Elkarrizketa

Kepa Matxain

2014.11.23

Kepa Matxain

“Musika jo edo abestu gabe ezingo nuke bizi”

Elkarrizketa: Libe

Bere ibilbide pertsonaleko aurreneko lana, Ihesaldi handia (Bonberenea Ekintzak, 2014), aurkezteko bira bertan behera utzi behar izan zuten Libe Garcia de Cortazarrek (Bilbo, 1981) eta bere taldeak, osasun arazoak medio. Ekainean Gasteizko Parral tabernan jotako kontzertuaz geroztik ez dira taula gainera igo. Datorren ostiralean, azaroak 28, itzuliko dira zuzenekoetara, Andoaingo Gaztetxean. Ondoren, abenduaren 8an, Ahotsenean ariko dira, Elorrioko Gaztetxean abenduaren 26an, eta urtarrilaren 5ean, El Columpio Asesinorekin, Gasteizko Helldorado aretoan.

libe_promo2-txikiagoa

LIbe Garcia de Cortazar. (Dani Arrizabalaga)

Musikagintzan ibilbide luzea duzu, eta orain artean beste talde batzuetako kolaboratzaile gisa aritu ondoren, zure bide propioari ekin diozu. Zer arrazoi izan dituzu horretarako, eta nolakoa izan da aldaketa?
Izugarri gustatzen zait talde batean sortzen diren abestiak jotzea baina betidanik nahi izan dut nire abesti propioak egin. Orain arte egin dudana izan da Kandak (Neubat taldean) edo Jonek [Basaguren] (Izaki Gardenak taldean) sortu zituzten abestiei nire ahotsa edo teklatuak gehitzea, baina lan honetan agertzen diren abesti guztiak, “Gurinezko bihotza” izan ezik, nireak dira goitik behera. Oso polita da bururatzen zaizkizun melodiei forma ematea eta musikarien laguntzarekin jakina, abesti bat sortzea. Egia da abestien hasierako hezurdura nirea dela, baina azken emaitza parte hartu duten pertsona guztiena da. Nik bakarrik, haien laguntza gabe, ez nuke disko hain berezia egingo.

Aurreneko aldiz erabaki duzu zure barneko ahotsari bide ematea. Hala ere, iruditu zait ahots horrek asko edaten duela zuk urtetan kolaboratu duzun talde askotatik, Sorkun-engandik, esaterako. Ados zaude?
Bai, nola ez. Sorkunekin asko ikasi dut eta nire erreferentzietako bat izan da. Gauza bera gertatzen zait Kandarekin, azken finean nire nortasun musikala haiekin garatu dut eta sortzen ditudan melodietan agertuko da konexio hori alde batetik edo bestetik.

Kantu hauek sortzerakoan eragin dizuten zer musika talde edo estilo aipatuko zenituzke?
Sortzeko prozesuan entzuten nituen Black Mountain edo Soulsavers taldeak, adibidez. Hala eta guztiz ere, disko honetan agertzen diren erreferentzia guztiak urteetan zehar entzun dugun musikarenak izango dira.

“Azken emaitza parte hartu duten pertsona guztiena da. Nik bakarrik, haien laguntza gabe, ez nuke hain disko berezia egingo”

Diskoko kantuak ilunak dira, sortu zenituenean zure aldartea ere antzekoa zelako. Libe musikariaren eta Libe pertsonaren arteko lotura nola bizi duzu? Bata bestearen parte dira ala bereizita ulertu behar dira?
Zer galdera zaila! Musika jo edo abestu gabe ezingo nuke bizi, nire izaeran musikari izatea beste ezaugarri bat da. Jotzen edo melodiak sortzen denbora gehiago pasatzea gustatuko litzaidake, baina ezin dut honetatik bizi eta nire lan-ordutegia oso txarra da gainera; beraz, kontzertuen momentuan asko disfrutatzen dut eta azken finean aske edo bizirik sentitzeko aitzakia bikaina eta beharrezkoa da.

Nola bizi duzu kantuen sortze prozesua? Egun arrunt batean teklatua hartu eta kantuak sortzen hasten zara besterik gabe, ala egoera emozional jakin batzuek eramaten zaituzte sorkuntzara? Kantuak gustuz egiten dituzu, kantuak egiteko beharra sentitzen duzulako egiten dituzu…?
Kantuak egiteko behar dut denbora eta lasaitasuna. Pianoaren aurrean izugarri deskonektatzen dut eta erlaxatzen naiz, beharra bihurtzen da egunerokotik ateratzeko. Egia da normalean baino sentiberago sentitzen banaiz sortzen ditudan ideiak benetakoagoak izan daitezkeela, batez ere ahotsaren melodian. Igual emozio hori azaleratzen delako.

Ahots melodiari eta teklatuari pisu berezia ematen zaie diskoan, zure esparruak direnei, nolabait. Diskoan nolakoa izan da Liberen eta taldearen arteko harremana? Zertan utzi du arrastoa Libek, eta zertan taldeak?
Proiektu honen ideiak nigandik sortutakoak dira baina ideia horiek abesti bihurtzea taldearen lana da. Gainera, akustiko erara oso politak dira kanta hauek, baina taldean sortzen den magia behar dut eta haiei esker magia hori lortzen da. Sekulako musikariak eta, batez ere, sekulako pertsonak dira, oso zorte ona izan dut harribitxi hauekin topo egiteagatik.

Lokalean nire ideia aurkezten dut eta hortik abiatuz guztion artean janzten dugu abestia. Disko honetan, Joseba Poncek [DutKuraiaLisabö] nire hasierako hezurduran oinarriturik, sei abestiren soka eta bateriaren moldaketak egin ditu, eta gero bozeto horiek taldeko musikariok landu ditugu. Beste abesti guztiak lokalean garatu ditugu eta guztion artean forma eman diegu, guztion xarma nabari da diskoan.

libe banda4

Atxus Acosta, Libe, Jesus Villalabeitia eta Eneko de Arza. (Dani Arrizabalaga)

Orain arte taldeetan kolaboratzen ibiltzeak errazago bihurtu dizu orain zurekin kolaboratzen ibili direnen tokian jartzea eta beraiekin lan egitea?
Ba igual nahi gabe horrela izan da, bai. Niri gustatzen zait bakoitzari bururatzen zaiona gehitzea abestiei. Horretarako oso garrantzitsua da abestia ulertzea, kideek haien sentimenduaren arabera sortzeko kanta horretarako. Askatasun handia dago abestia garatzeko orduan. Musikari bakoitza bere eginbeharrean libre eta gustura sentitu behar da benetako gauza bat ateratzeko. Gero guztion artean erabakitzen dugu zer den onena abestirako, eta adostasunik ez badago nik daukat azken erabakia, onerako eta txarrerako.

“Euskara ikastea aspalditik gauza inportantea zen niretzat eta gaur egun oso harro nago”

Euskaldunberria izanagatik, lehen diskoa euskaraz atera duzu. Zer arrazoi izan dituzu horretarako?
Musikan egin dudan guztia euskaraz izan da eta ez dut nire burua beste hizkuntza batean abesten ikusten. Ez da oso erraza izan euskara ikastea baina aspalditik niretzat gauza inportantea zen eta gaur egun oso harro nago. Egia da hitzak idaztean ez naizela batere trebea, eta Jon Basagurenen laguntza ezinbestekoa izan dela, baina egin ditudan hitzekin oso kontent nago. Perfekto hitz egin nahi dudanez, urduri jartzen naiz eta askotan blokeatzen naiz, baina gutxi gorabehera ondo egiten dut.

Aurrera begira, ze asmo ditu Libek?
Proiektu honen erditzean une gogor eta zailak egon dira, eta oraingoa momentu politena da. Kontzertuak eman eta jendeari gure musika transmititu. Abestiek zuzenekoetan diskoan baino indar handiagoa dute. Eszenatokietan izugarri disfrutatzen dugu eta hor abestiek heuren benetako izaera azaleratzen dute, zuzeneko talde bat baikara. Eta etorkizunean auskalo, musika behar dut, eta nahiz eta esperientzia latza izan, berriro egingo nuke milaka aldiz, oso asegarria da eta.

ETIKETAK:Bonberenea EkintzakIhesaldi handiaLibe