Elkarrizketa

Fred Berruet

2020.12.10

Fred Berruet

“Musikak hegal egin behar du, beste kulturekin nahastu, gero hobekiago itzultzeko”

Elkarrizketa: Txomin Larronde 'TXO'

Kanabera, Bizkarrezurra, Txakun, Foisis Jaunak, TXOTxomin Larrondek (Ziburu, Lapurdi, 1969) ibilbide luzea darama musikaren munduan. Bere proiektu pertsonalenarekin Bordagaineko dorretik autoekoizturiko lana kaleratu berritan, hainbat galdera egin dizkiogu bere ibilbideaz, musika gustuez eta kezkatzen duten hainbat gairi buruz.

Txo eliza

Txomin Larronde ‘Txo’ (Ziburu, 1969).

Badu aspaldi musika munduan zabiltzala. Nola hasi zen hau dena?
Aspaldian! Arrunt zahartuko nauzu horrelako galderekin… Ongi oroitzen banaiz, Kanabera taldean hasi nintzen musikan, Xabier Itzaina, Kittu Laskarai eta Fredo Arrabitekin. Igande goiz batez, niregana etorri ziren, talde bat muntatzeko asmoa zutela erranez. Oraino ohean nintzen biharamunekoarekin… Talde hark urte batez iraun zuen eta ondotik Bizkarrezurra osatu genuen Paxkal Indo, Kittu, nire anaia Olivier eta Iñaki Ospitalekin. Demagun 1990 inguruan gertatu zela hori dena… Lauzpabost gitarra akorde ezagutuko nituen orduan. Aski zen orduko! Eta jadanik, kantatzea maite nuen…

Gero Txakun etorri zen, oihartzun franko ukan zuen taldea. Zer ikuspegi duzu garai haietaz?
Txakun mirakulu ttiki bat izan da. Lehenik, denak “dantzaldiko semeak” baikinen, “rockaren semeak” baino gehiago nolabait. Taldekide guztiek musika bera entzuten genuen. Herriko besten eta inguruko kontzertuen influentzia komunak genituen. Bigarrenik, Matthieu Haranboure (gitarra apala) izan ezik, denak autodidaktak baikinen musika alorrean. Halere, sekulako duende bat bazen elkarrekin biltzen ginelarik. Magikoa zen. Elkarren artean, izigarri ongi konpontzen ginen eta osatzen genuen elkar, nahiz eta arrunt desberdinak izan. Paxkal Indo eta biok kostaldekoak ginen, ni ziburutarra eta bera donibandarra. Patxi [Arotzarena] hazpandarra zen, Matiao kanboarra, Daniel [Ondikole] bidarraitarra eta Kittof [Amorena] senpertarra. Gainera, garai hartan hautatu genuen musikaren kolorea eta estiloa guziz desberdinak ziren Euskal Herrian jorratzen ziren musika joerei begira. Bakoitzak bere gustu pertsonalak zituen. Negu Gorriak maite genuen, Su Ta Gar, Itoiz ala Hertzainak, baina Oskorri, Benito Lertxundi edo Mikel Laboa ere. Hori dena shaker batean nahasiz gero, Txakun lortzen da. Freskotasun zuku bat. Gogoa eta baikorkeria arrunta genuen, nahiz eta Euskal Herriko giroa txarra izan garai hartan. Aire eskasez, beharbada… Hamarkada hori sekulakoa izan da, zernahi gisaz. Euskal Herriko garai politena euskal musikarientzat, ez da duda izpirik.

Abentura hori bukatu ondoren, 90eko hamarkadaren bukaeran zure bakarlari proiektua lantzen hasi zinen…
Bai, Txakun berez ito zen orduan. Akidurak eta taldekideetan izan ziren aldaketek magia ebatsi zioten taldeari. Bestalde, herriko plazak gero eta hutsagoak ziren, delako tekno edo bakalaoaren kolonialismo kulturalagatik… Kasik bat-batean, gazteek diskoteketara joateko asmo berria izan zuten. Nire ikuspuntutik, kokainak ere badu zer ikusirik afera honekin. Giroa ilundu zen ere, bat-batean. Lehengo freskotasun hori doi bat epeldu eta moteldu zen. Belaunaldi aldaketa hori fisikoki ikusten zen eszenatoki gainetik. Hots, rockanrolaren lehen heriotz ttikia… Nire aldetik, sakelan nituen kantu batzuekin maketa bat egin nuen, kasete txar batzuekin erabiltzen genuen magnetofono multipista hura Cubase programarekin ordezkatuz. Ostia, zer iraultza! Nire maketa eskuan (CD bat dedio, garaian amets zitekeen gauzarik ederrena!), diskoetxeengana abiatu nintzen. Elkar interesatua zen, baina haien estudioetan grabatzeko baldintza jarri zuten. Nik ordea, diskoa etxean ekoiztu nahi nuen, ez Donostian… Baionako Agorila argitaletxearekin plazaratu nuen azkenean. Niretzat errazagoa zen, eta gainera, onartu zuten diskoa etxean egin dezadan, Paxkal Indo teknikariarekin. Disko hura betiko lagunarekin egin genuen beraz.

“Txakun mirakulu ttiki bat izan da. Denak dantzaldiko semeak baikinen rockaren semeak baino gehiago, baina sekulako ‘duende’ bat bazen elkarrekin biltzen ginelarik”

Orain Bordagaineko dorretik kaleratu berri duzu. Zer sentsazio duzu? Emaitzarekin pozik ala beren lanaz sekula asetzen ez diren horietakoa zara?
Pozik, bai eta ez… Azkenean, lan hori “igandeko artisau” baten lana da. Kantuak ahal bezain ongi landu ditut, baina egia erran, ez da soinuaren aldetik nahi nuena. Hertsiegia gelditu da, saturatua batzuetan ere… Anitz banuke bermoldatzeko, edo hobeki egiteko. Gertatu da iaz nire buruari agindu niola absolutoki aurten disko bat kaleratuko nuela. Gero, denek badakigu zer kaka meta izan den urte petral hau… Beraz, habil kaka egitera 2020! Egin dut halere, etxean nituen ahalekin. Txo-k bat, Covid-ak huts!

Kantuak nagusiki folk, pop edo rockaren artean ibiltzen dira, baina askoz ere eragin gehiago badirela ageri da. Programazio batzuk ere sartu dituzu… Musikalki lan hori nola definituko zenuke?
Betiko galdera da hori. Jadanik Txakunen garaian, jendeek, kazetariek beti galdera bera egiten ziguten. Ez dut ideia izpirik! Maite dudana egiten dut, edo ahal dudana… Azkenean, etiketa hain baitezpadakoa baldin bada, erantzun hau emanen dizut: pop musika da. Garaian, Jean-Marc Beheretxe zenak (Gazteok, Sustraia) honako hau erran zidan Txakunen lehenbiziko maketa bere garagean grabatzen ari ginela: “Zuek mutikoak, ez duzue rock musika jotzen, pop musika egiten duzue, musika popularra! Biba zuek!”. Hori onartu nuen eta onartzen dut oraindik. Popularra izatea, ez zentzu faltsu edo arruntean, baizik eta zentzu herrikoian. Egia erran, ez dakit gehiegi nire estiloa nola definitu… Eragin asko baditut afrikar eta Ipar Ameriketako black musikatik helduak, hala nola afrobeat, funk, trip hop, elektro edo raparenak. Bestalde, lehen aipatu bezala, herriko dantzaldietan entzun doinuen eragina ere hor da, doaike…

Reggaearen edo dubaren eragina ere nabari da. Maite duzun estilo bat da?
Bai arrunt! Ttikitik hasi nintzen Bob Marley, Toots and the Maytals edo Burning Spear entzuten. Geroxeago animaleko zaflakoa bildu nuen Fela Kutirekin. Kontrarritmo sakon eta sentsual hori odolean sartu zait. Musika, dantza eta hitzak aldarrikatzaileak baitziren ere. Beltzen oihu dolugarriek eta groove-ak biziki hunkitu naute.

Musika anitz entzuten duzu ? Zer entzuten duzu azkenaldian?
Egia erran, ez hainbeste. Nirea… (irriak!) Rapa gero eta gehiago interesatzen zait, baina ez edozein. Entzuten dudan kantuen zerrenda ikusiko bazenu, denetarik bada: Melody Gardot, Betty Davis, Rivals Sons, Foo Fighters… Handienak eta hemengo musika ahantzi gabe. Uda honetan adibidez, nire bainugela osoa berregin dut Joseba Irazokiren musikarekin!

Joseba Irazoki aipatu duzu. Gustuko duzun Euskal Herriko beste talderik ba ote da?
Niko Etxart betidanik anitz maitatu izan dut. Uste dut Euskal Herrian ez dakigula beti preziatzen Nikok proposatu duen soinuaren eta unibertsoaren balorea. Atipikoa da, guztiz. Artista eta gizon handia da. Nire diskotekan toki berezia du eta nire bihotzean ere bai, betiko. Natxo de Felipe ere anitz maite dut, kantari bezala. Eta Mikel Laboa, nola ez. Horiek guztiak, folk musikari dagokionez, nahiz Nikok bi unibertsoak menperatzen dituen, folkarena eta rockarena. Rock munduan, erran bezala, Joseba Irazokiren lana duela guti deskubritu nuen eta berehala erabat maitemindu naiz. Loriatzen nauten artista handienetarik bat da. Zer unibertsoa eta zer maisutasuna! Iker Lauroba ere musikari fina iduritzen zait. Xano eta Ruper Ordorika ere biziki preziatzen ditut.Joseba Tapia arima eta umore handiko gizona da, nahiz eta bere instrumentua ttikia izan (irriak). Old School Funky Family ere anitz gustatzen zait. Belaunaldi berriari dagokionez, nik uste sorkuntza mailan, musikari interesgarrienak eta originalenak Ipar Euskal Herrian kokatzen direla: Paxkal Irigoien, Antton Larrandaburu… Baina egia erran, ez ditut denak ezagutzen

“Ez dakit gehiegi nire estiloa nola definitu… Eragin asko baditut afrikar eta black musikatik helduak, baina herriko dantzaldietan entzun doinuen eragina ere hor da”

Ez den-denak, baina zure kantu gehienak euskaraz dira. Zer harreman duzu euskararekin?
Hori da nire bekatua… Ni euskaldun eraberritua edo berreuskaldundua naiz. 1990. hamarkadan bi barnetegitan izan ondoren hasi nintzen taldearentzat kantuak idazten. Sekulako lana da niretako. Gero, hamabi urtez Euskal Herritik kanpo bizi izan naiz, lehenik Quebecen eta gero Bordele aldean. Han, praktikatzeko paradarik gabe, anitz galdu nuen berriz… Horregatik saiatu nintzen frantsesez idazten, eta konturatu nintzen hori ere landu behar nuela. Nire parte bat baita, nahitanahiez. Orain duela zazpi urte etxera itzuli nintzen eta geroztik saiatzen naiz egunerokoan hitz egiten, baina oraindik zaila zait, idaztea bereziki. Kalakari handia naiz eta hiztegia falta zait! Gehienetan musikarekin hasten naiz konposatzen. Hitzek melodia eta erritmoarekin bat egin behar dute, gai bat garatu behar duzu eta ororen gainetik, horrek denak ahal bezain bat zentzuduna izan behar du bukaeran. Lan zaila da, zinez. Inspirazioa kontuan hartu gabe… Gaiei dagokienez, ez naiz sekula sartu hemengo problematikan, edo gutitan. Batzuek nik baino hobeki egiten baitute eta beharbada jakintsuagoak baitira gai horietan… Gero, eta hori da nire paradoxa arrunta beharbada, betidanik uste izan dut hori joko erraz batean sartzea litzatekeela. Euskalduna izateagatik Euskal Herriko gaia bakarrik aipatzea, behin eta berriz, etengabean… Akitzen nau, eta azkenean solasa ahultzen du. Adibide on baten gisa, Juan Carlos Perezek, dakidanez, ez du sekula aipatzen. Bizitzen du. Eta hor, ate eta leiho guziak idekitzen dira.

Diskora itzul gaitezen, nola izan da honen sortzeko prozesua? Norbaiten laguntza izan duzu ala dena bakarrik landu duzu?
Bakarrik landu dut den-dena. Jakin behar da tresna magiko bat erabiltzen dudala: Reason programa. Tresna horrekin, edozein zati instrumental konposa dezakezu. Badira loop batzuk aitzinetik eginak, baina moldatzen ahal dituzunak ere. Gero, notaka, baxuaren melodiak eraikitzen ditut, pianoak eta abar. Ondotik, ahotsak eta instrumentu ez birtual guziak Cubase programan grabatzen ditut. Duela urte bat, mandolina ttiki bat erosi nuen. Gitarra jole txarra bainaiz betidanik, beste soinu tresna bat probatu nahi nuen, konposaketei beste soinu eta giro bat emateko. Azkenean, mandolina jole txarra nauzue ere! (irriak) Diskoan, kantu batean azaltzen da bakarrik. Diskoko kantu baikorrena da.

“Iratzartzeko tenorea” kantuan, galdetzen duzu: “ze tenorean da iraultzaren tenorea?“. Abesti honetan eta beste batzuetan ere, ageri da bizitzen ari garen egoerari buruzko hausnarketa bat egin duzula. Zer gai sakondu nahi izan duzu bereziki?
Bizi dugun egoera hain pisua eta hain hertsia da, non arnasa ebasten digun, preseski Covidaren antzera. 2019an eta lehenago ere munduan zehar gertatu diren beharrezko borrokak, bai Frantzian, Txilen, Estatu Batuetan edo Hong Kongen adibidez, birusak geldiarazi ditu bat-batean. Batzuek diote botereak duela konplot bat martxan jarri, hain egokia baitzen bat-bateko pandemia zikin hori dena geldiarazteko. Nik ez dut sinisten konplot bat denik. Tenorea da. Dena xehatua da. Dena peko errekara eramana izan da azken muturreraino. Eta zorigaitzez, planetak gurutzatzen dira mementu batez, edo hobeki erran, gure planeta berriz gurutzatzen da. Bere ispiluaren aurrean da. Mundua egoera larrian da, inoiz baino gehiago. Ziklo baten bukaerara helduak gara, bai klima aldetik eta bai sozial aldetik ere. Denbora berean, kapitalismoa bere azken mugara iritsi da. Orain, lehenbailehen, sistema hori irauli behar dugu. Baitezpadakoa da. Ez dugu beste biderik, planeta eta gizakia doi bat babestu nahi baldin baditugu, beranduegi ez bada. Eta ororen gainetik, indibidualistagoak bilakatzen gara. Beti besteak dira atzerritarak, besteak etsaiak. Gu gara atzerritar bihurtu! Etsaiak gu gara. Kontzientzia kolektiboa hiltzen ari da, muturra pantailetan itorik.

“Mundua egoera larrian da, inoiz baino gehiago. Ziklo baten bukaerara helduak gara, bai klima aldetik eta bai sozial aldetik ere. Kapitalismoa bere azken mugara iritsi da”

Disko honetan, zure ahotsaz segur ikusten zaitut. Ematen du interpretazio mailan beste urrats bat egin duzula. Lan berezi bat egin duzu horren inguruan?
Ez batere! Behingoz mikro eta kasko on bat erosi ditut eta orain apalago kanta dezaket, nire ahotsa ongi entzuten baitut! (irriak) Hobe da baldintza horietan kantatzea, trinkete bateko sono batean oihukatzea baino, jakin ezazu!

Diskoa bandcampen entzuten eta erosten ahal da. Beste plataforma batzuetan ezartzeko asmorik baduzu? Eta euskarri fisikoak? CD, binilo edo kasetetan proposatzeko asmorik?
Arrakastatsua baldin bada, zergatik ez! Modu horretan zabaltzea erabaki dut, zeren eta gaur egun disko fisikoa egitea ez da gehiago jokoan. Zaharkitua bilakatu da. Edonork, musika ezarri nahi duelarik, bere telefonoa edo ordenagailua pizten du eta klik. Musika klik bat bihurtu da, besterik ez. Ezagutu dudan garaian (kasu gure agure zaharra itzultzen zaigu berriz), disko bat erosten zenuelarik, dirua zen, balio bat bazuen! Zure ipurdia sofatik altxatu behar zenuen diskoa itzuli eta B aldea entzun ahal izateko. Kaseta batekin ordea, korapiloa deslotu behar zenuen banda magnetikoa itsasten bazen eta arkatz batekin eskuz berriz osoki bildu… Orduan kaseta, pentsa hi! Serioski mintzatzeko, nahi nuke bai. Soinuaren aldetik, etxeko maketak ez du deus ikustekorik estudioko lanarekin. Baina benetan, horrek kostu bat badu, azkenean hain etekin guti biltzeko… Bandcamp biziki interesgarria da zeren eta entzuleak nahi bezainbat entzun dezake dohainik, eta artista sostengatu nahi badu, kantuak edo disko osoa erosteko aukera badu. Adibidez, gaur, norbaitek disko osoa erosi dit. Diskoa ateratzen den egun berean, eskertzekoa da!

Azala ere izigarri polita iduritzen zait. Zure musika bezain koloretsua da… Zure obra da hau ere?
Bai, muntaketa da. Zolan agertzen den kolore zirriborro hori Essaouirako (Maroko) kale batean hartu nuen argazkitan, elektriko blok batean. Horrelako materiak betidanik maite izan ditut. Zumeta baten antzekoa da, ezta? Aitzinean, ilunpean, Ziburu Bordagaineko dorrea eta nire aurpegia, begiak hetsirik, lo edo pentsaketan… Interpretaziorako denborarik badugu? (irriak)

Gaur egungo euskal eszena nola ikusten duzu ? Eta Ipar Euskal Herrikoa zehazkiago?
Duela zazpi urte, musikan berriz hasi nintzen Foisis Jaunak taldearekin. Aitzinetik banekien giroa ez zela lehen bizi izan nuena bezalakoa izanen, ez herriko plazetan, ez geletan, ez ostatuetan, ez inon. Egoera zaila da, eta larria nik uste. Izigarri. Eta bistan dena, Covidak ez ditu gauzak hobetzen. Ez naiz xehetasun guzietan sartuko. Hainbeste gauza banuke errateko… Lehengo konfinamendua kari, Facebook orrialde bat sortu nuen, musikarien biltzarra sortzeko asmoz nolabait, Iparretarock deitzen dena. Orrialde horren bidez, Ipar Euskal Herriko musikariei dei bat luzatzen nien. Besteak beste, entsegu gelen falta aipatzen nuen, soinuaren kalitate eskasa aretoetan, nolaz antolatzaileei hori guzia betidanik bost axola izan zaien, irratien lan eskasa produkzio berrien promozionatzeko orduan, diruaren arazoa, egileen eskubideak… Nik uste, Euskadin rockanrolak ez diela sekula musikariei dirurik emanen baldintza horiekin jarraitzen badugu. Eztabaida ez da gaurkoa, baina deus ez da mugitu, eta musikarien artean ez da elkartasunik, batere.

Zuberoan, Behe Nafarroan eta Lapurdin bigarren konfinamendu batean gaude. Egoera hori nola bizi duzu pertsonalki? Eta artista gisa nola eragiten dizu?
Itsasun bizi naiz, eliza auzoan, laxoan… Etxea aski zabala dut eta baratzea nahiko handia. Parean ditut lehenbiziko mendiak, ehun metrotan, lasai. Bigarren aldi honetan, ez dut axolarik eta lehengoan ere ez, egia erran. Ez dut sekula ateratzeko baimenik atera nire inprimagailutik, eta funtsean, bost axola zait. Gelditzen banaute, erranen dut egia: ez dudala gehiago horrelako infantilizazio moduan bizi nahi. Badakigu birusa hor dela. Nik ere badakit eta musukoa ezartzen dut. Sekula mendira edo Kanboraino joaten banaiz ere, kasu egiten dut jendeei, distantziak errespetatzen ditut, baina ez nazazuela 135 euroko isun horiekin kakinaraz, edo eman itzazue segidan ospitaleari! Sorkuntza mailan, lehenbiziko kolokak bizpahiru arraultze eman zituen. Bat “Laguna” deitzen dena, disko honetan agertzen da. Bigarrenak, sei kantu berri eman ditu. Lehengoan oiloa gehiago kolokan zen…

Hemendik goiti, zer asmo duzu disko honekin? Pandemia huntarik aterako garelarik, izanen dugu noizbait kantu hauetaz zuzenean gozatzeko paradarik?
Noski! Espero dut baietz, baina lehenik musikari egokiak atzeman beharko ditut.

Foisis Jaunak taldearekin Itoiz-en bertsioak zuzenean eskaintzen dituzue ezker eta eskuin. Proiektuak biziki harrera ona izan du Euskal Herri osoan. Jendeak bakarrik betiko kantuak entzun nahi ditu ala zuen kontzertuetara hurbiltzen direnek Txoren disko berria entzuteko lana ere hartuko dute? 
Hori bai galdera ona… Egia da gaur egun jendeak ez direla gehiago prest lehen bezala proiektu berri bat osorik entzuteko. Edo biziki ona zara edo jadanik ezaguna. Bitarterik ez da nik uste. Bezero frenetikoak bilakatu gara denak. Klik eta berehalako kontsumitzaile belaunaldi bat bihurtu gara. Orain plazetan ibilki den gazteriak ez du Txo ezagutzen. Batzuk beharbada Txakun entzun dute burasoen edo amatxiren bidez etxean (irriak)! Bistan dena, errazegi litzateke ber musika jotzea etengabe. Beste tributo bat, eta beste bat… Egia erran, Foisis Jaunak ez zen nire ideia hastapenean, baina Itoizen musika berriz entzuteko eta jotzeko gogoak bere barkura igoarazi ninduen. Gainera, musikatik pixka bat urrundu nintzen taldea hasi baino lehen. Dena den, betidanik arazo bat izan dugu euskal musikarekin. Euskal musika ez baita, edo gutitan, kanpora esportatzen. Musikaren izateko arrazoia baita hori, bere lehengo zentzua, betidanik. Musikak mundu zabalera hegal egin behar du, beste kulturekin, beste jendeekin nahasi, aberastu, gero hobekiago eta azkarrago itzultzeko. Quebecen arazo bera dute frantsesarekin. Bestela, gure “Txantxangorria” kaiola borobil batean hilko da, itorik…

Gehitu nahi zenukeen zerbait ?
Ea noiz edaten ahalko dugun trago bat edozein tabernatan, musika zuzenean entzunez!

ETIKETAK:Foisis JaunakMikel LaboaPaxkal IndoTxakunTxoTxomin Larronde