2021.09.21
Joseba Irazokik (Bera, Nafarroa, 1974) bere banda lagun duela hirugarren diskoa kaleratu berri du, III (Bidehuts). Kaleratu bezain laster aurkezpen birari ekin dio, Oñatiko San Martin auzoko jaietan izan da lehenengo saioa. “Zu al zara? diskoaren lehen aurkezpen kontzertua ere Oñatin izan zen, baita Rüdigerrekin egin genuen lehen emanaldia ere. Oñati toki ona iruditzen zait estreinatzako”, aipatu du barrezka kontzertuaren aurretik, soinu probek tarte libre bat utzi diotenean, disko berriaz hitz egiteko izan dugun ellkarrizketan.
Proiektu pila batean ari zara zu zeu, Joseba, eta baita zure taldekideak ere. Nolakoa izan da diskoarem sormen prozesua zentzu horretan?
Disko honi pandemia hasieran ekin nion. Ordurako Zu al zara? diskoaren bira amaitua genuen, Felix Buffek Willis Drummondi eskaini behar zion denbora, eta beraz Joseba Irazoki eta Lagunak proiektua geldi genuen. Dena den, ni beti ari naiz zerbait sortzen, inprobisatzen, eta gustuko ditudan ideiak, riff-ak, melodiak grabatzen. Beraz, banuen karpeta bat ideia batzuekin eta hori berrikusten hasi nintzen. Hala, konfinamentuko lehen hilabetean kantuei forma ematen hasi nintzen eta aspaldiko partez maketatzen; aldi berean, taldekideak abisatu nituen lanean ari nintzela jakin zezaten. Gero, iazko udan, uztaila aldera lokalean gelditzen hasi ginen, hilean behin elkartzen ginen eta nire maketa haiek talde formatuan landu genituen. Inoiz ez bezala landu genituen abestiak lokalean.
Grabaketa hiru lekutan egin duzue: zure etxean eta Atala eta Shorebreaker estudioetan.
Bai, hala da. Urtarrilean erabaki genuen grabatzen hastea eta otsailean sartu ginen grabatzera. Berako Atala estudioetan hasi ginen, Iñigo Irazokirekin, eta bertan grabatu genituen oinarriak. Pandemiaren ondorioz kontzertu gutxi eta elkartzeko egoera zaila zela ikusirik lasai hartzea erabaki nuen, eta kantak lantzeko inoizko denbora gehien hartu nuen bezala, grabaketarekin ere berdin egitea erabaki nuen. Horrela, Atalako lehen grabaketa haiek etxera eraman nituen eta bertan moldaketak gehitzen hasi nintzen, gitarra zein sintetizadoreekin. Etxean halako gauzak egiteko nahiko estudio txukuna daukat; beraz, hori aprobetxatu eta etxean egiten nuen lana Johannes Buffi bidaltzen nion, eta bera nire ekarpenak abestietan txertatzen joan zen. Gero, azken aurreko pauso bezala, ni joan nintzen Johaness Buffen Shorebreaker estudioetara ahotsak grabatzera, eta azkenik, bertako lagun batek, Pierre Loustunauk, sintetizadore gehiago sartu zizkion. Horrela, ekainean amaitutzat eman genuen diskoa.
Zure proiektua izanagatik ere, nahiko talde egonkorra duzu. Zenbaterainoko forma ematen dio taldeak zure musikari?
Egia da aspaldi ez bezala nire kabuz ibili nintzela abestiak maketatzen, eta besteak beste, baxuak ere probatu nituen. Baina taldearekin elkartzean kide bakoitzak bere pertsonalitatea ematen dio eta kantuak asko hazten dira. Entzuten badituzu hasierako nire maketa haiek eta oraingo kantuak, kriston aldea dago! Eta bai uste dut jadanik lortu dugula gure soinu bereizgarri bat talde gisa, eta behin lokalean sartu ginenean nahiko erraza izan zen kantuei elkarrekin forma ematea.
Aipatu duzun bezala, bandak badu jadanik bere soinua, baina disko hau besteekin alderatuta anbientalagoa-edo iruditzen zait, badu soinu desberdin bat. Horren bila joan zarete?
Nik uste dut hasierako konposizioetatik badagoela soinu desberdin bat disko honetan. Lehenengo diskoak [Joseba Irazoki eta Lagunak, 2014] post-rock soinua zuen; Zu al zara? oso rockeroa zen, eta hau uste dut esperimentalagoa dela. Post-punk asko entzun dut azken aldian, eta uste dut hortik irten zaizkidala abestiak. Gero, taldean elkartzean rock kutsua hartzen dute, baina azkenik, moldaketekin, sintetizadoreekin eta beste, halako kutsu ilunago bat eman diogula iruditzen zait. Azken zati honekin asko disfrutatzen dut, asko gustatzen zait estudioko soinuekin esperimentatzea baina beldurra izaten dut gehiegi kargatuko ez ote dudan. Askotan pentsatu izan dut halako esperimentazio eta gehigarririk gabeko disko bat ateratzea, horrek entsegu lokalean asko lantzea eskatzen du, eta oraingoan dezente egin badugu ere ez da nahikoa. Taldean abestiei gehitutako konponketa asko Johannes eta bion artean ordenatu, txukundu eta kendu ditugu, eta lokaleko lanaren eta nire esperimentatu eta jolasteko gogoaren arteko oreka lortu dugula uste dut.
Baina zuen abestien bereizgarrietako bat zuk gitarrarekin egiten dituzun hamaika jolasak dira. Baduzue oinarri erritmiko oso potente bat, eta gero horren gainean zure sormen guztia ateratzeko aprobetxatzen duzula dirudi.
Bai, askotan badut sentsazioa Felix, Jaime [Nieto] eta Ibairekin [Gogortza] tren batean noala eta aske sentitzen naiz edozer gauza probatzeko. Azkenaldian minimal-rock bezala definitzen diren gauzak ari naiz entzuten, Horse Lords bihurtu da nire talde kuttunetarikoa. Horrela, kantu askok, eta aurreko diskoan ere badaude horrelako abestiak, tonu batean edo aldaketa gutxi dituzte. Horrek askatasuna ematen dizu harmonikoki eta aukera gehiago duzu soinuekin esperimentatzeko.
“Gero eta melodia gutxiago jartzen diot ahotsari, eta ia errezitatzera jo dut. Txantxetan aipatzen dugu ia rapeatzera iritsi naizela disko honetan, pentsa!”
Gero zure ahotsa dago. Zure proiektu pertsonalarekin ekin zenion abesteari. Gero eta erosoago zaude?
Bai, uste dut baietz, eta disko honetan inoiz baino altuago jarri ditut ahotsak. Gero eta melodia gutxiago jartzen diot ahotsari, eta ia errezitatzera jo dut. Txantxetan aipatzen dugu ia rapeatzera iritsi naizela disko honetan, pentsa!
Hitzak ere nahiko ilunak dira. Teknologiarekiko mesfidantza eta kutsu distopiko bat dute.
Bai, guztiz. Hitzak musikak eta inguruneak iradokitzen didatenarekin egiten ditut, eta bizi dugun egoera ez da batere samurra. Iluna eta kezkagarria da, eta hori islatu dut.
Aldi berean, eta beste diskoetan ere bazegoen, badago halako hausnarketa bat arteak gizartean duen posizioaz.
Bai, musikari bezala gizarteko egitura hegemonikoetan ez gara ezer, beraz, ezinbestean musikarioi edo artistoi badagokigu kontrako noranzkoan jardutea edo eragitea. Bestetik, badut obsesio bat nola konportatzen garen familian edota lagun artean eta hori ere islatu dut hitzetan.
Pandemiak gehien kolpatu duen sektoreetako bat musikarena izan bada ere, zuek aurkezpen gira txukuna daukazue.
Bai, pozik gaude. Gira txukuna lotu dugu, katxearekin nagusiki, eta aretoen egoera zein den ikusita, pozik gaude. Egia esan, sektorea oso kolpatua izan da pandemiarengatik. Areto, teknikari eta musikari askok beste lanbide batzuk bilatu behar izan dituzte, edo haien jarduna birplanteatu biziraupen hutserako. Azkar batean ez bazaio egoerari buelta ematen eszenaren sarea oso kolokan egon daiteke eta asko kezkatzen nau horrek. Bestetik, gure diskoak dantzarako aukera ematen duela uste dut, eta espero dut berandu baino lehen kontzertuak zutik egin ahal izango ditugula, gure musika horretarako egina baitago bederen.
DATOZEN KONTZERTUAK