Elkarrizketa

Fred Berruet

2022.05.02

Fred Berruet

“Nik erran nahi dudana da: ni ere raperoa naiz, horrelakoa”

Elkarrizketa: ØDEI

2zio taldearekin hiru disko atera ondoren —Pausuz pausu (2013), Bideak (2015) eta Orain eta hemen (2018)—, Odei Barroso ØDEI (Urruña, Lapurdi 1988) bere lehen bakarkako diskoarekin datorkigu. Askatasun eta mimo handiz landutako lan mardula da Terapia, euskarazko raparen mugarriak lau haizetara zartarazi beharko lituzkeena.

ØDEI argazkia

Odei Barroso ØDEI.

“Terapia” izeneko kantua eta haren bideoklipa 2020ko bukaeran atera zenituen. Denbora hartu duzu diskoa osatzeko.
Bai, biziki prozesu luzea izan da. Hasiera batean lan laburrago bat kaleratzea pentsatu nuen, bost abesti bilduko zituena, baina arrazoi desberdinengatik aski fite erabaki nuen lana urrunago eramatea. Dena den, bost abesti ez ziren aski izanen zuzenekoetan aritzeko (garaian itxialdian izanik ere) eta gogoetatzen hasita ez nion zentzu handirik ikusten Interneten soilik geldituko zen lan bat kaleratzeari. “Terapia” abestia kaleratzea, kanpora begira baino gehiago, barnera begirako urrats handi bat izan zen, nire buruari “bai, bakarrik ere egin dezakezu” erran nahi izan banio bezala. Bideoklipa abenduaren 22an atera zen, nire bizitza pertsonaleko egun biziki garrantzitsu batean eta pertsonalki ere, inoiz biderik eginen banuen bakarka, egun seinalatua zen kanpora begira adierazteko. Behin “Terapia” kaleratu eta nire buruari bakarka aitzina segitzeko bidea nuela erakutsirik, argi nuen lan hau mimoz zainduko nuela eta beharrezkotzat jotzen nuen denbora hartuko nuela. Oren andana sartu ditut lanean disko hau egin ahal izateko. Beti korrika bizi naiz, baina lan hau ez nuen presaka ateratzeko asmorik.

Zerk bultzatu zaitu 2zio alde batera utzi eta bakarkako bide baten hastera?
Alde batetik, 2zio taldean kide bakoitzaren lan erritmoak biziki desberdinak ziren, eta erranen nuke desoreka bat ere bazela, anitzetan tiraka ibili behar izatearen sentsazioa izan dut eta nekeza egin zait alde hori. Bestetik, hasieratik aski gustu musikal desberdinak baldin bagenituen ere, erranen nuke denborarekin gure gustu musikalak urrunduz joan zirela eta, normala den gisan, bakoitzak bere bidea egin behar zuela zinez gustura egon nahi bazuen sortzen zuenarekin. Rapero anitzen ibilbideak horrelakoak izan dira, taldean hasi eta bakarkako bidearekin segitu. Hasieran zaila egin zitzaidan, baina uste dut har genezakeen erabakirik onena eta logikoena izan zela.

15 kantuko lan luze eta mamitsua dugu Terapia. Egun batetik bestera plataformetan agertzen diren single iragankorren garaian, anakronikoa izan daiteke…
Egia da gaur egun musika kontsumitzeko dagoen moduari begiratzen badiogu erabat kontrako noranzkoan doan proposamen bat dela. Duela pare bat hilabete, Jazzy Bazz raperoak 17 abestiko Memoria lana plazaratu zuen. Nik entzule bezala eskertu diot. Dena den, sortzen hasi eta lehen bost abestietatik goiti ez nekien zenbat abestiko lana izanen zen, eta azken momentura arte ez dut jakin. Beteko ninduten adina kolore eta eduki izatean diskoa bukatutzat emanen nuela banekien, eta azkenean 15 abesti joan dira. Izan zitezkeen gehiago, izan zitezkeen gutiago, baina hauek atera dira. Anakronikoa izan daitekeela diozu, baina uste dut barnean dagoena ez dela anakronikoa.

Nola izan da kantu hauen sortzeko prozesua? Hitzak eta instrumentalak, denak zuhaurek egin dituzu?
Disko hau sortzeko prozesua hain luzea izan bada, sortze prozesuarekin batera ikasketa prozesu bat ere egon delako da. 2020. urte hasieran ez nekien instrumentalik egiten eta Jo Olaskoagaren (2zio taldeko beatmakerra) laguntzarekin hasi nintzen ikasten. Jo izan da nere beatmaking irakaslea. Oinarriak ikasitakoan nire aldetik hasi nintzen baseak egiten eta diskoan dauden instrumental guziak nik egin ditut, batzuk Jorekin batera eta beste batzuk bakarrik.  Uste dut instrumentalak norberak egiteak abesti batzuk urrunago eramateko aukera ematen duela, abesti bereziagoak sortzera. Hitzei dagokienez, nik egin ditut guziak. Ez dut uste rapean beste modu batera egin daitekeenik. Horregatik nire izenarekin batera maiz Alkimia Prod ageri da, Ødei ni naiz, Alkimia Prod Jo eta biok gara.

Eta grabazioa, nola iragan da?
Grabaketa eta nahasketa guk egin ditugu. Ez dugu estudio berezi batean edo bestean grabatu. Ditugun baliabideekin egin dugu, horretarako Joren etxean gela bat espreski prestatuz, baina pozik gaude emaitzarekin. Ordu andana pasa ditugu lanean, egun eta gau, ditugun ogibideetatik landa. Autoekoizpena ederra da baina luzea eta nekeza izatera iristen da maiz amaierara hurbiltzean. Masterizazioa ordea, horretan aditua den baten esku utzi dugu.

Hitzetan, gauzak zure erara egiteko halako askatasun bat aldarrikatzen duzu. Musikalki hartu duzun bideak ere hori erakusten du: gokoko zenuena egin duzu, gerokoak gero!
Gustuko nuena, nahi nuena eta nahi nuen gisan egiteko askatasuna hartu dut, zalantzarik gabe. Beharbada gabezia bat da, agian dohain bat, baina barnera begira idazten dut eta sortzen dudanean ez dut kanpora begiratzen, ez dut pentsatzen jendeak zer erranen duen, nola hartuko duen… Musika hori da niretzat, maite duzuna egin eta gerokoak gero!

“Raperoa pertsona baino gehiago pertsonaia bat da. Bakoitzak eraikitzen du berea jolas honetan. Hala ere, niri ez dit balio edozein astakeria justifikatzeko”

Mami handiko kantuak badira, badira ere zuzen harira joaten diren horietakoak…
Diskoan denetarik dagoela erranen nuke, bai. Kantu batzuk mamitsuagoak dira, nire unibertsoarekin konektatu behar duzu zure barnera sar dadin, kontziente naiz ez dudala erraz jartzen batzutan… Beste batzuk zuzenagoak dira, lehen ukaldian ulertzen diren horietakoak…

Hitz-jokoak, sonoritate talkak, errimak… Entzule bezala, gozagarria da euskara hori entzutea! Horren gibelean lan handia badela begibistakoa da. Halere, idaztean plazer zerbait hartuko zenuke zuk ere…
Nik beti plazer hartzen dut rapa egiten dudanean, bestela ez nukeen eginen. Gaur egun dudan plazer handienetako bat da, adiktu bat naiz, ”nire shoota”/”txutea” behar dut! Kar, kar, kar! Betetzen nauen zerbait da, emozionalki orekatzen nauena, ez dakit nola azaldu… Horregatik ere diskoa Terapia deitzen da.

Raparen usaiako estereotipoak salatzen dituzu. Norberaren egoa etengabe aitzinean eman behar izate hori, mundu horretan ohikoak diren jarrera matxistak ere bai (“Zinez”). Ez du erraza izan behar munduari erratea: “Begira, ni ere raperoa naiz, baina ez horrelakoa!”…
Raperoa, neurri handi batean, pertsona baino gehiago pertsonaia bat da. Bakoitzak eraikitzen du berea jolas honetan. Hala ere, niri ez dit balio ”pertsonaia da” errateak edozein astakeria justifikatzeko, pertsonaia horretan badagoelako gibelean den pertsona. Nik ere badut pertsonaiatik, nola pertsonatik. Ez dut konparaketa gustuko eta ez naiz lehiakorra. Nik erran nahi dudana da: begira, ni ere raperoa naiz, horrelakoa.

Euskalduntasunaren eta Euskal Herriaren aldarrikapena ere egiten duzu behin baino gehiagotan. Batere moralista izan gabe, hegozentrismoa eta horren gibelean dagoen ezjakintasuna hizpide dituzu, adibidez, “Periferiak” abestian. Euskal Herrian raperoa izatea aski gauza bitxia ez balitz bezala, lapurtarra zaitugu gainera. Ez dituzu gauzak erraz jartzen gero!
Kar, kar, kar! Beti amorratu nau, gure herrian ere, ertzak baztertzeko joerak. Ipar Euskal Herria, adibidez, nola tratatu izan den, hemen ezartzen den arreta eskasak… beti akitu nau. Baina badira ertz gehiago ere, Baionako bazter auzoak, beste egoera sozial batean dagoen jendea… Gure herriak ertz anitz ditu eta horietaz mintzatzeko beharra ere banuen. Nire azken asmoa moralista izatea da, ez dut soportatzen besteen gainetik jarri eta zerk nola behar duen errate hori. Nik ez dakit gauza handirik, bizi, sentitu eta uste dudana besterik ez dut idazten.

“Beti amorratu nau, gure herrian ere, ertzak baztertzeko joerak. Gure herriak ertz anitz ditu eta horietaz mintzatzeko beharra ere banuen”

Gai pertsonalagoak ere jorratzen dituzu kantu batzuetan (“Barkatu”). Hala nola, zure ibilbideari egin erreferentziak ez dira eskas. Argiki aitzina begira zaitugu, baina nondik zatozen ahantzi gabe…
Gai pertsonal anitz daude eta nire ibilbideari buruz ere mintzo naiz. Tarteka gibelera begiratzea komeni dela uste dut, zer aldatu, hobetu, berritu… nahi duzun ikusteko.

Musikalki, boom bap-ik ez oraingoan. Influentziak drill edo trap aldera bilatu dituzu gehiago. Manera orokor batez, raparen adar desberdinak jorratzeko ahalegin berezia sumatzen da, instrumental eta beat indartsuei toki handia eginez. Emaitza ikusgarria da izan dituzun baliabideak kontuan hartzen badira…
Boom bap anitz egin dut urteetan, eta nonbait itzulia egina nuela sentitu nuen. Beste zerbait saiatzeko eta egiteko beharra nuen. Gaur egun boom bap-a inprobisatzeko edo freestyle-an aritzeko erabiltzen dut. Diskoan trap eta drill kutsuko instrumentalak dira denak, baina kolore estilo zehatz horietan ugariak. Azken batean rapa da. Berdin zait zein azpi izen jartzen zaion: rapa da. Nituen baliabideak muturreraino eraman ditut ahal nuen moduan, ordu luzeak igaro ditut baseak egiten, bankuak osatzen, kick-en aukeraketak egiten, Jorekin sanpleak lantzen, soinuak sortzen… Beatmaking-a dastatu dut eta irentsi nau. Uste dut rapa entzuten duenak, instrumentalak maitatu ala ez, lan hori baloratuko duela.

08-Odei Jo

Jo Olaskoagak eta Odeik osatzen dute Alkimia Prod.

Ahotsa baliatzeko erregistro berri batzuk bilatu dituzu. Tarteka ez zaitugu ia ezagutzen ere. Lan sakon baten fruitua izanen da hori er
Nire ahotsa ez dut inoiz maitatu, kanpotik entzutea beti zait biziki zaila. Duela guti arte, rapean bortxaz doinurik jarri behar ez izateak balio izan dit ene erregistroan eroso sentitzeko. Gaur egun autotunerako joera handia dago rapean, nik ere gustuko dut, baina ez dut erabiltzen. Horregatik agian, baina inkontzienteki, disko honetan nire ahotsa desberdin pausatzeko modu desberdinak ere ageri dira. Inkontzienteki diot, momentuan atera zaidan moduan egin baitut, instrumentalaren arabera, momentuaren arabera, zetorkidanaren arabera… Dena maketatzen dut sortu eta berehala, eta hain justu momentuan zetorren bezala sortu izanagatik, abesti batzuekin lanak izan ditut gero grabaketa momentuan maketan atera zitzaidan bezala egiteko.

Askatasun handiz eta mugarik ezarri gabe egina izanik ere, oreka eta batasun handiko lana dela erranen nuke. Iduritzen zait 2zio maite zuenak, ØDEI maitatuko duela halere. Erronka entzule berri batzuengana heltzea izanen da, ez?
Ez dut bortxaz entzule berri batzuengana iritsi nahi izan estilo eta erregistro aldaketa honekin. 2ziorekin aurrez egindakoari esker egin ahal izan dut lan hau, eta aldi berean 2zion egin ez nezakeena da disko hau.

Ez da kontu erraza disko gainean grabatua dena zuzenean behar bezala islatzea. Musika mota horretan, zer erranik ez. Kantuak oholtza gainera eramateko, nola eginen duzu?
Zuzenekoan nola eramanen nuen hasieratik aski argi nuen. DJ bat eta bizpahiru backerrekin igoko naiz oholtza gainera. Kontzertuak ere mimoz landu ditugu. Miarritzeko Atabal aretoan prestaketa egiten ibili gara eta zuzenekoan diskoan entzuten dena erakutsi nahi dugu. Diskoa egiterakoan soinua lantzen denbora anitz pasa dut eta hori ere erakutsi nahiko nuke zuzenean. Leku txikietan eginen ditugu lehen kontzertuak, taldea berria da eta elkarrekin oholtza batzuk behar ditugu lehenik. Soinu mailan eskaini nahi duguna eskaini ahal izateko gure soinu ekipoarekin mugitu beharko dugu batzuetan, subgrabeak eraman… Soinu mailan proiektua exigentea da, baina hori ere proposamen honen parte da.

Ødeiren kontzertu agenda

ETIKETAK:2zioAlkimia ProdJo OlaskoagaOdeiOdei Barroso