2014.11.06
Sei urte igaro dira Iñaki Igon Garitaonandia Gari-k (Legazpi, 1963) zuzenean talde formatuan aritzeari utzi zionetik. Karlos Aranzegik (bateria; Bide Ertzean), David Gonzalezek (baxua; Berri Txarrak, Cobra), Fran Iturbek (gitarra; Bide Ertzean) eta Mikel Azpirozek (teklatuak; Lau Behi, Elkano Browning Cream) osatu zuten Gariren azken banda, Esperantza kondenatua (2007) diskoa grabatu eta zuzenean aurkezteaz arduratu zena. Bira haren ondoren, Bilborock aretoan 2009ko urtarrilaren 15ean eskainitako agur-festa etorri zen, zeinean beste hainbat lagun izan zituen alboan Hertzainak-eko abeslari ohiak: Gose, Doctor Deseo eta We Are Standard taldeetako musikariak, besteak beste. Hurrengo egunetan Kongorako bidea hartu zuen Garik, eta herrialde hartan hainbat hilabete eman ostean, Euskal Herrira itzuli eta Miguel Moyano gitarristarekin lanean hasi zen. Lankidetza hartatik sortu dira bi disko —Ez da amaiera eta Ez da amaiera. Live Analogic Recording / Elkar Estudio Sessions, biak 2013an— eta bikote formatuan, gitarrak eta programazioak lagun, emandako hainbat kontzertu.
Sei urte geroago, berriz talde bat osatzeko bulkada sentitu du Garik. Miguel Moyano alboan du orain ere, baina Ekaitz Hernandez baxu jotzailea (Split 77, Txuma Murugarren…) eta Nacho Beltran bateria jotzailea (Atom Rhumba, Txuma Murugarren…) batu zaizkio MaldanBera osatzeko. Getxoko Andres Isasi musika eskolan aurkeztuko du proiektu berria datorren igandean, 19:00etatik aurrera, Udagoieneko Ostera egitarauaren barruan.
2013ko martxoko elkarrizketa batean hau zenioen: “Badira gutxi gorabehera lau urte nire indarrak eta nire denbora ondo neurtzea erabaki nuela. Ez nuen talde baten erantzukizuna hartu nahi, gauzak egiteko kemena mugatzen zidaten lanetara bideratu nire denbora”. Zerk bultzatu zaitu orain talde bat osatzera?
Inoiz ez dugu jakiten ibilbide berri bat hasterakoan nolakoa bilakatuko den, norantza joan eta iritsiko garen, zeintzuk izango diren akatsak eta ikasketak… Bideari aurre egiteko indarrak izaten dira soilik behar-beharrezkoak. Eta indargabe sentitu baino gehiago, nituenak dosifikatu behar nituen, bizitzari eusteko. Azkeneko sei urte hauek oparoak izan dira, musikarekiko konpromiso estuagoa lortu dudalakoan nago, eta musikari bezala ere indartuago atera naiz.
Zer nolako esperientzia izan da sei urtez bikote formatuan aritzea?
Gorabehera handiak izan dira; froga-errore ugari bete behar dira makinaz inguratuta zabiltzanean, hauek ez baitute inprobisazio ez artistiko ez teknikoa onartzen. Hainbat aldiz, Tourreko Alpeetako etapa batean bezalaxe sentitu naiz, aldapa behera noiz iritsiko zain. Dena den, ezin ukatu ikasketa zoragarria izan dela.
“Hainbat aldiz, Tourreko Alpeetako etapa batean bezalaxe sentitu naiz, aldapa behera noiz iritsiko zain”
Taldearen izenak, MaldanBerak, adierazi nahi du beraz, garai batean ez bezala, gauzak errazago ateratzen zaizkizula, erosoago zoazela aurrera? Bestetik, aukera estetiko huts bat da edo taldearen lana eta ekarpena nabarmentzeko asmoa dago horren atzean?
Bai, bikote proiektuari amaiera eman eta epe luzerako proiektu berri bat sortzea da MaldanBeraren atzean dagoen asmoa. Oraindik hasi berriak gara errepertorioa zuzendu eta egokitzen, gure identitateak azaltzen, rol berriak eraiki eta hauek onartzen… Horrexegatik oraindik goiz da ezer gehiago azaltzeko horren inguruan.
Zergatik musikari horiek? Ze soinukera bilatzen duzu talde berrian?
Soinua lantzeko, taldeak lokalean ahalik eta ordu gehien eman behar ditu, eta ezinbestekoa zen taldekideak Bilbo inguruan bizitzea, hau guztia bideratzeko. Hortik aurrera dena errazago izango da.
Azken aldian We Are Standard taldeko Jon Agirrezabalagarekin aritu zara, elektronikaren bidez gauzatxoak egiten haren estudioan: zure kantuen moldaketak, Hala Bediren 30. urtemugako diskorako RIPen bertsio bat grabatu zenuten… Zer bilatzen duzu lankidetza horretan?
Jon eta biok auzokideak gara, eta elkartzen garen bakoitzean musika hartzen dugu aitzakiatzat gure buruak martxan jartzeko. Inpresioak konpartitzen ditugu, eta horrela hasten dira gure kolaborazioak. Sare bat sortzea da helburua gure solasaldietan, artistek erantzun propio bat aurkitu eta agerrarazi dezaten, gizartean gertatzen denarekin bat egiteko.
“Haurrekin egindako saioetan zerutik gertu ibili gara batzuetan, baina infernuaren suak ere sentitu ditugu…”
Getxon egingo duzue taldearen estreinaldia. Zein errepertorio prestatu duzue?
Errepertorioa baino gehiago nire ardura nagusiena entseguetan lantzen ari garen soinu eta jarrera, taula gainean behar duen intentsitatearekin azaltzeko kapazak izatea da. Baina oso goiz da oraindik kanta berriak aurkezteko.
Aurrera begira, hurrengo diskoa talde honekin lantzeko asmoa duzu? Disko horren grabaziorako aurreikuspenik dago?
Kanta berriak idazten ari naiz, eta akaso datorren urterako diskoaren ideia zehaztuta egongo da. Baina hasiera batean MaldanBera taldearekin grabatzeko asmoa dut.
Haurrentzako emanaldiak ere eskaini dituzu azken aldian. Nolako esperientzia izan da? Jarraituko duzu?
Txikiekin hainbat saio eman eta gero konturatu naiz zein aldakorra izan litekeen beraiengandik jasotako erantzuna. Hari-harian sentitu naiz saio bakoitzean; batzuetan zerutik gertu ibili gara baino infernuaren suak ere sentitu ditugu… Ez didate onik egiten horrelakoetan jaso izan ditudan emozioek, oso aldakorrak baitira eta nire bihotzak ez ditu horrelako gehiagorik behar. Beraz, oraingoz behintzat, amaitutzat eman dugu Txikiak Eraikitzen programa.
1 IRUZKIN
begoña isasi 14.11.27
Zorionak, Gari, Maldan Behera beti izaten da bide on bat segitzeko !
Txikientzako dendaren amama bezero eta zure jarraitzailea naiz.
Sorte ona zuek guztioi !