alien aretoan jo zenuten, baita Radio 3en ere. Nola gertatu zen hori?
Diskoa grabatu aurretik gure maketa bidali genuen. Jesus Ordovas kazetariak zuzenean jotzeko aukera eskaini zigun. Beraien kantu bilduma baterako kantu bat ere eskatu ziguten. Gertaera horiek guztiek gu indartu gintuzten. Taldekide bezala, lagun bezala, eta gure ilusioak elikatuz joan ziren.
Bzzb… eta goxatu (2002) zuen bigarren diskoa autoekoiztea erabaki zenuten. Zergatik hartu zenuten erabaki hori?
Diskoetxe baten alde on eta txarrak zeintzuk ziren ulertu genuen. Garai hartan, Esan Ozenki desagertu zen eta Metak diskoetxe bilakatu. Beraien baldintzak eta eskaintzak bestelakoak ziren. Eta guk gurean sinesten genuen. Gure proiektua guk nahi bezala, guk kudeatzearen aldekoak ginen. Guretzat Jauko Barik handia zen. Nerabezaro eta gaztaroan gure bide bihurtu zen. Guk gurean irmoki eta ilusioz sinesten genuen eta indar horrek bultzaturik auto-edizioaren aldeko apustua egitera eraman gintuen.
“Guretzat Jauko Barik handia zen. Nerabezaro eta gaztaroan gure bide bihurtu zen”
Egin zenuen Badok.info atarirako disko bat autoekoizteko jarraibideak biltzen zituen artikulua eta aurrekontua zehaztu zenuen. Gaur egun, autoekoizpena aukera bat da, edo aukera bakarra? Horrekin lotuta, finantzazioa lortzeko, zein da zuretzat biderik egokiena? Pre-order-a, crowdfunding-a…
Aukera desberdinak eta anitzak daude. Musikaren egoera gaur egun oso desberdina da. Musika kontsumitzeko era ere aldatu da. Lehen diskoen balioa handia zen. Disko bat osorik entzuten genuen. Merezi zuen denbora eskainiz. Interneten eraginez seguru aski, kantuek balio handia hartu dute. Taldeen nortasun, izen, hizki, baloreak, bigarren plano batean sentitzen dira. Garai berrietara egokitu nahi duen taldeak aukera desberdinak baditu. Diskoetxeek bide zaila dute oraingoan. Eta musika eskaintza oso-oso zabala. Finantzazio bide desberdinak daude. Edozein proiekturekin bezala. Norberak bere poltsikotik jarrita, kontzertuetatik biltzen den dirua apurka-apurka bilduta, bono-kamiseta edota bestelako materialak saldu eta diru-poltsa bat eginda… Zuk aipatutako crowdfunding kanpainak ere oso interesgarriak dira. Norberak berea nola jorratu erabakitzea eta berearekin fidel jokatzea onena.
2003 eta 2004ko udan Europan zehar bira egiteko aukera izan zenuten. Alemania, Suitza, Herbehereak, Frantzia… hainbat herrialdetan izan zineten. Zer nolako oroitzapena daukazu?
Izugarria! Oso lotsatia izan naiz, beti. Eta nire konplexu, lotsak, beldurrak ezagutzeko eta horiei aurre egiten saiatzen ari nintzen garaian joan ginen. Bizitza aberastu egin zitzaidan. Barne ziurtasuna hartzeko baliagarria izan zitzaidan. Harreman berriak eraikitzeko gai banintzela ikasi nuen. Eta nire lotsen mugak gainditzen hasi nintzen. Harrera izugarria izan zen! Kontzertuetan giro ezin hobea genuen. Bertaratzen zirenek Jauko Barikekin konektatzen zuten. Diskoak eta kamisetak saldu genituen. Bertan ginela, inguruan jotzeko aukera gehiago eskaini zizkiguten. Ni pertsonalki beste begirada eta barne indar batekin itzuli nintzen Euskal Herrira.
Zer suposatu zuen horrek taldearentzat?
Asko batu gintuen. Giro ezin hobea oroitzen dut. Jotzeaz gain, hilabete osoa eman baikenuen hemendik hara, laguntasunaren zirrikitu berriak ezagutzen. Bakartia izan naiz beti, eta jende artean ongi egotearen plazera ezagutu nuen. Ahaztuko ez diren bizipen horietakoa!
2005ean Emakume Martxaren kantua sortzeko enkargua egin eta “Emakumeak martxan” izeneko abestia egin zenuten beste hainbat kantarirekin batera.
Emakume Mundu Martxa Euskal Herria zeharkatzen ari zen eta Bilgune Feministakoek kantua egiteko proposatu zidaten. Kantua egin eta lokalean musika borobildu eta gero, hainbat emakume abeslari elkartu eta kantatzea ederra litzatekeela bururatu zitzaidan. Lurraldetasuna aintzakotzat hartu eta Euskal Herriko lurralde guztien ordezkariak biltzea posiblea bazenez, hala egitea erabaki nuen. Bertan, Ipar Euskal Herria ordezkatzen Claire (Izate), Bizkaia ordezkatzen Nerea (Keike) eta Aiora (Zea Mays), Nafarroa ordezkatzen Itziar (Anorexia, NX) aritu ziren; Gipuzkoatik gu. Araba ordezkatzeko etorri behar zenak ezin izan zuen azken unean azaldu; pena! Kantua, Jorge Reboredo teknikariarekin grabatu genuen Oreretan zuen estudioan. Nahasketak nik egin nituen, bere estudioan eta bere laguntzaz. Garaian, ez zen ohikoa argazki hura. Eta oso ederra izan zen. Emakume musikariez osatutako kantua egin zitekeela azaleratu nahi zen. Emakumeok idatzi, konposatu, kudeatu eta sortutako kantua bat egin nahi genuen. Eta baita lortu ere! Oihartzun handia izan ez bazuen ere, hortxe memoria historikorako hazitxoa.
Jauko Barik hiru neskez osatutako lehenengotariko hardcore taldea izango zen seguruenik. Nola bizi izan zenuten hori?
Oso era inozentean elkartu ginen. Edozein musikarako grina duen pertsonak egingo lukeen eran. Nik neuk garai ederra zein trabatsua oroitzen dut. Niretzat musika bizitzeko era batean bilakatu zen. Eta nire genero identitatearen gainetik musikari identitatea sentitzen nuen. Gaztaroaren inozentziak itsutzen ninduen, ziur asko. Errealitateak, medioek, ikusleen komentario eta begiradek, kritikek, nire inozentzia hura auzitan jartzera behartu didate, urtetik urtera. Jendartearen errealitatea hurbiletik sentitu dudanean, emakumearen lanen aitortzak (direnak direla) itzaletan, bigarren planoetan gelditzen direla ulertu dut. Niri senak aginduta oso berez nuena kontzientziara ekarri dit. Gogora. Munduaren begietan, emakumea naizela musikariaren aurretik.
“Jendartearen errealitatea hurbiletik sentitu dudanean, emakumearen lanen aitortzak (direnak direla) itzaletan, bigarren planoetan gelditzen direla ulertu dut”
Hautu konzientea izan zen? Erabaki politikorik zegoen horren atzean? Ordu hartan ba al zen genero kontzientziarik edo gerora hasi zineten lantzen?
Guretzat ez behintzat. 17 urteren bueltan ginen elkartu ginenean. Laguntasunak batzen gintuen ezeren gainetik. Idazten nituen hitzak nire kezkak ziren. Seguraski uste nuena baino feministagoak eta aldarrikatzaileagoak. Jendartearen ereduekin desadostasunean bizi nintzela gogoan dut. Kontzientzia feministarik ez, ordea. Nik nire kezka sozialak, eta nire sentimenak abesten nituen. Aurre hausnarketa sakonik gabe.
Entzun-en 21. zenbakian argitaratutako elkarrizketa batean zenioen: “Batetik, tratu ona eskaini digute neskak garelako, gazteak garelako eta ikasteko asko dugulako, baina bestetik musika munduan ere matxista asko dago eta zenbaitetan anplifikadore bat zer den ere jakin ez bazenu bezala tratatzen zaituzte”. Nola egiten zaio horri aurre? Nola bizi da hori?
Trabatsu. Egunaren arabera. Batzuetan irriz, besteetan orroz. Batzuetan sumisioz, besteetan autoritatez. Gehienetan barne haserrez. Denbora behar izaten dut horietaz ohartzeko, ez ditut beti gertatzen zaizkidanak instantean bertan ulertzen. Sentsazio arraroak gehienetan barrua ukitu eta bakardade uneren baten ulertzen ditut. Hainbat egoerari aurre egiten ikasi dudan arren, sentibera naiz; eta barruko haserre edo desadostasun hori nirean, barru-barruan gelditu ohi da. Bakardadean identifikatu ditut gehienetan jarrera sexistak. Ni horietaz bete-bete bainago baita ere. Ez da inor salbatzen. Autokritikoa izaten saiatzen naiz. Eta inor kondenatu beharrean, antzekoak zaizkidan hurrengo egoeretarako nire jarrerak janzten, eraldatzen saiatzen naiz. Ez dut beti lortzen. Esan dudan bezala, aldaketa eta deseraikitze honetan prozesuan nago, etengabean. Trabatsua bada ere, hazteko aukera ederra da, era berean.
Nekatuta al zaude feminismoa, eta emakumeak oholtzan… gai horren inguruan galderak erantzuteaz? Alegia, berdintasuna izan beharko lukeenaz, ezberdintasunez hitz egiteaz, agian?
Batzuetan, nire ibilbidean garrantzitsuena emakume izateak markatu dizkidan desberdintasunak gailendu beharrak, izan nahi dudan horretatik urruntzen nauela sentitu dut. Bestalde, dugun errealitatea aztertu, hausnartu, eta deseraikitzeko ikasi ditudanak agertzearen garrantzian sinesten dut. Beraz, ahalegin hori egitean, gaztaroan ikusten ez nituenak ikustarazteko gai banaiz, aurrera! Gaiak baditu berean ertz ugari, aztertzeko, hausnartzeko, iraultzeko,… eta horietaz mintzatzea ezinbestekoa ikusten dut. Ezberdintasunak daudela aitortzen hastea, berdintasunerako bidea badela sentitzen dut.
Izan ere, ez da genero kontuetan bakarrik, zuen letretan bilorik gabe hitz egiten zenuten deserosoak izan zitezkeen hainbat gaien gainean. Bide batez zure ibilbidean, nolabait esatearren, taburik ez izatea sinadura ere izan dena; bakardadea, eraso sexistak, homosexualitatea…
Nire barne kezkak plazaratu nahi izan ditut beti musikarekin. Nire burua jendartearen etiketa konbentzionaletan kokatzea kosta egin zait. Kritikoa izan naiz. Nire sexualitatea, identitatea, eta itzalean gelditu ohi diren gaien inguruan pentsatzea gustuko dut. Baita horiek musikarekin konpartitzeko beharra ere.
“Nire barne kezkak plazaratu nahi izan ditut beti musikarekin. Nire burua jendartearen etiketa konbentzionaletan kokatzea kosta egin zait. Kritikoa izan naiz”
Zergatik amaitu zen Jauko Barik?
Bederatzi urtez ilusio eta gogo berdinek elkartu gintuzten. Halere, bakoitza bere identitatea sortzen, osatzen joan zen urte horietan guztietan eta musika-behar desberdinak piztu zitzaizkigun. Musika niretzat arnasbide bat izan da beti. Eta sutsuki bizi izan dut. Egunerokoan talde bat defendatzea nekeza da. Ikasle garaian errazagoak zirenak, lan ardura eta bizitza erritmo desberdinak bateratzea zaila zitzaigun. Niretzat, pertsonalki, oso gogorra izan zen. Nire identitatearen zati handi bat zulatu zitzaidan. Jarritako ilusio eta indarrak irauli. Huts bihurtu. Arnasbide berri gisa Keike taldea topatu nuen, zorionez.
2002an jaio zen Keike, eta Axularren ordez sartu zinen zu taldean.
Jauko Barik desegin eta hilabete gutxira Keike taldeko Axular gitarra-jotzaileak taldea utzi zuela-eta bertan sartzeko aukera eskaini zidaten. Keike zale amorratua nintzen. Kontzertu gehienetara hurbiltzen nintzen, lehen ilaretan rockeatzera. Poz handia hartu nuen.
Nola gogoratzen duzu garai hura?
Jauko Barikek sortutako barne hutsune hori betetzen saiatu nintzen. Bederatzi urtetan jarritako gogoa, ilusioa, eta indarra ez galtzeko aitzakia izan zen. Aberatsa. Ederra. Kontzertu ugari eman genituen eta Keikeren bigarren diskoaren sorkuntzan aritu nintzen. Oihuka diskoetxearekin kaleratu genuen. Beraz, ezustean, berriz ere beste talde baten partaide nintzen. Musika arnasten. Zutitzen. Bizitzen.
Keike amaitu eta 2007an sortu zenuten Xarma. Nola loratu zen horren hazia?
Keike taldeko abeslaria, Nerea Sanchez haurdun zegoela-eta taldeak ibilbidea etetea erabaki zuen. Arnasbide berrien bila Keike taldeko Ion Kirrurekin, orduan ere bidelagun zenarekin, proiektu berri bat sortzea erabaki genuen; Joshua Froufe eta Christian Martin taldekideekin batera bide berriak urratzen hasi nintzen.
Bilbovisión lehiaketan hirugarren postua lortzetik Alemanian amaituta bira eskaintzera egin zenuten urte horretan. Amaraunak diskoa grabatu zenuten ondoren Bonberenean Karlos Osinagarekin; harrera eta kritika oso onak jaso zituen lanak. Nola bizi izan zenuten hori?
Pozez. Ilusioz. Gure lana eta esfortzuaren isla. Bidean eraikitzen, taldea kudeatzen, kontzertuak bilatzen, diskoa autoekoizten asko ikasi nuen. Xarman, Jauko Barik taldearekin sentitu nituenen arrastoak zetozkidan. Taldean, ordea, desoreka bagenuen.
Loraldian bizi zen taldea? Izan ere, 2010ean Danbaka lehiaketa ere irabazi zenuten eta Arrasateko Shot estudioetan Iñaki Bengoarekin (Gose) Karenka bigarren lana grabatu. Ikasle egunerako abestia ere egin zenuten orduan. Enkarguz egindako abestien sortze prozesua, berez sortzen direnen ezberdina al da?
Akaso, presioa ezberdina da. Berez ateratzen zaizkizunetatik abiatu beharrean, inspirazioaren bila esertzen zara riffetik riffera, melodiatik melodiara, atsegina duzun bat etorri artean. Prozesua ederra da. Ilusioz egiten baita.
Gai sozialei lotuta letrei fidel jarraitu arren, etapa honetan, izan daiteke aurreko taldeekin egindakoa baino kutsu pop-ago izatea zuen musikak?
Sortze lanetan batik-bat bi lagun ginen, eta bien arteko behar eta gustuen uztarketa zela esango nuke. Zailtasunak zailtasun. Ez hitzetan ezta musika sorkuntzan ere, ez nuen Jauko Barik-ekin nuen hainbesteko askatasuna. Frustrazio hark ON sortzera eraman ninduen.
Hainbat taldeetan ibilitakoa zara. Zure burua birziklatzeko beharra daukazu, edo patuak bideratzen dituen aldaketak dira?
Galdera polita. Birziklatzeko beharra ohi dut, berez, bai. Asetzen nauten eta ongi sentiarazten nautenen artean egoten ikasi dut, kostata. Musika taldeetan elkartzen zarenean, normalki aipatzen ez den elkarbizitza bat dago. Taldekideekin bat egin behar duzu, errespetatua sentitzea ezinbestekoa da, hizkera sexista eta jarrera sexista gehiegizkoak ere sumatu ditut taldekide batzuengan. Talde bateko partaide izateak, lanean ere inplikazio eta ardura batzuk eskatzen ditu. Are gehiago, autogestioaren alde ari den talde batean. Entseguetara agertzea, hartutako ardurak betetzea, konpromisoz jokatzea,… Horietan exijentea naiz. Musika afizio dudan arren, esperientziak irakatsi dit, nahi dudanaren alde borrokatzea handia dela. Neure bidean sinestea. Bidelagun egokiz elkartzea.
2013az geroztik ON musika taldea da zurea.
Xarma taldearen eta garai pertsonal aldrebes baten erantzuna izan zen ON. Arnasbide berria. Zintzoa. Neure beharrak aseko zituena. Besteen beharretara egokitzen eman nituen azken urteak, eremu musikal zein pertsonalean, eta nirea adierazteko, agertzeko beharrak, eta barruan isolaturik, kateaturik izan nuen haserrea kaleratzeko jaio zen, 2012n. Indartsu. Gogotsu. Urte horietan ikasitako guztien batura.
Nola egin zenuten lehenengo diskoa?
Xarmaren garaian, nire bakardade unetan sortu nituen kantu ugari Denis Alberdi (Keikeren bateria-jolea zena) eta Ibai Suarezekin borobildu nituen. Eta hiru hilabeteko lanaren ondoren, horiek estudioan grabatu. Ideiak argi nituen. Ilusioa eta indarra pil-pilean. Orain arte agortu ez direnak. Zurean zintzoa izatearen garrantzia, ONen ikaskuntza. Nik konposatu, idatzi, grabazioa kudeatu, kolaborazioak bilatu, diskoa autoeditatu, Durangoko Azokan aurkeztu, taldea kudeatu, kontzertuak lotu,…egiten indartuz joan naiz. Nirean sinesten dudalako nire bidea eraikitzea erabaki dut. Bidelagun batekin ala bestearekin, fidel nire beharrekin.
Piratekin ere kolaboratu zenuten ez?
2012an Izan Pirata Musika Lehiaketa irabazi genuen, eta Donostiako Aste Nagusian jotzeko aukera izan ere bai.
Bigarren diskoa grabatu zenuten 2014ko udan, Zein izenekoa, autoekoitzia eta oraindik ere biran ari zarete horrekin, ez?
Bigarren diskoan Ekaitz Vegas eta Ekhi Vegas musikariak ditut bidelagun berri. Nire lan egiteko erarekin bat egiten dutenak. Taldearen izaerara erraz egokitu direnak. Lan egiteko arduratsuak. Gogotsuak. Zein diskoa prestatzen urtebete eman dugu, kontzertuen artean diskoaren sorkuntza lanak egiten. ON taldearekin ibilbide oso polita, zintzoa, erraza ari naiz izaten. Ikasi ditudanek ere, hala bihurtzen dutelako, akaso. Gure bigarren disko honekin oso pozik gaude, oholtzan jotzeko desiratzen. Ikusleen harrera ezin hobea ari da izaten. Eta hartu eman horrek, Jauko Bariken garaian amesten nituenak, egia bihurtu direla oroitzera eramaten nau.
1998tik daramazu oholtzatik jeitsi barik. Esperientzia handiko sortzailea zara. Zein da urte hauetako balantzea?
Ezin hobea! Oso pozik nago, egin dudan lanaren aitortza badagoela eta egin ditudanek arrasto txikiak utzi dituztela ohartzen hasia naizelako. Sortzea ariketa indibiduala bada ere, konpartitua denean handi egiten zaitu!
Arantzarik geratzen al zaizu musikarekin?
Ez.
Zerk inspiratzen zaitu? Ba al da, botatzeko kemenik ez duzunik?
Ez. Zentzu horretan bizitzak ausart egin nau. Edo nik neuk.
“Bazterkeriak emakumetu” zaituela diozula irakurri dut. Nola egin diozu eta egiten diozu aurre horri? Nola bizi izan duzu bazterkeria hori?
Egunetik egunera eremu orotan autokritikoa izanez. Nire jarrerak aztertuz. Mintzen nauten besteen jarrerak identifikatuz. Egunero hazten. Deseraikitzen. Osatzen. Haserretzen. Amore ematen. Bazterkeria horiek gerta ez daitezen nireak litezkeen ardurak identifikatuz, eta horien bueltan hausnartuz. Nire burua barkatuz. Desegokiak diren sentsazioak ulertu ostean, ahaztuz. Ahaztea merezi ez duten baztertuaren sentsazioak entzunez. Eta horiekiko ardurak hartuz.
Uste al duzu gure musika eszenari zerbait falta zaiola? Eta zerbait sobera duela?
Dagoena dugu. hori handia da. Anitza estiloetan, lehen baino anitzagoa generoan. Musika kontsumitzeko era desberdinak jaio dira, eta akaso, horietara egokitzen ikasi behar dugu. Musika talde batek atzean duen sorkuntza lana, ikaragarria da. Batzuetan hori ez dela behar bezala baloratzen sentitu dut. Gaztetxeak azken garaian, kontzertuak egiten saiatzen diren arren, parte hartzea eskasa izaten da. Hori da faltan!
Amaitzeko, elkarrizketatuei beti eskatu ohi diet euren ibilbidean mugarri izan diren hiru euskal disko aipatzeko. Zeintzuk dira zureak?
Taldeak aipatuko ditut, talde baten zalea izan naizenean, disko guztiak jarraitu ohi dizkiot-eta. Gaztarokoak: PI.L.T.-ren guztiak!; Deabruak Teilatuetan; Eraso!, Lif; Lisabö. Geroagokoak gaur arte: Itaka, Haxotz, Willis Drummond, Izate, Zea Mays, Berri Txarrak, Voltaia, Humus…