Elkarrizketa

Xabier Crehuet

2021.03.10

Xabier Crehuet

“Musika urbanoa hemen dago eta hala dela onartu behar da”

Elkarrizketa: Ibil Bedi

Iruñea aldera egin dugu bidaia. Bertan, Ibil Bedi taldearekin elkartu gara labetik atera berri duen bigarren lana dastatzeko intentzioarekin eta, espero bezala, ez gatoz damuturik. Oso denbora gutxi igaro da 2019an talde nafar honek bere lehen proiektua kaleratu zuenetik, Berandu baina garaiz izenburupean. Oraingoan, bilduma baten parte izatera bideratutako abestiak mimo handiz elikatu dituztela diote Ibai Osinaga (gitarra eta ahotsa), Areta Senosiain (biolina eta teklatua), Eder Escalera (bateria), Javier Larrañeta (baxua) eta Amets Aranaguren (saxofoia, teklatua eta ahotsa) taldekideek, eta non mimatzen da hobeto musika norberaren etxean baino? Horrela grabatu baitu boskoteak bere azken lana: Beltxarga beltza. Pazientzia, pandemia eta lana lagun, Ibai Osinagaren etxeko estudio xumea taldearen pelegrinazioaren meka bilakatu zen hilabete luzez. Pare bat mikrofono eta oinarrizko tresneria arruntarekin munduari bira eman diezaiokete hauek, baina eskerrak ez direla urruti joan, oraingoz behintzat…

ib4

Areta Senosiain + Javier Larrañeta + Amets Aranguren + Ibai Osinaga + Eder Escalera = Ibil Bedi.

Ibai, zurekin hasiko naiz. Altxatu punk-rock taldeko sortzailea zaitugu. Oso gazte hasi eta Euskal Herrian dezente nabarmendu zineten. Orain, urte batzuen ondoren, pop estilo ireki batean murgildu zara. Zerbait desberdina sortzeko grina urteekin etorri zaizu edo zugan betidanik egon diren beharrak asetzen jarraitzen duzula esango zenuke?
IBAI OSINAGA: Musikari askori pasatzen zaien zerbait dela esango nuke eta guztiz positiboa gainera, bestela desfasatuta geratzeko arriskuan zaude. Nire kasuan, oso gazte hasi nintzenez, aldaketa lehenago gertatu zait eta naturalki, bilatu gabe. Izan ere, Altxaturen musika hartzen badugu, hiru diskoetan dagoeneko aldaketa bat antzeman daiteke, gauza berriak egiteko gogoa edo. Adin kontua dela uste dut. Urrutira joan gabe, Euskal Herriko izen mitiko bat hartzekotan, Gari adibidez, Hertzainak taldean egiten zuen musikatik oraingo musikara aldaketa hori ikusi daiteke.

Popa beti presente egon da orduan.
I.O.: Gogoan dut Altxaturen lehen diskoarekin herriko batek komentatzen zidala: “qué putos poperos!”. Nik orduan oso gaizki hartzen nuen, niretzat Altxatu garai hartan zegoen gauzarik makarrena baitzen, baina denborarekin ohartu naiz agian hura disko popero bat zela. Popa, egunean, momentu horretan eramaten den musika bezala ulertzen badugu. Musika popularra.

Eta zuen pop musikan, lasaitasuna da nagusi. Saxofoia, biolina, pianoa. Talde erreferenteren bat izan duzue?
Ez, eta gutxi hitz egiten dugu honen inguruan. Gure artean musika elkarbanatzen dugu, noski, eta batzuok komunean ditugun gustuko taldeez aritzen gara ere, baina besterik ez. Physis Versus Nomos taldearen abestiak moldatu izan ditugu adibidez, eta talde formazioaren aldetik Katamalorekin antzekotasun batzuk ditugula komentatu izan dugu.

Beltxarga beltza, taldearen bigarren diskoa,  lan aberatsa da, aniztasun handia biltzen du instrumentu eta ahotsen aldetik, hauen protagonismoa tartekatuz. Zer gai ukitu eta landu nahi izan dituzue?
Bildumaren gaia lanean hasi eta denbora batera zein zen ohartu ginen. Hau da, lanari kontzeptu bat eman genionean piezak bat etorri ziren. Aurreko diskoak galera batetik sortutako gaiez hitz egiten duen bitartean, arazo bati konponbidea emateko ideiarekin edo, disko berrian aurreko arazo horri buruz kanpotik ikusita kantatzen dugu, barruan egon gabe.

Ikuspegi bitxia, izenburuaren pareko…
Bai. Beltxarga beltzaren kontzeptua Nassim Taleb libanoarrak asmatu zuen eta espero ez duzun zerbait gertatzen denean ematen da. Garai urrun batean beltxarga guztiak zuriak ziren eta hori normaltasunarekin lotzen zen, beltzik ez zegoelako. Baina behin beltz bat agertzen denean, horri erantzun logiko bat ematera behartuta sentitzen zara. Horretara nola iritsi zaren jakiteko beraz, atzerapausoak ematen hasten zara. Hori da ideia: espero ez ditugun gauzak gertatu zaizkigu, hor daude eta ezin dugu ezer egin; beraz, horri azalpen bat bilatzen saia gaitezen.

“Aurreko diskoak galera batetik sortutako gaiez hitz egiten zuen, arazo bati konponbidea emateko ideiarekin edo; disko berrian arazo horri buruz kanpotik ikusita kantatzen dugu”

Zein esango zenukete izan dela aldaketarik nabarmenena aurreko diskoarekin alderatuz?
Oraingo hauek kantu landuagoak dira, disko batean sartzeko pentsatuak, orain arte ez bezala. Lehen diskoan ez genuen asko ezagutzen elkar, harremanak oraindik lantzeko zeuden eta talde bezala ez geneukan kontzertu esperientziarik. Bigarren lan honetarako, ordea, disko lau bat egin nahi genuen, abesti landuagoekin, sendoagoekin. Gure erdigunea zein den finkatuta, hortik abiatuz.

Grabaketa prozesua ere desberdina izan da, oraingo honetan etxean egin baituzue.
Bai. Kantak independenteki eta oso lasai grabatu ditugu, mimoz. Bai kantak sortzeko prozesua eta bai grabatzekoa desberdinak izan dira, banan-banan landu baititugu eta horrek abesti bakoitzari independentzia eman dio. Grabatzeko prozesua luzea izan da, baina emaitza polita lortu dugu. Bi mikrofono, portatil bat eta soinu txartel batekin dena egin dugu. Masterizaziorako Josu Erbitirengana jo dugu.

“Hiraeth” abestian erakutsi duzuen bezala, ahots sintetizatzaileekin ere ausartu zarete. Etorkizunean, trap-a, rap-a, musika elektronikoa edo bestelakorik lantzen dituen Ibil Bedi bat ikustea posible litzateke?
Hemendik urte batzuetara agian bai. Eboluzio normal bat da, azken finean. Autotunea heldu da, hemen dago eta konplikazio askorik gabe erabili daiteke. Askok eskuak burura eramaten dituzte, baina instrumentu bat da, musikarako tresna bat. Musika urbanoa edo gailu elektronikoekin egiten den musika hemen dago eta talde gehienek hala dela onartu behar dute.

Autotunea eta instrumentu akustikoak, a ze fusioa!
Abesti honek daukan gauza polita hori da, oso moderno ikusten den autotunea biolin eta gitarra akustikoarekin lotzen dituela. Askotan bereizketa bat egon beharko lukeela pentsatzen dugu, baina ez.

Zuzenekoetan, zein testuinguru duzue nahiago? Leku irekiak, areto itxiak, jendetsuak…
Pandemia honek ez gaitu asko eragin zentzu horretan. Eman ditugun kontzertuak eserita izan dira eta agian gu eserita ikusteko talde bat izan gaitezke. Akustikoki burutu ditugun sesioak oso ederrak izan dira, mikrofonorik gabe jotzen baitugu, baina ekipo konplexu eta onekin antolatutako kontzertuak ere maite ditugu.

“Egurrezko eskuotan” kantan Anari izan duzue lagun. Zer transmititu nahi izan duzue haren bitartez?
Kanta osoan “ez nazazu kanta inori” esaldia errepikatzen du. Abestia sortu genuenetik garbi genuen Anari izan behar zela hori esaten zuena, abestia horrela pentsatuta zegoelako. Berak esango balu bezala bere kantak inori ez kantatzeko. Bera izatea beharrezkoa zen, ez lukeelako beste pertsona batekin funtzionatuko.

Kolaborazioen ildotik jarraituz, noizbait planteatu al duzue musikari edo artista zehatz batekin lan egitea?
Kontutxo batzuk aipatzearren: Chill Mafia. Elkar ezagutzen dugu eta gure abesti batekin egindako base bat bidali ziguten. Azkenean haiek ere popa egiten dute, musika popularra. Gaur egungo popa hori izan daiteke. Ez gara estilo berekoak baina lan egiteko antzeko modua daukagu. Hala ere, ez gara kolaborazioak bilatzen dituen talde bat. Talde batek beste baten abestian kolaboratu partez, bi taldeen artean musika egitea ideia interesgarria litzateke; adibidez, bilduma txiki bat edo EP bat ateratzea.

“Autotunea heldu da, hemen dago eta konplikazio askorik gabe erabili daiteke. Askok eskuak burura eramaten dituzte, baina instrumentu bat da”

“Beltxarga beltza I” eta “Beltxarga beltza II” abestien inguruko azalpen bat eskatzera behartuta nago. Zein da mezua?
Lehen aipatu dugun beltxargaren kontzeptuarekin lotua dago. CDko liburuxka hartzen baduzu, oin-zenbakien ordez, beltxargaren origamizko irudiak agertzen dira; irudi oso batetik hasi eta orriak pasa ahala atzerako pausoak ikusten dira, desegiten doa irudia. Lehen orrian beltxargaren irudi osoa topatzen duzu eta azkeneko orrialdean laukia. Diskoa, atzerantz doan lehen abesti horrekin hasten dugu, “Beltxarga beltza I” kantarekin, eta “Beltxarga beltza II”-rekin amaitu, abesti bera baina formatu normalean esan dezagun.

Ibai, elkarrizketa batean irakurri dizut euskal musikan, askotan, musika guztia ontzat hartzen dela, kritika zentzudunik ia egin gabe. Jakina da euskaraz kaleratzen diren lanek pauso handi bat suposatzen dutela euskararen zaintza eta sustatze prozesuan eta horrek, batzuetan, kritika musikala alde batera uzten duela. Nork eta nola bideratu beharko luke kritika hori?
I.O.: Elkarrizketa egin nuenetik askotan pentsatu izan dut nola egin litekeen hori. Euskal musika eta musikarientzako erakusleiho ugari ditugu, baina agian ez litzateke plataforma horien bitartez bideratu behar. Beste zerbait sortzea ez legoke gaizki. Musikan espezializatzen den aldizkari edo egunkari batetik egin liteke adibidez, edota BADOKen kasua den plataforma digitalaren eremu berri batetik. Musikari taldeari baino garrantzi handiagoa ematen dion adar batetik, hori seguru.

Zure hitz horiek zer nolako harrera izan zuten?
I.O.: Sare sozialetan polemika pixka bat sortu zen, baina batzuen komentarioak eta besteen erantzun ezak ikusita, agian hausnarketa bat egiteko balio izan zuen. Noizean behin ondo etortzen zaigu gure artean horrelakoak ere botatzea. Seguru nago musika munduan lan egiten duten eta iritzi sendo bat duten pertsonen artean inkesta bat egingo balitz Euskal Herriko musika kalitate kaxkarreko taldeak identifikatuz eta arrazoituz, aipatuko ziren talde horietako asko gaur egun irratian entzuten direnak izango liratekeela.

Ildo beretik jarraituz, zer du limatzeko euskal musikaren esparruak, zuen ustez?
Egun irratian fundamentuz sonatu ahal izateko filtro bat pasa behar izaten duzu. Euskal Herrian filtro horiek, oraindik behintzat, diskoetxeak dira. Altxaturekin hala pasa zitzaigun. Momentu hartan diskoetxe batekin geunden eta irratiarekin zuen harreman ona zela-eta, asko jarri gintuzten, top zerrendetan luze mantenduz. Orain Ibil Bedirekin hori ezinezkoa litzateke. Egia da ez dela gure helburua irratian gure musika entzutea, baina filtro zehatz batzuk pasatuz soilik lortu ahal duzu irratia den plataforma publiko eta musikarekiko aberats honetan fundamentuz azaltzea. Limatzeko, beraz, izen handiak limatzea ez legoke gaizki, behar ditugun arren. Talde handiak limatu beste talde guztiei lekua emateko, nolabait.

Eta zer du primerakoa?
Talde asko dagoela, geroz eta gehiago eta beraien artean oso ezberdinak. BADOK-eko azken kantuen atalean ikusi daiteke. Azkena, trikitilari bat, metal talde bat, Chill Mafia edo gu izan gaitezke. Abaniko oso handia dago eta hori da positiboena.

Bukatzeko, zein da Ibil Bedik musikaren eremuan parte hartzen duten ekintzaile guztiei bidaliko liekeen mezua?
Batzuetan, musikaz gozatzeko lana egin behar da. Oso guai da dena eskura izatea, baina deskubrimenduak egin behar dira, taldeen inguruan. Harribitxiak topatzeko bilaketa sakonagoa egin behar da. Kultura denontzat da eta zerbait popularra izan behar dela badakigu, baina aldi berean zuk ere esfortzu bat egin behar duzu horretaz gozatzeko, ulertzeko. Kulturaren beste arloetan ideia hau barneratuago dago agian, literaturan, zineman… Musikarekin fast kontsumoa ematen da. Talde batek disko bat ateratzen duenean, horretara jarri beharko ginateke, denbora hartuz.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • Martxoak 13, Iruñeko Katakrak
  • Martxoak 26, Irunberriko Klaustro plaza
  • Martxoak 27, Lekunberriko Printza
  • Apirilak 9: Iruñeko Geltoki
  • Apirilak 10, Bergarako Seminarixoa
  • Apirilak 17, Lakuntzako Kultur Etxea
  • Apirilak 18, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea
  • Maiatzak 29, Zaldibar
  • Ekainak 12, Erriberriko Euskararen Eguna
  • Ekainak 19, Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktoria
ETIKETAK:AltxatuAmets ArangurenAnariAreta SenosiainChill MafiaEder EscaleraGariHertzainakIbai OsinagaIbil BediJavier LarrañetaKatamaloPhysis versus Nomos