Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2016.03.15

Jon Eskisabel

“Nire bizitzako gau onenak IZ estudioko kabinan igaro ditut”

Elkarrizketa: Angel Katarain
Angel julio 2013 txikia

Angel Gonzalez Katarain (Ordizia, 1961).

Bigarren plano diskretu batean beti, zaila da haren adierazpenik topatzea hemerotekan. Ez ditu elkarrizketak gustuko, ezta jendaurrean hitz egitea ere, eta mahaian eseri orduko aletu ditu horretarako arrazoiak. Norbere bizipenei lotutakoak batzuk, filosofikoak eta ideologikoak besteak. “Elkarrizketa bati baiezkoa eman aurretik ondo jakin behar duzu norekin hitz egingo duzun. Nire esperientzia eta nire familiarena komunikabideekin txarra izan da beti, esandakoaren eta argitaratutakoaren arteko aldea dela medio, eta horren eraginez gaur egun egiazko beldurra diogu edozein hedabiderekin egoteari. Niretzat, manipulazio masiboko hedabideak dira”. Bestetik, “norbait besteen gainetik nabarmentzea den orori arbuio moduko bat diot. Badakit tontakeria bat dela, baina pertsona bati ematen diozun lehentasunezko espazioa da elkarrizketa bat, eta nik neure buruari egiten diodan galdera zera da: zergatik uste dugu sortzaile deitzen ditugun pertsona horien lanak azaldu behar direla komunikabideetan? Besteentzat interesgarriak direlakoan bakarrik? Zergatik merezi dut nik elkarrizketa bat eta etxekoandre edo iturgin batek ez? Gainera, ezin dut jasan inork lezioak ematen ikustea, eta elkarrizketa batean rol horretan sentitzen naiz apur bat”. Arrazoirik “garrantzitsuena”, dena den, bukaerarako utzi du: “Ez dut Hitza, hizki handiz idatzita, gustuko. Uste dut historian zehar bestea nahasteko eta engainatzeko erabili izan dela hizkuntza batez ere; hori baino lehen oso zaila zen gezurretan ibiltzea. Hitzen bidez, informazioaren eta indar basaren tratulari trebe gutxi batzuek munduko komunitate guztiak manipulatu eta mendean hartu dituzte. Gainera, hitzek sekula ez dute lortuko pertsona batek barruan duena transmititzea. Komunikazio bide bat baino ez da eta nik ahalik eta gutxien erabiltzea nahiago dut”.

Hortaz, ez du bere sorkuntza lanak sustatzeko ahaleginik egin inoiz, eta ez du ez kezkarik ez kexarik horregatik. “Nik sortzeko momentuan hartzen dut gozamena, ez promozioa egiten. Begirune handia diet sorkuntzatik bizitzen saiatzen diren artistei, gero eta zailagoa dutela uste dut, batez ere esparru komertzialetatik kanpoko gune alternatiboetan aritzen direnek. Hain gaude berrikuntzez gainezka arlo guztietan, ezen oihartzuna lortzeko gaur egun beharrezkoa da titular eskandalagarrietara, polemikara, glamourrera edota morbora jotzea. Miresten ditut maila desatsegin horretara makurtu gabe itsasoko ur handi horietan nabigatzea lortu duten lagunak, baina nik nahiago dut ontzi txikitxo batean paseoak eman etxetik gertuko lakuetan”. Hala ere, BADOK atariarekin hitz egiteko prest azaldu da. “Nahi izanez gero, elkarrekin bazkaldu dezakegu. Ekar ezazu grabagailua eta hitz egiten dugunarekin osatzen duzu artikulua”, izan zen gure gonbidapenari eman zion ezusteko erantzuna.

Jean Phocas, Cesar Ibarretxe edota Kaki Arkarazo lagun minarekin batera, Euskal Herriko lehen soinu teknikari profesionalen belaunaldikoa da Angel Gonzalez Katarain (Ordizia, 1961). Esan liteke horra iristeko lehen urratsa etxeko sukaldean eman zuela, bere amaren irratia ireki zuen egunean: kondentsadore, erresistentzia eta zirkuitu multzo hura aurkitzeak lilura eragin zion eta Donostian elektronika ikastera eraman zuen. Berehala hasi zen barneratutako ezagutzarekin gitarra anplifikadoreak eraikitzen Kaki Arkarazorentzat. Bien artean erein zuten urte batzuk geroago M-ak taldearen hazia, Angelen lantokia, IZ estudioa, musika sorkuntzarako laborategi gisa erabiliz. Estudio hartan bertan sortu eta grabatu zituen Angelek, merkaturatzeko asmorik gabe, zenbait disko 80ko hamarkadan, gaur egun Interneteko angelkatarain.com web gunean ezagutu eta eskuratu daitezkeenak.

Ibilbide profesionala ordea, diskoak grabatzen eta zuzenekoetan soinua jartzen garatu du Katarainek. IZ estudioan trebatu ondoren, 1995. urtean bere estudioa ireki zuen Azkaraten (Nafarroa), 2o15eko uztailean zendutako Amaia Apaolaza lagun, bikotekide ohi eta bazkidearekin. Handik beste zenbait proiektu jarri zituzten martxan elkarrekin: TX zigilua, Akeita management enpresa —Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, Gose, Esne Beltza eta beste hainbaten kontratazio bulegoa— edota Semillas en el Tiempo-Haziak Denboran egitasmoa. Hori dena hizpide izan dugu solasaldi luze batean.

Angel Katarain en Azotea

Angel Katarain Palestinan. Fermin Muguruzaren ‘Checkpoint Rock’ filmerako soinua hartu zuen 2008an.

Azkarateko estudioa ixteko bidean dagoela entzun dut. Horrela al da?
Estudioa ez dago itxita, hain zuzen pare bat disko grabatzen ari dira egun hauetan [2015eko abenduaren amaiera]. Baina aspaldi dago salgai, modu publikoan ez bada ere. Egia esan, nire tresneria beti dago salgai, tresneria horretarako da: erosi eta saldu, egunean egoteko. Sortzaileak garenok beti nahi dugu aldatu. Baina Amaia hil geroztik badago salgai dagoela dioen afixa bat etxean. Amaiak eta biok argi genuen gutariko bat falta baldin bazen estudioa automatikoki salgai jarriko zela. Horrela egin genuen Amaia gaixotu zenean, 2014an. Orain estudioan sartzeko indarrik ere ez dut, han dago nire bizitzaren erdia…

Horrez gain, bada beste arrazoi bat estudioa saltzeko: badira hamar bat urte ez dudala grabatzen. Gaur egun diskoak nahastu, masterizatu eta zuzeneko soinu teknikari lana baino ez dut egiten. Ez dut inorekin hilabete bat estudioan sartuta pasa nahi. Hainbat urtez hori egin ondoren nekatu egin nintzela uste dut, baina orduan beharrezkoa nuen kredituak ordaintzeko. Orain lagun handiak direnekin bakarrik grabatzen dut, eta zerbait azkarra baldin bada. Luzerako baldin bada beste teknikari bati eskatzen diogu grabatzea eta nik jarraipen orokorra egiten dut. Ez da lehen bezala lan egiten. Orain kontua beste bat da: zuk deitzen badidazu produktu on bat egiteko, nik aholkuak emango dizkizut, orain badakidalako nola egin. Eta produktu on bat ez da egiten pertsona bat hilabetez estudioko kabina batean sartuta edukita. Nahasketak egiteko ordua heltzen denerako buruak leher egin dizu. Aurrekontu handiko diskoetan erreparatzen baduzu, izen asko daudela jabetuko zara. Musika ekoizle batek erabaki du nork zer egin behar duen. Uste dut badirela urte batzuk Euskal Herrian gauzak modu horretan egiten hasi dela: teknikari hau grabaziorako, beste hau nahasketetarako, hura masterizaziorako… Artista bat ikusi eta aztertu ondoren, harekin disko on bat egiten asmatuko duen ekoizlearen figura baloratzea da kontua.

Aurrekontu handiko diskoetan horrela egiten dela aipatu duzu, baina hain zuzen, gurera etorrita, joera alderantzizkoa da: ia dena autoprodukzioa da eta ondorioz, aurrekontuak mugatuak dira.
Bai, baina formula honek balio du aurrekontu txikietarako ere. Adibidez, bateria estudio batean grabatu daiteke, eta gainerakoa (ahotsa, gitarrak…) etxean, grabazio ekipo merke batekin. Eta nahasketak egiteko teknikari profesional bati deitu. Gaur egun taldeek asko pentsatzen dute nola egin diskoak diru askorik gastatu gabe eta lan bakoitzerako pertsona egokiekin. Esaterako, zenbait taldek egiten du kantu bera teknikari bati baino gehiagori bidali eta gustukoen duena aukeratu. Hasi da lan egiten horrela. Grabazio estudioak utzi dio zentzua izateari ekoizpen askotan. Estudio batean sartu eta bertan bi astez bizitzeko kontzeptua gero eta gutxiago erabiltzen da. Normalean, forma berrietara egokitzen jakin ez edo nahi izan ez duten artista helduak izaten dira.

“Grabazio estudioak utzi dio zentzua izateari ekoizpen askotan. Estudioan bi astez bizitzeko kontzeptua gero eta gutxiago erabiltzen da”

Gaur egun nahasketak eta masterizazioak baino ez dituzu egiten, beraz.
Niri batez ere deitzen didate nahasteko, masterizatzeko eta zuzenekoetan soinua jartzeko. Zerbitzu horiek eskaintzen ditut Interneteko pare bat web orritan eta sarearen bidez munduko edozein lekutik aurkitzen nauten eta euren musika bidaltzen didaten taldeentzat lan egiten dut. Ematen du gutxiago eragiten duzula zure herrialdean, baina aldi berean lotuago zaude kanpoarekin. Paypal bidez ordaintzen dizute eta WeTransfer bidez itzultzen diezu abestia. Gero gerta daiteke zure lanarekin zer egiten duten ez jakitea, batzutan oso argitalpen txikiak izaten baitira. Gustatzen zait gauza berriak egitea. Esaterako, talde batzuei etxean estudioa jartzen laguntzen diet edo diskoak denda digitaletara igotzen. Bideoklip batzuk ere egin ditut.

Aurrekontu txikiagoak, aurrerapen teknologikoak, etxeko grabazio estudioen ugaritzea… Horrek denak noraino eragiten du gaur egun argitaratzen diren diskoen soinu kalitatean?
Soinua buruan dago. Teknikari batzuek garrantzia handia ematen diote tresneriari, baina tresneria gizakiaren eskuetan dago. Tresneria erreminta bat da, zure buruan dagoen figura margotzeko behar duzun pintzela da. Gaur egun behar bezala margotzeko beharrezkoa den teknologia oso merkea da, edozeinek eraiki dezake maila oneko estudio bat bere etxean. Horrek ekarri du norberak ekoitzitako milaka disko azaleratzea, eta zaila da garia eta lastoa bereiztea. 80-90eko hamarkadetan diskoetxeetako batzordeek aukeratutako diskoak bakarrik argitaratzen ziren, haiek ona edo komertziala zela erabakitzen zutena baino ez zegoen merkatuan, baina lehen eta orain, nire ustez, ez zaio soinuaren kalitateari horrenbesteko garrantzia eman behar. Garrantzia musikari eman behar zaio. Kantu baten %90 konposizioa da. Kantua ona baldin bada, ez duzu hondatuko ezta 70eko hamarkadako irrati-kasete batekin grabatuta ere. Kantaririk edo teknikaririk txarrenari gailenduko zaio abestia, ona baldin bada. Interpreteak, teknikaria… kantuaren %9 dira, eta gainerako %1 da gailu honekin edo beste harekin grabatzea, analogikoan edo digitalean, mikro honekin edo beste horrekin, areto honetan edo bestean… Horrek azken belusatua ematen dio abestiari, baina kantua ederra baldin bada… Asko eztabaidatzen dut honetaz beste teknikariekin, ohiko eztabaida da, zer den kalitate handiagokoa, analogikoa edo digitala… Uste dut denborak arrazoia ematen didala. Sexua bezala, analogikoa gainbaloratua dago. Oso kantu onak egin ziren aro batekoa izateak mesede egin dio analogikoari, kantu handiek beti baitute soinu ona. Baina teknikariaren ikuspegitik aztertuta, garai hartako hainbat kantu oso gaizki grabatuta daude. Zorionez, jendeak musikari erreparatzen dio, bihotzera iristen zaion edo ez. Kantu bat bihotzera iristen denean, soinu ona du eta kito. Nire iritziz, denboraren iraganari eta garaian garaiko joerei gailentzen zaionean da benetan kantu bat ona.

Baina maiz entzuten da gaur egungo diskoek ez dutela hein dinamikorik, oso bolumen altua dutela eta entzulearengan nekea eragiten dutela. Hemen egiten diren diskoekin ere gertatzen al da?
Horrek zerikusia du mastering prozesuetan emandako aurrerapenekin. Ahalbidetu zuten bolumen gorgarriak lortzea eta gehiegikeriaz erabiltzen hasi zen, itxuraz soinua handitzen dutelako eta komertzialki eraginkorra delako. Kantuek inpaktu handiagoa dute. Baina ez ginen konturatu zerbait magikoa, kasik antzemanezina, galtzen ari zela: teknikariok dinamika deitzen diogu. Mailen arteko kontrastea indartzen duten eta musikari handitasuna ematen dioten espazio ahul eta hutsekiko errespetuan datza dinamika. Soinu sorkuntzaren zati oso inportante bat da —eskulturako espazio hutsarekin parekatu liteke—, eta masterizazio modernoek ez dute behar bezala errespetatu. Denborarekin atzera egin dugu eta gauzak ganoraz egiten hasi gara. Hala ere, oraindik kosta egiten da joera batzuk aldatzea, gaur egun garrantzitsuena zera baita: taberna batean sartzen zarenean, irratia pizten duzunean edo sakelako telefonoan play sakatzen duzunean zure kantua besteak baino ozenago entzutea. Abestia suziri bat bezala irten dadila, bolumena igo behar izan gabe. Oraindik zaila da zenbait artista konbentzitzea hobe dela, kantuak soinu hobea izan dezan, bolumena pixka bat igor behar izatea. Gehienek ez dute momentuan aldea nabaritzen, eta soinu indartsuagoaren aldeko apustua egiten dute. Bapatekotasunaren garaian bizi garenez, normala da haien jarrera. Diskoak musika ekipo egoki batean eta patxadaz entzuten dituen zalea ia desagertu da.

“Sexua bezala, analogikoa gainbaloratua dago. Oso kantu onak egin ziren aro batekoa izateak mesede egin dio, kantu handiek beti baitute soinu ona”

Biniloa maite eta mp3 formatua gutxiesten duten horietakoa zara?
Ez. Esan dizudan bezala, kantuaren %90 konposizioa da. Beraz, ulertuko duzu formatuei garrantzi txikia ematea. Kodetze egoki batekin, mp3a ez da esaten den bezain txarra, 160kbs-tik gora ezinezkoa da kalitate galera antzematea. Aldiz, pena ematen dit jendeak musika baldintza egokietan entzuteko kulturarik ez izateak. Gero eta baldintza okerragoetan entzuten da musika: ordenagailu eramangarrietan, bozgorailu txikiekin… Musika entzuteko ohitura galdu egin da, orain beste zerbait egiten ari zaren bitartean jartzen da musika.

Biniloak, berez, gabezia tekniko ugari ditu. Kalitatea deitzen badiogu mikrofonoaren kapsulan dagoenari, konpaktua askoz gertuago dago biniloa baino. Digitalak, ondo erabiltzen denean, askoz gehiago errespetatzen du mikrofonoaren kapsulan dagoena, baina horrek batzutan ez du zerikusirik edertasunarekin. Biniloak badu soinu-ezaugarri bat, batzuk larruazalean itsatsita daramaguna: disko jogailuarekin deskubritu genuen soinua, deskubritu genuen musika, deskubritu genituen gure gustuak zedarritu zituzten taldeak. Batzuek soinu ebokazio hori kalitatearekin nahasten dute. Soinua ez da hobea, gehiago gozatzen ari zara baizik. Zinta analogikoak, bere muga teknikoak direla eta, soinua leundu egiten du, laztura kendu. Digitalak, alde horretatik, gutxiago laguntzen digu teknikarioi, soinu-hartzea errealagoa eta zakarragoa baita. Eta soinuaren aldetik norabide gehiago hartzea ahalbidetzen badigu ere, delikadezia hori lortzea lan zaila izan daiteke. Horregatik, digitalean grabatu arren audioa zintatik pasatzen dute teknikari askok, lixa azal zimurtsu batean nola.

Nik gaztetan gorrotoa nion biniloaren edo zintaren soinuari. Abesbatza edo orkestra bat grabatu eta ondoren biniloa entzutea baino gauza okerragorik ez zegoen. Lehenik eta behin, ñabardura guztiak estaltzen zituen murmurio haren kontra borrokatu behar zen. Baina biniloa entzutea akabua zen. Ez zuen zerikusirik! 80ko hamarkadan gure borroka nagusia zen grabatutakoak antza izatea bozgorailutik ateratzen zenarekin, normalean indar guztia joaten baitzitzaion zintatik pasa ostean. Asko sufritzen genuen. Esaten zigutenean digitalarekin hori konponduko zela, ez genuen sinisten. Plazera izan zen lehen PCM audio grabagailu haiek hartzea!

Nola hasi zinen IZ estudioan soinu teknikari lanetan?
Fernando Unsainen bidez. Madriletik zetorren, bagage handia zuen, hainbat estudiotan lan egindakoa zen, eta diskoetxe bat sortzeko asmoarekin etorri zen. Kaki Arkarazoren bidez ezagutu ninduen. Garai hartan Iokin eta Iosurekin jotzen zuen Kakik, eta ni nintzen tresneria konpontzen ziena. Egun batean zazpi kanaletako Peavey mahai bat ekarri zidaten; hura zer zen ere ez nekien. Ordura arte altabozetarako bi kanaletako anplifikagailuak baino ez nituen eginda. Transformadorea aldatu eta mahaiak berriz funtzionatzea lortu nuen. Gero hasi nintzen mahaia manipulatzen eta zuzenekoetarako soinu teknikari bat behar zutela esan zidaten. Fernandok soinu ekipo bat zuen, Semprini bat, mahaia bera balbuladuna zen, eta hura erabiltzen ikasteko gogoa izango zuen pertsona baten bila zebilen. Gure lehen estudioa, 8 pistakoa, Lazkaoko etxe batean jarri genuen eta geroago hasi ginen Donostiako estudioan pentsatzen. Fernandok aukeratzen zituen artistak eta nik grabazioak hondatzen nizkion [barreak]. Elkarri jasaten genion… Nik ez nuen irakatsiko zidan inor alboan; guk egiten genuena merkatuko beste diskoekin alderatzea izan zen gure ikasteko modua… Fernandok eman zidan mundu horretan sartzeko aukera. Nik nahi nuen ikasi, ondo pasa eta nire gauzak grabatu.

Angel en IZ 1983

Donostiako Amara auzoko IZ estudioan, 1983. urtean.

Kaki Arkarazo bidelagun izan zenuen lehen urte haietan. Bata bestearentzat eginda zeundetela ematen du.
Iokin eta Iosuren mahaiaren harira, diskoak trukatzen hasi ginen. Gure etxean denetarik entzuten genuen. Aitaren eraginez, Carlos Gardel eta mota guztietako tangoak; Mozart eta klasikoak; baita anai zaharrek ekartzen zuten kantu protesta ere, eta inguru euskaldunetan ondo ikusia ez zen Espainiako musika, guk makarra deitzen genuena… Kakiren eta herriko lagun batzuen bidez ezagutu nituen King Crimson, Laurie Anderson, The Residents… Ez genuen beti bat egiten gustuetan. Kakiri gehiago gustatzen zitzaion gitarrarekin zerikusia zuena, eta niri soinuaren tratamenduarekin zerikusia zuena: Moog teklatuak eta abar. Nire eragin nagusiak Klaus Schultze —ez dakit nola iritsi zen gure etxera Timewind (1975) diskoa baina maitemindu nintzen harekin—, Laurie Anderson, Cocteau Twins eta The Residents dira. The Residents oso erakargarria zitzaidan, gogoan iltzatuta geratu zaidan lelo bat zuelako taldeak: artea egiazkoa izateko anonimoa behar du izan. Ustez garai hartako artista ezagun batzuk elkartu ziren musika elektronikoko talde bat osatzeko, baina ez zituzten aurpegiak erakusten, ez baitzuten nahi horrek taldeari berari itzal egiterik. Azkenean interes handiagoa zegoen nortzuk ziren jakiteko haien musika entzuteko baino. Nire musikak zerbait du haien erritmikatik.

Laurie Andersonek beranduago markatu ninduen. Nik ikusitako kontzerturik onena eta txarrena harenak izan dira. Lehenengoa Valladoliden izan zen eta bizitza osorako arrastoa utzi zidan. Testu, antzerki, zinema eta musika nahasketa bat zen, teknologian oinarrituta zegoen zuzenekoa, baina beste inorengan ikusi ez dudan delikadezia batez erabilita. Bigarren kontzertua performance bezala aurkeztu zuen. Nik ez nekien zer zen performance bat eta lagun asko eraman nituen kontzertura. Abestu ordez, mikrofonoan hizketan eta errezitatzen ari zen emakume bat aurkitu genuen. Engainaturik sentitu nintzen.

M-aken hazia erein zenuten Kakik eta biok, baina berehala erabaki zenuen zeure bidea segitzea konpositore bezala.
M-aken lehen diskoan [MMMM, 1983] antzematen dira eragin horiek, baina bigarren diskoan [Emeak eta arrak, 1986] ikusi nuen Ingalaterran egiten zen rock eta punkari begira jarri zirela. Erabaki genuen Kakik bide hori segitzea eta ni hasi nintzen bakarka nire gauzak egiten. Jarraitu nuen M-akekin lan egiten, diskoak grabatzen, azalak egiten… Gustatzen zitzaidan egiten zutena, ez nik egiten nuena bezainbeste, baina garai hartarako oso rock interesgarria zen. Rock erradikalak bai ez ninduela batere erakartzen. Lan egin nuen Kortaturekin taldearen azken garaian, oso gustura, oso ondo pasatzen nuen, baina musikalki bi muturretan geunden. Beharbada denborak hurbildu gaitu eta Negu Gorriak zein Fermin Muguruzaren diskoetan badira gustatzen zaizkidan gauzak.

“Kakik eta biok gure mundu propioa genuen musika egitean. Uste dut lotsa eta guzti ematen zigula erakusteak, jendeak jartzen zituen aurpegiak ikusita”

Duela gutxi emandako elkarrizketa batean Kakik esaten zuen bi martziano zinetela…
Gure mundu propioa zen, eta elkarrekin egitea gustatzen zitzaigulako egiten genuen musika. Uste dut lotsa eta guzti ematen zigula erakusteak, jendeak hura entzutean jartzen zituen aurpegiak ikusita. Niri ez zitzaidan gustatzen zuzenekoak ematea, oso zaila baitzen buruan irudikatzen nuen bezala ematea musika hori zuzenean, baina Kaki talde bat sortzearen eta bultzatzearen aldekoa zen. Matxinadak izeneko disko bat grabatu genuen, eta behin bakarrik aurkeztu genuen, Tolosan. Oso azpiegitura tekniko berezia prestatu genuen. Aretoa aurrez egokitu genuen, estetikoki —izarez bete genuen— eta teknikoki, 5.1 audioan emititu ahal izateko. Argiztapena, diapositiben zortzi proiektore —musikaren segundo bakoitzerako pentsatutako irudiekin— eta audioa emanaldi hartarako beren-beregi asmatutako sistema automatiko baten bidez kontrolatuta zeuden. Abesti bakoitzaren soinua eta argia txarteletan programatuta zeuden. Hilabeteak eman nituen mangerak, erresistentziak, kondentsadoreak eta triacsak muntatzen Urdaneta kaleko nire tailerrean. Noizean behin Kaki etortzen zen eta sinesgaitza iruditzen zitzaion hura aurrera ateratzea. Nik astakeria haren frame bakoitza buruan izan arren, inork ez zekien zer gertatuko zen egun hartan. Merezi du emanaldi hartarako osatutako musikari taldea gogora ekartzea: Anjel Valdes perkusioan, Josetxo Silguero saxofoian, Amaia Apaolaza teklatuetan, Kaki gitarretan, Juan Antonio Ros baxuan, eta soinu eta argi teknikaririk behar ez zenez —kantuen artean txartel haiek pintxatu besterik ez zen egin behar—, ni neu ere eszenatokian azaldu nintzen tarte txiki batean, jostailuzko teklatu batekin nota bakar bat jotzeko denboraz kontra. Disko bakarra egin genuen, hura bideraezina zen alderdi guztietatik, baina nire bizitzako kontzertua izan zen hura. Gure lagun batzuk eta inor gutxi gehiago etorri ziren.

Oso jende gutxik ezagutzen dituen disko batzuk grabatu zenituen 80ko hamarkadan, ildo esperimental batean: Durangoko Azoka, Al fin, Yoyes, Arrikrutz…
Musika estilo ugari gogoko dudan arren, sortzerakoan ildo esperimental hori ateratzen zait gaur egun ere. Bada oso jende gutxik ezagutzen duen ezaugarri bat nire diskoetan: hirugarren diskora arte, kantu guztiak gau bakar batean eginda daude. Estudioko lan eguna bukatuta, arratseko zortzietan kantu bat grabatzen hasten nintzen. Goizeko hamarretarako amaituta zegoen. Hurrengo gauean nahastu egiten nuen. Nire bizitzako gau onenak IZ estudioko kabinan igaro ditut. Hala ere, badira gau bakar batean egin ditudan diskoak ere, nire arrebari, Yoyesi, eskaini niona kasu.

Hil zuten egun berean grabatu zenuen disko osoa.
Bai. Egun hartan hura gertatu zen baina ni estudiora sartu nintzen, egunero bezala. Gauean argia itzali, pianoan eseri eta ia bulkada batean atera zen musika. Grabatzen joan nintzen… Hurrengo egunean joaldi onenak aukeratu nituen. Ordura arte ez nuen ia inoiz jo pianoa, oraindik ez dakit nola sortu zen hura.

Ez duzu musika heziketa akademikorik?
Batere ez. Estudioan lanean jaso dudana. Baina betidanik oso altu jarri dut langa, zer zaidan baliagarri eta zer ez. Asko errepikatzen nuen, grabatu eta ezabatu, pintxatu —pintxatzea da zatika grabatzea—, eta horrela lortzen nuen kantuak amaitzea. Pintxatu gabeko disko bakarra Yoyesena da. Zoriarekin jokatzea gustatzen zait, kartak airera bota eta ikusi nola erortzen diren. Ferminen Asthmatic Lion Sound Systema horrela egin genuen, oinarrizko ideia batzuk zituen berak baina kolaboratzaileek gauza asko bidaltzen zizkiguten, 200 pistatik gora zeuden. Eta esan nion Fermini: zerbait egin beharra dago, ez baitago hau antolatuko duen amaren seme-alabarik. Piezak nola erortzen ziren ikustera jolastu ginen eta ondoren galbahea pasa genuen. Nik horrela egiten ditut nire diskoak: ez dut abestian pentsatzen, ez dut abestia buruan, nola jariatzen den ikusten dut. Eta egiten ditudan dokumentaletan antzera da: gidoirik gabe lan egiten dut, grabatu egiten dut eta hasten naiz jolasten, gauzak probatzen, eta horrela sortzen da historia. Inportanteena zera da: ona iruditzen zaizunaren langa oso altu jartzea. Musika asko eta askotarikoa entzunez bakarrik lortzen da hori. Langa behean jartzen baduzu, edozein gauza irudituko zaizu ederra edo harrigarria. Zenbat eta gehiago entzun, orduan eta gehiago kostatzen zaizu ezer egitea, baina poza ere handiagoa da lortzen duzunean.

“Ona iruditzen zaizunaren langa oso altu jartzea da inportanteena. Musika asko eta askotarikoa entzunez bakarrik lortzen da hori”

Hitz egin dezagun Amaia Apaolazaz. Nola elkar ezagutu zenuten? 
M-aken garaitik ezagutzen dut. Beasainen JZK izeneko pop talde bat zegoen eta teklatuak jotzen zituen bertan. Juanan Ros eta Pedro Uranga taldekideek aurkeztu zidaten. M-aken kontzertuetara etortzen zen Amaia eta gero eta harreman handiagoa egin genuen. Lauzpabost urtez elkarri igurzteko eskubidea zuten lagunak izan ginen, gero bikote beste bost urtez, eta beste bost urte eman genituen banantzea sufritzen. Eta azken 20 urteotan lagunak izan gara, erabateko konplizitatearekin bion artean. Inoiz izan dudan lagunik onena izan da Amaia.

Lagunak ez ezik, bazkideak izan zineten.
Maitemintze garaia amaitu zenean, nire buruari galdetu nion: Angel, zergatik urruntze zara pertsona horrengandik maila guztietan ondo konpontzen bazarete? Amaia eta biok konturatu ginen lagunak eta bazkideak izan gintezkeela. Saiakera egin genuen eta 20 urtez norberaren proiektu pertsonal eta laboraletan elkarri lagundu diogu. Amaia izan da beti laguntzen zaituen pertsona konplize hori.

Amaiaren proiektu nagusia Akeita management bulegoa izan zen. Ordizian egin zenioten omenaldian ikusi zen arrasto sakona utzi duela, ez bakarrik Amaiarekin lan egin zuten taldeengan, baita musikaren inguruan aritzen den hainbat jenderengan ere. Zergatik izan dela uste duzu?
M-aken kontzertu askotara etortzen zen Amaia, eta sonorizazioetan laguntzen hasi zitzaidan, zailtasun handikoak zirenean errejidore lana egiten zuen. Jarraipen teknikoa egiten zuen. Hortik artistei laguntzera pasa zen, eta manager gisa bere lekutxoa egiten hasi zen. Hemengo artistek beti egiten dute talka managerrekin, eta nik esaten nion ez genuela management enpresa bat egin behar, kudeaketa enpresa bat baizik. Manager hitza ez zitzaidan gustatzen, garai hartan —eta uste dut gaur egun ere hala dela— taldeak bere eremura eramaten saiatzen zelako managerra, modu batean lan egitera bultzatzen zituzten taldeak, leku batean edo bestean jotzeko baldintzak jarriz… alegia, managerrak erabakitzen zuen. Kontrakoa egitea zen giltza: artistari laguntza eta aholkuak ematea, baina artistak erabaki zezala beti. Beharbada beste managerrekiko eta beste lan egiteko modu batzuekiko ezberdintasuna izan da artisten laguntzailea izan dela Amaia. Denek sentitu dute lagun bat zela. Horregatik, taldeko beste kide bat izatea proposatzen zioten, Goseren kasuan bezala. Bere taldeak gauza guztien gainetik defenditzen zituen eta batzuetan galga jarri behar zitzaion, oso izaera handikoa baitzen.

amaia--575x320

Amaia Apaolaza, Katarain estudioan.

Amaia Apaolazaren omenaldian, agurreko mezu ugarien artean, hunkigarrienetako bat Javier Arzuagak bidalitakoa izan zen. Arreta deitu zidan jakiteak hura ezagutzeko Puerto Ricoraino joan zela Amaia, eta geroago jakin dut haren liburu bat argitaratu duzuela, A la medianoche. Nor da Arzuaga eta zer dela eta bera ezagutzeko horren interes handia?
Duela urte batzuk, Kuban geundela, gizon honek idatzitako 170 orri iritsi ziren gure eskuetara, eta berehala ikusi genuen idazle on batena izateaz gain, giza esperientzia ikaragarri bat zegoela idazki hartan. Hunkitu gintuen istorioak, eta hura argitaratzeko egilea aurkitu behar genuela erabaki genuen. Palestinan Fermin Muguruzarekin lanean nengoela, Amaiak deitu zidan: Angel, telefono zenbakia daukat! Ahotsak dar-dar egiten zion. Javierrek onartu zuen Puerto Ricora bisitan joatea, eta han ikusi genuen berak ez zuela testu hura argitaratzeko eta sustatzeko interes berezirik, baina ez zuen gaizki ikusten beste inork egitea.

Kubako Iraultzaren atal ilunenetako bat bizitzea egokitu zitzaion Javierri: frantziskotar kapilau bezala fusilatze horman hiltzen lagundu zien Batistaren 55 jarraitzaileri. Gertakizun horri buruzko informazio gutxi dagoenez espekulazio ugari egin da haren inguruan, Iraultzaren aurkako inguruetan behin eta berriz manipulatu da esanez La Cabaña espetxean exekutatutako Batistaren jarraitzaileak 500dik gora izan zirela. Bapatean, berrogeitaka urte geroago, Oñatiko gizon bat agertzen da, Che Guevara komandantea buru zuela gertakizun hari aurre egin behar izan ziona, eta dena liburu batean idatzita utzi duena, izen-abizenekin. Maisutasun literarioz azaltzen du hiltzera zihoan pertsona bakoitzarekin izandako harremana, bakoitzaren barrenean sartuz.

Batzuek esan zidaten hilda jaiotako liburua zela, Euskadin inork ez zuela argitaratu nahi izango, ideologikoki ez ezkertiar ez eskuindar ez den gizakiaren eremu gris horretatik idatzita dagoelako. Beharbada autobiografia lazgarrien zaleei bakarrik gustatuko zaie, edota ametsak eurak gu hiltzera etor daitezkeela ikusi dugunoi. Ni hunkitu ninduen liburuak, nire bizitzarekin ere zerikusia zuelako nolabait. Liburua sustatzen saiatu ginen, baina argitaletxeen isiltasunak adierazten zuen ez zutela oso argi non kokatu eta nola bultzatu liburua merkatuan. Orduan guk argitaratzea erabaki genuen eta Interneten eros daiteke.

Liburuaren haritik, nazioarteko jaialdietan aurkezten ari den dokumental bat filmatu zenuen.
Bai, kasu honetan Javier Arzuagaren historia ezagutzera eman nahi dut, horren atzean dagoen giza intereseko edukia dela eta. Gaur egun zinema sustatzeko bidea jaialdiak dira, haiek pizten dute publikoarengan beharrezkoa den jakin-mina. Pena da, zinema jaialdiei demokraziei bezala gertatzen baitzaie: merkatuek erabakitzen dute nork agintzen duen eta zer nahiko dugun bihar kontsumitu. Haiek hautatzen dutenaren artean aukeratzeko askatasuna dugu eta hori egite hutsagatik sentitzen gara baliagarriak eta askeak, baina ez gara ohartzen maila handiko zenbat film eta dokumental geratzen diren zirkuituetatik kanpo, merkatuak bazterturik… Saiatu nintzen A la medianoche Donostiako Zinemaldian aurkezten, baina ezinezkoa izan zen. Aurretiaz ohartarazi ninduten oso aukera gutxi zegoela hautatua izateko, baina hala ere bidaltzeko esan zidaten.

Zergatik?
A mailako zinema komertzialeko jaialdia da Zinemaldia: sari ekonomikoak ditu, babesleen laguntzaren menpe dago, aktore eta zuzendari izen handien menpe…  A la medianoche lan poetiko minimalista da, iluna, alternatiboaren mugan dagoena, Amaiak eta Angelek euren diruarekin eta kolaboratzaile on batzuekin egindakoa, baina zinemaren munduan gu ez gara inor Sail Ofizialean eragin dezaketen enpresen babesa lortzeko. Edo beharbada ez genuen asmatu fitxak ondo mugitzen. Dena den, badakigu kanpoan uzteko oso eztabaida interesgarria egon zela hautaketa batzordean. Sartu da ordea, hain komertzialak ez diren beste jaialdi batzuetan, eta dagoeneko nazioarteko hamabi jaialditan hartu du parte.

Azken urteetan ikus-entzunezkoetara bideratu duzu sorkuntza. A la medianoche-z gain, Semillas en el Tiempo-Haziak Denboran proiektuan murgilduta zaude.
Oso egitasmo handia da, handiegia beharbada, ni bezalako pertsona txiki batentzat. Euskal Herritik Kubara eta munduko beste hainbat herrialdetara joan ziren euskaldunen historiak bildu nahi dituen egitasmoa da, haien oroitzapena atera eta liburu, dokumental eta web edukietan jaso. Kubara maiztasunez joaten hasi nintzenean, konturatu nintzen euskal izena duten kale ugari daudela. Gaiaz interesatu nintzen eta han bizi diren lagun euskaldunek bultzatu ninduten kale izenetatik abiatutako dokumental sorta bat egitera, Siete calles de La Habana, inolako asmo komertzialik gabe eta eperik jarri gabe. Horregatik ez dugu eskatzen ez diru laguntzarik ez subentziorik.

Euskal izena duten 28 kale daude Habanan, eta guk zazpi hautatu ditugu, Bilboko Zazpikaleei egindako keinu gisa. Orain arte hiru egin ditugu: Belascoain —euskal pilotarien historia Kuban—, Zulueta —XIX. mende bukaerako esklabotzaren historia Kuban— eta Espada —Kubako independentziaren oinarriak finkatu zituzten Felix Varela eta beste askoren aita intelektuala izan zen Espada apezpikua, baina Kuban nahiko ezezaguna da eta hemen erabat ezezaguna—. Geratzen zaizkigu Ayestaran, Aranguren, Goicuria eta Loynaz. Dokumentalaren arazoa da zerbait erreala kontatu behar dizuten premisatik abiatzen dela, eta horrek manipulatzeko tresna arriskutsu eta eraginkor bihurtzen du. Hortaz, zintzotasunez jokatu nahi badu datuak baieztatzen lan itzela du dokumental egileak, historialari batekin baino gehiagorekin kontrastatu behar ditu datuak, eta hala ere, zuhur jokatu. Gaur egungo albisteak kontatzerakoan akatsak egiten baditugu, pentsa zer izan daitekeen bi mende atzera eginez gero. Nik bospasei aholkulari historikoren laguntza jasotzen dut.

Etorkizunerako asmoak?
Gure aitonak esaten zuen bizitzaren erdia hazten, ikasten, norbere burua aztertzen, informazioa pilatzen… pasa behar dugula, eta beste erdia txikiagotzen eta ikasitako guztia ahazten. Lehen urteetan osatutakoaren esentzia betiko gelditzen da. Ni bigarren aldi horretan sartzen ari naiz. Minimizatzera joko dut, nire alaba Iara zaintzeaz arduratuko naiz, eta lanari dagokionez, lagunik onenekin geldituko naiz. Gero eta gauza gutxiago egingo dut gero eta gogo gehiagorekin. Eta gutxiago gastatuko dut. Kuban ikasi dut zer den oso gutxirekin bizitzea eta jabetu naiz horrela naizela zoriontsuen.

ETIKETAK:AkeitaAmaia ApaolazaAngel KatarainCesar IbarretxeEsne BeltzaFermin MuguruzaFernando UnsainGoseIZJean PhocasKaki ArkarazoKortatuM-akNegu GorriakRuper Ordorika