Elkarrizketa

Urko Ansa

2019.12.30

Urko Ansa

“Lokaleko soinua eraman nahi izan dugu diskora”

Elkarrizketa: Sharon Stoner

Gitarra soinu gogor, sakon eta zitalen jarraitzaileontzat urteko berririk onenetakoa izan da Sharon Stoner taldearen itzulera. Urte hauetan utzi duen hutsunea nabarmentzekoa izan da, eta bere diskorik mardul, borobil eta landuena argitaratu du. Oñatiko (Gipuzkoa) hirukotearen ahalduntzea naturala izan dela egia den arren, ahots melodia erakargarriekin lortu duen boterea begi bistakoa da. Queens Of The Stone Ageren jarraitzaileentzat oso gomendagarria izaten jarraitzen du: gitarra zurrunbilo ziklikoak, efektuak, garapen instrumental bihurri eta korapilatsuak… Eta Iñigo Ibarrondok (ahotsa, baxua) erdietsi dituen ahots-tonu altu eta konplexurik gabekoek oso nabarmenki aupatu dute taldearen laugarren diskoa, Erraietatik. Hori gutxi balitz, zuzenekoetan betiko boterea erakusten jarraitzen du, baita abesti berriekin ere. 2020ak bere urtea izan beharko luke.

Sharon Stoner 2019

Iñigo Ibarrondo + Egoitz Olalde + Mikel Zarketa = Sharon Stoner.

Lan ederra egin duzue. Luzea izan da, zazpi urte itxaron behar izan baititugu disko berria entzuteko, baina emaitza begi bistakoa da. Zuen grabaziorik onena da, dudarik gabe!
Eskerrik asko. Mimo handiz eginiko lana da. Kostatu zaigu baina egia esanda, emaitzarekin oso pozik gaude. Nire ustez, atzera begiratu, gure oinarrietara bueltatu eta aurrerapauso bat emateko gai izan garela uste dut, gure estilo propioa finkatuz. Hirurok lagunak gara eta zazpi urtetan diskorik atera ez arren, batera jotzen jarraitu dugu eta hori nabari dela uste dut.

2012an argitaratu zenuten azken lana: Puntu bakar batean elkartzen diren ertzak. Zer dela eta hainbeste urteko isilunea?
Gutxi gorabehera urtebete inguru pasa genuen disko hori aurkezten. Denboran urruti dago baina gogoratzen dudanagatik zuzenekoetan ez genuen esperotako erantzuna jaso, nik beste estilo batzuk arakatzeko gogoa nuen eta etenalditxoa egitea erabaki genuen. Gainera, bitartean taldekideon egoera pertsonala aldatu zen (familia eta gainontzeko kontuak) eta Egoitz [Olalde, bateria] Lenao taldearekin ere jotzen hasi zen. Orain dela hiru urte gutxi gorabehera Tutan Come On taldeko lagunekin bost kontzertuko biratxoa egin ondoren Sharon berpiztu eta abesti berriak egiten hastea erabaki genuen.

Hainbeste denbora daramat nik zuen musika goraipatu eta ahots melodien inguruan komentario gazi-gozoak egiten. Oraingoan, melodien tonua dexente igo eta nota altuetara konplexurik gabe salto egin duzue. Musika astunaren eta ahotsen arteko kontrastea beti bilatu izan baduzue ere, oraingoan bereziki ondo egin duzue, inoiz baino nabarmenagoa eta muturrekoagoa baita.
Abesteko melodiaren bila nabilenean eroso abesteko tonu egokia aurkitzen saiatzen naiz. Aipatzen duzun tonu altuetarako aldaketa hau era naturalean egin dut, ia konturatu gabe esango nuke. Tonu baxuagoetan abestea ere atsegin dut, baina momentu honetan doinuak horrela etorri ziren, eroso sentitu nintzen eta horrela geratu dira.

Gitarren soinu zikina ere nahiko bereizgarria da kanta batzuetan, nahiz eta beste batzuetan aski garbiak izan (“Sateliteak”, kasu). Beti nahita bilatu duzuen garbitasun hori oso errespetagarria da, baina “Otso” kantan lortu duzuen efektu mozkorgarri hori entzutean, edo “Inozoen salbamena” eta “Zirkuluan” kanten zikintasuna entzutean, benetan goia jotzen duzuela uste dut.
Eskerrik asko! Diskoa grabatu aurretik abestiak prestatzen ari ginela argi genuen grabaketara eramango genuen soinuak lokalean genuen soinu berbera izan behar zuela. Hau da, grabaketan esperimentatzeko tarteak utzi arren, soinu orokorra lokaletik landuta eraman behar genuela garbi genuen. Aurreko lanetan ez bezala, lokalean gitarraren soinua lantzen ibili ginen. Orokorrean. bai diskoaren grabaketan baita nahasketetan ere, argi izan dugu taldearen soinu ahalik eta naturalena gordetzea nahi genuela. Soinu natural honen bila genbiltzalako hautatu genuen Garate estudioa. Bertako gela handian baxua eta bateria zuzenean grabatu genituen. Benetan itzela da gela horretan grabatzea.

“Abesteko melodiaren bila nabilenean eroso abesteko tonu egokia aurkitzen saiatzen naiz. Tonu altuetarako aldaketa era naturalean egin dut”

“Loto lorea”-rekin hasten da diskoa. Inpresio handia egiten du ahots horrek. Melodia polita da, baina Iñigoren ahotsak zirrara handia sortzen du. Sekulakoa da hartu duzun tonu altua!
Grabaketan bertan erabaki genuen nola abestu abesti hau. Etxean eginiko maketetatik melodia konposatuta nuen, baina ez nuen oso garbi grabatzerakoan nola interpretatu. Hasiera batean dena falsetean abesten nuen, zalantzak nituen… azken momentuko erabakia izan zen. Garaten Martxel Arkarazo eta Iñaki Zubiarekin mikrofono aurrean nengoenean erabaki nuen horrela abestea. Agian diskoko abestirik “desberdinena” izan daiteke ahots tonuagatik eta baita guretzako hain ohikoa ez den horrelako tonu alai “happy” bat duelako ere. Zingira eta gero egin nuen lehen abestia izan zen, eta apur bat nire konfort zonatik irtetzeko erabili nuen, abesti “alai”, zuzen eta motz bat eginez.

“Sateliteak” kantaren bideoklipa egin duzue. Non grabatu zenuten? Entsegu lokala dirudi…
Hasieratik argi genuen abesti esanguratsuenetako edo adierazgarrienetako bat zela. Luzea izanik ere bideoklipa egiteko abesti egokia zela iruditu zitzaigun. Bideoklipa Oñatiko musika entsegu lokaletan grabatu genuen Kepa Aranbururen gidaritzapean, arratsalde bero batean.

“Otso” kanta harrigarria da. Lehen aipatu dut gitarra soinu hori, baina melodia, garapen instrumentala… zuen kantarik onena da, seguru aski.
Joe, eskerrik asko benetan. Asko pozten naiz hau entzutean. Hasiera batean abesti rumberoa deitzen genion, ja ja ja. Orain, distantzia apur batekin ikusita, musikalki badu horrelako rollo progresibo bat, abestia eraldatzen doa, pasarte oso desberdinetatik bidaiatzen du amaiera handi horretara iritsi arte. Hasiera batean ez genuen horrela ikusten baina diskoko abestirik kutunenetakoa bihurtu da eta zuzenean ere oso ondo funtzionatzen du.

Zuen 2012ko lan hura autoekoizpena izan zen. Oraingoan, ordea, Almehuna zigiluak argitaratu duela jartzen du.
Almehuna Iker Martinez de Zuazok bere proiektuek (bakarkakoa, Lenao…) eta neuk nireak (Zingira, Sharon…) aurkezteko nolabaiteko elkartea da. Ez da diskoetxe bat. Elkarlantxo bat da, indarrak batu eta beti aldamenean egon garen musika lagunak batzen dituen nolabaiteko elkartetxoa.

Azala Erik Zubiriak egin du. Nor da Erik eta zergatik aukeratu zenuten bera?
Erik diseñatzaile eta musikari oñatiarra da, Malenkonia taldeko biolin jolea eta bere bakarkako proiektua ere badu, Oklo. Egoitz bateria joleak proposatu zigun berarekin lan egin genezakeela eta egia esanda oso-oso pozik gaude emaitzarekin. Biniloan editatu dugu eta azala ikusgarri gelditu da.

Non eta noren gidaritzapean grabatu zenuten lana? Emaitzak ikusita, aski pozik egoteko modukoa da.
Lana Iñaki Zubiak grabatu zuen Garate eta Irusoin estudioetan. Gero lana neuk nahastu dut etxean, patxadaz eta mimo handiz, guk nahi genuen soinua lortu arte. Emaitzarekin gustura gaude. Uste dut lana besteren batek nahastu izan balu, ez ginela iritsi garen punturaino iritsiko. Nik sartu ditudan ordu guztiak teknikari bati ordaintzeko bankuan mailegua eskatu beharko genuke. Abestiak oso-oso ondo ezagutzen nituen eta oso gustura egin dudan lana izan da. Asko ikasi eta gozatu dut prozesuan. Masterizazioa Dr Master estudioan egiteak ere pisu handia eduki du azken soinuan. Estanis Elorza Zingirarekin eginiko lanagatik ezagutzen nuen, eta oraingoan ere oso-oso gustura geratu gara.

“Queens of The Stone Age bti presente dagoen taldea da, gure soinuan oinarri izan da eta musika egiteko forma bat irakatsi digu”

Stoner rockaren ikuspegi klasikotik urruntzen ari zaretela aipatu zenidaten azken diskoaren garaian, horregatik uste dut Queens Of The Stone Age bezala zaretela zentzu askotan. QOTSA-ri buruz ari garela, ez al da “Inozoen salbamena” soinu magiko haren nolabaiteko isla?
Bai, badauka QOTSAren ukitu bat. Nahita nahiez konposaketan beti presente dagoen taldea da, gure soinuan oinarri izan dena eta musika egiteko forma bat irakatsi diguna. Josh Homme musikalki asko atsegin dut, beti ibili baita soinu pertsonal baten bila, eta egia esanda garai guztietan egin duena gustatu zait. Egiten duena eginda (QOTSA, Iggy Pop-en Post Pop Depression, Desert Sessions…) beti darama bere zigilua, bere nortasuna, eta hori asko errespetatu eta gustatzen zaidan gauza bat da.

Zuen eraginei buruz, zeintzuk dira bai taldearen bai musikari bakoitzaren eragin nabarmenenak gaur egun?
Rock eta metalaren barruan denetarik entzuten dugu. Ni neu musikazale amorratua naiz. Dooma atsegin dut, black metala, stonerra, 70. hamarkadako progresivoa, punka, death metala… puff horrenbeste musika dago!!! Momentu honetan Opeth-en azken diskoa asko entzun dugula uste dut. Ni gaur Blondie entzuten egon naiz eta jarraian Disfear jarri dut, ja ja. Extremista naiz apur bat. Egoitzek ere denetarik entzuten du, baina niri ez bezala, berari asko gustatzen zaizkio Djent eta progmetal talde modernoak, polirritmo eta bateria patroi konplikatuak… Mikelek, egia esanda, ez dakit gaur egun ze entzuten duen, tipo misteriotsua da, ja ja ja.

2016an Zingira taldea jarri zenuen martxan, Iñigo. Zure proiektu progresiboa zela uste nuen, baina Mikel eta Egoitz izan zenituen alboan, beraz…
Zingira neure proiektua da. Abestiak neuk konposatzen ditut baina Sharon Stonerren ez bezala taldearen inguruko erabakiak neuk hartzen ditut. Sharon demokrazia bat da eta Zingira nire diktadura txikia. Egoitzek Bidaia-ko bateriak konposatu eta grabatu zituen eta Mikelek diskoan gitarra elektrikoak grabatu zituen. Zingiraren inguruko ideia berriekin bueltaka banabilen arren, oraindik ez dakit ze norabide hartuko dudan hurrengo abestiekin. Ez dakit Zingirarekin jarraituko dudan, eraldatuko dudan edo beste norantza bat hartu eta zerbait oso desberdina egingo dudan… Denborak esango du.

Zingiraren diskoa euskal rock progresibo berriaren zutabeetako bat da, eszena hori existitzen bada: konplexua, garapen instrumental interesgarriak nonahi dauzkana, giro bereziak sortzen dituena… Jakin ezazue euskal rock sinfoniko eta progresiboaren azti nagusia zuen jarraitzaile sutsua dela: Juan Carlos Perez!!!
Joe, erderaz esaten den bezala, palabras mayores!!! Itoizen Ezekiel asko entzun dudan diskoa izan da, niretako lan horrek badu Camel talde ingelesarekin lotura bat eta Camel nire talde kuttunenetakoa da. Ni 80ko hamarkadan jaiotakoa izanda, Espaloian diskoa ere asko gustatzen zait. Euskal musikagintzaren talde handienetakoa da Itoiz, zalantzarik gabe.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • urtarrilak 10, Elorriko Ateneoa
  • urtarrilak 24, Iruñeko Infernu taberna
  • otsailak 21, Bergarako Gaztetxea
ETIKETAK:AlmehunaIker MartinezIñaki ZubiaIñigo IbarrondoItoizJuan Carlos PerezLenaoMalenkoniaMartxel ArkarazoMikel ZarketaSharon StonerTutan Come OnZingira