Elkarrizketa

Mikel Izarra

2022.05.10

Mikel Izarra

“Musikak gure izaera eta jarrerak aldatzeko duen gaitasunean sinisten dugu”

Elkarrizketa: Feline

Batzutan abestiek pertsonak aldatzen dituzte, eta beste batzuetan pertsonek abestiak. Biak aldi berean ere gerta daitezke. Kantu batek gugan eragiten duena betirako izan daiteke, eta gu kantu baten zentzua moldatzeko gai izan gaitezke. Iñaki Bainik maite duen musika subkontzientean txertatua du, eta berea egin du iada. Instrumentua hartu eta berez irteten da energia musikal hori guztia bere gorputzetik. Diskoak miretsi eta kontzertuetan ibiltzeak ematen duen jarrera ere berezkoa du, ez du inpostatzeko beharrik. Labur esateko: zenbat eta melomanoagoa izan, orduan eta musikari zintzoagoa. Eta horretan Bainik ez dauka parekorik. Musikak bizia aldatu baino bizia eman dion horietakoa da, talde askotan jo baitu: Primeros Auxiliossekin eta Vibradoresekin, besteak beste. Behin etxean egindako abestiak bildu eta musikari ezberdinekin frogatzen hasita konturatu zen zelan irabazten duen abesti batek beste baten ikuspuntuarekin. Punk egitura eta xarmadun abestiak beste ukitu batzuk hartzen joan ziren: glama, post punka…

Hala, talde itxura hartu zuen etxean bateria elektroniko eta sintetizadorez atondutako lanak. Urtetan eszenan egindako lagunek sortu dute Feline talde eraginkorra: Ainhoa Unzueta eskarmentu handiko gitarristak (Labana, Seda, Zuloak…) baxua hartu du oraingoan, Ruben Garateak (Audience) teklatua jo eta bestelako apaindurak egiten ditu eta Eneko Bergarak (Revertt) bateria jotzen du. Abesterako orduan koruek garrantzia hartzen dute, eta Bainik gitarrarekin frontman lanak egiten ditu. Hala, abestiek gorputza hartu dute grabaketa lan honetan duten dotorezia irabazi arte. Gainera, Capsula taldeko Martin Guevararekin grabatu dute lana Silver Recording estudioetan eta Family Spree Recordingsekin biniloan argitaratu. Lehen lan ezin hobea disko maitale batentzat: biniloan argitaratzea. Bakarka abesti borobilak egin daitezkeelako, baina lagunekin apartekoa da.

feline

Eneko Bergara + Ruben Garatea + Iñaki Baini + Ainhoa Unzueta = Feline

Zelan sinisten duzue musikan? Zer da zuentzat? Nondik idazten duzue eta zertarako?
Musikak gure izaera eta jarrerak aldatzeko duen gaitasunean sinisten dugu. Oso gaztetatik harreman zuzena izan dugu musikarekin eta sarritan hitz egiten dugu gure musika erreferente edo talde esanguratsuenik gabe ez genukeela berdin pentsatu edo sentituko. Entzuten dugunetik sortzen eta idazten saiatzen gara; hala ere, momentuek markatzen dute abesti edo disko bat. Felineren kasuan, 2020ko udaberrian lehen hitzen bozetoak genituen. Aldaketa ugariko momentuak ziren. Inpotentzia eta frustrazio handikoak. Globalak, baina pertsonalagoak ere hor zeuden. Abestietan hori guztia islatzen dela uste dugu.

Lau taldekideen arteko bidegurutze modukoa da Feline, eta estilo original eta bitxia sortu duzue, sailkaezina. Eszenan tokia aurkitzea zaila da?
Aspaldiko lagunak gara eta ez dugu inoiz talde bitxia osatzen dugunik pentsatu. Gu ezagutuz gero, klasifikaezinak bagarela konturatuko zara… Kar kar kar… Baina bestela, musikari dagokionean, rocka egiten dugu, gero glam edo dark-pop edo bestelako abizenak jartzen dizkiguten arren. Egia da ere talde oso ezberdinetatik gatozela eta bakoitzaren ekarpenak oso anitzak direla. Zuzenean jotzeko tokiak bezain anitzak. Euskal Herria hain txikia izanik konturatzen gara zer leku ezberdinetan jo izan dugun gure beste taldeekin. Eszena ugari daudela argi dago, beraz. Baina ez gara larregi arduratzen gure tokia bilatzeaz.

Soinu hauetara heltzeko oso melomanoa izan behar da. Eskarmentu handia duzue zuzenean jotzen, baina diskoak entzuten? Zelan heldu zarete soinu glam, ilun baina distiratsu honetara?
80ko hamarkadan egon zen punkaren eraberritzean, sintetizadore, piano edota ahots garbiagoekin zetozen dantzarako talde horiek asko gustatzen zaizkigu. Baini bereziki oso zalea da eta argi zeukan garai hartako taldeen kutsua hartu behar zuela gure lehenengo diskoak. Pop musikako produkzio handietan belarria jartzea ere gustatzen zaio eta handik ideia ugari hartzen ditu.

Lehenengo disko hau Bainik konposatu zuen. Aldatuko al da orain, talde osoa konposatzen hasten denean, edo ez? Zertan?
Bainik abestiak etxean landu eta grabatzen jarraitzen du. Rubenek ere ideiak ekartzen ditu eta hauek lokalean gehiago garatzen ditugu. Bakoitzak ikuspegi batetik sortzen ditu abestiak eta gero elkarrekin hitz egiten dugu zer bilatu nahi dugun jakiteko. Ondoren lokalean taldeak soinu edo leku konkretu batera eramaten du kantu bakoitza.

“80ko hamarkadan egon zen punkaren eraberritzean, sintetizadore, piano edota ahots garbiagoekin zetozen dantzarako talde horiek asko gustatzen zaizkigu”

Zer eragin izan du grabazioak taldearen eraketan? Esan genezake etengabe ikasten edo “eratzen” dabilen taldea dela edo sentitzen duzue iada aurkitu duzuela egonkortasun puntua?
Grabazio batean asko ikasten da. Taldea eratu berria zen eta estudioan sartu ginen. Horrek konfiantza eta indarra eman zigun proiektuarekin aurrera egiteko. Disko bat grabatzen duzun momentuan zure ideia guztiak egonkortu egiten direla esan genezake; taldeak aldiz, aurrera begira jarraitu behar du gauza berrien bila. Eraketa prozesu konstante batean bizi da.

Martin Guevararekin lan egin duzue. Zelan aukeratu zenuten lehen lan baterako? Apustu handia da. Alde batetik, soinua bikaina da, baina berarekin lan egiteak errespetua ere sortzen du.
Martin laguna geneukan eta argi genuen gure abestiak entzun egin behar zituela. Feedback oso ona jaso genuen bere aldetik eta zuzenean data bat jarri genuen estudiorako. Esperientzia bikaina eta disko eder bat atera zirela uste dugu. Abestiek guk nahi genuen norabidea hartu zuten eta gustura entzuten ditugu oraindik ere.

Zelakoa izan da kritika eta publiko aldetik eduki duzuen harrera?
Egia esan, harrera oso ona izaten ari gara eta poztekoa da. Diskoa asko gustatzen ari da eta kontzertuetan ere jende mordoa batzen da. Gero eta gehiago. Kontzertu bakoitza esperientzia bat da eta geuk ere horrela bizi dugu. Emozioz eta gogo biziz. Publikoak hori jasotzen duela uste dugu.

Hainbeste elkarrizketa eginda, zer uste duzue gaur egun kanpo irudiari eman behar zaion garrantziari buruz?
Elkarrizketak erantzutea, argazkiak ateratzea edo sare sozialetan hurbilekoa izatea gure lanaren parte ere bada une honetan. Jendearengana heldu nahi dugu eta eskaparatea txukun izaten saiatzen gara. Beste alde batetik, kontziente gara bizikidetza birtual hau nekeza dela batzuetan, jakina delako ez dela errealitatean gertatzen denaren neurgailua, eta frustrarazioak sor ditzake askorengan. Kontu handia eduki behar da.

Family Spree Recordings zigiluak apustu handia egin du oraindik ibiltzen hasi ez den talde batengatik. Nola sortu zen kolaborazioa? Zergatik biniloan?
Family Spree Recordings, Madrilen bizi den Tony Devildog bilbotarrak sortutako zigilua da. Estudioan geundela sortu zen elkarlan honen ideia. Bagenuen lagun bat elkartzen gintuena eta bere proposamena entzun genuen. Gustatu egin zitzaigun bere filosofía, musika ulertzeko modua eta kaleratzen dituen diskoak ere entzutekoak dira. Oso proposamen interesgarria eskaintzen du. Ez dugu inolako sinadura ez kontratu formalik, baldintza bakarrenetakoa biniloan kaleratzea zen. Guk maite ditugu, beraz aurrera!

Zer plan du taldeak etorkizunean? Orain taldeen grabaketa eta zuzeneko faseak ez daude argi sarritan… Zer fasetan dago Feline?
Ba kanpotik agian ikusten ez den arren, guri barrutik hamaika fasetan gaudela iruditzen zaigu. Promoa egiten ari gara eta aldi berean zuzenekoekin hara eta hona, abesti berriak prestatzen, bideoklip bat… kar, kark, kar… Baina beno, errealitatea da diskoa aurkezten gabiltzala eta hori dela lehenetsi nahi duguna. Ahalik eta txoko gehienetara heldu nahi dugu Felinerekin. Jendea ezagutu eta ondo pasatu egiten dugu honetan.

ETIKETAK:AudienceFelineZuloak