Elkarrizketa

“Nerabezarora jotzen dut askotan, zoriontasuna hor bizi izan nuen”

Elkarrizketa: Erik Berganza (Abereh)

Joan-etorrian da Abereh-k argitaratu berri duen azken lana. Hartzak Blues Band eta Estricalla taldeetan baxu jole moduan ezagutu genuen Erik Berganza (Balmaseda, Bizkaia, 1989) aurkitzen da ezizen horren atzean eta bakarkako hirugarren diskoa du hau. Aurreko lanei jarraiki, folkaren inguruan mugitzen da oraingoan ere, baina pausoz-pauso hazten joan ostean, bada berritasunik… Iragana, oraina eta etorkizuna presente izanda, diskoaren eta azken urteen joan etorriei buruz gehiago jakiteko elkartu gara berarekin.

Abereh-promo-argazkia

Erik Berganza bizkaitarraren bakarkako proiektua da Abereh.

Hirugarren diskoa duzu dagoeneko Joan-etorrian. Nola baloratzen dituzu azken urteak? Espero al zenuen puntu honetara iristea?
Egia esateko, ez nuen espero. Lehenengo diskoa egin nuenean esperimentu moduan hartu nuen eta ez nuen uste beste bat egongo zenik. Baina bigarrena ere iritsi zen eta hobetzen nenbilen sentsazioa nuen, ikasten nenbilela. Kantuak egiterakoan ere beste martxa bat hartzen joan nintzen eta horrela iritsi da hirugarrena. Urte hauetan, egunaren arabera, aurrera egin ala ez zalantzak izan ditut, baina orokorrean pozik nago eta aurrera egin dut beti.

Hartzak Blues Band eta Estricalla taldeetan ezagutu zintugun oso bestelako musika egiten. Nolatan sortu zenuen proiektu hau?
Hartzak eta Estricallaren musika zaratatsua da, baina beti entzun izan dut denetarik. Aspalditik nuen beste era bateko musika egiteko nahia, baina buruan nituen ideiei forma eman ezinik nenbilen eta ez nekien nola sortu abesti horiek. Denborarekin, orain dela lau bat urte, sasi kanta batzuk nituela ikusi, forma ematen hasi eta lehenengo diskoa sortu nuen. Hasieran ez neukan oso argi nondik jo, baina orain argiago dut zer abesti mota egin ahal ditudan eta zer estilotatik joan ahal zaidan hobekien.

Kuriositatez, nondik dator Abereh izena?
Hil Aiari taldea desegitean, hiru kidek aurrera egiteko asmoa genuen, baina azkenean ez zen atera. Taldeari jartzeko pentsatuak genituen hiru izenetako bat zen Abereh eta ez genuenez erabili niretzat hartu nuen, kar, kar, kar. Abereen indarra islatzen du nolabait eta daukan soinukera gustatzen zitzaidan.

Diskoan, orain arte egin duzunaren ildoan doazen gitarra akustikoak eta melodiak aurki daitezke, baina badira berritasunak ere. Abesti rockeroagoren bat sartu duzu eta zenbaitetan entzun daitezkeen bateria eta teklatuak ere aurrez entzun gabeak genizkizun.
Ez neukan ezer aurreikusita, baina hala atera zitzaidan. “Joan etorrian” abestia adibidez, banda formatu argiena duena izanagatik ere, erabat akustikoa zen hasieran. Buelta bat eman ostean, bateria jarri eta talde soinua emanda ondo geratzen zela ikusi eta itxura polita hartu zuen. Zuzenean erabat akustikoa izango zela jakin arren, horrela grabatzea erabaki nuen. Teklatuekin ere antzera, kantuak osatu ahala teklatu batzuk ongi gera zitezkeela pentsatu nuen eta Mariano Hurtadori (Inoren Ero Ni, Anari…) proposatu nion zerbait grabatzea. Baiezkoa eman zidanean kantuak bidali nizkion eta berak sortu zituen teklatu zatiak. Abestiak bueltan jaso nituenean ezin gusturago geratu nintzen emaitzarekin. Bi abestitan hartu zuen parte eta plazer hutsa izan da, kantuak izugarri hazi ziren bere ekarpenarekin.

Ahotsei eta melodiei dagokienean, gauza berriak probatu eta lan bikaina egin duzula esango nuke. Inoiz baino konfiantza handiagoarekin sumatu zaitut abeslari moduan.
Disko honetan argiago izan dut zer tonutan mugitu, zerk funtzionatzen duen hobeto… Denborarekin eta probak eginez, gauza berriak ikasi eta funtzionatu izan didaten hainbat errekurtso erabili ditut. Gerora beti ikusten dituzu hobetzekoak, baina gustura geratu naiz egindakoarekin.

Zure abestien ezaugarri bihurtu dituzun gitarra elektrikoaren moldaketek eta distortsioek ere hor jarraitzen dute. Horrenbeste detailerekin planteatu al duzu inoiz zuzenekoetarako talde bat osatzea edota abestiak beste formatu batean aurkeztea?
Diskoan horrenbeste detaile egonda logikoa da galdetzen duzuna. Talde bat izango banu diskoan entzuten dena fidelago aurkeztu ahal izango nuke zuzenean eta pentsatu izan dut aukera horretan, baina printzipioz ez dut egingo. Benetan nahiko nukeena, erabat akustikoa den disko bat egitea izango litzateke, baina oso zaila da. Oso fin abestu behar duzu eta berdintsu gitarrarekin ere, oso fin jo behar duzu, ez duzu beste ezer akatsak estaltzeko. Abestiak konposatzen nabilenean oso biluzik ikusten dut askotan gitarra eta beste detaile batzuk sartzen dizkiot gainean: moldaketak, atmosferak… Zuzenean ordea, bakarkako formatuaren benetakotasuna eta biluztasuna gustatzen zaizkit.

“Benetan nahiko nukeena, erabat akustikoa den disko bat egitea izango litzateke, baina oso zaila da. Oso fin abestu behar duzu, oso fin gitarra jo…”

Mariano Hurtadoren kolaborazioaz gain, beste batzuk ere izan dituzu ezta?
Bai, Mikel Urakenek gitarra sartu zuen abesti batean, eta ahotsetan Goizane Ardanazek eta Detroit taldeko Julen Egiak kolaboratu zuten abesti batzuetan. Bateria eta perkusioekin Txapek lagundu zidan.

Zazpi abestiz osaturiko disko laburra da. Soilik bi abestik gainditzen dituzte hiru minutuak. Punk-rockaren influentzia beti egon da hor, baina oraingoan gehiago azaleratu duzu agian?
Hala izan da, bai. Hasiera batean izenburua Sei kantako lan laburra edo horrelako zerbait izan behar zen, oso punk, kar, kar, kar. Sei kanta izan behar zituen diskoak, baina azkenean beste kanta bat sartu nuen eta, hala ere, iraupena ez zen asko aldatu. Aurreko diskoan abesti luzeagoak sartu nituen eta oraingoan zerbait zuzenagoa eta freskoagoa egin nahi nuen.

Bonberenean izan zara diskoa grabatzen Karlos Osinaga Txap-en gidaritzapean. Zer nolako esperientzia izan da?
Oso ondo joan zen dena. Hasieran batean, nik neuk etxean grabatzeko asmoa nuen, baina Bonbereneako lagunek animatu ninduten bertan zerbait egitera eta Txapekin grabatzeak asko erakartzen ninduen. Bost egunetan grabatu genuen gabonetan. Niretzat erreferentzia diren disko asko grabatu ditu Txapek eta lan bikaina egin du. Oso eroso egon naiz berarekin eta sekulako esperientzia izan da.

Hitz guztiak zuk idatziak dira. Normalean iraganera edo barnera begirako hitzak dira idazten dituzunak, nahiko nostalgikoak.
Hitzak idaztea zailena izaten da askotan niretzat. Sarri esaten diot nire buruari ea idatzi dudan hori benetan esan eta grabatu behar dudan, kar, kar, kar. Hala ere, hitzak oso libreak dira eta bakoitzak bere irakurketak egin ditzake. Nik perspektiba batetik idazten ditut, baina gero jendeak bere egin eta beste era batera ulertu ditzake, ez zait inoiz gustatu nire hitzak azaltzea. Egia da iragandako denboraren inguruan askotan aritzen naizela eta esaterako, nire herrira noanean, gertatzen zait ez dudala nahiko nukeen moduan aurkitzen eta kantuetan azaleratzen zaizkidala sentsazio horiek. Psikologoarengana joan ordez kantuak idazten ditut, kar, kar, kar. Oraingo honetan baina, horren tristeak ez diren kantak ere egiten saiatu naiz eta pare bat kantu-edo politikoagoak atera zaizkit, haserreari eta amorruari ere lekua egin behar zaie, kar, kar, kar.

Nostalgia horri tiraka, azala beste garai batekoa iruditu zait. Noren lana da? Zer adierazi nahi izan duzu izenburuaz eta jolas parkearen argazkiaz?
Pavlo Mendozak, Madrilgo lagun batek, egin du: aurreko diskoarena ere berak egin zuen. Irudia, Suitzako jolas parke zahar bateko argazkia da eta asko erakarri ninduen. Argazkian jolas parkea eta bertako elementuak ikusi nituenean bidaiaren kontzeptua etorri zitzaidan burura, baina Joan-etorrian izenburua Pavloren ideia izan zen; abestiak zeri buruzkoak ziren azaldu nionean okurritu zitzaion. Aurrera egin edo ez, jotzeari utzi edo ez, nire musika norbaiti interesatzen zaion edo ez… joan etorri horiei guztiei egiten die erreferentzia.

Bakarlari izatearen albo kalteak…
Bai, onerako eta txarrerako horrela da. Batzuetan etsigarria izan daiteke, baina hau aukeratu nuen eta ez zait damutzen.

Oso gustuko dut hitzekin eta musikarekin sortzen duzun nostalgia efektu hori, baina horrenbeste nostalgia artean, onena bizi izanda duzula edo oraindik bizitzeko daukazula esango zenuke?
Ez dakit… Agian erraza da onena jada bizi izan duzula pentsatu eta nostalgian erortzea; gainera, kantautorearen esparruan ere ongi geratzen da kantu tristeak sortzea, penak kontatzea eta abar, baina askotan gaur egungo mundua ikustean, lehen zoriontsuagoa nintzela pentsatzen dut. Nerabezarora jotzen dut askotan, gauza tontoak egin genituen, bai, baina zoriontasuna hor bizi izan nuen, ardurarik eza, denak berdin izatea… Hala ere, espero dezagun hoberena etortzeko egotea, oraindik gazteak gara eta bizi dezagun aurretik duguna!

Esanak esan, zure diskorik biziena dela iruditzen zait, argitasun gehien transmititzen duena agian…
Bai, horrela ikusten dut, abesti animatuagoak daude eta kutsu ilunagoa duten abestiak ere ez dira horren tristeak.

“Aurrera egin edo ez, jotzeari utzi edo ez, nire musika norbaiti interesatzen zaion edo ez… joan etorri horiei guztiei egiten die erreferentzia izenburuak”

Joan-etorrian”abestian “59aren soinua” aipatzen duzu, The Gaslight Anthem taldearen The ’59 Sound diskoari erreferentzia eginaz. Asko eragin dizun talde bat dela esango nuke.
Bai, hala da. Hasieratik nire erreferentzia nagusietako bat izan da, baita taldeko abeslaria den Brian Fallon ere. Aipaturiko diskoa hasieran ez zitzaidan batere gustatu, musika zaratatsuagoa entzuten nuen eta agian ez nuen ongi ulertu, baina handik gutxira harrapatu egin ninduen. Haiek ere hardcore-punkaren zirkuitu alternatiboetatik zetozen eta bat-batean jauzia eman zuten. Nire kantuak egiterakoan erreferentzia zuzena izan dira eta buruan nituen ideiak azaleratzen lagundu izan didate. Zorretan nengoela sentitzen nuenez, nolabait aipatu egin nahi nituen eta abesti aproposa iruditu zitzaidan “Joan etorrian” horretarako.

Eta zeintzuk dira azkenaldian entzuten dituzun taldeak?
Bright Eyes taldeko Conor Oberst ere beste eragin handi bat izan da niretzat eta azken urteetan berriz errekuperatu dudan artista bat da. Horretaz gain, Julien Baker, Manchester Orchestra edota Tigers Yaw ere aipatuko nituzke, adibidez. Gurera begiratuta, gehien entzuten nabilena Ibil Bedi da eta baita Arima ere, oso disko interesgarria kaleratu dute. Detroit taldea ere oso gustuko dut, bi EP dituzte eta lagunak izateaz gain, oso onak iruditzen zaizkit. Horiez gain, oso interesgarriak iruditzen zaizkit Bonbereneak argitaratu dituen azken erreferentzia guztiak: Rodeo, Lepora, Losado

Nondik zatozen ikusita, botatzen al duzu faltan talde formatua edota musika gogorragoa jotzea?
Bakarka jotzea asko gustatzen zait, emozio eta sentsazio desberdinak kanporatzen ditut, baina faltan botatzen dut Estricallaren kontzertu bat: bolumena topera, izerdia, jendea dantzan… Bakarka oso zentratuta egon behar izaten dut kontzertuan: ondo abestu, ondo jo… Estilo zaratatsuago batean desberdina da, ondo jo behar duzu, baina beste energia mota bat askatzen duzu.

Ikusiko al zaitugu berriz ere Estricallarekin edo beste talderen batekin?
Estricallarekin espero dut baietz, oraindik ez dakigu noiz, baina badugu asmoa berriz ere bueltan izateko. Bestalde, iaz, beste lagun batzuekin batera proiektu berri bat nuen esku artean baina azkenean ez zen aurrera atera pandemiaren ondorioz eta stand by-n daukagu. Ea aurrerago!

Horrenbeste disko argitaratzen diren garaiotan, ezagutzen ez zaituen bati nola aurkeztuko zenioke Joan-etorrian? Zer eskaintzen duela uste duzu?
Zintzotasuna esango nuke, musika ariketa zintzo bat eskaintzen du, nire ustez. Nire konplexu eta helbururik handiena abestiak gutxieneko kalitate batera iristea da. Eta ez dakit, “plastiko” asko ikusten dut Euskal Herrian gaur egun. Sekulako bideoklip eta ekoizpenak daude, baina kanpora gehiegi begiratzen dugula iruditzen zait: ea zer dagoen modan, profesionalak izatearen itxura ematea, beste maila batean sentitzeko sold out-a helburu jartzea… Ez dakit hori den taldeen benetako nahia, baina askok arrakasta lortzeko edozer egiten dutela da nire sentsazioa eta, egia esan, pila bat aspertzen nau horrek. Adibidez, Ibil Bediren diskoa horren guztiaren kontrakoa iruditzen zait: beraiek grabatu dute, ez diete formula zehatzei edo modan dagoenari erantzuten… oso zintzoa eta benetakoa egin zait. Horregatik gustatzen zait.

Amaitzeko, zeintzuk dira emango dituzun hurrengo pausuak?
Ahalik eta kontzertu gehien jotzen saiatuko naiz. Udan Katalunia eta Asturias aldera joango naiz bakoitzean hiruna kontzertu eskaintzera. Estricallarekin asko jotzen genuen kanpoan eta bakarka ere ibili izan naiz. Asko gustatzen zait hemendik atera, ezagun zaharrak bisitatu eta jende berriaren aurrean jotzeko aukera izatea.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • Ekainak 12: Donostiako Añorga auzoko Antxon Aiestaran kulturgunean (+ Joseba Irazoki)
  • Ekainak 19: Bilboko 7Katu gaztetxea —BERTAN BEHERA—
  • Uztailak 16: Itsasondo
ETIKETAK:AberehArimaBonberenea EkintzakErik BerganzaIbil BediKarlos OsinagaLeporaMariano HurtadoMikel UrakenRodeo