2018.11.06
Ttun Ttun Brigade errioxarrak 2015ean hasi ziren Interneten bidez materiala kaleratzen, Ciclos Iturgaiz eta Kau Kori Kura taldeen inspirazio eta hurbiltasunak bultzatuta. Beste aldetik trapa zetorren gogotsu, eta hiru kideen beste taldeak (Nebulosa, Kaleko Urdangak…) apur bat geldirik zeudela aprobetxatu zuten egitasmo berria sortzeko. Hasieran Interneten bizirauteko proiektua izan zen —hiru “volumen” igota dituzte bandcampera eta beste hainbat bideo Youtubera), baina gero taula gainera ere eraman dute.
Eusko elektropopa ironiaz janzten dute “Sagardotegian bai” eta “Zortzigarren Euskal probintzia (Errioxa)” bezalako abestietan eta baita jeltzaletasuna goraipatu ere “Urkullu is a robot” (Kraftwerken bertsio bikaina) edo “Berpizkundea II” bezalako ereserkietan. Taldearen zuzeneko sutsuek eta eszenaren barruan egin dituzten lagunek (Cecilio G, besteak beste) merezi zuen lekura eraman dute Ttun ttun Brigaderen proposamena. Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketako bigarren saria jaso berri dute Urban atalean, baita bertako talde onenaren saria ere. Iheskorrak, hau da eskaini duten lehen elkarrizketetako bat.
Bilbo Hiria lehiaketa famatuan parte hartu eta bigarren sailkatu zarete zuen kategorian. Zelan izan da esperientzia?
Egia esan, espero genuen, PNV alderdi sozialistanlagun ugari dauzkagu eta gu ere alderdi horretako militante sutsuak izanik podiuma ziurtatua genuela esan genezake. Beste alde batetik, antolatzaileek gure burua bizkaitarbezala aurkeztu izanak behar genuen azken bultzadatxoa eman zigun Bilboko publikoarekinbat egin ahal izateko.
Zelan jaio zen Ttun Ttun Brigade?
2015eko Gabonetan Ceniceron (Errioxa, Espainia) dugun bodegatxoaren sutondoan. Bertan elkartzen ginen euskategiko hainbat lagun politikaz eta pilotaz hitz egiteko. Talentu musikalarena ondoren heldu zen.
Euskal kulturaz jarrera kritikoaz barre egitea, salbuespenak salbu, zaila izaten da. Badaukazue autozentsurarik? Zerk eragin zaituzte hau gai moduan hartzeko?
Ez, ez dugu autozentsurarik. Autozentsura eta zentsura zentsuraturik dauzkagu lan egiteko momentuan. Euskal kultura pobre ikusten genuen eta hau pixka bat animatzeko asmoz hasi ginen kantuan.
Trap munduan ditugun hiruzpalau adibide euskaldunek (Sad Mirri, Gorpuzkingz, zuek…) ironiatik heltzen diote estiloari. Zergatik dela uste duzue? Ezin daitekeelako serio hartu edo hemen ez delako trap girorik existitzen?
Guk oso serio hartzen dugu trap mundua, baina ezin gaitezke egun osoan skrrr soinutxoak eta gangsta itxurak egiten aritu. Lana eta ikasketa pertsonalak ere baditugu eta bereizketa hori egitea beharrezkoa da. Familia eta seme-alaben aurrean piura duinak mantentzea dugu gustuko, diskrezioa. Trufa bai, baina pasa gabe.
Hemengo baserritarrekbetidanik trapitxeatu dute belarrarekin, eta beste drogen inguruan ere mugimendua egon dela badakigu… Ez da AEBetan bezain glamourosoa edo?
AEBetan dena hobeto egiten dute, beti, eta gu etorkizunera begira gaudenez bertara jotzen dugu. Trapitxeobezalako hitz irringarria bertan “deal in” esaten da, begira zein glamourosoak diren. Eskerrak orain MTV dakarkiguten euskaldunoi kultura pixka bat eskaintzeko. Zakil O’Nealek ondo zioen bezala, hemen Platonen kobazulo barruan baino itsutuago bizi gara.
“Guk oso serio hartzen dugu trap mundua, baina ezin gaitezke egun osoan skrrr soinutxoak eta gangsta itxurak egiten aritu. Seme-alaben aurrean piura duinak mantentzea dugu gustuko”
Eta musikalki? Badirudi errimak egin dituzten bakarrak Negu Gorriaketa Selektah Kolektiboaizan direla… edo eraginak ez du zertan hortik etorri?
Noski bertatik datorrela. Ez da umilak izateagatik, baina guk ez dugu ezer berririk sortu, dena Fermin handiari zor diogu.
Euskaldun petoa aldatzen ari da, ia ez da Ternuarik ikusten, baina sagardotegira joaten jarraitzen du. Zelan hartzen ditu zuen zuzenekoak?
Oso ondo, egia esan. Euskaldun petoak ere modernizazio bidean doaz, oso geldo baina badoaz 2000. urtera hurbiltzen. Gure musikagaraikidea arrotz eta aldi berean etxekoa bezala sentitzen dute, hori da jokoa. MDMA gazta, irasagar eta intxaurrekin nahastea bezala da.
Zuentzat Internet eta sare sozialak, baita sareko irudi eta soinuen apropiazioa ere, oso garrantzitsuak izan dira Talde birtual bat zaretela esan daiteke?
Gu talde birtuala izateko jaio ginen, pantaila atzeko anonimotasuna eta hori guztia, gainera ez dugu batere gustuko etxetik irtetea, baina Pitito eta Txistu zuzenekoak egiten hasi ziren eta berbena show horretan nahastu gara. Gustatuko litzaiguke birtualtasun horretara bueltatzea, ez dago Internet baino toki hoberik munduan.
Horrek miresten duzuen jendearengana hurbiltzea ahalbidetu dizue (Ibarretxe lehendakari ohia, eszenako talde mitikoak…). Ametsak egia bihurtu dituzue?
Ez, gure ametsa Logroñoko San Mateotan jotzea izan da betidanik, eta ez gara libre izango hori lortu arte.
“Gustatuko litzaiguke fisikoan ere zerbait kaleratzea. Orain dirua daukagu, eta diru horrekin diru gehiago egiteko aukera ez dezagun galdu”
Eta euskal topiko klasikoetatik harago, badago berririk? Zer ari da gertatzen Gorpuzkingen abiyuarekin?
“Abiyua” euskal hizkuntzak aspalditik behar zuen terminoa da. Hemen hainbeste kontsumitzen den produktu tipiko horri euskarazko hitz bat aurkitzea eta jendartean zabaltzea izan da beraiek Euskaltzaindiari eginiko oparia. Gainera merke-merke lortzen digute.
Instrumentuak jo izan dituzue beste talde eta proiektuetan. Noizko Ttun Ttun Brigaderen saio akustiko bat?
Behin baino gehiagotan komentatu dugun zerbait izan da, eta egia esan, ez dugu deskartatzen horrelako saio bat egitea. Ruper Ordorika, Mursegoeta Orquesta Mondragoneko musikarien artean Telegrameko talde bat sortua dugu jadanik.
Kontaizkiguzue etorkizunerako planak. Egongo al da diskorik? Zer iritzi duzue formatu honetaz Youtubeko bideoen garaian?
Youtubeko bideoen garaian, logikoki Youtubeko bideoak egitea da bidea, eta horri laster ekingo diogu gure bideoklip berria abiyuan jartzen dugunean. Beste alde batetik, gustatuko litzaiguke fisikoan ere, ez birtualean bakarrik, zerbait kaleratzea. Orain dirua daukagu, eta diru horrekin diru gehiago egiteko aukera ez dezagun galdu. CD mainstreametik at dauden beste formatu batzuk dauzkagu buruan, biniloa eta kasetea batipat.
Zelan ikusten duzue euskal eszena? Zer esango luke Sabino Aranak burua altxatuko balu?
“Non daude neskatxak eta garagardoa?”, esango luke ziurrenik. Bueno, eta “non dago eszena?” ere.
Badago etorkizunik euskal gazteriarentzat edo Errioxara migratu beharko dugu?
Etorkizuna badago, ona edo txarra izango den ez dakigu baina. Eta espero dugu Errioxara inor etorri behar ez izatea, veraneanteak ondo zaudete Lea-Artibaiko kostaldean eta.