Elkarrizketa

Leire Palacios

2015.12.24

Leire Palacios

“Musikariak artisaua izan behar du”

Elkarrizketa: Pau Vargas (Panda Artist)

Pau Vargas Bartzelonako Gracia auzoan jaio zen, 1975. urtean, baina Lekunberrin (Nafarroa) bizi da gaur egun. Euskal Herriarekin maiteminduta dago, eta euskara ikasten badihardu ere, lana dela-eta alboratu ditu ahal bezain pronto berriz ere hartuko dituen ikasketak. Urte luzez musika munduaren hainbat arlotan aritu da, eta gaur egun Euskal Herriko musika panoraman pisu handia duten hainbat talderekin lan egiten du, Berri Txarrak, Gatibu, Porco Bravo edota Glaukoma, besteak beste. Askok Pau Panda izengoitiarekin ezagutzen dute, berea baita Panda Artist enpresa. Ez diogu galdetu zer etorri zen lehenengo: ezizena edo enpresaren izena. Bai, ordea, oholtzatik at musika inguratzen duten hainbat kontuez, eta berak, errespetuz betetako modu garden, zintzo, zuzen, pasionatu, zorrotz eta ulerterrazean hitz egin digu.

PAU VARGAS

Pau Vargas, Panda Artist management enpresako burua. (Galder Izagirre)

Hasieratik abiatu gaitezen: zein da zure lana?
Horixe bera gustatuko litzaidake niri jakitea, kar, kar, kar! Musika talde batek egin ezin dituenak egiteaz arduratzen naiz. Adibidez, kontratazioa, kontzertuak eta hotelak lotu, bidaiak kudeatu, ordutegiak antolatu eta abar. Beste tankera bateko lana ere egiten dut. Esate baterako, diskoetxeekiko kudeaketaz arduratzen naiz edota kontu digitalak zein autoekoizpena inguratzen dituzten gaiez. Denetarik pixka bat. Taldearen araberakoa da egiten dudan lana, haren beharretara egokitzen bainaiz.

Panda Artist-en webgunean ‘booking’, ‘management’ eta ‘publishing’ hitzak irakurri ditzakegu. Horiek al dira bi minututan azaldu dituzunak? 
Ez, ez… inondik inora! Horiek dira lana sailkatzeko erabili ohi ditugun hiru multzoak, baina horiez gain betebehar gehiago ditut. 
Pertsonalena management-a da, hain zuzen hori da gure espezializazioa. 360 graduko ereduan lan egiten dugu, hau da, taldea inguratzen duen guztiaz arduratzen gara. Izan daiteke merchandising-a, diskoetxea, editoriala, banaketa digitala, kontzertuak, marketin harremana edota taldeak beharrezkoak dituen bestelako kudeaketa kontuak. Booking-az arduratzen garenean kontratazioaz arduratzen gara: lurralde batean edo hainbatetan izan daiteke. Azkenik, publishing-ak gai editorialak hartzen ditu, egiletza eskubideak eta abar.

Noiztik duzu musikarekin harremana?
16 urte nituela kontzertuak egiten hasi nintzen. Hortaz, 21-22 urte eman ditut horretan lanean. Eraldaketa gosetik jaiotako grinak eraman ninduen kontzertuak antolatzera eta apurka-apurka hasiera batean baino publiko zabal batentzako kontzertuak antolatzen hasi nintzen, Gironan dagoen Zeppelin aretoan. Bertako programazioaren kudeaketaz arduratu nintzen hiru urtez: kartelak pegatzen nituen, gomitoak garbitzen nituen… denetarik egin nuen. Horren ondoren, La Clau sortu nuen eta harrezkero birak antolatzen eta taldeen management-a eramaten hasi nintzen. Ondoren etorri zen booking-az ere arduratzeko aukera.

Zer izan behar du talde edo bakarlari batek harekin lan egin dezazun?
Pasioa. [Ez du zalantzarik egin ezta pentsatzeko denborarik hartu ere]

Definitu beharko dugu zer den pasioa, beraz.
Pasioa da egiten duzuna maitatzea eta horri amaierara arte eustea. Ondo zein txarto egin. Pasioa sentitzeak ez baitu esan nahi egiten dena ondo eginda dagoenik. Norberak kontziente izan behar du paretaren kontra jo eta min hartzeko aukera duela. Egia da, baita ere, atseginak zaizkidan taldeekin lan egiten saiatzen naizela. Haatik, badira artistikoki edota musikalki atseginak zaizkidan taldeak, eta hala ere, lagundu ezin ditudanak. Hau da, gustukoak izan arren, agian ez da eurekin lan egiteko momentua; beraz, ez dut egiten.

“Talde bateko kideak egiten ari direna baino lan handiagoa egiteko gogorik edo esperantzarik ez badute, ezin dut eurekin lan egin”

Zure intuizioan erabateko konfiantza daukazula dirudi.
Bai. Sarri askotan, nire buruarekin hausnarketa ariketa egin behar izaten dut, talde bati zerbait gehitzeko moduan nagoen edo ez ondorioztatu ahal izateko.

Nola dakizu talde bati zerbait eman diezaiokezun edo ez?
Talde bateko kideak egiten ari direna baino lan handiagoa egiteko gogorik edo esperantzarik ez badute, horrela antzematen badut behintzat, ezin dut eurekin lan egin. Esate baterako, musika pasio bat izan beharrean zaletasuna dela nabaritzen badut. Alegia, taldeak aurrera egitea lortuko ez dudala igartzen baldin badut, aldaketak haustura ekar dezakeelako, nahiago dut horretan ez parte hartu. Prozesu bakoitzak bere erritmoa dauka.

Talde pasionatuez ari bagara, musikak dedikazio handia eskatzen duela barneratuta duten pertsonez ari gara. Sormen prozesuan zein kontzertuak ematen etxetik kanpo ordu asko pasatzeko prest dauden pertsonak izango dira. Gertutasunez lan egiten duzunez gero, harreman profesionaletik at harreman pertsonala ere eraikitzen duzu taldeekin?
Bai. Lan egiten dudan taldeekin harreman pertsonala eraiki ohi dut normalean. Gizatiarragoa den harreman bat.

Izaeraren dimentsio hauskor eta zaurgarri horretan barneratzea, garrantzitsua al da taldearen etorkizunean laguntzeko? 
Askok diote kaltegarria izan daitekeela; nik, ordea, ez dakit beste modu batera lan egiten. Diotenez, negozio kontuak eta adiskidetasuna ez dira nahastu behar. Nirekin lan egiten duten taldeen laguna naiz, eta horrek ez du esan nahi diru kontuetan ibiltzea errazagoa denik. Beste edozein pertsonarekin lan egiten duzunean bezalakoa da. Gertutasun horri dagokionez, esango nuke, bakardadeak presentzia handia duela gure lanean. Esate baterako, hilabete eta erdiz biran murgilduta zaudenean, batetik bestera zabiltzanean etxetik kanpo, momentu bereziak bizi dituzu talde askorekin: animikoki oso goian edo oso behean egon zaitezke. Une normalak ere badaude, noski, lasaiak. Baina alboan duzunaren penak entzuteko momentuak ere bai. Biretan hamaika gauza gertatu zaizkit: heriotza bizitzea, maitemintzea, jatekorik ez izatea, nekatuta egon eta ezin lorik egitea, min handia izatea, egiten ari zaren horrekin biziki disfrutatzea… Txanponaren beste aldea da, ordaindu beharreko prezioa, aireportu batean zortzi orduz zain egotea etxera heltzeko gogo biziarekin.

Esango zenuke muturreko egoeretan edo deserosoak diren horietan, aurrea nola dantzatu badakizula?
Denok dakigu egoera horiei aurre egiten elkarrekin bizi garelako. Zenbaitetan ni naiz txarto dagoena, eta beste batzuetan beste bat da. Talde batean egunero pertsona berberekin esnatu eta oheratzen zara. Elkarbizitza landu behar da.

Nola daramazu, esate baterako, talde batekin hiru hilabetez Los Angelesen ematea?
Bikain! Bira ez ezik, sorkuntza prozesua zein sortutakoa nahasteko prozesua, niretzat oso-oso interesgarriak dira. Talde batekin estudioan sartuta ematen ditudan egun horiek bira prestatzeko erabiltzen ditut. Baina hori talde guztiekin egitea ezinezkoa zait.

Zer du giro horrek bira prestatzeko aproposa izateko?
Kantak nola jaiotzen diren bizitzeko aukera daukat eta diskoaren osotasunari tankera hartzen diot. Bada momentu berezi bat; dena berria da, xehetasun guztietan adi zaude, aldaketak nola gertatzen diren igartzen duzu, taldekideek prozesu hori nola bizi duten ulertzen duzu… Horrek guztiak inspiratzen nau. Sormen prozesu horrek nire sormena ere pizten du.

Aurrera egin eta mugak eraisteaz hitz egin dugu. Arintasunez jokatzea izan daitekeela onartuta, erradiografia bat egin behar balitz, erronka horren aurrean nola definituko zenuke taldeen jarrera?
Agian, esango nuke, gaur egun taldeek begirada jarrita dutela lortu nahi duten helburuan, momentuan egiten ari diren horretan baino. Kritika eraikitzailea egiteko asmoarekin diot. Nire ustez, Berlinen jotzeko helburua izatea, ez da Berlinen jotzea, baizik eta Berlinera heltzeko egin behar duzun bidea. Hau da, zure diskoa norbaiti eman eta pertsona horrek zutaz hilabeteetan paso egitea, bere atzetik ibili behar izatea eta era berean beste hamaika pertsonaren atzetik ere. Prozesu hori guztia da garrantzitsua. Kontzertuak ematen dituzu, kontzertu horietan jendea ezagutzen duzu, jende hori ezagutuz gozatzen duzu, toki berriak ezagutuz ere, eta egun batean Berlinera heldu eta aretoa beteta dagoela ikus dezakezu. Edo huts-hutsik. Hori ere gertatzen baita. Ametsak ez baitira beti egi bihurtzen.

“Gaur egun taldeek begirada jarrita dute lortu nahi duten helburuan, eta ez diote bideari erreparatzen. Helburura iristeko prozesua da garrantzitsua”

Egokituko zitzaizun talde bati baino gehiagori ezetz esatea, ezta?
Askori. Egunero esan behar diot talderen bati ezetz. Horregatik diotsut, uste dudala hainbat talde helburura begira ari direla, bideari erreparatu gabe. Maketa edo estreinako diskoa atera berri duten talde askok managerra lortzea daukate buruan, eta hori akats bat da. Talde batek managerra kontratatu behar du, managerraren beharra daukanean. Bidea hasteko beharrezkoa da lagun asko izatea eta areto pila batean jotzea. Egin beharreko aurreneko gauza lekuak okupatu edo taberna zuloak ezagutzea da. Horrela ikasten da garaipen momentua baloratzen. Entsegu lokaletik estadiora salto egin nahi izateak, ez du zentzurik. Adibidez, hori AEBetan pentsaezina da, baina hemen normaltzat jo nahi da.

Entsegu lokaletik estadiora salto egiteak zentzurik ez duela diozu. Eta entsegu lokaletik estudiora salto egiteak, noiz du zentzua?
Gaur egun argi dago, abilezia apur bat duena garage batean eta teknologia aproposarekin disko bat grabatzeko gai dela. Garai batean pentsaezina zen horrelakorik. Grabatzeko prest zauden edo ez jakitea oinez egitea bezalakoa da: zenbaitetan orkatila bihurritzen duzu, beste batzuetan zuzen aurrera egiten duzula iruditu arren okertuta zoaz… Noiz zauden grabatzeko prest? Auskalo. Disko bat egiteko prestakuntza handia egiten duen taldeak posible du bidean ilusioa eta freskotasuna galtzea. Maitasun kanta bat idazten duzunean, letrak lotzen dituzun momentu horretan, agian, minduta zaude, bakardadean itota, eta sentimenduei jarraiki idazten duzu. Agian, hori da grabatu behar dena, besterik ez. Zenbaitetan sentsazioa daukat denbora galtzen dela soinu bikaintasunaren bila. Tontakeria izan daiteke, historiako diskorik onenek soinu kaskarra daukate! Esate baterako, nolakoa da 20. hamarkadako jazz diskoen soinua? Hala ere, Billie Holiday entzun eta hunkitzen zaitu. Bob Dylanekin bertsua gertatzen da. Bada soinu pobre hori imitatzen saiatzen denik. Sarri askotan, ez gara konturatzen musikarekin bilatzen duguna emozioak eta sentimenduak direla. Hori ez du grabaketa on edo txar batek lortzen. Abestiak zerbait esateko duenean gertatzen da.

Orduan zer zentzu dauka soinu perfektua bilatzeak?
Niretzat soinu perfektu hori oso aspergarria da eta jendeak horretan denbora galtzen duela uste dut. Joan zaitez zinemara, irakur ezazu liburu bat, parrandan atera, maitemindu zaitez, maitea gal ezazu, ondo pasa, gozatu paisaia batekin… emozionatu zaitez eta orduan aterako da atera beharrekoa. Ez da ezer gertatzen zure kanta munduko kantarik onena ez bada. Gozatu sormen prozesuarekin.

“Zenbaitetan sentsazioa daukat denbora galtzen dela soinu bikaintasunaren bila. Historiako diskorik onenek soinu kaskarra daukate!”

Soinuaren lanketan zigiluek pisua izan dezakete. Egia al da hainbat zerbitzu biltzen duten eskaintzak lotzen dituztela zigiluek? Adibidez, eta ezjakintasunetik loratuta: estudio lanarekin batera ‘management’-a lotzeko konpromezua eskatu dezakete, prozesuetan oinarrituta lan egiten duen industria bat bezala?
Alde batetik, industria deitzea kaka zaharra da: musikariak artisaua izan behar du. Ez da galleta fabrika bat. Denok atsegin ditugu gehiago etxean egindako galletak masiboki egindakoak baino, ezta? Bestalde, bai. Badira hainbat kontu lotzen dituzten zigiluak. Eta egia da, denok amaitzen dugula egiten tokatzen zaiguna baino gehiago.

Adibidez?
Esate baterako, nire taldeek euren lanak autoekoitzi behar izan dituzte, beste modu batera egin ahal izateko baldintzarik ez delako bete. Horrelakoetan taldeak esan dezake: “diru mordoa jartzen ari naiz nire diskoa egin ahal izateko, nolabait diru hori bueltan lortu behar dut. Zer egin dezaket hori lortzeko?”. Bada, argi dago, norberak bere lana autoekoiztea dela bide bakarra.

Zergatik?
Garai bateko disko ekoizpenaren eskema hautsi denez, paradigma aldatu delako. Gaur egun, disko batean dirua jartzen duena sortzailea da, ez da zigilua. Diskoetxearen lana aldatu da, garai batean eurek egiten zuten inbertsioaren %80, eta gaur egun aldiz, ezer ere ez. Hau da, ehuneko ehunean sortzaileak egiten du. Haatik, diskoetxeak inbertsioa egiten zuenean bezala jarraitu nahi du dirua irabazten.

Gaztezulo aldizkariaren 2014ko abenduko alean argitaratutako autoekoizpenaren gaineko erreportajean, Gorka Urbizuk azaldu zuen oraindik badirela sortzaileari finantzazioa eskaintzen dioten zigiluak, betiere baldintza batzuen menpe bada. 
Bai, hala da. Pena da, ez baita sortzailearentzat bidezkoa izan den negozioa. Baliteke sortzaileek ere hori horrela ez zedin ahalegin nahikorik egin ez izana. Hau da, beste esku batzuen menpe uztea euren lana, eta ordainean diru kopuru jakin bat jasotzearekin konformatzea. Konturatu gabe, agian, artisauaren lana beste baten eskuetan utzi dute eta hori ez zaintzeagatik beste batek poltsikoak gehiago bete ditu sortzaileak baino. Zigiluek dirurik ez irabaztea ez da bidezkoa, baina ezta sortzaileek baino gehiago irabaztea ere.

Lehen aipatu duzun banaketa digitala, zertan datza?
Musika sarean kudeatzeaz, oro har. Spotify, Deezer, Youtube, iTunes eta beste hamaika plataforma daude. Gaur egun, badira alor horretan lan egiten duten hainbat enpresa garrantzitsu nazioartean, eta horiekin batera kudeatzaileak daude. Kudeatzaile horietara diskoa igo eta eurek 80-90 plataforma digitaletan egiten dute banaketa. Esate baterako, sakeleko guztiek dute musika entzuteko sistema propioa.

PAU Vargas

Kontzertuak antolatzen 16 urterekin hasi zen Pau Vargas. (Galder Izagirre)

Banaketa digitalaren amarauna horren zabala izanik, sortzaileak posible al dauka bere kabuz eta modu eraginkorrean egin? Bestalde, lan horretan laguntza jasotzen, ez al du kostata etekina ateratzea lortuko? 
Sortzaileak prozesu horretan izan nahi duen parte hartzearen araberakoa izango da etekina. Zenbaitengan nagia eragiten du horrelako prozesuetan sartzeak, eta hori dela eta diru asko galtzen dute. Nire ikuspegitik, leku batetik bestera jotzera joateko gasolina baino ez da dirua. Gaur egun sare sozialak ondo kudeatzeak berebiziko garrantzia dauka: Twitter, Facebook, Instagram eta webgunea behar bezala egoteak lan handia eskatzen du. Merchandising-a ere oso garrantzitsua da eta horregatik ezinbestekoa da taldeek euren produktuak ondo kudeatzea. Kamiseta bat publizitate ibiltaria da, eta diru sarrera bat. Talde batentzat negozio perfektua da! Zergatik? Alde batetik zure proiektua ezagutarazten ari zarelako, eta bestalde furgonetarentzako gasolina erosteko dirua irabazten duzulako. Kontua da artisauak daukan denda txiki hori kudeatzea, artisaua izaten jarraitu ahal izateko, hortik bizitzeko, ondo edo txarto, edo sinpleki gozatu ahal izateko.

Banaketa digital eta pre-order gaiari dagokionez, banaketaren etekina ez da bidezkoa izango ez bada behar bezala negoziatu. Zigiluak baldintza jakin batzuk jartzen baditu, sortzaileak malgutasunez negoziatzea da gakoa. Ondo negoziatuz gero, ez da arazorik.

Dena negoziatu daiteke?
Noski.

Kontratu estandarrak egiten dituen zigilu batekin edozein taldek negoziatu dezake?
Zigiluak lortu nahi duenaren araberakoa da hori. Lortu nahi duten etekinaren arabera negoziatzeko prest egongo dira edo ez. Esate baterako, zigulu batek talde baten lana ateratzeko interes handia baldin badu, aldez aurretik proposamena egingo du. Ondoren taldeak horren gainean aldaketak proposatu ditzake, edota are gehiago, goitik behera aldatu dezake proposamena. Horren aurrean, zigiluaren erabakia izango da diru kontuei erreparatu eta beste proposamen bat mahai gainean jartzea. Horrela, alde batean zein bestean daudenen interesak nonbait gurutzatu arte. Baina noski, talde txikiek zigiluekin negoziatu nahi dituzte negoziatu ezin daitezkeen kontratuak.

Edozer negoziatu daitekeela esan didazu.
Bai, baina indarra izatea garrantzitsua da. Hasiberria den talde batek ez dauka indar handirik. Egin behar duena da maketak grabatu, maketa horiek tabernetan saldu, areto txikietan jo… Lehen azaldu dizudan artisauaren prozesu hori egitea garrantzitsua da. 100 kontzertuko bira bat egin behar duzunean, orduan pentsatu ea zigilu baten parte izan nahi duzun. Horren parte izatekotan, zer baldintzetan izan nahi duzun parte. Baldintzekin ados ez bazaude, ezetz esan eta listo, zure kabuz ekoiztu egin nahi duzuna. Baina lan egin ezazu zure sorkuntzan, ez utzi besteek zurea den horretan lan egin dezaten zure partez. Ez da zigiluak gaiztoak direnik, baizik eta sarri askotan sortzaileek ez dutela behar bezalako arreta jartzen.

Edozein tokitan jo behar da?
Ahalik eta gehien jo behar da, gelditu gabe. Gogoan daukat, behin, Alemaniako booker batek esan zidana: “Hego Amerikako taldeekin lan egiten dut Espainiakoek nagikeriaz jokatzen dutelako, astean birritan baino ez dute jotzen”. Eta arrazoi duela uste dut. Ez dakit zer dela eta, taldeek asteburuan bakarrik jo dezaketela dirudi. Nazkatzen nau horrek. Zer dago astearte batean munduko edozein txokotan jotzen egotea baino hobeagorik? Ez gara asteburuko musikariak. Musikariak gara.

“Ahalik eta gehien jo behar da. Zer dago astearte batean munduko edozein txokotan jotzen egotea baino hobeagorik? Ez gara asteburuko musikariak”

Demagun talde batek zuk diozuna egiten duela: ibilbidea apurka-apurka abiatu plaza txiki guztietan joz, eta artisauak legez produktua zainduz. Ospea lortu eta dirua egiten hastearekin batera plaza handiagoetan jotzeko eta bira luzeagoak egiteko aukera iristen zaio. Gaztetxeek edota plaza txikiek, alegia, taldeak aurrera egin dezan lagundu duten tokiek, ezingo dute aurrerantzean talde horren katxea ordaindu. Baina ez da bidezkoa katxea toki jakin batzuetan jeistea eta beste batzuetan ez. Korapilo hori nola askatu daiteke? 
Oso zaila da hori kudeatzea. Panda Artist gaztetxeen aldekoa da erabat, baina badira momentuak non ezinezkoa den behar bezala kudeatzea. Zenbaitetan arriskutsua da. Noizbait beldurra izan dut, zenbait talderekin segurtasun baldintzak ez zirelako hoberenak. Baina argi daukat gaztetxeak oso garrantzitsuak direla, horiek baitira gazteak jotzera joan daitezkeen lehenengo plazak. Horregatik, zenbait talderekin bi eszenografia prestatu ohi ditugu: bat gaztetxeetarako eta beste bat toki handiagoetan erabiltzeko.

Eta gaztetxeak ezin badu katxea ordaindu?
Gaztetxeak ez dizu zertan ordaindu. Guk Pandan daukagun filosofiaren arabera, taldeak kontzertu batean bereganatzen duen audientziaren araberako balioa du. Ez du balio esateak milioi bat euro kobratzen duzula gero hamar pertsona agertzen badira kontzertuan. Hori ez da batere bidezkoa. Beraz, gaztetxe batek ezin dizunez katxe jakin bat ordaindu, sarreran oinarritu zaitezke. Adibidez, sarreraren bidez bildutako dirua jaso taldeak, eta barran irabazitakoa gaztetxearentzat.

Kontrako muturrera joango gara orain eta talde handien biretan jarriko dugu arreta. Mundu osoan jotzen ari den talde handi batekin jo ahal izateko hainbat taldek interesa izan dezaketen heinean, negoziatu beharko da, ezta? Negoziazioa, ekonomikoa izan daiteke?

Horrelakoak gerta daitezke, bai. Eskema erraz bat planteatuko dugu: irudika ezazu nazioartetik datorren talde bat, adibidez Australiatik, agente australiar batekin. Agente australiar horrek akordioa dauka booking konpainia handi bateko agente europar batekin. Azken horrek enkantea egiten du taldearekin…

Enkantea?
Bai. Pertsona horrek proposa dezake: “Talde bat daukat biran hainbat tokitan jotzeko. Nork jo nahi du harekin?”. Jotzeko hainbat aukera daude: lehen telonero edo bigarren telonero bezala. Hainbat biratan bigarren teloneroak talde nagusiarekin batera bidaiatzen du, autobusean. Tira, bidaiaren kontua era askotara lotu daiteke. Baina, bai, taldearekin enkantea egiten da. Orduan, zigiluek talde berriekin proposatu dezaketena da: “Aizu, nik Europa osoan zehar promozio sarea eskainiko dizut, nire egoitza guztietan, eta horrez gain hainbat diru jarriko dut, biran espazio jakin bat bete ahal izateko”. Horrela sar daiteke taldea, eta gauero adostutakoaren arabera ordaintzen zaio. Kopurua tokiaren tamainaren araberakoa izan ohi da. Horrez gain, merchandising-arekin irabazitakoa eta bira horretan egoteagatik dagokiona jasotzen du.

Nork erabakitzen du bira horren parte nor izango den eta nor ez?
Talde nagusiaren agenteak.

Beraz, telonero joko duen taldea ezaguna izan behar da, oholtza gainean egiteko kapaza dena erakutsi, eta gainera ordaindu behar du talde handiago batekin bira egin ahal izateko?
Bai. Baina kontua ez da ordaindu behar dela eta kito. Adibidez, gurekin lan egiten duen talderen batek horrelako bira handi batean parte hartu du eta bidaiatzeko furgonetaz aparte, ez du ezer ordaindu behar izan. Hala ere, horrelako kontuekin dirua galdu badaiteke ere, irudi aldetik onuragarria izan daiteke taldearentzat. Helburua ez da egiten den gauza bakoitzarekin dirua irabaztea, baizik eta urte osoko balantzea ekonomikoki positiboa izatea eta hilero bizitzeko adina diru lortzea.

“5.000 atsegin baino gehiago izatea oinarrizkoa da, esate baterako, Espainiako jaialdietan kontuan har zaitzaten”

Artisautzarekin zerikusi handirik ez duela ematen du; bai ordea, musika industria gordinarekin.
Sarri askotan, musikaren munduan dabiltzan hainbaten hoztasuna da arreta gehien pizten duena. Ez daukate zure musika aditzeko interesik. Gaur egun oso kontuan izaten da sare sozialetan zenbat atsegin dituzun, zenbat lagun dituzun…

Baina nola da posible, gaur egun zale faltsuak erosterik baldin bada?

Badakizu zergatik saldu eta erosten den hori? Horretan erreparatzen duen jendea existitzen delako, eta analisiak datu horien gainean egiten dituztelako. Talde berriez ari naiz; handiekin bestelakoa da. 5.000 atsegin baino gehiago izatea oinarrizkoa da, esate baterako, Espainiako jaialdietan kontuan har zaitzaten.

ETIKETAK:Berri TxarrakGatibuGlaukomaPanda ArtistPau Vargas