Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2016.04.12

Jon Eskisabel

«Musikari hauekin edozein estilo egin ahal dut»

Elkarrizketa: Petti

Musikari ia berberak dira Etxeko uzta 2002ko diskoa grabatu zutenak eta Hotzikarak lan berriari forma eman diotenak, baina azalean bertan antzeman daiteke bien arteko ezberdintasuna. Bere izenari Etxeko Uzta taldearena gehitu dio Pettik, eta lau musikarien irudia paratu du. «Kantuok ez dira nireak bakarrik, talde lana izan da. Hasieran, diskoaren beste ikuspuntu bat neukan, baina estudioan sekulako buelta eman diegu hainbat kanturi. Hagitz erraza da jende honekin lan egitea; nik baino askoz gehiago dakite musikaz, eta egiten uzten diet: erabakitzen dutena erabakitzen dutela, beti hobera egiten du kantuak». Joseba Irazokik (gitarrak) eta Igor (bateria) eta Iñigo Telletxea (baxua) anaiek osatzen dute Etxeko Uzta. «Herri berekoak gara, eta txikitatik lagunak». 1990eko hamarkadaren amaieran Beran (Nafarroa) sortutako musikari belaunaldi oparoaren ordezkari apartak dira laurak.

Petti (J.A. Areta 'Juxe')

Petti, grabazio estudioan. (J.A. Areta ‘Juxe’)

Apirilaren 15ean kaleratuko du Juan Luis Perez Mitxelena Petti-k (Bera, 1973) Hotzikarak (Elkar), bere bakarkako zazpigarren lana. «Gitarra gordin eta zikinez» osaturiko diskoa da, eta bost egunetan grabatu dute Elkar estudioan, zuzenean, lau musikariek batera joz. «Zuzenean entzuteko kantuak dira, diskoan entzuteko baino gehiago. Horregatik, grabazioa dago egina zuzeneko bat izan behar den moduan, erran genezake. Batez ere nabaritzen da intentsitatean, denak batera jaisten gara, denak batera igotzen gara… eta hori da kantuari indar handiagoa edo txikiagoa ematen diona». Datorren larunbatean, hilaren 16an, Baionako Elkar dendan eta 22an, Bilbokoan, saio akustiko bana egingo du Pettik, baina taldearekin maiatzaren 7an egingo du diskoaren lehen aurkezpena, Donostiako Antzoki Zaharrean. Oraingoz, beste emanaldi bat gehiago dauka lotuta, maiatzaren 20an, Alegiako Gaztetxean.

Hamabi kantuko zerrenda batekin sartu ziren estudiora, baina hamarrek osatu dute diskoa. Leonard Cohenen “The Partisan”-en bertsioa grabatzeko baimenik ez zuten jaso —«ingelesez eginez gero bakarrik ematen dute baimena»—, eta beste kantu bat kanpoan gelditu da denbora faltagatik. Kasu gehienetan ez baitira mugatu kantuak entsegu lokalean landu bezala grabatzera, baizik eta ideia berriak probatu dituzte estudioan, kantu beraren bertsio ezberdinak alderatu, eta, kasu batzuetan, estudioan bertan sortu da aldaera definitiboa. Esaterako, Gu Ta Gutarrak-en Bi bide” kantuaren hasierako moldaketa folkia zen, baina Irazokik ideia berri bat eraman zuen, eta ordu erdi batean «The Strokesen tankerako» bertsioa sortu zuten. Berau hautatu zuten. «Bertsio bat egitekotan, hobe guztiz ezberdina egitea, jatorrizkoaren arima mantenduz». Argiak errepidean” biolinarekin grabatzeko asmoa zuen Pettik, baina folketik bluesera egin du kantuak estudioan. Azken adibide bat: Amaiera” abestiaren lauzpabost bertsio zituzten, horietako bat bluegrass estilokoa, baina malenkoniatsu hasi eta epikotasunak gain hartzen duen country-rock moldekoa hobetsi dute, «diskoa ixteko egokiagoa» zelakoan. «Musikari hauekin edozein estilo egin ahal dut», laburbildu du Pettik.

Malgutasun horren lagin bat da diskoa. Ez da Etxeko uzta bezain trinko eta monolitikoa. Hard-rocka dago (Ez barkatzen”), Neil Young & Crazy Horseren eraginpeko rock geldoa (Ni naiz”), ahots geruzez sortutako gospela (Beti aitzinera”), piano baladak —Txus Aranbururekin grabatutako Azken Aetzaren balada” hunkigarria—, banjoz lagundutako folk akustikoa (Hotzikarak”), blues-soul iluna (Puskatu egin nintzen”) eta rock-and-rolla (Sekula ez erortzea”). Azken horretan, salbuespena egin du Pettik, eta Etxeko Uzta ez den talde batekin grabatu du: Joseba B. Lenoir Gang eta Willis Drummondeko Joseba Baleztena, Felix Buff eta Xan Bidegainekin. «Joseba Baleztena miresten dut ikaragarri; aspaldi ez nuen hain ongi pasatzen Joseba B. Lenoir Gangen kontzertu batean bezala. Maitagarriak dira, eta musikari onak. Haientzat egindako kantu bat da; banekien ondo pasatuko genuela grabatzen».

Hitzetan, gehienetan bezala, besteen testuetara jo du kantari nafarrak. Ohiko kolaboratzaileez gain (Beñardo Goietxe, Harkaitz Cano), izen berriak ageri dira: Pello Lizarraldek idatzi dizkio “Argiak errepidean” abestiko hitzak, Eneko Barberenarenak dira “Ni naiz” eta “Azken Aetzaren balada”, eta Juan Luis Zabalaren Hautsia natza poema liburutik “Puskatu egin nintzen” musikatu du. “Beti aitzinera” eta “Amaiera” kantuen hitzak Pettik berak sortu ditu, biak arrunt baikorrak. «Lehen, kantu ezkor anitz egiten nituen. Orain, guztiz kontrakoa. Bizitza datorren bezala hartu, eta aurrera egin behar da. Gaizki egindakoa onartzeak, berriz ere gaizki egin ahal duzula jakiteak eta beldurrik eta lotsarik gabe esateak aurrera egiteko indarra ematen dit niri. Gauzak ondo doazela erran nahi du horrek».

Ildo horretatik, unean uneko «bizitza puskak» dira diskoak Pettirentzat, «bizi dudana kantuetan islatzen da, hor dago kantuen indarra», eta Hotzikarak ez da salbuespena. «Denbora aurrera joaki, ikasten joaten zara, eta hobeto egiten dituzu gauzak, eta orain ere horretan ari naiz. Nik hala uste dut behintzat. Beraz, espero dut diskoan nabarituko dela zerbaitetan hobetu dudala, eta diskoa bera ere hobea dela. Edozein lanetan bezala, egiten duzuna hobetzen joateak du garrantzia, eta hortik bizi ahal izateak».

petti-argazki

Joseba Irazoki, Igor Telletxea, Petti eta Iñigo Telletxea. (J. A. Areta ‘Juxe’)

Garrantzi bera ematen diezu disko guztiei?
Garrantzi handien duena Awañak da, aitari eginiko omenaldia izan zelako. Nire ustez, egin dudan diskorik onena, Hotzikarak kenduta, Arrazoiak da, nahiz eta gaizki kantatua egon. Gustatuko litzaidake noizbait Arrazoiak berregitea. Garai hartan nahiko gaizki nengoen, indarrik gabe, eta diskoan islatzen da. Nire bizitzaren garai garrantzitsu eta puta bat izan zen. Konposizioen aldetik, dena bakarrik egin nuen, gitarraren afinazio ezberdinekin esperimentatzen hasi nintzen, beste mundu batean sartu nintzen, baina arrunt gaizki kantatua dago.

Gaztelupeko Hotsekin hainbat disko atera ondoren, Astirtitan argitaratzeko autoekoizpenera jo zenuen. Hotzikarak Elkar diskoetxeak kaleratzeak itxaropen berriak sortzen dizkizu?
Disko bat da zuzenean jotzeko behar den zerbait, eta zure bidea ikusteko ere balio duena. Bada jende aunitz arrazoi ezberdinengatik kontzertuetara joaten ez dena, eta beste aunitz, joanda ere, nahi duena diskoa eduki, baina diskorik gabe ez dago kontzerturik. Zorionez edo zoritxarrez, honetatik bizi nahi dut, eta honetatik bizitzeko diskoak egin behar dira. Horretarako balio dute diskoek niretzat; gainerako guztia arazoak besterik ez dira. Elkarrek zabalkunde handia du, eta promoziorako baliabide gehiago, baina kontziente naiz hemen zer dagoen. Bizimodu xume bat izateko adina jaso eta zorrak ez izatearekin, konforme.

Edozein lanetan bezala, egiten duzuna hobetzen joateak du garrantzia, eta hortik bizi ahal izateak”

Bilakaera ikusten duzu zure kantagintzan?
Lehengo kantuak orain hobeto egiten ditut, baina, azken finean, lehen egindako kantuak dira. Estilo aldetik, disko honetan ez dago aldaketa handirik, ildo berari jarraitzen dio… Zuzenean, instrumentua jotzeko eta kantatzeko orduan, nahiz eta ahotsa lehen baino askoz okerrago izan, ustez kantuekin azaldu nahi dudana hobeto azaltzen dut; erregistro aldetik baliabide gehiago dut. 250 kontzertu gaizto eta 500 kilo tabako gutxiagorekin hobeto egongo nintzen, baina…

Abeslari, gitarrista, kantu egile, konpositore… Zein ordenatan?
Kantu egile. Konpositore ez. Niretzat konpositorea da musika dakiena, idazten duena, bere buruan… betiko konpositorea, alegia. Gitarrista ere ez dut ikusten neure burua, abeslari agian gehiago… Gitarrarekin nota batzuk jotzen dakit, eta nota horiek erabiltzen ditut kantuak egiteko. Baina ez naiz Joseba Irazoki, ez naiz Joseba B. Lenoir. Denborarekin ikasi dudana da teknika gehiago izan ordez gitarraren intentsitatea kontrolatzen, hitzek erraten dutena adierazteko gitarra erabiltzen.

Aldiz, zuzenekoetan jendea txundituta uzten duzu abesteko eta gitarra jotzeko duzun gaitasunarekin. Inoiz sentitu duzu gaitasun horrek berak eraman zaitzakeela kantuen lanketa bigarren planoan uztera?
Ez, beti izan naiz kantu sinpleen zalea. Neil Youngen kantu guztiak lauzpabost notarekin eginda daude. Lauzpabost nota horiek beti berberak dira. Baina gakoa ez dago lau nota horietan bakarrik, exekutatzeko modua, sentimendua ere garrantzitsuak dira. “Beti aitzinera” kantuan aipatzen dudan moduan, «gutxiago gehiago izan ohi da». Musikan ere, gero eta gauza gutxiagorekin kantuak irabazten du. Zerbait barroko egiten baduzu, ez dakizu nondik hartu azkenean.

Ni hagitz limitatua naiz kantuak egiteko orduan, dakizkidan nota horiekin egin behar ditut kantu guztiak. Beti pentsatu dut 50 urterekin hasiko naizela musika ikasten, baina beldur naiz horrek ez ote lukeen ekarriko nik orain egiten dakidana galtzea. Arreta jarriko nuen konposizio lanean, eta sentimenduzko alderdi hori, kantuak bihotzean ematen didan indarra galduko nuen. Agian ez nuke jakingo hiru notarekin kantu bat egiten, beharko nituzke zortzi, hamar… Bada jende asko oso kantu onak egiten dituena teknikoki, baina niri ez didate deus ematen.

“Beti izan naiz kantu sinpleen zalea. Musikan ere, gero eta gauza gutxiagorekin kantuak irabazten du”

“Erramurik gabeko gauak” kantuak izan duen oihartzunak zerbait ekarri dizu?
Lehen, nire diskoak irratsaio jakin batzuetan jartzen zituzten, eta kantu hori, berriz, beste saio batzuetan ere azaldu da. Baliteke taldearekin berriz jotzen hastea ere horren ondorio izatea; lehen kontratatzen ez ninduen jendeak agian kantu horrengatik kontratatu nau; pentsatu du gauza serioak egiten hasi naizela… Ate batzuk ireki ditu kantu horrek, baina dudarik gabe Harkaitz Canoren letra puskarengatik izan da.

Iaz hasi zinen berriro Etxeko Uztarekin jotzen, baina emanaldi gehienak bakarka ematen dituzu. Ze aukera ikusten duzu Hotzikarak taldearekin defenditzeko?
Nik bakarrik jotzen dut ez dagoelako dirurik taldea ordaintzeko. Nahi dut taldearekin ahalik eta gehien jo, baina ezin gara ibili dirua galtzen, eta nekatuta nago mesedeak eskatzeko. 20 urte daramatzat mesedeak eskatzen, eta lotsa ematen du batzuetan. Hor dago arriskua. Ikusi beharko dugu nola funtzionatzen duen diskoak, eta espero dugu baietz, ahal izango dela taldearekin jo, baina betiere baldintza batzuk daudenean.

ETIKETAK:ElkarFelix BuffGaztelupeko HotsakIgor TelletxeaIñigo TelletxeaJoseba B. LenoirJoseba B. Lenoir GangJoseba BaleztenaJoseba IrazokiPettiWillis DrummondXan Bidegain