2015.06.01
Jauzi hirukoitzak egiten dituzte guztiak elkartu eta Estricalla taldea aurrera eramateko. Lan luze berri bat prestatzen ari diren arren, Hutsartea disko laburra plazaratu dute. Azkenean. 7 hatzbeteko biniloan atera nahi izateak bere atzerapena izan du. Baina ekainarekin iritsi da. Hardcorearen artisauak izanik, lehen detailetik azkenekora zaindu dute lan berria. Hodei Esteban gitarra jotzaileak (Zarautz, 1983) hitz egin digu boskotearen izenean.
Diskoen izenburuekin ez duzue dena esaten, baina bai asko?
Izenburuak jartzean asko jolasten dugunetakoak gara. Gauzak egitean motibatzen gaituzten keinuak dira eta gure ibilbidean presente izan duguna da lan guztietan. Oraingoan Hutsartea izena jarri diogu diskoari. Hutsartea denbora hila da, teorikoki dena geldirik dagoen unea. Gaur egun bizi dugun egoera ere horrekin lotzen dugu. Bai egoera politikoa eta baita egoera sozioekonomikoa zeharo izoztuak daudela dirudi. Aurrera egiteko zantzurik apenas ikusten dugu. Baina dena geldirik dagoen une horiek dira aurrera egiteko uneak. Hutsartea, hutsaren artea ere bada. Ezerezean, ezerezetik sortzen direnen artea.
Lan laburra. Eskuz egina eta urdin iluna. Bost kantuk askorako ematen al dute?
Hutsartea bost abestiko bilduma baino zerbait gehiago izango da. Askoz gehiago. Kantuetako bat SNFU taldeko Mr Chi Pig abeslari mitikoak abestu du eta sekulako ilusioa egiten digu, batez ere ikusteak nola jantzi zuen estudioan. Miretsi, jarraitu eta guretzat maisua den argazkilari baten argazkiez osatutako argazki fanzine bat ere osatu dugu. Iazko udan SNFU taldearekin antolatu genuen kontzertuko irudiekin liburu ederra prestatu dugu. Horrez gain, postal bat ere sartu dugu lan berrian. Diskoa izatean ikusiko duzue zer den!
Abiadura azkarrean igarotzen da diskoa, nola bestela. Abiadura zein norabide egokienean da Estricalla?
Gure ezaugarrietako bat da abiadura. Agian beste lanetan baino mantsoagoa da Hutsartea, baina intentsitate handiagoa du. Intentsitatea eta abiaduraren arteko lotura ez da beti betetzen, eta horregatik jaitsi da bat eta bestea igo. Lehen entzunaldian harrigarri suerta daiteke diskoa, baina denborarekin detaileak nabaritzen dira. Lasai gozatzekoa dela iruditzen zaigu.
Izenburuak ingelesez. Hitzak euskaraz, gehienak. Definitu duzue hizkuntza?
Oraingoan, Chi Pig-ek idatziriko abestia izan ezik, beste guztiak euskaraz egin ditugu. Ez dugu hizkuntzarik definitzeko beharrik sentitzen. Gure hizkuntzan aritzen gara eta halaxe egingo dugu. Euskarari ahalik eta toki gehien emateko saiakera egiten dugu, baina taldekideen artean ere badira beste hizkuntza gutxituak ere, eta horiei ere presentzia ematen saiatzen gara. Disko honetan itzulpenak kantabrieraz, aragoieraz, katalanez eta ingelesez sartu ditugu.
“Disko honetan itzulpenak kantabrieraz, aragoieraz, katalanez eta ingelesez sartu ditugu”
Nola da posible lan berria era fisikoan argitaratu gabe hastea aurkezpen bira?
(Barreak) Diskoa otsailean bidali genuen fabrikara. Baina kontzertu birarako ez ziren iritsi. Klasikoa bilakatu da hau ere, birarako inoiz ez dira diskoak iristen azken aldian. Biniloak egiteko makinak geuk erosi beharko ditugu prozesu hau gehiago kontrolatzeko. Negu giroko diskoa atera nahi genuen, baina azkenean udaberrian iritsi da.
Beste taldeetan ibilitakoak eta ibiltzen zareten musikariek osatzen duzue taldea. Desoreka posible horretan oreka ona lortu duzuela ematen du.
Denok parte hartzen dugu beste taldeetan. Guillotina, Hartzak Blues Band, Occhi Di Farfalla, Humilitate, Culandra, Ojo Trueno… baina oraintxe lehentasuna Estricallari ematen diogu. Denbora asko eskatzen digun taldea da. Bakoitza punta batekoa izateak ere ez du laguntzen. Lana dela eta, abesti berriak egiteko entseguak ezin ditugu aste barruan egin, beraz, asko moteltzen da gure jarduna. Baina gure egoera geografikoa kontuan izanda oso ondo moldatzen garela uste dugu baita ere.
Boskote finkoa zarete egun?
2013ko azaroaz geroztik boskote berbera gabiltza. Zuzenekoetan eta estudioan ere seigarren kidea dugu Mikel Kazalis. Baina Estricallako familia handiagoa da. Inguruan taldean ezinbesteko laguntza ematen diguten lagunak gehiago ditugulako. Oreka polita dugu gaur egungo kideen artean.
Txekiatik diskoak iritsita, zuzenekoei begira zein asmo berri dituzue?
Zuzenekoei dagokienez, uztailera bitartean nahiko itxita dugu gure agenda. Euskal Herrian iaz pasa ez ginen txoko askoetatik pasako gara. Bestalde, disko berria prestatzen ari gara dagoeneko, eta beraz, ezingo dugu Triple Asalto Mortal laneko biran bezainbeste jo. Irailera begira ere bira berezi bat prestatzen ari gara. Hutsartea diskoko abestiak sartu ditugu errepertorioan, urte askotan zehar jo ditugun abesti batzuk kendu eta orain arte ia inoiz jo ez ditugun abesti zahar batzuk ere berreskuratu ditugu.