Elkarrizketa

Leire Palacios

2014.12.29

Leire Palacios

“Neure buruari galdetzen diot: nora joan nahi duzu?”

Elkarrizketa: Felix Buff

Willis Drummonden A ala B biraren amaierarekin bat eginez Felix Buff (Akize, Okzitania, 1986) elkarrizketatzeko tartea hartu dugu. Harriduraz “ni? Zergatik elkarrizketatu nahi nauzu?” galdetu duen arren, erraza izan da hitzordua lotzea. Felix Buff etengabe ikasketa prozesuan dagoen bateria jotzailea da. Lagun berriak ezagutzea maite du, horrek hainbat musika estilotan trebatzeko aukera ematen diolako. Horren erakusgarri da grabazio estudioan zein zuzenekoetan lagundu dituen talde eta musikarien zerrenda luzea. Felixen anaia, Johannes, Lyonen musika estudioa duen ekoizle eta soinu teknikaria da. Elkarri laguntzen diote Buff anaiek, eta, dudarik ez, aberasgarria bezain emankorra gertatzen da harremana.

Felix Buff (argazkilaria Jon Iraundegi)

Felix Buff, zuzenean WillIs Drummond-ekin. (Jon Iraundegi)

Noiz piztu zitzaizun musikari izateko grina?
Bateria jotzen hasi nintzen sei edo zazpi urte nituenean. Nire aitaren familia Alemaniakoa da, musika tradizio luzekoa. Lau urte genituenean zein instrumentu jotzea gustatuko litzaigukeen galdetu ziguten. Bateria jotzea hautatu nuen. Aitaren familiak kaseteak bidaltzen zizkigun. Horrela heldu zitzaigun Beatles. Lego-arekin jolasean ari ginen bitartean Beatles behin eta berriz entzuten eman genuen haurtzaroa anaiak eta biok. Gero etorriko ziren Nirvana bezalako talde «gogorragoak».

Zure anaia, Johannes, musika teknikaria da.
Bai. Parisen bizi da, eta oraintxe bertan Sonic Youth taldeko Thurston Moore eta Lee Ranaldorekin biran dago. Mundu osotik ibiliko dira.

Zein izan zen zure lehen taldea?
Monarch. Baiona inguruan elkartzen ginen drone doom-a egiteko. Bi urtez izan nintzen haiekin, bira egin genuen Europan, Kanadan… baina 2006. urte inguruan Willis Drummondekin hasi nintzen eta horrek nire denbora guztia hartzen zuen. Willis Drummonden ari zen bateria jotzailea Mahumak taldearekin jotzen hasi zen. Monarch, Willis Drummond eta Mahumak, denak ezagunak eta lagunak ginen. Hortaz, naturalki etorri zen Willis Drummondekin jotzen hastea.

WILLIS_DRUMMOND-2

Xan Bidegain, Felix Buff, Jurgi Ekiza eta Rafa Rodrigo. (J.A. Areta ‘Juxe’)

Taldeekin ez ezik formatu txikietan ere ondo moldatzen zara. Joseba Irazoki eta Joseba B. Lenoirrekin ikusi zaitugu bikote formatuan.
Biak Joseba eta biak Berakoak! Kar, kar, kar! Joseba Irazokirekin harremana duela zortzi urte sortu zen. Anaia eta biok Artelekura joan ginen, Ertz festibalaren baitan antolatutako tailer batera. Nik bonboa, kutxa eta platoa eraman nituen eta anaiak gitarra. Bertan ezagutu genituen Xabier Erkizia, Iñigo Telletxea, Mursego eta musikarekin erlazionatutako beste hainbat pertsona. Horien artean zegoen Joseba Irazoki. Tailerrean inprobisaziorako tartea izan genuen eta hitz egiten hasi ginen… Dirudienez, gustatu zitzaien nola jotzen dudan eta kuriosoa egin zitzaien Iparraldeko batzuk tailerrean agertzea. Bertan Irazokik CD bat eman zidan bere musikarekin. Bi aste hartu nituen berak emandako musika horri bateria jartzen. Plazeragatik eta nahi izan nuelako. Asko gustatzen zait Irazokik egiten duena eta probatu nahi nuen horrekin zerbait egitera. Egindakoa grabatu eta bueltan eman nion. Segituan idatzi zidan email bat zenbat atsegin zuen esateko. Hurrengo astean Garazin jo behar zuen, eta proposatu zidan kontzertua elkarrekin ematea. Beldurtu nintzen! Kar, kar, kar. Momentuan gainera, ez nintzen zuzenekoetan asko trebatutakoa. Orain ditudan baliabideak ez nituen garai hartan. Azkenean kontzertua egin genuen eta oso ondo pasa genuen biok. Hortik aurrera elkarrekin jarraitu dugu.

Baina ez biok bakarrik, familia handitu duzue eta!
Bai. Oraintxe atera berri dugu Joseba Irazoki eta lagunak diskoa. Sei taldekide gara: Iban Urizar, Igor Telletxea, Jaime Nieto (We Are Standard), Ager Insunza (Audience), Joseba eta biok. Elkarrekin hainbat kontzertu egin ondoren, diskoa grabatzea erabaki eta nire anaiak ekoitzi zuen. Dena familia artean! Kar, kar, kar. Eszenatokietara bueltatuko gara, seguru asko otsailean. Ez dakigu ziur oraindik baina baliteke Miarritzen, Bilbon eta beste toki batzuetan egoteko aukera izatea. Kontua da formatua oso handia dela, beraz guztiok elkartzeko datak topatzea ez da gauza erraza.

Joseba Irazokirekin lan egiteak parada eman dizu Duncan Dhurekin ere lan egiteko.
Bai. Lasai-lasai etxean nintzela telefonoz deitu zidan. Lagun batzuei oso bateria ona nintzela komentatzen ibili zela eta ea Duncan Dhurekin grabatu nahi nuen galdetu zidan. Nire erantzuna izan zen: «Norekin?». Iparraldean taldea ez da horren ezaguna eta ez nuen haren berri, nahiz eta Hegoaldean ospetsua izan. Geratu ginen Mikel Erentxunen etxean elkartuko ginela zerbait jotzeko eta horrela ikusi ea funtzionatu genezakeen denok elkarrekin. Beraz, Joseba Irazokirekin bertaratu nintzen, elkarrekin jo genuen eta diskoa grabatzea erabaki genuen.

“Ea Duncan Dhurekin grabatu nahi nuen galdetu zidatenean, nire erantzuna izan zen: «Norekin?». Iparraldean taldea ez da horren ezaguna eta ez nuen haren berri”

Egia da Erentxunek Duncan Dhuren bira egiteko gonbita egin zizula?
Bai, baina Willis Drummondekin ari nintzen eta ez neukan denbora nahikorik.

Joseba B. Lenoirrekin nola sortu zen elkarlana?
Joseba Sexty Sexers taldetik ezagutzen dut. Deitu zidan bere bakarkako lantan bateria jotzeko. Elkarrekin musika landu genuen, entseatu eta grabatu. Ondoren elkarrekin jotzeko proposamena egin zidan. Izan ere, bera bakarrik ari zen instrumentu guztiekin: bonboa, gitarra, loop-a… Lan handia zen eszenaratzeko.

Hori Joseba Willis Drummonden jotzen hasi aurretik izan zen.
Bai. Denok ezagutzen genuen Josebaren lana. Bagenekien oso ona dela eta taldeari ekarpen handia egin ziezaiokeela. Egoskor jarri nintzen gurekin jotzen hasi behar zuela, txapa handia eman nien taldekideei ideia ona iruditu zitzaien arte. Dena den, bira luze baten erdian ginen, gauza asko gertatzen ari ziren, gauza asko konpondu behar ziren. Oro har, aldaketa ugari bizi izan ditugu bi urteotan eta gauza asko gertatu dira.

Nola hartu zenuten erabakia?
Ekaitz baten erdian zarelarik, oso zaila da horrelako erabaki bat hartzea. Kontua ez baitzen zenbait bolo egitea taldekide berri batekin, baizik eta dinamika aldatzea taldean musikari bat gehiago sartzeko. Ekonomikoki ere kalkuluak egin behar izan genituen, gastu horri aurre egiteko moduan ginen jakiteko. 
Neil Youngen bertsio-kontzertuak izan ziren garai horretan. Josebak proposatu zigun Crazy Horse bagina legez jo genezan. Modu horretan bi kontzertu egin genituen, eta Bilboko data hura aitzakia perfektua izan zen berarekin jotzen hasteko. Entsegu lokalean sartu ginen eta denok batera nola funtzionatzen genuen ulertzeko parada eman zigun. Ondoren erabaki genuen batera aurrera egitea.

Zuetako batzuk beste talde batean ere aritzen zarete, Aguxtin Alkhat-ekin alegia.
Aguxtinek hamar urte daramatza bakarlari gisa. Usopop kolektiboak diskoa grabatzea proposatu zion, berak nahi zuen musikariekin. Ordura arte ez zuen sekula grabatu, buruan zeukan arren. Berarekin jotzeko gonbita egin zigun, izan ere, Aguxtin gure laguna da. Xan [Bidegain, Willis Drummondeko baxu jotzailea) eta biok animatu ginen, Julien Labatekin batera. Batez ere, rocketik edaten duen folk rocka egiten dugu. Niretzat erronka izan zen, ordura arte ez bainuen tankera horretako ezer egin. Lehenengo entseguan elkarri begiratzen genion eta noski, gure artean beti rock gogorragoa egin dugunez ez genekien nola hasi. Beraz, hasi nintzen lasai-lasai tu-pa-tu-pa. Oso zaila da! Gaizki pasatu nuen, e! Kar, kar, kar! Apurka-apurka soinua josi eta diskoa grabatu genuen. Elkarrekin lanean jarraitu dugu eta abenduan disko berria grabatu dugu. Bitartean, 40 minutuko Elkar Sessions bat grabatu dugu.

"Oraintxe hasi behar dut Dual-Split taldearekin jotzen. Ez dauka Willis Drummondekin zerikusirik; synth-pop-a da, orain arte egin dudana baino askoz ere elektronikoagoa… maite dut"

Willis Drummondez gain, beste zenbait proiekturen gainean hitz egin dugu...
Eta gehiago ditut! Kar, kar, kar!

Bada, konta ezazu!
Oraintxe hasi behar dut Dual-Split taldearekin. Nire anaiaren lagun amerikar batzuk Miarritzera etorri ziren bizitzera. Horrela ezagutu nituen Maia eta Baptiste Ibar. Nire anaiak ekoitzi zuen haien lehen diskoa, eta etxera etortzen zirenez nahasketak egiteko eta abar, ea beraiekin jo nahi nuen esan zidaten. Bigarren diskoan lan egin dut, urtarrilean grabatu genuen, baina oraindik ez da plazaratu, ekoizle ingeles bat ari da materialarekin lanean. Beraiekin jotzen hasiko naiz. Ez dauka Willis Drummondekin zerikusirik; synth-pop-a da, orain arte egin dudana baino askoz ere elektronikoagoa… maite dut.

Gauza berriak egiteko irrikan zaudela nabaritzen zaizu.
Erabat! Txoratzen nago orain arte ibili ez ditudan hainbat tramankulurekin trebatzeko aukera daukadalako. Gogo handia dut hasteko eta ikusteko nola funtzionatzen duen.

Zure anaiarekin sarri askotan kolaboratu duzu. Bera ekoizle lanetan ibili den proiektuez hitz egin didazu, baina txikitan gitarra jotzea erabaki zuela esan didazu. Biak eszenatokian elkartu zaituzten proiekturik ez al daukazue?
Tin Trails
! Kar, kar, kar! Anaia eta biokin Chicagoko lagun batek jotzen du. Taldea sortu zen garaian, nire anaia amerikar eta alemaniar baten lana ekoizten ari zen bere Lyongo estudioan. Nire anaiak diskoa entzuteko pasa zidan, eta nire iritziz bateria baten laguntza behar zutela esan nion. Oso musika lasaia zen. Grabatzera joan nintzen eta oso ondo pasatu nuen. Gainera, Jason Orlovich abeslaria eta gitarrista ezagutzeko aukera izan nuen. Gerora anaia eta biokin harremanetan jarri zen beste abesti batzuk zituelako eta ez zeukalako argi zer egin material horrekin. Hiruron artean gauzatzea erabaki genuen. Lan dinamika berezia izan da, Jason Parisen dagoelako, nire anaia Lyonen eta ni Euskal Herrian. Internet bidez lan egiten hasi ginen; nik moldaketak egin ditut, teklatua eta bateria gehitu ditut. Iaz bi asteko biratxoa egin genuen. Ordutik ez gara elkartu jotzeko baina aurrera egingo duen proiektu bat da.

tintrails-1

Tin Trails: Johannes Buff, Felix Buff eta Jason Orlovich.

Beste hamaika proiektu horiek zure jakin-mina asetzeko eta zu zeu aberasteko egiten dituzu, edo Willis Drummondetik kanpo arnasa hartzeko beharretik datoz?
Gorputzak eskatzen dit. Betidanik entzun izan dut musika asko eta oso ezberdina. Ez dut nire burua estilo zehatz batera mugatzen; ezinezkoa zait. Gustatzen zaizkidan talde pilo bat dago, eta ni neu kapaza naiz estilo horietan guztietan trebatzeko. Uste dut horrek asko aberasten duela nire gaitasuna musikari gisa. Hala ere, zenbaitetan nahasten nau, eta neure buruari galdetzen diot «nora joan nahi duzu?», aldi berean hiruzpalau norabidetan ari naizelako ezagutzen ez dudan horren bila. Batzuetan oso konplikatua da, baina uste dut urte batzuk barru nire burua kokatuko dudala, alegia, ni neu topatuko naizela talde guzti horiei esker. Beharrezkoak dira niretzat, estilo batetik bestera ibiltzeko beharra daukadalako. Jende desberdinarekin aritzeko beharra daukadalako, gauza berriak ikasi ahal izateko. Bizitzan ez ezik musikalki ere hazten laguntzen du horrek. Maite dut lagun berriak ezagutu eta horri esker hainbat musika estilotan trebatzeko aukera izatea. Beharrezkoa dut bizitzeko.

“Hiruzpalau norabidetan aritzen naiz ezagutzen ez dudan horren bila. Batzuetan oso konplikatua da, baina uste dut urte batzuk barru nire burua kokatuko dudala”

Willis Drummonden ari zaren bitartean ezinezkoa zaizu zure burua beste edozein tokitan kokatzea?
Bai, hori da. Behin eta berriz kanta berdinak errepikatzen ari zara ahalik eta ondoen. Beti dago abestietan lan egiteko aukera. Baina azken batean gauza bera egiten ari zara etengabe eta ez zait nire burua errepikatzea gustatzen. Hobeki esanda, denbora tarte batez ondo dago, baina gero behar dut hiru entsegu eta bi kontzertuko proiektu batean murgildu, berriz ere Willis Drummondi heldu ahal izateko. Espazioa behar dut.

Aurrerantzean izango duzu behar duzun tarte hori. Willis Drummonden bira amaitu berri duzuela, zein da egiten duzun balantzea?
Oso ona. Biraren amaiera aldera oso motibatuak egon gara, toki bikainetan jotzeko parada izan dugulako. Bagenekien aretoak gainezka egongo zirela eta jendea gurekin dagoela. Beroa sentitzen dugu eta asko eskertzen dugu. Beraz, oso lasai joan gara kontzertuetara, bagenekien amaiera aurki zetorrela eta instant bakoitza disfrutatu behar genuela. Are gehiago ez baitakigu noiz izango dugun berriz elkarrekin jotzeko aukera. Momentu polita bizi izan dugu; bira amaiera monumentala izan da.

Entzuleok ez dakigu Willis Drummonden amaiera heldu den, zuek ere ez dakizuelako?
Egia esan, ez dakit horri zer erantzun. Etenaldiaren iraupena finkatu ez dugun arren, ez dut uste utziko dugunik. Hala ere, aukera hor dago. Asko solastu gara horretaz. Hurrengo diskorako kanta batzuk prest genituen grabatzeko. Abenduan izan behar zuen. Baina azken aldian zoramena bizi izan dugu: Josebaren sartzea, bira amaiera, abesti zaharrak landu, kanta berriak egin… Astean sei egunez elkartzen ginen… Orokorrean nahiko bolada kaotikoa eta estutasun handikoa izan da. Heldu zen momentu bat arnasa hartu eta hitz egiteko tartea egin behar izan genuela. Azken bost urteetan hiru astekoa izan da hartu dugun atsedenaldirik luzeena. Zer egin behar genuen eztabaidatu genuen. Ondorioak ez ziren argiak izan, hemen laburtu ahal izateko. Mugarik gabeko etenaldia egingo dugu, baina ez uzteko asmoarekin, gogotsu eta indarberrituta bueltatu ahal izateko atsedena hartu behar dugulako baizik.

WILLIS_DRUMMOND

“Bira amaiera itzela izan da, bagenekien instant bakoitza disfrutatu behar genuela”. (Jon Iraundegi)

Une gogoangarriak bizi izan dituzue eszenatoki gainean. Zein da erretinan gordeta daramazun hori?
Azken hilabetean gertatu zena: Neil Young-en bertsioa egin genuen Noir Desir taldearen abeslariarekin eta Detroiten baxu-jotzailearekin. Ni pandereta batekin aritu nintzen, Jurgik gitarra hartu zuen, Josebak hiru bakarkako egin zituen… kar, kar, kar! Ikaragarri ondo pasa genuen. Oso ederra izan zen horrelako arnasgune bat topatzea elkarrekin oholtza baten gainean. 4.000 pertsonarentzako tokia duen areto batean ginen, Frantzian, miresten dituzun musikariekin jotzen… kristorena!

Eta amaitzeko, zeintzuk dira memorian iltzatuta geratu zaizkizun euskal diskoak?
Berandu hasi naiz euskaraz abestutako musika entzuten. Hala ere, hiru disko hauek izan dira mugarri niretzat: Habiak (Anari), Ezlekuak (Lisabö) eta Pertsona (Joseba Irazoki).

ETIKETAK:Aguxtin AlkhatJoseba B. LenoirJoseba IrazokiWillis Drummond