Elkarrizketa

“Minimala izatea nire mugak aprobetxatzea ere bada”

Elkarrizketa: Verde Prato

Lisboan egon da berriki, eta Madrilera eta Alemaniara joatekoa da hilabetea amaitu aurretik. Pozik da, «asko jotzea» egokitzen ari zaiolako; harrituta, kanpotik ari zaizkiolako heltzen gonbidapen dezente. Bigarren lan luzea eta bere ibilbideko laugarrena kaleratu berri du Ana Arsuagak (Tolosa, Gipuzkoa, 1994), Verde Pratoren izenpean: Adoretua (Plan B Rec). Ardatza ahotsean eutsita, bestelako estiloak —reggaetona, boleroa eta beste— landu ditu kantu berrietan, eta hasieratik bidelagun izan duen Jon Agirrezabalagarekin ondu du lana, Bilboko El Tigre estudioan. Donostiako Dabadaban aurkeztuko du gaur. Sarrera guztiak agortuta daude.

Maialen Andres / Foku

Maialen Andres / Foku

Nola ikusten duzu lan berria aurrekoen segidan?

Aurreko proiektuek ildo narratibo batzuk zituzten, lanerako aitzakia modura, baina honek ez. Hemen abestiak sortzen joan naiz, bizipenetatik abiatuta baina gero beste norabait eramanda, eta ondoren bildu ditut lan batean.

Beste estetika batzuk ekarrita bilatu nahi izan duzu diskoari osotasuna emateko bide bat?

Ez naiz zentzu horretan oso forma eman zalea. Abesti bakoitzean gauza batzuk ikasi, probatu nahi izaten ditut, eta konfiantza dut gero nahitaez lotuko direla guztiak. Grabatu ostean, komunean bakarrik ahotsa ikusten nien; gerora, ja hain gertu ez zaudenean, agertzen dira bestelako gauzak, errepikatzen diren gaiak —nostalgia, erotismoa…—, baina ez dut hori behartu nahi izaten.

Erritmo dantzagarriagoak probatzea izan da gogoetako bat?

Bai. Intentzio hori beti egon da —Kondaira eder hura-ko (2021) pare bat kantu, Zu atrapatu arte-ren bertsioa…—, baina uste dut gero eta gehiago ari dela nabarmentzen.

Itxuraz oso bestelako proiektua izan arren, suma daiteke Euskal pop erradikala (2022) bertsio-diskoaren segida lan berrian.

Niretzat, bai. Atzera begira, ikusten dut segida: Kondaira eder hura oso tragikoa zen, serioa; Jaikiera (2022) iluntasun horretatik ateratzen ikusten dut musikalki, hango Mundu leunena kantua dream-pop-etik gertu; eta bertsioekin uste dut nahasketa bat dagoela, baina ja beste gauza bat ikusten dela, argiagoa.

Nola abiatu ohi zara kantu bila?

Oso lan intuitiboa izaten da. Ahotsa da niretzat tresnarik errazena, naturalena. Audio asko dauzkat grabatuta proba modura, eta ideia asko hortik etortzen zaizkit, melodia aldetik; hitzak beti datoz gero. Instrumentalki, berriz, konturatu naiz inspiratzen nauten gauzak bakartzen ditudala. Bonbo bat gustatzen bazait, demagun, ez igual soinu aldetik, baizik abestian duen izaeragatik, bakartzen dut. Nebulosoa dirudi, baina niretzat nahiko gauza argia da: sentitu eta nirera ekarri nahi dudana. Horrela ere hasten naiz askotan: bonbo hori bilatzen, beste bonbo bat lortzen dut, eta hari segitzen diot.

Musikan zein hitzetan, ahalik eta gutxienarekin ahal beste hedatzeko nahia suma daiteke. Hori da pixka bat apustua?

Guztiz. Uste dut ni gehien hunkitzen nauen musikak baduela hortik zerbait, eta nire abestietan eta zuzeneko proposamenean nahi izaten dut indar hori egotea. Egia da gero horrek ez duela berdin funtzionatzen disko batean; abesti asko daude, eta erraza da magia hori apurtzea, monotono bihurtzea, hutsik geratzea… Ezin da abesti guztietan eragiketa berbera egin. Tira, ahal bai, baina niri ez zait formula bat interesatzen. Minimala izatea, gainera, ez da bakarrik intentzioa, mugengatik ere bada: ez dakit mila gauza egiten, bakarrik egiten dut… muga horiek aprobetxatzeagatik ere bada.

Ahozkotasuna eta elektronika uztartuta, «tradizioa berrizteagatik» aupatu izan da zure lana. Nola hartzen dituzu halakoak?

Ez dut neure burua hor eroso ikusten. Niretzat iturri garrantzitsua da ahozkotasunetik datorrena, oso modu naturalean iritsi zaidana; baina, aldi berean, ez dut neure burua musikari gisa hor ikusten. Ikusten dut musika askotatik edaten, eta ez da diskurtso bat; uste dut egiten dudan musikan gauza pila bat daudela. Aparte, ez dut uste Haizea taldeak baino gehiago lantzen dudanik nik tradizioa; alderantziz.

Zer ematen dizu ahotsa hain erdigunean jartzeak?

Gauza sinple batek daukan indarra, pertsona bat kantuan, oso ezberdina da konplexutasunean aurkitu dezakegun indarrarekin alderatuta, eta nik lehena bilatzen dut: daukadan gauza gutxia bere momenturik ederrenera eramatea. Gauza bat ez da hobea bestea baino, gehiago da zu zerekin identifikatzen zaren. Niretzat garrantzitsua da naturaltasun puntu bat, adibidez; sekulako apaingarririk ez jartzea, zuzena izatea.

Musika akademia batean ikasi nuen, baina inoiz ez nintzen trebe sentitu lengoaia horren kortsearekin. Ahotsarekin, ordea, musika lasaiago landu nezakeela sentitzen nuen, gozamen handiagoarekin.

Nolatan Adoretua izenburua?

Neure burua, musikari gisa, testuinguru batean kokatzearekin dauka zerikusia, Verde Prato modura ahalduntzearekin. Zuzenekoetan uste dut gauza argia dela.

BERRIAko Bi ahotsetara atalean maiz idazten duzu lanbidearen duintasunaz. Estutzen zaitu?

Niretzat arazo erreala delako aipatzen dut, agian, hainbeste. Etxe aberatsekoa ez bazara, ez dakit nola ahal den jarraitu eta jarraitu musika egiten. Aldatzen ez bada, niretzat ate itxi bat da. Ni asko jotzen ari naiz; nazioarteko kontzertuak ematen bat-batean, eta hilabetero probatzen dut ez naizela honetaz bizi. Orduan, zein bizi da? Denok dakigu, baina, aldi berean, ez dakigu oso ondo nola dabilen bakoitza. Ogibide bat da, baina errealitatea da ez dela ogibide bat.

ETIKETAK:Ana ArsuagaVerde Prato