2025.03.12
Ilunpetatik atera da Ane Segurola (Irun, Gipuzkoa, 1996); ez alferrik, Saguxar du izen artistikoa. Etxeko logelan aritu da lanean denbora luzez, eta emaitza izan da Sei mila urte diskoa, bere eskuz ondua, grabatua eta plazaratua. Iazko diskorik nabarmenenetakoa, berritzaileneetakoa, nahiz eta ilunpe samarrean igaro den orain artean. Ari da argia ikusten dream-pop eta ambient doinuak dakartzan lana, ordea. Bihar Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du diskoa (21:30eatik aurrera), Verde Prato-ren aurretik. Martxoaren 29an, aldiz, Donostiako Dabadaban ariko da, Joe Crepúsculo eta Marcelo Crimininalen aurretik, aretoaren 11. urteurren festan.
Goiz argitsua da, eta Hendaiako Lanetik Egina Musika Eskolan lortu berri duen entsegu lekuan hartu gaitu Segurolak, bere trasteez inguraturik, leun eta abegikor.
Bideoa: BERRIAko ikus-entzunezkoen taldea.
Hendaiako musika eskolan gaude; gaur arte ez duzu izan entseatzeko lekurik ere. Hemendik aurrera hau izango duzu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Niretzat oso garrantzitsua da entsegutoki bat aurkitzea. Eta asko kostatu zait. Irunen behintzat ez dut topatu. Azkenean orain aurkitu dut Hendaian, Lanetik Egina musika eskolan, eta oso pozik nago. Orain artean nire etxean entseatzen nuen. Eta etxean ezin da ondo entseatu. Beti baxu entseatu behar duzu, kaskoak jarrita. Hasi nintzenean konzertuak egiten, konturatu nintzen gauza guztiak ezberdinak direla. Altuan kantatzea eta hori dena, eta nik ez dut horretan inolako esperientziarik. Beraz, toki baten bila nenbilen, indartsu entseatzeko.
Zergatik zailtasun horiek Irunen entsegu lokal bat topatzeko; garesti daude?
Irunen lokal guztiak beteta daudelako. Nire kasuan, hitz egin dut jendearekin, eta nituen baliabideekin ezinezkoa izan zait, dena beteta baitago.
Hala ere, gaur egungo joeratan badago norbere etxean entseatzea, dena etxetik egitea. Eta ez entseatzea soilik, dena bertan egitea ere bai. Erosotasuna eta erraztasuna ematen du. Baina honelako leku bat izatea, bere ekipamenduarekin, eta inguruan jendea izatea, garrantzitsua da zuretzat?
Orain arte, nire etxean egiten dut musika guztia, bakarrik. Eta hori ere gustatzen zait. Nire ordenagailuarekin ibiltzea. Saltseatzea, ikastea eta musika egitea. Baina orain diskoa atera dut eta zuzenekoak prestatu behar ditut, eta honelako tokiek errazten dituzte gauzak.
Eta komunitatea izatea ere eskertzen da. Ez egotea zu bakarrik etxean. Zenbait gauza jende artean egin behar da, baita jende artean entseatu ere. Jende artean egotea ere sentitu egin behar da.
Orain diskoa atera duzu, baina orain artean zein harreman izan duzu musikarekin? Haurra zinela nola harremandu zinen musikarekin?
Nire bizitzan beti egon da musika, oso txikitatik izan dut harremana musikarekin. Irungo Musika Kontserbatorioan izan nintzen ikasten, baina beste jende askok bezala utzi egin nuen, ze tira, umetan ez nuen inolako fundamenturik; biolina jotzen nuen, baina etxean ez nuen entseatzen, eta gero errietak eta jasotzen nituen, eta tira, utzi egin nuen, eta urte batzuetara damutu egin nintzen, berriro piztu baizitzaidan musikaren zera hori, pasioa eta interesa. Orduan sartu nintzen Irungo Eskola Music-en, eta baxua jotzen hasi nintzen; hura ere utzi egin nuen. Gero gitarrarekin hasi nintzen, eta gitarra akustiko bat ere erosi nuen, eta hasi nintzen neure kabuz akordeak-eta ikasten. Denbora-pasa bat zen, hobby bat, eta aldian behin jotzen nuen. Mugarria izan zen pandemia baino lehenxeago gitarra elektrikoa erostea eta hasi nintzen pedalen munduan arakatzen, oso aberasgarria izan zen. Musika mota asko entzuten nuen, baina batez ere orduan hasi nintzen dream-popa, shoegazea eta hori dena entzuten. Hasi nintzen pedalak erosten wallapopen. Gainera, gogoratzen naiz une horretan lan oso egokia nuela, ordu asko pasatzen nituen ezer egin gabe, eta beti nengoen sakelakoan pedalak begiratzen, preziorik merkeenean. Geroztik ibil naiz saltseatzen, efektuak probatzen, soinuak bilatzen. Hortik deskargatu nuen ordenagailutik programa bat eta pixkanaka musika egiten ere hasi nintzen.
Musika eskolarena aipatu duzu. Hasi eta utzi, musikari askori gertatu izan zaiena. Halare, horrek zerbait eman dizu gerora? Utzi dizu zerbait?
Bai, bai, hori nabaritzen da pilo bat. Nik utzi nuen Kontserbatorioa nahiko gaztea nintzela. Eta igual zuk uste duzu ez duzula ezer ikasi, baina ez da egia. Gero hasi nintzenean abestiak egiten, asko eskertu nuen solfeoko oinarri hori izatea. Nik ez dakit musikaz pilo bat., baina badut ezagutza hori errazten duena asko gauzak egin ahal izatea, konposatzerako orduan, batez ere.
Bestalde, Irun beti izan da musika mugimendu dezentekoa izan duena, Mosku auzoan eta inguruetan, 80ko hamarkadatik aurrera, Kortatu, Negu Gorriak, Lisabö eta abarrak. Zu beste belaunaldi batekoa zara. Urrun gelditzen zaizu hori guztia? Jaso duzu zerbait?
Bai, zerbait iritsi zait, nire musika beste rollo batekoa izanagatik. Nik neuk ere izan nuen fase bat Kortatu eta Negu Gorriak eta hori guztia asko entzuten nuela. Eta Moskun asko ibili izan naiz. Egia da gero kanpora joan nintzela ikastera, Bartzelonara, eta pixka bat deskonektatu nuen Irungo girotik. Beste interes batzuk piztu zitzaizkidan, eta beste giro batzuetan mugitu izan naiz. Baina, bai, azkenean, Irunen bizi izan naiz beti eta horrelako eraginak ere jaso ditut.
“[pandemian] Hasi nintzen pedalak erosten wallapopen, eta saltseatzen, eta pixkana musika sortzenhasi nintzen, diskoa egin dudan arte”
Noiz bihurtu zen Ane Saguxar?
Noiz pentsatu nuen izena edo noiz hasi nintzen egiten musika Saguxar modura?
Izen artistiko hori noiz datorkizu burura?
Identifikatuta sentitzen naiz saguzarraren figurarekin, baina lehenengo diskoa egin nuen eta gero okurritu zitzaidan izen artistiko hori. Diskoak bazuen izena, kantu guztiek bazuten izena, eta neuk ez ez neukan izen artistikorik artean. Ez nekien zer izen erabili. Buelta asko eman diot izenari. Gauza asko gururatzen zitzaizkidan, baina inoiz ez nintzen erabat identifikatuta sentitzen. Eta azkenean… Saguxar azaldu zen.
Zergatik konbentzitu zintuen?
Badaude hainbat faktore. Alde batetik sentitzen naiz nahiko identifikatua saguzarraren irudiarekin. Orain harte behintzat pixka bat ilunetan egon naiz, nire etxean lanean, nire gauzak egiten. Inori ere ezer erakutsi gabe. Gainera, saguzarrak soinuaren bitartez gidatzen dira, eta guztiaz aparte, nire lagunek beti deitu izan didate Sagu. Hori da nire lagunen artean dudan ezizena. Pentsatu nuen azken batean sagu izaten jarraitzea, baina zerbait falta zitzaion. Eta pentsatu nuen saguxar izan zitekeela. Zahar hori gehituta heldutasun pixka bat gehitzen diola. Ez dakit, xarma pixka bat ikusi nion hitzari berari.
Zure musikak gauarekin konplizitate handiagoa dauka egunarekin baino?
Bai, agian bai. Jende askok esan dit, adibidez, gauean entzuteko nire musika oso egokia dela, oso lasaia delako. Musika egiten dudanean nire prozesua izaten da irudimenean ikusten ditudan gauzak soinuen bitartez errepresentatzen saiatzea. Orduan, nik uste dut, nire buruan ikusten ditudan irudi asko gauez ikusten ditudala.
Sehaska kantu garaikideak izan daitezke…
[irribarrez] Bai, jende askok esaten dit hori. Eta dream-popa hori ere bada. Nik nire buruan imaginatzen ditudan gauzak eta eszenarioak gau-girokoak dira. Niri gustatzen zait asko fantasia, adibidez, zientzia fiktzioa. Eta horrelako paisaiak, ametsetan ikusten dituzun bezalakoak, paisaia onirikoak. Nire musika oso lotuta dago ametsekin, irudi mota horiekin, bai.
Bitxikeria bat. Mursego ezagutzen duzu?
Ezagutzen dut, bai. eta uste dut Mursego izenak ere saguzar esan nahi duela portugesez; lagun batek esan zidan, nik ez nekien.
Âtsedenaldia hartu, batzuk kafetara jo, eta Saguxarrek probestu du pare bat kantu entseatzeko: Magma geldo hoztu da eta Behin.
Zergatik ez zenien etxekoei esan disko bat egin eta grabatu zenuela zueure kabuz eta etxeaan?
Ez etxean ezta etxetik kanpo ere ez nuen kontatu, lotsa ematen zidalako, niretzat ia pausu handia zen musika plataformetara igotzea eta instagram kontuan berri ematea. Inori ez nion esan disko bat egiten ari nintzela, bakarrik Marta Carmonarekin (azala egin zuen artista) partekatu nuen. Niretzat sortutako musika oso pertsonala zen eta nahiko isilkorra naiz, horregatik kanpoko mundura eramatea poliki-poliki eta promo askorik gabe egin dudan prozesu bat da. Kostatu egin zait eta kostatzen zait oraindik mundura irekitzea.
“Nik neuk ere izan nuen fase bat Kortatu eta Negu Gorriak eta hori guztia asko entzuten nuela. Eta Moskun asko ibili izan naiz. Egia da gero nik kanpora ikastera joan nintzela, Bartzelonara eta pixka bat deskonektatu nuen Irungo girotik. Beste interes batzuk piztu zitzaizkidan eta bestegiro batzuetan mugitu izan naiz”
Diskoa Agerkunde bat instrumentalarekin edo intro modukoarekin hasten da. Eta zurea ere misteriozko agerkunde moduko bat izan da. Eta bigarren kantua, Behin, oker ez banaiz lehenengoaren segida bat da, nota berdinekin edo antzeko tonuarekin hasten duzu. Zergatik lotura hori, eta bestetik, misterioa aipatu dugunez: Zuretzat musika misterioa ere bada?
Lehenengo galdera erantzunez. Agerkunde bat eta Behin dira kantu bakar bat. Gainera, disko honetan dagoen kanturik zaharrena da, lehena egin nuena. Lagun batek utzi zidan Mikrokorg sintetizadore bat, pandemian konfinatuta nengoela hasi nintzen harekin saltseatzen. Sortu nuen kantu hau. Niretzat kantu bakarra da berez, baina azkenean erabaki nuen diskoan bi zatitan banatzea. Justu mozten da erritmoa igotzen denean eta hori jada da Behin, baina niretzat kantu oso bat da.
Bestea, misterioarena…
Bai, musikak niretzat misterioarekin lotura oso indartsua du. Musikak, era batean edo bestean, erantzunak eman ez dakit, baina ukitzen ditu igual beste lengoaia edo pentsamendu batzuk ukitu ezin dituzten gauza batzuk. Akaso ezin ditugu ondo ulertu, baina abesti bat entzuten duzunean ulertzen duzu. Eta ez dakigu ondo zer den. Baina misterioarekin lotuta dator, ezta?
Agerkunde moduko bat izan da zurea ere; dena egin duzu zure kabuz eta bakarka, gainera zer eta dream-popa eta euskaraz, eta ambienta ere bai. Nondik erreferenteak?
Nire erreferenteak asko dira. Gehien entzuten dudan musika beste hizkuntzatan entzuten dut, inglesez, batez ere. Denetarik entzuten dut, noski. Baina adibidez asko gustatzen zait niri dream-popa, ambienta, elektronikoa eta horrelakoak. Eta asko gustatzen zait, adibidez, dream poparen arloan Cocteau Twins eta halakoak. Eta baita, ildo horretako popa… Beti aipatzen dut erreferentzia handi gisa Enya adibidez. Ze… Enya izan da erreferente handiena zentzu askotan, baita horrelako soinuetan ere. Niri asko gustatzen zait reverb-a, bai instrumentuetan eta baita ahotsean ere. Hark sortzen duen giro etereo hori imitatzen saiatu nintzen. Esan dut, ambienta asko gustatzen zait. Eta batez ere ehundura txikiak abestietan sartzen direnean, soinu bereziak… Soinu bereziak bilatzea eta hori dena. Eta bueno, azkenean nire musika sortu dut bide horretatik. Niretzat reverb-a da gauzarik garrantzitsuena. Ez dut nire burua irudikatzen reverb pilo bat jarri gabe. Eta hori, lehen aipatu dugun ametsen munduarekin lotuta ikusten dut. Hasi nintzen nire musika egiten, hasieran nik egin nuen guztia instrumentala zen. Geroago ausartu nintzen abestera.
Eta euskaraz.
Abesterako orduan, niretzat ez dakit errazagoa, baina egokiena sentitu nuen euskaraz egitea. Nik ez dut horrelako musika asko entzun euskaraz. Baina, niretzat, gainera, musika mota honekin oso ondo ezkontzen da euskararen soinua. Asko gustatzen zait. Saiatu nintzen gazteleraz ere kantatzen. Idatzi ditut letra batzuk gaztelaniaz ere, baina niretzat ez zen hain polita, ez zen hain ondo nahasten musikarekin. Eta pentsatzen dut zergatik ez ote den egin musika hau eskaraz, oso ondo gelditzen da eta.
Ahotsa, hain zuzen ere, musikaren atmosfera horretan txertatzena duzu. Asko nabarmendu gabe, atmosferaren beste parte bat da.
Niretzat ahotsa beste instrumentu bat gehiago da, beste elementu bat. Nire musikan ahotsa ez da protagonista. Beste geruza bat da. Agian entzundako musikaren eraginez da hori, baina baita hasieran abesteak lotsa ematen zidalako ere: gauzak esateak lotsa ematen zidan, jendeak esaten ari nintzena ulertzeak lotsa ematen zidan, eta horregatik hasi nintzen horrela abesten, oso leun, suabe eta reverb-arekin.
Eta, pixkanaka, joan zara askeago kantatzen…
Gero baditut beste kanta batzuk ere, eta horietan beste era batera hasi naiz abesten, ausartu naiz pixka bat ozen ago abesten. Baina bai, orain dela gutxi arte ez nuen abesten. Tira, abesten nuen… mundu guztiak bezala, baina ez nuen inoiz pentsatu abestea. Berez gustatzen zaidana da musika sortzea, ekoiztea eta jotzea. Abestearen kontua niretzat oso berria da. Saiatzen naiz beti ahotsa leun kokatzen. Niretzat lehen-lena da instrumentala sortzea, beste instrumentuak erabiltzea, eta gero… Gero saiatzen naiz kantu horretan egokitzen den melodia bat ahotsarekin egiten, eta harmoniak eta horrela. Baina niretzat ahotsa beste instrumentu bat gehiago da.
Atmosfera da oso garantzitsua zure musikan. Gero jartzen dituzu elementuak. Eta hitzak ere bai, zeuk idatziak. Xumeak eta iradokitzaileak. Adibidez Behin kantuan: “Denbora bidaiariak esan dit ozenki hitzen artean mingarriena. Nora joan zaigu denbora”. Bihar eta Herenegun izeneko kantuak ere badituzu. Denboraren kontzeptuak pisu poetiko handia du zugan?
Hau nahi gabe egiten dut, baina konturatzen naiz asko aipatzen dudala denbora, edo nolabait asko islatzen dudala, nire musikan oso presente dago, modu askotan. Musikaren erritmoak, atmosferak berak, sentitzen dut denboraren kontzeptua aldatzen dutela, edo deformatzen dutela, eta hori interesgarria izan da beti niretzat.
“Musika egiteak asko lagundu dit, ez mina ezabatzen, baina bai nire minarekin bizitzen eta nire mina beste gauza batzuetan transformatzen”
Denboraren kontzeptua. Eta beste bat. Akaso minarena. “Orain min guztia hiltzorian dago. Urria da orain”. Musika bada mina exorzizatzeko modua?
Bai, guztiz. Eta ez bakarrik musika sortzea. Baita musika entzutea ere. Eta musika bizitzea. Hori dena asko lotzen dut minarekin eta minaren erremedioarekin. Mina asko aipatzen dut nire hitzetan. Musika egiteak asko lagundu dit, ez mina ezabatzen, baina bai nire minarekin bizitzen eta nire mina beste gauza batzuetan transformatzen. Musika hori da.
Dream popean edo ambientean euskal musika asko ez, baina beste zerbaitek eragiten dizu edo gustura entzuten duzu?
Nik euskal musika mota askotakoa entzuten dut, baina bereziago iruditzen zaizkidan artistak edo taldeak gehiago entzuten ditut. Adibidez, niretzat asko nabarmentzen da, Verde Prato; euskaraz egiten du musika pixka bat esperimentalagoa dena eta niretzat inspirazio handi bat da, euskaraz ere horrelako gauzak egin daitezkela ikusteko. Oso garrantzitsua da horrelako artistak entzun ahal izatea euskaraz. Ambient musikan , aldiz, Iker Munduateren lana oso interesgarria da. Harekin aritu naiz pare bat aldiz zuzenean.
Zuzenekoak. Nola planteatzen dituzu?
Zuzenekoetan momentuz bilatzen dut ondo egitea, niretzat gauza guztiz berria da, momentuz egin ditut bizpahiru bolo, hori baino lehen ez nuen inoiz zuzenean jo jendearen aurrean, eta abestu ja.., abestea da gehien kostatzen zaidana, ze oso lotsatia naiz, eta oso urduri jartzen naiz, eta nik bilatzen dudana nire zuzenekoetan pixkanaka kokatzen joatea eta disfrutatzea.