Elkarrizketa

Mikel Lizarralde

2018.12.06

Mikel Lizarralde

“Nire proiektua laukotera lotzen dut orain”

Elkarrizketa: Joseba Irazoki

Gitarrista eta kantari gisa ibilbide luzea eginda ere, 2012ko abenduaren 28an Donostiako Imanol Lartzabal aretoan emandako kontzertua mugarri bihurtu zitzaion Joseba Irazoki-ri (Bera, Nafarroa, 1974). Egun hartan lagun artean aritu zen zuzenean, eta kontzertu hura bere hurrengo proiekturako hazi bilakatu zen. 2014an Joseba Irazoki eta Lagunak (Bidehuts) diskoan egikaritu zen egitasmoa, rock moldeetatik hurbil kokatzen zena, eta lau urteren ondoren taldearen bigarren diskoarekin itzuli da: Zu al zara? (Bidehuts). Aurreko diskoa aurkezteko kontzertuetan izan zuen talde bera izan du oraingoan ere ondoan: Felix Buff (bateria), Jaime Nieto (baxua) eta Ibai Gogortza (gitarra). Guztiak ere eskarmentu handiko musikariak, besteak beste Willis Drummond, We Are Standard, Atom Rhumba eta Borrokan-en ibilitakoak. Eta gustura dago Irazoki lortu duten talde soinuarekin: “Uste dut lortu genuela aurreko diskoarekin, baina azken honekin are gehiago. Talde soinu trinkoa, oinarrian laukotea dagoelako”.

8756983

Joseba Irazoki musikari nafarrak “Zu al zara?” kaleratu berri du. (Jagoba Manterola / Foku)

Beste hamaika proiektutan dabiltza musikariak, eta Irazoki bera Nacho Vegasekin ari da orain. Horrek zaildu egin du, ezinbestean, diskoa grabatzeko prozesua, baina emaitzarekin gustura gelditu da: “Bakarlaria izanik talde batekin lan egitea oso zaila da… aurrekonturik ez baduzu behintzat. Baina musikariek oso jarrera ona izan dute, eta uste dut lauzpabost entsegurekin eta grabazio egun gutxi batzuekin emaitza polita lortu dugula. Meritu handiko kontua da disko bat lau egunetan egitea!”.

Lau urte dira aurreko diskoa kaleratu zenuenetik, baina bitartean ez zara geldi egon: Atom Rhumbarekin, Nacho Vegasekin, Bas(h)oan proiektuan, inprobisazio disko bat ere egin duzu (Gitarra onomatopeikoa)… Noiz ikusi zenuen kantu hauek guztiak grabatzeko ordua iritsi zela?
Aurreko diskoa zuzenean aurkezten aritu ginenean, kantu berri pare bat gehitu genituen. Horiek aldatu dira nahikotxo grabatzean. Baina gero, denbora honetan, beste batzuen kantuak ikasten eta lantzen aritu naizen bitartean, apurka-apurka ideiak grabatzen joan naiz etxean. Grabagailu txiki batekin. Ideia izan daiteke riff bat, letra bat, melodia bat… halako ideiekin gainezka daukat karpeta bat! [barrez]. Ideia hutsak dira, garatu gabekoak, eta antolatu gabe daude. Baina horko ideiatatik atera daiteke Nacho Vegasentzako konponketa bat, eta baita niretzako abesti bat ere.

Nola lan egin duzu karpeta horretako ideiekin?
Iaz tarte libre samar bat izan nuen. Nik, normalean, alaba eskolan utzi ondoren, lanean jartzen naiz etxean, eta iaz, errepertoriorik ez bainuen ikasi behar, aukera izan nuen kantuak egiten joateko. Banekien karpeta horretan bazeudela gustuko ideiak, eta arakatzen hasi nintzen, horien bila. Hor joan ziren osatzen kantuak, musikaz osatzen. Ekainerako gutxi gorabehera ikusi nuen disko bat egon zitekeela hor. Orduan deitu nien musikariei entsegu batzuk egiteko, eta abuztu erdialdean Berako Atala estudioan oinarriak grabatu genituen lau egunetan. Gitarrak etxean grabatu genituen, eta ahotsak eta teklatu batzuk Baionan, Felixen anaiaren estudioan.

Ideia horiei tiraka hasten zaren momentutik erabakitzen duzu taldearekin grabatzea?
Bai, orain formatu horrekin aritu nahi dut, talde baten parte naizela. Tarteka, egiten ditut kontzertu batzuk bakarka, gizon-orkestra gisa, eta irudipena dut oraindik funtzionatzen didala formatu horrek, baina burua talde formazioan daukat. Nire proiektua laukotera lotzen dut orain. Eta kantuen aukeraketa ere horren arabera egin dut. Karpeta horretan bada Moonpalacerekin grabatu nuen diskoan [Euria ari du, 2009] sartu ez zen kantu bat, eta ibili naiz horrekin ere lanean. Baina azkenean ez dut sartu diskoan. Hor daude Joseba pop, Joseba kantautore karpetak [barrez], baina une honetan behintzat ez dut hortik jo nahi. Eta ez dakit kantu onak diren ere. Aukeratu ditudan abestiek, bederen, zerbait sortzen didate barruan.

Aurreko diskoarekin alderatuta, Zu al zara?-n kantuak kantuago dira. Egitura sendoago bat dute. Hala izatea nahi izan duzu?
Bai, hori izan da asmoa. Aurreko diskoan abiapuntua riffa zen, baina oraingoan, hori baztertu gabe, nahi nuen kantua sumatzea. Badakit ez dudala lelo handirik egin, baina aurrekoan baino landuagoak daude kantuak.

Egiturak ez dira estandarrak, baina kantuek badute irisgarritasun puntu bat. Punch bat.
Bai, horren erakuslea da disko honetako kantuak jo ditzakedala bakarrik gitarra akustikoarekin. Aurreko laneko kantuekin ezinezkoa zitzaidan. Bat edo bi bai, baina gehienak ez. Disko berriko kantu guztiak jo ahal ditut bakarrik. Diskoa prestatzen hasi ginenean grabatu genituen oinarriak bi gitarra, bateria eta ahotsarekin, eta ohartu ginen horrela funtzionatzen zutela kantuek. Niri gustatzen zait moldaketak egitea, eta oraingoan esan nion neure buruari mugatu behar nituela. Eta badira moldaketa gutxi batzuk, baina uste dut laukotearen lana dagoela oinarrian.

“Ni beti izan naiz oso popzalea, eta irudipena dut horra gerturatu naizela. Melodia beti dago nire kantuetan, eta baita abesteko moduan ere”

Kantuak oso eginak zeudela joan zineten estudiora?
Oso entsegu gutxi egin ditugu, baina horietara lanak ondo eginda eraman ditugu. Gaur egun entseguak produktiboak dira, grabatu ere egiten ditugulako, eta ondorioz, estudiora dena lotu gabe iritsi arren, oso erraz eta azkar egin genituen oinarriak. Kontu txiki batzuk aldatu genituen, baina bai, nahiko eginak joan ziren kantuak estudiora.

Pop egitura batzuk badira diskoan, baina ez dira egitura sinpleak edo errazak. Eta badago, era berean, dena estaltzen duen lurrin psikodeliko bat ere.
Bai, psikodelia definitzea zaila egiten zait, baina agian badago giro eta moldaketa mailan halako zerbait. Nahiz eta rock disko bat den, beti gustatzen zait lurrin berezi bat ematea kantuei, eta agian horrek ematen dio ukitu psikodeliko bat.

Zure musikaz hitz egitean, askotan aipatu izan da folkaren edo tradizioaren oihartzun bat duela. Sumatzen duzu halakorik disko honetan?
Pixka bat gutxiago. Egia da ni hasi nintzela kantautore moduan, eta horrela argitaratu nituen lauzpabost disko. Baina garai berean grabatu nituen Do proiektuarekin disko elektronikoak, Belardian taldearekin rockera bideratutako beste bat [Pobre gara]… Baina bai, hasiera hartan nabarmenagoa zen folk ukitu hori. Agian ahotsaren tratamenduagatik. Azken diskoan, berriz, pixka bat aldatu dut ahotsa, edo ezberdin abestu dut. Eta uste dut folk traza hori desagertu dela ahotsetik. Ni beti izan naiz oso popzalea, eta irudipena dut horra gerturatu naizela. Melodia beti dago nire kantuetan, eta baita abesteko moduan ere.

Ez da lehenengo aldia, baina hau disko politiko bat da. Lucio eta Durutti” lehen kantua da adibiderik agerikoena, Lucio Urtubia eta Duruttiz gain, Pasaiako segada eta Kaxilda Hernaez ere aipatzen baitituzu. Memoria ariketa gisa ikusten duzu diskoa?
Lucio Urtubiaren jarraitzaile sutsua naiz! Hari buruzko dokumentala ikusi nuenean liluratu ninduen, eta oraindik ere ikaragarria iruditzen zait egin zuena. Eta filosofia anarkista horrekin, bizitzarako filosofia bezala, nahiko identifikatuta sentitzen naiz. Askatasuna ere bizi-filosofia bat da. Adin batera iritsi naiz, eta guztiz kendu nahiko nituzke mendekotasun horiek guztiak. Eta gero badu bitxikeria bat kantu horrek. Hasieran kantuari hartu nion Durutti Column taldearen kutsu bat, eta pentsatu nuen lotura polita zela kanturako. Gero joan ziren sartzen Pasaiako segada, Kaxilda… azken batean, askatasunaren aldeko aldarria da.

Nacho Vegasek dio askatasunari buruzkoa dela diskoa, “nahitaez” inperfektua izan behar duen askatasunari buruzkoa. 
Noski. Ni saiatzen naiz, bizi filosofia bezala, gero eta gehiago errespetatzen eta zaintzen ingurukoa. Uste dut horretan datzala bizitza. Ahalik eta kalte gutxien egin behar diogu elkarri eta ahalik eta gehien lagundu.

Aspaldiko partez, zuk idatzi dituzu diskoko kantu pare baten hitzak, eta gainerakoak lagunek egin dizkizute, baina zuk gaia emanda. Orain arte lan egin duzun modutik aldendu zara ezta?
“Lucio…” eta “Zu al zara?” nik idatzitakoak dira. Badira Xabier Gantzarainen pare bat testu, Berria-n argitaratutakoak, beste pare bat Beñardo Goietxerenak, Dani Irazokirenak, Edu Zelaietarenak… Mikel Tabernarekin lan egin izan dudanean poemak eskatu dizkiot, eta ni egokitu naiz poema horietara. Oraingoan, ordea, alderantziz izan da prozesua. Musikak erdi-eginak zeudela pasatu dizkiet, eta baita gaiak ere. Hori lehenengo aldiz egin dut. Nik neuk nahi nituen letra gehiago egin, baina ohartu nintzen denboraz justu ibiliko nintzela.

“Filosofia anarkistarekin, bizitzarako filosofia bezala, nahiko identifikatuta sentitzen naiz. Askatasuna ere bizi-filosofia bat da”

Lehen beti esaten zenuen kostatzen zitzaizula letrak egitea. Erosoago zabiltza orain?
Bai, hala izan da. Oraingoan bi egin ditut, eta alabari beste bat egin nahi izan diot. Egin diot, baina agian zen gutxien funtzionatzen zuena, eta diskotik kanpo utzi genuen. Baina Onddo-ren garaitik ez nuen hitzik egiten! Eta pozik nago. Eroso sentitu naiz; ez letra egiterakoan, baina bai kantatzerakoan. Ni ez naiz poeta, eta kaleko hizkerarekin idazten dudanez, eroso sentitu naiz. Gainera, uste dut idatzi ditudan kantu horiek hori eskatzen zutela. Nik egin behar nituen letrak eta silabak aukeratu, kantuek beraiek bazutelako erritmo bat. Erran didate gainditu dudala! Egia erran, uste nuen gehiago kostatuko zitzaidala, eta gustura gelditu naiz. Aurrera begira, eta denbora badut, segituko dut horretan, gustatu zaidalako sentsazioa.

Kantu asko gelditu zaizkizu diskotik kanpo?
Bada, alabari idatzitako hori; besterik ez.

Onddoren garaitik gaur egunera hamaika bidetan ibili zara. Inprobisazioaren alorrean Do-rekin, orkestra-gizon Oso Bandarekin, blues zikina egiten On Benito-rekin, baina baita kantuari oso lotuta ere bakarkako bidean. Alderdi horretan bilakaera handia sumatzen duzu zure kantu sormen lanean?
Bai, izugarria izan da. Euria ari du-n aldaketatxo bat sumatzen zen; “Batzuek ixo” kantuan rock traza batzuk antzematen ziren. Baina Atom Rhumban sartzean talde baten parte sentitu nintzen, eta horrek, gehiegi konturatu gabe, txipa aldarazi zidan. Eta nire kantuak ere talde baterako egiten hasi nintzen, ikuspuntu horretatik. Lagunak-en lehenengo diskoa hasi nintzen lantzen Atom Rhumban sartu eta bi urtetara, eta uste dut nire burua hor dagoela hor. Tarteka ateratzen zaizkit bestelako melodia batzuk, eta hor daude gordeta karpetan, baina ez ditut gehiegi sentitzen. Gainera, aldendu nahi dut kantatzeko modu horretatik. Garai hartan entzuten nituen kantariak, Mark Kozelek edota Will Oldham, gustatzen zaizkit oraindik, baina ez dut nire burua guztiz eroso sentitzen hor.

Eta zer entzuten duzu gaur egun?
Denetarik entzuten jarraitzen dut. Disko hau prestatu bitartean asko entzun dut King Gizzard, eta aurten asko entzun dut Josh Abrahams. Chicagoko musikari bat, musika instrumentala egiten duena. Proposamen errepikakor eta minimalista horiek gustatzen zaizkit. Baina gero Kurt Vile entzuten hasi eta bizia ematen dit! Eta gitarristak beti daude inguruan; azken urtean asko entzun dut Bill Orcutten lana. Oso pertsonala da, baina baita oso esperimentala ere. Eta eragin dit, adibidez, Bas(h)oanen. Askotan esaten diot neure buruari gutxiago entzun behar dudala! Orokorrean, musika esperimentala entzuten dut, baina bestelako proposamenak ere gustatzen zaizkit: Lowren azken diskoa, Kurt Vile bera, Tropical Fuck Storm..

Beti nabarmentzen da zure gitarrista alderdia. Baina kantu egilea eta abeslaria ere bazara. Ordena batean jarri beharko bazenitu?
Gitarrista naiz beste ezeren gainetik, eta musika entzuten dudanean arreta gitarrara joaten zait lehendabizi. Sokaren soinuak beti mugitzen dit zerbait barruan. Gitarrista naiz, eta gitarrista moduan egin dut lanbidea. Zentzu horretan, gozatzen dut errepertorioak lantzen, eta denbora handia eskaintzen diot gitarrari, beste batzuentzat lan egin arren, saiatzen naizelako nire ukitua ere ematen. Ahotsari, berriz, oso gutxi eskaintzen diot! Baina Bas(h)oan proiektuan Beñat eta Julen Axiarirekin lan eginda, ikusi dut zer nolako lana egin duten ahotsarekin. Julenek bateria ikasketak egin ditu, baina ahotsari ere eman dio denbora bat. Nik ez. Eta uste dut gehiago landu beharko nukeela. Gero eta hobeto abesten dudala uste dut, baina ez dut ahotsa zaintzen. Eta kantariek asko zaintzen dute ahotsa. Konposizioa, berriz, gustatzen zait, eta dibertigarria egiten zait, baina denbora eskatzen dit. Azkenean, dena lana da, eta nik, batez ere, gitarrari eman diot denbora. Gainera, proiektu honek [Joseba Irazoki eta Lagunak] arrakastatsua balitz agian beste modu batean ikusiko nuke, baina ez da, eta ondorioz, beste batzuekin lan egin behar dut gitarrista moduan.

Arrakasta ez, baina kritikaren eta beste musikari batzuen onespena lortu duzu denborarekin. Horrek zer eragiten dizu?
Nik sumatu dut oihartzun bat. Nire ingurukoek eta adinekoek ezagutzen ninduten lehen, baina ez dut jarraitzaile askorik izan. Agian da ez delako bereziki komertziala edo ez diodalako % 100 eskaini nire proiektuari, baina egia da azkeneko urteetan hurbildu zaidala jende gehiago. Zuzeneko asko eman ditut, eta esango nuke hor kasu handiagoa sentitu dudala diskoekin baino. Sentitzen dut jende gazteak ere ondo hartzen nauela. Gaur egun nire kontzertuetara ez da jende anitz etortzen, baina lehen baino gehiago bai. Nahiko nuke beti 500 lagunen aurrean jo, baina badakit hori ez dela gaur egun posible. Daukadanarekin gustura, eta gehiago etortzen badira, ba gusturago!

“Gero eta hobeto abesten dudala uste dut, baina ez dut ahotsa zaintzen. Gehiago landu beharko nuke”

Orain Nacho Vegasekin ari zara zuzenean, Atom Rhumbarekin jotzeari utzi behar izan diozu, eta Bas(h)oanekin saio batzuk ere egiten dituzue oraindik. Laster hasiko zara Lagunekin ere… Zailtasun handiak dituzu agendak bateratzeko?
Bai, ez da erraza. Datorren urtean Nachorekin arituko naiz… Oraindik ez dakit zenbat kontzertu izango diren, baina prest egon behar dut. Eta nahiko nuke disko berria ere zuzenean aurkeztu… momentuz ondo, jendea hasi zaidalako deitzen. Baina zaila da agenda koadratzea, ekonomiak ere garrantzia duelako. Hau niretzat lana da, eta hori beti izan behar dut kontuan.

Atom Rhumba uztea pena bat izango zen zuretzat…
Bai, erabatekoa. Badakit beraientzat ere faena bat izan dela, baina une horretan ogiaren alde egin behar izan dut. Oso zaila egin zait. Lehendabiziko kolpea gogorra izan zen, nahiz eta gero modu zibilizatuan adostu genuen. Eta nahiko nuke itzuli, oso ondo pasatzen dudalako taldearekin. Oso eroso, familia baten parte bezala.

Nacho Vegasek eragin dizu?
Hitzak egitean bai, kaleko hizkera hori lantzeko moduan. Euskal Herrian joera handia izan dugu poesia musikatzekoa, eta beste leku batzuetan ez da halakorik gertatu. Asko jo dugu idazleengana. Eta Nacho oso idazle ona da, baina badaki kaleko hizkuntza erabiltzen. Horrek egin dit klik bat barruan. Hori ikasi dut. Eta musikalki ere ikasi dut, ikusten dudalako baduela konposatzeko modu ezberdina.

Zuk rockera jo duzu, badirudienean rockak ez duela interes handirik pizten jende gaztearen artean. Zuk nabaritu duzu paradigma aldaketa hori?
Egia erran, ez dut planteatu hori. Ni gustura nago rock soinu horrekin, eta ni nabilen zirkuituetan rocka bizirik dago, oso bizirik. Nik sumatzen dut disko honek euskal zirkuituan funtzionatu dezakeela. Rocka ez dago hilda.

KONTZERTUAK 

  • Abenduak 30: Iruñeko Baluarte (Santaspascuas jaialdia)
  • Urtarrilak 4: Oñatiko gaztetxea
  • Urtarrilak 17: Donostiako Dabadaba aretoa
  • Otsailak 21: Bilboko Kafe Antzokia (Kutxa Beltza)
ETIKETAK:Atom RhumbaBas(h)oanBeñardo GoietxeBeñat AxiariBidehutsBorrokanDani IrazokiEdu ZelaietaFelix BuffIbai GogortzaJaime NietoJoseba IrazokiJoseba Irazoki eta lagunakJulen AxiariLucio UrtubiaMikel TabernaNacho VegasOnddoWillis DrummondXabier Gantzarain