Elkarrizketa

Araitz Muguruza

2014.05.27

Araitz Muguruza

«Musikariak ikuslearen aurretik joan behar du»

Elkarrizketa: Unai Lobo

Musika munduak izan dituen aldaketak beren azalean sentitu dituzte Betagarri taldeko kideek. 1994an grabatu zuten maketa, orduan ezagun ziren taldeek grabatzen zuten tokian: Gasteizko La Nave Pirata entsegu lokalean. Orain, ordea, askoz jende gehiagok ahal du disko bat grabatu beren lokalean, eta izugarri pozten da horregatik Unai Lobo (Gasteiz, 1974) Betagarriko tronpeta jotzailea. Taldearen ibilbidea laburtu du 20 urte zuzenean disko eta DVDak. 

Urtemugaren atarian kaleratu zenuten Zorion argiak aurreko diskoa. Orain argitaratu duzuenarekin ospakizunak biribiltzeko asmoa duzue?

Oso argi genuen zuzenekoa behar zuela izan urtemugako diskoak. Aurrez kaleratu dugun zuzeneko bakarra 2004koa da; pentsa, beste hamar urte igaro dira ordutik. Urte hauetan guztietan, baina, taldean aldaketak izan ditugu, eta pentsatu genuen hori guztia islatzeko ere baliagarria izango zela. Betagarriren gaur egungo argazkia atera dugu, orain duen itxuratik gertuen dagoena. 

11 disko, eta abestiak ere beste horrenbeste dituzue. Nola egin duzue aukeraketa?

Azken lan honetarako bereziki saiatu gara 2004ko diskoko edukietatik aldentzen. Kontzertuetarako, bestela, ez dugu formula jakin baten arabera hautatzen errepertorioa, geroz eta hobeto baitakigu zer den jendeari gehiago edo gutxiago gustatzen zaiona, zerk funtzionatzen duen alegia. 

Boom egin krash eta Sweet Mary abestiak berriagoak izan arren, klasikoen parera iritsi dira ia. 

Klasikoak egitea da gure lana. Abesti berriak sortu orduko badakizu zaharragoen aurka borrokatu behar dutela. Taldearen onurarako, kantu berrietan inbertitu behar dugu. Kantuei hazteko aukerarik ematen ez badiegu, geure buruaren kontra ari gara. Jakin behar du ikusleen aurretik joaten, ezin gara ikuslearen gustuetara makurtu.

1R TRODIG6P2BANIZDE.eps

’20 urte zuzenean’ CD-DVDa Maldito Records diskoetxeak argitaratu du.

Betagarrik horretan asmatu duela iruditzen zaizu?

Ez nuke baiezko biribila emango, baina bada datu bitxi bat. Edozein musikariri egin dituen diskoen artean gehien gustatzen zaiona zein den galdetuz gero, gogokoena azkenengoa dela esango dizu. Alde batetik normala ere bada, azken lanean baitoa musikariaren jakintza osoa.

Baina batzuetan oraindik ere lehenengo diskoa izaten da ezagunena.

Bai, eta hori ez da lore bat, bestela non gelditzen dira haren ondotik argitaratutako guztiak? Baina, tira, gustuak oso subjektiboak izaten dira, eta noski, erabat onargarriak. 

Entzulearen adinak eta bizi den garaiak izango dute eraginen bat, ezta?

Kultura musikalaren araberakoa da. Normalean, eta horrekin ez dut esan nahi beti hala izan behar duenik, 17 urterekin 40 urterekin baino kultura musikal murritzagoa izaten da. Musika gehiago entzutearekin batera, irizpideak ere zabalagoak izaten dira, eta horren arabera ebaluatzen dira abestiak.

20 urteren ondoren, zein sentipen ditu taldeak?

Hasierako urteetako kaos desordenatu hori heldutasunera ailegatu dela, nolabait. Lokalean biltzen hasi ginen hasierako garaietan, eta jotzea eta festa egitea izaten ziren gure helburu nagusietakoak, ez baikenekien noiz arte iraungo genuen. Indarra eta gogo ikaragarriak genituen. Oraindik mantentzen ditugu, baina beste ikuspegi bat dugu, bizi garen garaia ere desberdina baita.

Zer eman dizue esperientziak?

Kontzienteago gara orain, bai egiten dugunarekin, bai gertatzen zaigunarekin. Saiatzen gara bestalde, gertatuko dena aurrez antolatzen.

Taldearen funtzioa aldatu da urte hauetan guztietan? 

Hasiberritan, jotzeko irrikan izaten dira musika taldeak. Ahal dela baldintza onetan jo nahi izaten dute, baina, era berean, ez dute diru askorik eskatzen, helburua ez delako irabaztea. Guk ere hala egiten genuen, eta oraingo taldeek ere hala egin behar dute. Eskatzen den dirua, hala ere, filtro batekin alderatzen dut nik. Betagarrik 1.000 euro eskatuko balitu, astebururo-astebururo joko luke; orain, ordea, gu gara horrenbeste jo nahi ez dugunak, eta igo dugu kontzertuaren prezioa. Hori egitearekin batera, jakitun gara askoz gutxiago joko dugula. Denborak eraman gaitu erabaki horiek hartzera.

betagarri_web

Betagarri taldeko kideak. Eskuinetik hirugarrena da Unai Lobo.

Nolakoa izan zen atzerrira bidaiatu zenuten aldia?

Ederra izan zen. Kontzertuetako irabaziak banatu beharrean gorde egiten genituen orduan, eta eman zigun bidaia batzuk egiteko aukera. Japonia, Europa, Amerika… Esperientzia horiek musikalki baino gehiago pertsonalki izan ziren aberasgarriak.

Nola ikusten duzu gaur egungo musikagintza?

Osasun onean dagoela iruditzen zait; talde ugari dago. Disko bat grabatzeko, gainera, inoiz baino baliabide gehiago dituzte. Guk lehenengo maketa grabatu genuenean, inork ez zuen estudiorik lokalean edo lokaletik gertu. Orain interes apur bat duenak lehen baino errazago eskura ditzake grabaketetarako beharrezko tresnak. Eta eskerrak horri.

Talde horiek badute tokirik agertokietan?

Bai, badute. Kontzertu motak ari dira aldatzen. Esan nahi dut: ohitu gara kontzertu bat ikusteko sarrera ez ordaintzera, eta hala, puntako taldeek jotzen zuten herriko jaietan, sarrerarik ordaindu gabe edo kopuru txiki bat ordainduta. Udalek, ordea, ez dute dirua sobera, eta talde handien kontzertuak baliteke horregatik jaistea. Joera hori aldatzen ari da, eta laster ia kontzertu guztiak ordainduko ditugu, ikusi nahi baditugu. Halere, Euskal Herrian mantso ari da aldatzen joera hori.

Bide horrek indarra hartuko duela uste duzu?

Musika taldeen emanaldiak sarrera ordainduta ikusi behar ditugula pentsatzen dut. Talde bakar baten kontzertua hamar euro kostatzea prezio duina da.

ETIKETAK:BetagarriElkarrizketak