2014.06.23
“Pertsona berezia zen», dio behin baino gehiagotan Mari Sol Bastidak (Donostia, 1938) Mikel Laboa bere senar zenaz (Donostia, 1934-2008) hitz egiten duenean, harekiko beti izan duen mirespena agerian utziz. Mende erdiko elkarbizitzak eta konplizitateak zapuztu ez zuten mirespen bizia, Mikel Laboa hil zenetik igarotako bost urte eta erdiei ere indarrik batere galdu gabe eutsi diena. «Espresatzeko modua oso indartsua zuen, oso ausarta eta oso desberdina. Bide asko ireki zituen. Beste artista batzuek bide bat daukate, eta hari jarraitzen diote, baina Mikelek batzuetan deskolokatu egiten zintuen, beste batzuetan hunkitu… Unibertso berezi bat zen Mikelena». Hala ere, ez da inolaz ere hagiografia bat, Mikel Laboaren alderdi intimo gatazkatsuenen berri emateko erreparorik ez duen liburua da Mari Sol Bastidaren Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat (Elkar). Jatorriz gaztelaniaz idatzia, Koro Navarrok euskaratua eta bi hizkuntzetan argitaratua, gertuko ezagutzaren eta urte askotako lan arduratsuaren fruitu eta ondorio da liburua. Mikel Laboa kantari, musikari eta eszena gaineko artistaren ibilbide profesionala zehaztasunez errepasatzeko eta Mikel Laboa gizonaren izaera gertutasun handiz ezagutzeko aukera ematen du liburuak, idazkera landu eta orekatu baten bitartez eta argazkiz ere oparo lagunduta (aldameneko orrialdekoa, adibidez).
Liburuan diozunez, hil baino hilabete batzuk lehenago Mikel Laboak «liburua bukatuko duzu, ezta?» esan zizun, memoria liburuaz ari zela. Hitzaurrean ere azaltzen duzun moduan, azken urteetan idatzi duzun arren, aspaldikoa zenuen liburu hau idazteko asmoa.
60ko hamarkadaren lehenengo erdian hasi nintzen dokumentuak jasotzen, Mikel hobeto eta modu intimoagoan ezagutzen hasi nintzenean, eta Mikelek egiten zuena benetan baloratzen hasi nintzenean. Hori da, behintzat, orain neure buruari ematen diodan azalpena. Mikelen lan artistikoarekin zerikusia zuten era guztietako dokumentuak biltzen nituen: elkarrizketak, kritikak, grabazioak, diskoak, eskuprogramak… 1984an, Mikel berriro ere kontzertuak ematen hasi zenean, Iñaki Salvadorrekin-eta, jaialdi guztien datuak apuntatzen hasi nintzen. Baina, horrez gain, beste era bateko apunteak ere idazten hasi nintzen, gure bizipenei eta gure esperientziei buruzkoak, gure konplizitateari buruzkoak, gure haurtzaroari buruzkoak… 70eko hamarkadan ekin nion lan horri, 80ko hamarkadan ohar gehiago hartu nituen eta 90ekoan askoz ere gehiago… Nahiz eta Mikelen ekimen artistikoa izan ardatza, beste mila istorio ere jaso nituen, eta Mikelek ezagutzen zituen ohar haiek.
Eta nahi zuen zuk, material hura oinarritzat hartuta, memoria liburua idatz zenezan. Hartaz galdetzeko izan zuen moduagatik, hala pentsa daiteke behintzat.
Bere ibilbide profesionalean Mikelek beti hartzen zituen arriskuak, eta kasu honetan ere arrisku horri aurre egiteko prest zegoela uste dut. Lagunekin-eta horretaz hizketan, Mikelen hitzen interpretazio desberdinak egin daitezkeela komentatu dugu. Batzuen ustez, Mikelek pentsatzen zuen memoriak idazteak entretenitua egoten lagunduko zidala; [Jose Luis] Zumetak, berriz, esan zidan: «Mikelek pentsatuko zuen proiektu on bat izango zela eta zuk ondo egingo zenuela». Ez dakit. Zumetak esan dit irakurri duela eta asko gustatu zaiola. Sinesten diot, eta poz handia hartu dut.
Kontu intimoak kontatu dituzu; zuen arteko krisiak eta gatazkak, adibidez. Liburu ausarta da alde horretatik begiratuta.
Ezin dituzu kontatu bakarrik alderdi politak eta atseginak. Gure bizitza ederra izan dela uste dut, eta posible izango banu, bere krisiekin eta guzti, berriro biziko nuke gustura. Gainera, hasiko nintzateke hor, liburua hasten dudan unean, 1950eko udaberrian, eta ibilbide osoa egingo nuke, krisiak ere sartuta, dudarik gabe. Baina ezinezkoa da, konturatzen naiz horretaz, eta dagoen aukera bakarra da idaztea eta irakurtzea. Eta niretzat, horregatik, ederra izan da liburua idaztea. Nik nire bizitzan arlo profesionaleko beste kontu batzuen inguruan idatzi dut, baina hau zailagoa zen, oso barruko kontuak zirelako.
Idazterakoan, argi zenuen liburua argitaratuko zela?
Ez. Nik ez nuen oso garbi publikatuko nuenik. Idazten nuen, eta idaztea, neurri batean, niretzat dena berriro bizitzea zen, baina ez neukan batere garbi idatzitakoa publikatuko nuenik. Orain dela lau hilabete beldur izugarria sentitu nuen, eta liburua argitaratzeko asmoa bertan behera uztea ere pentsatu nuen. Baina gero, hainbat arrazoirengatik, argitaratzea erabaki nuen. Beti pentsatu izan dut historia oso tresna garrantzitsua dela, gizarte guztiek dutela beren iragana ezagutzeko beharra, eta, neurri batean, liburu honek ekarpen bat egin dezake alde horretatik, gure testuinguru soziokulturalarekin oso erlazionatuta dagoelako kontatzen dena. Gure esperientzia beste batzuei pasatzea ez dagoela gaizki uste dut. Hori pentsatzen dut behintzat animatuta nagoenean. Mikel eta haren lana dira liburuaren ardatza, eta beti saiatu naiz oso serio kontatzen dudana beste lekukotasun batzuekin berresten, eta, alde horretatik, liburuak ekarpen txiki bat egingo balu gure historia hori ezagutzeko, niretzat oso garrantzitsua litzateke.
Hasieratik erakutsi zuen Mikel Laboak kantu tradizionalen inguruko interesa, eta horiek berreskuratzeko ahalegin handia egin zuen, modan ez zeuden arren.
Bai. Mikel, arlo askotan, haize kontra aritu zen beti, korronte nagusiaren kontra, eta kantu tradizionalekin hasi zenean ere halaxe aritu zen, nahiz eta gero Ez Dok Amairuren barruan ia-ia obligazioa bihurtuko zen kanta tradizionalak kantatzea. Zeruko Argia-n 1965ean egin zioten elkarrizketan, kazetariak galdetu zion ea zergatik kantatzen zituen kantu tradizionalak, harrituta, hori ez baitzegoen inondik ere modan orduan.
Berak sortutako kantuen hitzetarako poemak hautatu zituen ia beti, eta oso zorrotza zen hautaketa horretan. Zer eskatzen zion poema bati hura musikatzeko?
Normalean, lehenbizi hitzak aukeratu, eta gero haiei musika jartzen zien. Baina ez beti. Badaude gutxienez bost kanta —lekeitioak eta instrumentalak kenduta— lehenbizi musika sortuz osatutakoak. Mikelek beti esaten zuen berarengan eragina izan zuten lehen kantariak Atahualpa Yupanqui eta Violeta Parra izan zirela, nahiz eta seguru asko beste eragin batzuk ere izango zituen. Eta Mikelentzat Yupanqui eta Parraren kantuetan hitzak ere oso garrantzitsuak ziren. Alde batetik, hitzak oso garrantzitsuak ziren Mikelentzat, eta baita hitzak musikara nola egokitzen ziren ere, eta nola espresatzen ziren kantuan. Baina, beste alde batetik, Mikelentzat musikaren barruan sartzen zen hizkuntza, eta dialektoen musika: musikaren parte bat zen hori. Kantatzen hasi zenean, zoragarri kantatzen zuen Duerme, duerme, negrito kanta tradizionala, Yupanquik kantatzen zuena. Hitzak euskaratu zizkioten arren, ez zuen inoiz euskaraz kantatu, eta kantatzeko beste hizkuntza batetik hartzen zituen poemak jatorrizkoan kantatzen zituen. Mikelentzat traizio bat zen kantua itzulita kantatzea, Nemesio Etxanizek proposatzen zuen bezala. Ez zegoen besteek hori egitearen kontra, baina berak ezin zuen hori egin. Hizkuntzaren doinua, eta dialektoaren doinua, musikan sartuta zegoen Mikelentzat. Gaixo egon zenean, mundu osoko irratiak entzutea gustatzen zitzaion, hizkuntzak ez ulertu arren. Harentzat hori musika zen.
Mikel Laboaren alderdi esperimentalaz aritzean, diozu ez zela esperimentazioaren bila aritzen, hori barrutik ateratzen zitzaiola.
Koldobika Jauregik esan zuen hori, Euskadi irratian egin zioten elkarrizketa batean. Mikelek beti esaten zuen lekeitioen hazia haurra zenean, gerra denboran, Gardatan egon ziren bederatzi hilabete haietan zegoela, entzundako bonbardaketetan, eta abarretan. Baina bere zaletasunak eta bere izateko moduak ere eraman zuen horretara, bere behar bat zen gauza desberdinak egiten arriskuak hartzea.
Adiskideek garrantzi handia izan zuten beti Mikel Laboaren bizitzan. Eta bere adiskideen artean idazle, musikari eta artista plastiko asko izan du beti.
Literatura oso inportantea zen Mikelentzat, haren kantuetan argi ikusten da hori. Medikuntza eta psikologiako gaiez aparte, poesia ere asko irakurtzen zuen. Bertolt Brecht, adibidez, oso garrantzitsua izan zen berarentzat, arrazoi askorengatik, eta gero, 80ko hamarkadan, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandiaren poemak lantzen hasi zen… Baina artista plastikoekin oso harreman handia izan zuen beti. Ez dakit zergatik, baina seguru asko hor bada zerbait. Artista plastikoek asko maite zuten Mikelek egiten zuena: Jose Luis Zumetak, Vicente Ameztoik, Rafa Ruiz Balerdik, Gabi Ramos Urangak, Juan Gorritik… Eta Mikelek ere oso maiteak zituen denak. 60ko hamarkadan ere, nahiko minoritarioa zenean, Mikelen jarraitzaileen artean artista plastiko asko zegoen.
Belaunaldi askotako entzuleak liluratu dituen musikaria da Laboa. Zuk hasieratik jarraitu duzu, oso gertutik, haren ibilbidea. Zer bilakabide izan zuen Laboaren arrakastak?
60ko hamarkadan Mikel nahiko minoritarioa izan zen. Arrakasta handiena Lourdes Iriondok eta Benito Lertxundik zeukaten garai hartan. Hala ere, gutxiengo garrantzitsu batekin konektatu zuen, bai Euskal Herrian eta bai Katalunian. Kantu tradizionalak, hasieran, harrera hobea zuten Katalunian hemen baino. 70eko hamarkadan jarraitzaile gehiago izan zuen, eta Europatik ere deitzen hasi zitzaizkion. Lortu zuen itzal bat. Eta 80ko hamarkadetan frontoiak eta antzokiak bete egiten zituzten. 1985ean edo 1986an egin zioten lehen omenaldia, Usurbilen, Urte asko ziren jada Mikel hasita zegoela. Txeroki [Txeroki. Mikel Laboaren kantak disko kolektiboa, 1990] baino lehenago ere lortu zuen, nire ustez, jende gazte askoren interesa eta miresmena. Nik uste dut Mikel bigarren eta hirugarren belaunaldietara ailegatu dela, agian, lehenengo belaunaldiarengana baino gehiago. 90eko hamarkadako azken urteetan izugarri ezaguna eta laudatua izaten hasi zen, baina hura laudatzen zuten askok ez zuten haren kantu bat baino ezagutzen, edo ezta hori ere, eta hori ez zitzaidan gustatzen. Eta orain ere horren kontra nago. Berari ere ez zitzaion gustatzen, baina umorez buelta ematen zion.
(Berria egunkarian, 2014ko ekainaren 22an, argitaratutako elkarrizketa)
1 IRUZKIN