Elkarrizketa

Antton Iturbe

2021.05.01

Antton Iturbe

“Makinekin esperimentatzea, jolastea eta mugak arakatzea da sortzen hasteko gakoa”

Elkarrizketa: Amsia

Diskoaren azalean, fintasun eta xehetasun osoz Izibene Oñederra artista azkoitiarrak marraztu dituen espezie guztietako txori eder, misteriotsu eta pittin bat beldurgarri horiek bezala, kukuherri ñabardura ezkutuenetaraino arreta osoz landutako soinu liluragarri bezain ziztagarriez betea dator. Javier Ucar ‘Amsia’ (Azkoitia, 1976) musikari beterano eta aitzindariaren lan berria oso baldintza berezietan sortu eta ezagutzera eman den artelan aparta da. Patxadaz entzun eta bere sortzaileekin solasaldi lasai eta emankor bat izan ahal izateko aukera ezin hobea.

DSCF4959

Javier Ucar ‘Amsia’. (Mikel Uribetxeberria)

Diskoaren soinuak 90eko hamarkadako elektronika ekartzen du gogora une askotan. “Clicks’n’cuts” eta “glitch” kontzeptuak sortu ziren garaietakoa, alegia. Nola deskribatuko zenuke kukuherri-ko soinua? Eta batez ere, nola eman da diskoa osoaren sortze prozesua?
AMSIA: Bai, Millie Plateaux eta WARP diskoetxetako lehen diskoak gogorarazi ditzake, baina nik egiten dudana goxoagoa dela esango nuke. Denbora luzez landu dut disko hau. Entzun daitezkeen doinu guztiak pandemiaren aurretik sortutako abesti eta soinu pusketetan daude oinarrituta. Zati guzti horien elkartze eta muntaia lana izan da denbora guzti honetan egin dudana. Nik musika pilo bat sortzen dut baina gehiegi ez plazaratzen saiatzen naiz. Argitarapen bakoitza trinkoa izatea gustatzen zait eta sintetizatze prozesu horrek bere denbora eskatzen du. Bestalde, binilo formatuan ateratzeak abesti asko kanpoan uztera behartu gaitu 40-50 minutuko mugaren barnean egon ahal izateko. Nik hasiera batean CD baten iraupena —80 minutu— nuen buruan.

Pixkanaka, ohiko abesti kontzeptu, egitura eta konponketatik urruntzen joan naiz nire konposizioetan. Azken lau urte hauetan Bartzelonako Befaco sintetizadore modularren lantegian aritu naiz produktu garapeneko departamentuan. Bertan diseinu eta proba eginkizunetan etengabeko harreman bat mantentzen genuen makinekin. Nire musika garatzeko astirik ez nuen eta mugaketa horrek bultzatuta, bi alderdiak, lan profesional eta sormen artistikoa alegia, batean uztartzen hasi nintzen. Sintetizadoreak probatzearekin batera doinuak sortzeko nolabaiteko teknika bat garatzeko gai izan nintzen. Horri esker doinu bat konposatzen hasteko ez dut aurretiko ideiaren beharrik. Gakoa makinekin esperimentatzea, jolastea eta haien mugak arakatzea da orain eta horri esker, era guztietako soinu pasarteak sortzeko gai naiz. Gero, bigarren fase batean, pasarte horien muntaketa lana egin dut eta jardun horretan soinuak berak gidatzen nau norabide batera edo bestera.

Makinen arteko elkarrizketa eragiten eta handik sortutako kaos txiki hori mugatzen eta ordenatzen saiatzen naiz. Gustuko emaitzak batzuetan berehala azaltzen dira eta beste batzuetan astebete eta gehiago pasatzen dut pasarte bakar baten bila. Hautaketa prozesu horretan datza nik pertsona bezala egiten dudan ekarpena azken batean.

Zure musikaz gain, ba al da beste ekarpenik diskoan? Izibene Oñederraren animazio film laburretan elkarrekin lan egin izan duzue iraganean. Nola gauzatzen da kolaborazio hori?
AMSIA: Estanis Elorzak masterizatu du diskoa eta kolaborazio bakarra Totomi Kubo musikari japoniarrarena da. Ondes Mantenot izeneko instrumentua jotzen du doinu batean. Izibenek irudiak sortzeko bat egin zuen proiektua ia amaitzear zegoenean. Txorien kontzeptua eta marrazkiak bereak dira, noski.
IZIBENE OÑEDERRA: Arazoa da nire proiektuek 10 minututik gora irauten ez duten arren, urteak behar izaten ditudala guztiz garatzeko. Horrenbestez, gure lan erritmoak erabat ezberdinak dira. Horretaz gain, irudi puska oso motzekin, collage moduan etengabe nahastuz eta ordena aldatuz lan egiten dut, eta puska bakoitzak soinu erabat ezberdinak eskatzen dizkit nire buruan. Amsiarentzat zoramena da era horretan musika sortzea eta etengabe egiturak berregiten ibili behar izatea. Bere sortze prozesua askoz espontaneoagoa baita. Hala ere, jendeak laburmetraia ikusten duenean soinua eta irudia oso ondo ezkontzen direla esaten digu.

Beraz, bada bien arteko elkartze puntu bat nonbait, modu inkontzientez baldin bada ere.
I.O.: Argi dago soinuak Amsiaren izaera duela eta irudiak nirea, baina bada zerbait komunean duguna. Halako zikintasun bat, edo.
A: Hala da, gure bisio estetikoak bat egiten du orban moduko gune batean.
I.O.: kukuherri estreinako aldiz Bartzelonan entzun nuen, Amsiak doinu batzuk aurreratu zizkidanean. Desagertzear dauden txori mota arraroen entziklopedia bat neukan esku artean kasualitatez eta bertako ilustrazioak kopiatzen hasi nintzen musika entzuten nuen bitartean. Egia esan, ohikoa ez dudan estiloaz, marrazki naturalistak atera zitzaizkidan, xehetasunez beteak. Agian diskoaren soinuak eragina izan zuen nigan, marrazkiaren bitartez soinuaren konplexutasuna eta izaera delikatua jasotzeko beharrak eragindako modua bilatu nuen. Orohar, Amsiaren musikak leku ezberdinetara eramaten nau, eta ez dira beti leku berberak. Piezen iraupena ere ezberdina iruditzen zait entzuten ditudan bakoitzean. Batzuetan nekez aurrera egiten duen denbora eremu pisutsu batean sartzen naizela uste dut eta oso luzeak iruditzen zaizkit; eta beste batzuetan, ordea, ziztu batetan pasatzen dira. Sarritan, marrazten ari naizen bitartean entzuten dut musika eta horrelakoetan nire lanean murgildu ahal izateko tunel moduko bat eraikitzen duelako susmoa dut.

Zentzu askotan, musika egitea, denborarekin jokatzea eta denboraren pertzepzioa aldatzea da ere. Nola moldatzen duzu denbora zure konposizio eta zuzenekoetan?
A: Zuzenekoetan, soinuak halabeharrez sortzen direla iruditu arren, gauzak nahiko neurtuta eramaten ditut. Oso gidoi trinko batean oinarritzen naiz. Gidoi horri esker, hain inprobisatua eta kaotikoa den oinarrizko soinu materia hori eraikitzeko ibilbide eta denbora lerro bat jarraitu dezaket. Nire burua ez errepikatzea eta zuzenekoari arintasuna ematea da nire helburua. Abestien ordena kontu handiz pentsatutako gauza da, nolabaiteko hari narratibo bat emateko asmoz. kukuherri-n oso garbi banandutako zatiak ikusten ditut eta haietako bakoitza leku zehatz batekin lotzen dut: Azkoitia, Bartzelona, Japonia. Minimalismoa baino, maximalismoa lantzen dudala esango nuke, edo hala pentsatu nahi dut behintzat. Hala ere, funtsean etengabe aldatzen ari diren oinarrizko lauzpabost soinu egoten dira beti nire doinuetan. Hori da gustukoa dudan ideia. Lau soinutxo horiek elkar artean komunikatzeko hizkuntza bat garatzeko gai dira.

“Itxuraz eta izatez oso musika basatia dirudien arren, muinean oso sentibera da ere, eta ez dugu eskaintza digital erraldoi horren erdian galtzerik nahi”

Diskoaren promoziorako oso metodo berezia erabili duzue. Gutun pertsonalizatuak eta deskargarik gabeko ale fisikoak soilik. Zergatik?
A: Promozioko CD horretaz gain bi argitarapen fisiko egingo ditugu. Bata biniloan, Tzesneren Series Negras zigilua berpiztuz, eta bestea kasetean, Bartzelonako Watusa diskoetxearekin. Bi plataforma horietan ohiko moduan argitaratuko da baina promozioa ez dugu Internet bidez egin nahi izan. CDarekin batera gutun pertsonalizatuak bidaltzea otu zitzaidan horretarako. Era horretan, gutxienez, zure gertuko jendeak jasotzen duela ziurtatzen duzu. Azken batean, gure lagunentzako egiten dugu musika neurri handi batean. Ezin gara plataforma handietan lehiatu, ezta nahi bere. Itxuraz eta izatez oso musika basatia dirudien arren, muinean oso sentibera da ere, eta ez dugu eskaintza digital erraldoi horren erdian galtzerik nahi. Beste era batera maneiatu nahi izan dugu gure lana. Bestalde, iraganean lankide izan diren pertsona askoren kontaktua errekuperatzeko aukera ezin hobea bilakatu da.

Banaketa mugatu horrek entzule talde mugatu batera zuzentzen zaretela iradokitzen du. Zentzu batean, elitismoa badela esan dezake batek baino gehiagok. Hari horri helduta, “euskal eszena esperimental” bati buruz aritzea posible al da?
A: Ez dut uste pentsaera elitista denik. Hala da eta kito. Musika guztia, eta bide batez zinema edo arte guztia, ez da pertsona guztientzat egokia. Jende asko dago CD hau edukitzeak ezer esango ez diona, eta haiei bidaltzeak ez du batere zentzurik. Banaketa mugatu honen asmo nagusia gure ibilbide osoan eratu dugun kontaktu sarea berpiztea izan da. Bestalde, diskoak arrapaladan, zatika eta Interneteko etengabeko zapping horretan entzutea ez dut batere gustuko. Lan hau osorik eta jarraian entzuteko dago pentsatuta, disko fisiko baten modura.

kukuherri zuzenera eramateko planik ba al duzu?
A: Bai, noski, 20 urtetik gora daramatzat kontzertuak ematen. Gaur egun, egoera zailagoa baldin bada ere, ia edozein lekutan jotzera molda naiteke. Eta edozein esaten dudanean, jazza, musika garaikidea eta, orohar, ezohiko musika programatzen duen edozein festibal edo areto esan nahi dut. Azken batean, “underground”, “esperimental” edota “zarata” hutsa deritzogun soinu hori ere musika da.

ETIKETAK:AmsiaIzibene Oñederra