Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2018.09.26

Gorka Erostarbe

«Egunero berritzen den boto moduko bat da musikari izatea»

Elkarrizketa: Oier Aranzabal

Ezagutzen zuen aurretik Mikel Urdangarin. «Lagun komunak genituen, baina gu geu ez ginen lagunak». Biak dira musikariak. Mikel Urdangarin da Margolaria dokumentaleko protagonista, edo «kanala»; eta Oier Aranzabal (Bilbo, 1988), filmaren zuzendaria. Kazetaria ere bada, eta hainbat ikus-entzunezko lan egin izan ditu, musikarekin loturikoak zenbait. Lou Topet taldearen sortzaile eta gidaria da: «Azken hiru urteak nahiko indartsuak izan dira Lou Topetekin. Hor bizi izandakotik gogoa piztu zitzaidan kontatzeko musikatik edo artetik bizi dena nola bizi den egiazki». Ibilbide horretan ezagutu ditu Joserra Senperena eta Rafa Rueda, adibidez. «Lehen ezagutzen ez nuen musikari espezie bat». Haien istorioa kontatzeko gogoa piztu zitzaion: «baina ez agertoki gainekoa; ez nuen kontatu nahi fokuen azpiko historia. Kontatu nahi nuen artistaren egunerokoa. Denok bizi behar ditugun 24 ordu horiek, beraiek ere bizi behar dituztenak eta normalean ikusten ez ditugunak». Ordu mordoa grabatu zuen. Ez daki zehazki zenbat. «Ez dut zenbatu ordu kopurua, baina 20 terabyte (20.000 gigabyte) bete ditugu. Bi kopiatan. Kontzertu asko, entsegu asko. Diskoa grabatzeko hamar egunak bost kamerarekin jaso genituen, ia dena. Elkarrizketa asko. Bidaia bakoitza kamera altzoan hartuta grabatu dugu». Kontatu du Urdangarinen istorioa, eta, harekin batera, beste hainbat sortzailerena ere bai. Gaur, Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztuko dute.

OIER_ARANZABAL

Bi urteko lana eman dio Oier Aranzabali ‘Margolaria’ filma egiteak. (Gorka Rubio/Foku)

Baldintza batzuk bete behar zituen zure dokumentaleko pertsonaiak? 
Bai, ibilbide zabala izan behar zuen. Disko asko argitaratu dituen norbait. Izena lortu duen norbait. Mikelek [Urdangarin] baldintza guztiak betetzen zituen. Hala ere, Mikel da Margolaria-ko protagonista, baina izan zitekeen beste edonor.

Zein izan zen Urdangarinen lehen erreakzioa? 
Hasieran distantzia pixka batekin hartu zuen ideia, baina azaldu nion ez nuela asmoa Mikeli buruzko dokumental bat egiteko, eta bera ere lasaitu egin zen. Berak ez baitzuen horretarako gogorik. Nik esplikatu niona gustatu zitzaion: Mikel hartzea artista moduan. Mikel izatea bide bat, eta ez helburua. Hari gustatu zitzaion ideia, eta esan genuen: «bagoaz». Hasi ginen grabatzen eguneroko moduan; oraindik Margolaria diskoa ideia sorta bat baino ez zen, eta horri esker harrapatu dugu diskoaren prozesu guztia.

Foku azpikoa bezainbat interesatzen zitzaizun handik kanpokoa. Dokumentala bera hasten duzu Urdangarin bere etxeko bakardadean dagoela. 
Grabatzeko prozesu horretan, atentzioa eman zidan nola Mikel bakarrik bizi den, eta, Arriagan bertan jende mordo baten aurrean jo eta gero, adibidez, nola iristen den gaueko ordu txikitan etxera, eta orduko bakardadearen kontrastea. Mikel horrek denbora asko pasatzen du bakarrik; haren bizimoldeak baditu alde ilunak edo ez hain ederrak ere. Segituan ikusi nuen horrek zer potentzial izan zezakeen, eta horregatik erabaki genuen dokumentala momentu horrekin hastea. Gainera, momentu hori da ideia berriak sortzen diren unea ere. Kontatu nahi genuen oholtzaren gainekoa, baina ez genuen nahi oholtza gainekoa izatea dena. Oholtzaren gainekoa une puntual bat da, oso une ona artistarentzako, baina oso laburra, era berean.

Sortzaileak bakardade askori aurre egin behar izaten die. Zuk zeuk ere bakardade zenbaiti egin behar izan diezu aurre dokumentala egiteko?
Bakarrik hasi nuen proiektua. Gerrilla formatuan grabatua dago asko, kamera altzoan… Gero, taldea osatuz joan gara. Bi urteko prozesua izan da, eta egon dira momentu onak eta ez hain onak, konfiantzazko momentuak gure inkontzientzian eta baita zalantza momentuak ere. Nik uste dut edozein artistak dauzkala momentu horiek. Egiten ari zarena nahikoa egoki den ala ez jendeari gustatzeko: orduan sentitzen zara bakarrik.

Nola sortu zen Alain Urrutia margolariarekin izandako solasaldiak bideratzeko aukera?
Mikel joan zen Eskoziara lagun batzuei bisita egitera. Eta ni harekin joan nintzen, berarekin egon bainaiz denbora askoan. Gero, Alaini ere egin genion bisita, Londresetik pasatuta, han egon baita urte luzez. Laguna dugu biok. Bisita hartan, koadro bat oparitu zion Mikeli, eta esan zion baldintza bakarra zela berriz ere Londresera joatea koadroaren bila. Pentsatu genuen «ostra, hemen bidaia bat dago». Hor sortu zen dokumentalaren bizkarrezurra. Gero. Skypez birsortu genuen momentua, baina benetan gertatutakoa oinarri hartuta. Nik uste dut bidaia horrek gauza asko kontatzen dituela zeharka.

“Mikel da bide bat, kanal bat. Mikelen bizitzan gurutzatzen den jendea ageri da; saiatu nintzen narrazioa deszentralizatzen hasieratik”

Truke bat dago, beraz; sortzaileen arteko truke bat.
Bai, halaxe da, eta Mikelek Alainengan inspiratua idatzi zuen “Margolaria” kantua. Artisten artean ere harreman asko sortzen dira, eta uste dut pelikulak jasotzen duela hori, bai Alainekin, baita gurutzatzen diren artista guztiekin ere.

Margolaria izenburua izanik, filma, zuri-beltzean. Zergatik hautu hori?
Arrazoi nabarmenetako bat Alainen hautu artistikoa bera da. Zuri-beltzean margotzen du, eta badauka obsesio moduko bat kolore horiekin. Jantzi ere hala egiten da. Berak aldarrikatzen du zuriaren eta beltzaren artean badela kolore gama bat, grisen gama oso bat. Horrek ekarri zuen hautua: neuk egin dut muntaketa, eta grabatu ahala muntatuz joan naiz. Haren sekuentzia muntatzen ari nintzela, ez dakit zergatik, zuri beltzeko aukera egin nuen, eta ordutik aurrera pelikula guztia zuri-beltzean egitea erabaki genuen. Hautu estetiko bat da; izan zitekeen koloreetan ere, baina zuri-beltzekoa aukeratu dugu guk. 

Urdangarinen istorioaz gain, artisten istorio txiki paralelo dezente daude dokumentalean.
Mikel da bide bat, kanal bat. Mikelen bizitzan gurutzatzen den jendea ageri da; hor saiatu nintzen narrazioa deszentralizatzen hasieratik. Esaterako, une batean Nika Bitchiasvili biolin jotzailearen bizitzan sartzen gara, eta orduan Mikel desagertu egiten da. Eta kontatzen dugu beste artista baten bizitza, beste artista baten bizimoldea, beste artista baten hautua, paraleloan. Gero, berriro Mikelengana itzultzen gara, baina ikusten dira kontrapuntu batzuk, jabetzeko zein desberdina izan litekeen artetik bizitzea kasu batean edo bestean, eta, era berean, zenbat gauzatan bat egiten duten.

Familiako kideen testigantzek garrantzia berezia dute. 
Sortzaile bakoitzak bere modua du artea bizitzeko. Mila modu daude, eta batzuk ikusten dira pelikulan, baina artista guztiek dituzte gauza asko, eta, askotan, gainera, gauza harrigarriki antzekoak. Artista ia gehienek eduki dute bazkari bat edo afari bat gurasoei esateko: «aizue, musikatik edo artetik biziko naiz». Oso kuriosoa egin zitzaidan hori, erabakia hartzeko une hori. Apustu irmo baten berri ematen du. Kontua da erabaki hori —eta batez ere euskal artisten kasuan— ez dela egun batean hartzen, baizik eta ia-ia egunero berritzen. Norian goian edo behean egon, artistak zalantza garai asko izaten ditu: «Jarrai dezaket honetan? Noiz arte bizi naiteke honetatik?». Aldian-aldian berritze den boto moduko bat da.

Mikelentzat, hasiera gogorra izan zen.
Mikelek duela hogei urte hartu zuen musikatik bizitzeko erabakia. Mikel ez zen inor, ez zuen ibilbiderik, baina irakasle postu finko bat utzi zuen, eta musikatik bizitzea erabaki. Erabakiak zoroa ematen du pixka bat, ezta? Baina, hogei urteren ondoren, beste modu batera ikusten da. Baina ikusten da, gainera, ez dela erabaki erraza, ze pasatu daitezke lau hilabete kontzerturik gabe, eta ez da dirurik sartzen kaxan. Ni haserretu izan naiz irakurritakoan Gatibu-k edo beste hark 15.000 euro kobratuko dituela ez dakit non jotzeagatik, eta jendea kexaka hasi dela. Euskal Herrian lauzpabost talde egongo dira lortu dutenak musikatik bizitzea, eta, hala ere, prekarioenak dira beste zenbait lanbiderekin alderatuta. Hasierako zifra horrek inpresioa ematen du akaso, hasieran, baina ez da kontatzen hilabeteak eman ditzaketela batere kontzerturik gabe, horra iristeak etengabe lan egitea eskatzen duela, lan ordu asko direla, talde baten atzean jende gehiago dagoela…

“Sortzailearen ofizioa ez da ofizio zilegitzat hartzen. Estigma hori oso presente dago oraindik, eta deseraiki beharra dago”

Sortzailearen lana ez dago behar bezala baloratua. 
Ez dago ondo ikusia zure obratik bizitzea, sorkuntzatik bizitzea. Oraintsu gertatu zaie Grises taldekoei ere: esplikatu behar izan dute herriko kontzertu baterako udalak emandako dirua nola banatu behar izaten duten, eta ia ezerezean nola geratzen den. Hori ez daukate esplikatu beharrik ere. Sortzailearen ofizioa ez da ofizio zilegitzat hartzen. Estigma hori oso presente dago oraindik, eta deseraiki beharra dago: nola egurtzen ditugun gure artistak, eta nola ez diegun uzten duin bizitzen beren obratik. Grazia egiten dit: gero, Tom Waits etorri, eta Kursaalera joaten gara, 130 eurotik gora ordaintzeko prest. Badugu horretan zer hobetua.

Urdangarinek entzutearen beharraz hitz egiten du Kirmen Uriberekin. Sortzaileak ere asko entzun behar du, zuk zeuk kasu honetan, adibidez? 
Bai, entzun, ikusi eta ahal den dena barneratu. Muntaketa egiteko orduan, oso presente eduki behar genuen grabatutako guztia: diskurtsoak… Grabatzen ari zaren bitartean ere jabetu egin behar duzu grabatzen ari diren horretaz, esaten ari diren horretaz, eta hori diskurtso batean integratu, edo horrekin narrazio bat egin. Nire ustez, funtsezkoa da entzutea eta ikustea, eta gaur egun nahiko distraituta bizi gara orokorrean, edo zirkunstantziek distrakziora garamatzate: ez da hain erraza kontzentratzea.

Musikaria eta dokumentalista. Dokumentalaren generoa bereziki duzu gustukoa. Egileren bat izan duzu buruan?
Ideia asko izan ditut buruan. Erronkarik zailena da nola ez egin generoko dokumental tipikoa. Nik neure buruari erronka jarri diot ez erabiltzea betiko bustoak, eta narrazio bide desberdinak planteatzea. Bustoak erabiltzea guztiz zilegi da, eta oso ondo dago; sekulako filma egin daiteke horrela ere. Gauza asko eginak daude musikaren munduan; adibide mordoa dago, eta guretzat erronka da euskal musikari bat nola aurkeztu munduko beste musikari bat bezala. Edo nola egin ulergarri eta disfrutagarri ez, eta ez bakarrik hemen, Euskal Herrian, baizik eta beste edonon ere berdin. Ni horretan saiatu naiz, Mikel pertsonaia generiko baten gisara aurkezten.

Pertsonaia generiko modura, baina bere ezaugarri propioei uko egin gabe. Okinawara egiten duen bidaian ikusten da hizkuntza gutxituen errealitatea ere. 
Bai, saihestu nahi genuen esplizituki gaia ateratzea. Okinawara egindako bidaia iruditu zitzaigun ideia ona. Okinawak hiru hizkuntza propio ditu japoniera ez direnak, eta hor ispilu bat zegoen. Iruditu zitzaigun bidaia hori aproposa zela errealitate hori kontatzeko: inplizituki film osoan ikusten dena, Mikel euskaraz abesten, hor kontatu egiten da. Eta John Potterrek kontatzen du. Potter unibertsitateko irakaslea eta kritikaria da. Folk Roots aldizkarian egiten ditu folk musikaren inguruko kritikak, eta txundituta dago euskal musikarekin; euskal musikaren friki bat da. Mikelen diskoa asko gustatu zitzaion, eta kontatzen du zergatik eraman zuen Mikel Okinawara. Hor kontatzen da euskarak eta Euskal Herriak zer leku duten munduan; niretzat, erronka da nola kontatu Oskorri-ren istorioa, edo Berri Txarrak-ena, edo ez dakit zer talderena, baina ez zaleentzat soilik, baita gustatzen ez zaion edo ezagutzen ez duen norbaitentzat ere. Euskal Herrian, horrek behar luke erronka; nola kontatu ez guretzat, baizik eta ikusi nahi duen edonorentzat.

(Berria egunkarian, 2018ko irailaren 22an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:Alain UrrutiaBerri TxarrakDonostiako ZinemaldiaGatibuJoserra SenperenaKirmen UribeLou TopetMikel UrdangarinOier AranzabalOskorriRafa RuedaZinemaZinemira