Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2019.04.02

Jon Eskisabel

“Mungian eszena bat sortu ahal da, lanketa eginez gero”

Elkarrizketa: TOC

Une musikal gozoa bizi du Mungiak. Zenbateraino den Belako-ren arrakastaren ondorio, zaila da esaten, baina haren uberan rock alternatiboaren esparru zabalean —post-punka, grungea, brit-popa…— mugitzen diren hainbat proposamen sortu dira azken bost urteetan. Esaterako, Dekot eta haren zatiketatik sorturiko Sua, Lukiek, Cecilia Payne, Senda, Leun edota gaur pantaila honetara ekarri dugun TOC taldea. “Zerbait komunean dugun talde asko gaude. Oraindik ez dago eszena bat baina egon ahal da. Horretarako lanketa bat egin behar da, eta egoera hau aprobetxatu”, diote bi urte eta erdi sortutako boskote honetako kideek.

TOC

“Bost lagunen arteko proiektu bat gara”.

Belako taldeko Josu Ximun Billelabeitia da TOCen bultzatzaileetako bat. Render Me Numb, Trivial Violence diskoaren bira amaierako kontzertuan jotzeko aukera eman zion, Madrilen, eta orain taldearen lehen EPa grabatu eta ekoitzi du. Badau-k bost abesti jasotzen ditu, The Libertines (“When?”) edota Belakoren hasierako garaia (“Begire zauz bile”) gogora ekar dezaketenak. Ostegunean Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute, Montauk taldearekin batera, 22:00etatik aurrera (sarrera doan). Xabier Bilbao (ahotsa), Aitor Etxebarria (gitarra eta baxua) eta Antton Elorriaga (gitarra eta baxua) izan ditugu mintzakide elkarrizketa honetan. Mikel Bilbaok (bateria) eta Iker Lasak (gitarra eta baxua) osatzen dute taldea.

Nola sortu zen taldea? Adiskidetasunak edo musika gustu batzuk partekatzeak batu zaituzte?
Kuadrilako bost lagun gara, umetatik elkar ezagutzen dugu, eta musikarekiko maitasuna partekatzen dugu. Bost lagunen arteko proiektu bat gara. Taldearekin hasi ginenean bateria jotzaileak ez zekien tresna jotzen, baina esan genion bateria jo behar zuela eta horrela sortu zen taldea. Musika gustu ezberdinak ditugu baina badira talde batzuk denoi gustatzen zaizkigunak: The Libertines eta The Strokes, esaterako. Hasieran elkartu ginen bertsioak egiteko baina ez zitzaizkigun ondo ateratzen, eta erabaki genuen gure kantak sortzea. Denborarekin hartu dugu bide bat, estiloan igar daitekeena. Denok batera ikasi dugu konposatzen, orain badakigu nola konposatzen duen bakoitzak eta elkarren artean osagarriak gara. Orain egiten ditugun abestiak osoagoak dira egituraren aldetik. Ordu asko sartu dugu entsegu lokalean eta nabaritzen da.

Taldearen izenak Trastorno Obsesivo Compulsivo gaixotasunaren hizkiekin zerikusia du?
Hortik atera zen ideia baina esanahiagatik baino gehiago estetikoki, hiru letra larriz idatzita, gustatzen zaigulako aukeratu genuen.

Bi urte eta erdiko ibilbidean Bilboko Kafe Antzokian edota MAZ jaialdian jo duzue, baita talde aipagarri batzuekin partekatu agertokia ere: Atom Rhumba, Belako… Hasiera, uste baino errazagoa izan da?
Oso zaila da kontzertuak lortzea, baina zortea dugu lagunak ditugulako eta gainera gure kantuak gustatzen zaizkielako. Belakokoak gure lagunak dira aspalditik eta are gehiago, taldea sortzeko bulkadaren atzean Josu Ximun egon dela esango genuke. Beti esaten zigun talde bat egin behar genuela. Baina egia esan behar da: kontzertuak lortzea Euskal Herrian, diskorik ez baduzu, oso zaila da. Ingalaterran maketarik edo EPrik grabatu gabe kontzertuak jotzeko aukerak sortzen dira, baina hemen kultura hori ez dago garatuta. Hariak mugitu behar dituzu eta esfortzu handia egin.

Lehen bi abestiak, “Enemies” eta “Zaratak saltzen”, Javi Letamendiarekin grabatu zenituzten, El Inquilino Comunista eta WAS taldeetako kide ohiarekin, baina EP honetarako Josu Ximunengana jo duzue.
Javi Letamendiaren izena Lukiek taldeko Cristian Rodriguezek proposatu zigun, bera prest azaldu zen eta gure lehen esperientzia izan zen. Asko ikasi genuen. Aldaketa naturala izan da, Josuk gu grabatzeko gogo handiak zituelako. Lagun artean egin dugu eta oso ondo pasatu dugu. Ordu gehiago sartu dugu estudioan grabatzen, eta agian igartzen da. Gitarra gehiago sartu dugu, nahasketa eta ekoizpen aldetik landuagoa da… Prozesua ezberdina izan da eta emaitzan ikusten dira ezberdintasunak. Javi ez genuen hainbeste ezagutzen eta Josurekin aldiz, harreman handia dugu.

Beste aldaketa bat hizkuntzari dagokio. Grabatu zenuten lehen kanta ingelesez zen, bigarrena euskaraz, eta EPan denak euskaraz dira, bat izan ezik. Aurrera begira, euskarak aurrea hartu dio ingelesari?
Bai, garapen natural bat izan da. Entzuten ditugun talde askok ingelesez egiten dutenez, hasieran guk ere horretara jo genuen, baina denborarekin euskarara pasatu gara eta horrela jarraituko dugula uste dugu. Eroso sentitzen gara euskaraz abesten dugunean, gure ama hizkuntza izanda askoz gehiago sentitzen ditugu letrak. Ez diogu aterik ixten ingelesa berriz erabiltzeari, baina gehiena euskaraz izango dela uste dugu. Bestalde, kontzertuetan eta sare sozialetan euskara beti izan da gure lehen hizkuntza.

Lehen argitalpenerako EParen aldeko hautua egin duzue, disko luzea bazter utzita.
Bost abesti hauek dira konposatu ditugun azkenak. Gustatzen zaigu abestiak artean fresko daudela grabatzea. Hori izan daiteke arrazoietako bat. Bestalde, ez zen momentua LP bat ateratzeko. Bost abestiko aurkezpen disko bat edukita, etapa bat itxi eta orain has gaitezke LP baterako abestiak konposatzen, zerotik hasita, bukatu arte. Ahalik eta arinen egin nahi dugu diskoa.

“Eroso sentitzen gara euskaraz abesten dugunean, gure ama hizkuntza izanda askoz gehiago sentitzen ditugu letrak”

Gaur egun bi joera nagusi daude Euskal Herriko rock taldeetan: 70eko hamarkadako hard-rock eta stonerretik edaten dutenak eta elektronikarekin lotzen dutenak. Zuek erdibidean zaudete, 90eko hamarkadako eta mende honen hasierako rock alternatiboaren eraginak dituzue.
Zailtasunak ditugu beste talde askorekin identifikatuta sentitzeko. Seguru badaudela baina ez dira hain ezagunak. Beste estilo batzuek  protagonismo handiagoa dute. Euskal Herrian, gure sentsazioa da estilo bat edo bi asko bultzatzen direla, estilo horietako talde asko sortzen direla, baina hortik irteten den musika entzutea asko kostatzen dela. Gauza ezberdinak behar direla aldarrikatzen dugu, eta EParen izenburua, Badau, apur bat hortik doa, badaudela Euskal Herrian gauza ezberdinak eta bultzatu egin behar direla.

Zuek zer entzuten duzue azken aldian?
King Krule, The Voidz, Mac DeMarco… Euskal Herrian, Willis Drummond asko gustatzen zaigu, eta Itoiz pilo bat entzuten dugu.

Zer oroitzapen duzue abenduan Belakorekin Madrilgo La Riviera areto ezagunean emandako kontzertuaz?
Udalekuetara joatea bezalako esperientzia izan zen guretzat, aretoa ezagutzen duzu barrutik, kamerinoak… baina aldi berean badakizu ez dela zure momentuko errealitatea. Esperientzia polita izan zen, oso urduri egon ginen, baina eman genuen kontzertua, eta jendeak txalo egin zuen, agian gizalegez izan zen… Belakori beti eskertuko diogu horrelako aukera bat eman izana. Horrelako esperientziak lagunekin bizi ahal izateak balio erantsia du.

Kontzertuaren kronika ia guztietan Oasis taldeko Liam Gallagherrekin alderatzen dute Xabier abeslariaren jarrera. Ados zaudete?
Oasis gustatzen zaigu, baina halako konparaketekin beti berdin gertatzen da: plazer bat da alde batetik, baina aldi berean gorrotagarria da apur bat… Bakoitza den modukoa da, nire jarrera eta beste taldekideena eguneroko bizitzan daukagun jarrera bera da, agertoki batera eramanda.

“Madrilen Belakorekin jotzea udalekuetara joatea bezalako esperientzia izan zen. Bertan zaude baina hori ez da zure momentuko errealitatea”

Abenduan, Mungiako hainbat taldek kontzertua eman zenuten Olalde aretoan: Belako, Lukiek, Sua eta zuek. Belakoren arrakastaren eragina nabaritzen da herrian? Eszena baten parte sentitzen zarete?
Nabaritzen da zeozer. Talde asko dago, denetarik, baina zeozer komunean daukagu. Antzeko erreferentziak eta gustuak ditugu Belakok, Cecilia Paynek, Suak, Sendak, guk… Nahiz eta erreferentzia horien interpretazio ezberdina egiten dugun, rock alternatiboaren inguruan gabiltza denok, eta denoi gustatzen zaigu The Strokes, esaterako. Ikusten ditugu antzekotasun batzuk talde horien artean, bai. Oraindik ez dago eszena bat baina egon ahal da, badaude taldeak eta bada oinarri amankomun bat, baina beharko zen lanketa bat egin eszena bat sortzeko.

Duela 20 urte Getxo Sound delakoa sortu zen. Ikusten duzue Mungian antzekorik sortzeko aukera?
Izan leike, baina horretarako egon beharko zen taldeekiko tratu bat, kontzertuak egiteko espazio bat… Azken finean, hau kultura da, eta sustatu beharra dago. Beti esaten da kultura sustatu behar dela, baina gero ez da egiten. Mungian egoera hau aprobetxatu beharko lukete batzuek.

ETIKETAK:BelakoDekotItoizJosu Ximun BillelabeitiaLukiekMontaukMungiaSuaTOCWillis Drummond