Elkarrizketa

Fred Berruet

2021.10.06

Fred Berruet

“Krisi honek nostalgia batean itotzeko arriskutik urrunduko gaitu”

Elkarrizketa: Diabolo Kiwi

Kokinkeriak fini disko laburra atera eta bi urteren buruan, Nafarroa Behereko Diabolo Kiwi laukotea Uhin galduak izeneko bere lehen iraupen luzeko lanarekin itzuli zaigu. Funk doinuak ukan dituzte ardatz oraingo honetan ere, baina ez bakarrik.  Urriaren 16an Izpurako Faustin Bentaberri gelan aurkeztuko du zuzenean baina horren aurretik Allande Etxeberri (baxua) eta Amaiur Epher (gitarra) taldekideekin mintzatu gara.

Diabolo Kiwi berri berria

Allande Etxeberri + Amaiur Epher + Maia Iribarne + Julen Etxeberri = Diabolo Kiwi

Ez idurian, taldeak bost bat urte baditu jadanik. Zergatik hainbeste denbora lan luzerako jauzia emateko?
ALLANDE ETXEBERRI: Laukotean hasi ginen duela hiru urte eta aski laster, urte bat beranduago, lehen lana atera genuen. Denbora eman genuen honen aurkezteko eta pandemia jin gabe hasiak ginen kantu berriak lantzen. Diskoa Atik Zra eraiki nahi genuen, kantu bildumatik at istorio trinko bat kontatzeko.

Entzuleari “bidaia intergalaktiko batean” murgiltzeko gomita egiten omen diozue. Eremu berri batzuk deskubritzeko beharra sentitu duzue?
AMAIUR EPHER: Influentzia ezberdinek gidaturik, eremu eta soinu ezberdinak esploratu nahi izan ditugu. Konposatu genituen lehen kantuek norabidea erakutsi digute (“Koloskopia”, “Uhin galduen ziliporta”, “Zitokinen ortzantza”) eta soinu aldetik bide hori jorratzeko gogoa izan dugu. Sintetizadoreen presentzia indartu da lan honetan. Konposizio fasean bizi izan dugun bidaia diskoaren metafora bilakatu da.

Zuen lehen diskoko kantuek funk estiloa zuten ardatz. Hemen, egitura korapilatsuagoak aurkitzen ditugu, bestelako erritmo ilunagoak ere somatzen dira ere. Iduri du urrunago joan nahi izan duzuela…
ETXEBERRI: Laukotea sortu genuelarik, alde funkyak batzen gintuen. Baina denbora pasa arau, gure gustu musikalak garatuz joan dira. Adibidez, Foals, Yussef Dayes edo Dua Lipa anitz entzun ditugu azken hilabeteetan. Aski naturalki konposatu dugu disko hau, “urrunago” joan nahi izan gabe baitezpada.
EPHER: Erreferentziak jin eta joan, anitz talde ezberdinetatik edan dugu eta egia da sintetizadoreen presentziak behartu gaituela ezberdinki kantuen beztitzera.

Izen batzuk eman dituzue. Zer dira zuen beste erreferentziak?
ETXEBERRI: Musika ezberdin anitz entzuten dugu, RnBtik jazzeraino eta uste dut gure kantuetan nabaritzen dela. Anitz markatu nauen diskoa Kendrick Lamarren To Pimp a Butterfly izan da.
EPHER: Euskal musikatik ere anitz edaten dugu dudarik gabe, eskaintza ikaragarria da eta BADOKi esker ezagutu dugun talde anitzekin plazerekin eszena parteka genezake! Lauen artean erreferentziak trukatzeko usaia dugu taldea osatu dugunetik, eta garai batez, NPR irratiaren Tiny Desk emankizunak edo KEXP irratiaren proposamenak hurbiletik segitu ditugu. Uhin galduak diskoan funketik popera lerratzen garela dirudi, baina giro ilunek eta pisuek badute anitz rocketik ere. Horren harira, iazko Foals-en disko bikoitza azpimarra nezake, Everything Not Saved Will Be Lost (Part 1 & 2), bigarrena bereziki.

Lehen lanarekin zuzentasun eta xumetasun bat bilatzen genuen; hemen aldiz, kantuek produkzio handiagoa behar zuten soinuaren aldetik”

Zer dira aipatzen dituzuen uhin galdu horiek?
EPHER: Bidaian zehar harrapatu uhin ezberdinak dira, iturri anitzaren adierazle.

Disko honen sortze prozesua nolakoa izan da?
ETXEBERRI: Riffek edo bateria erritmoek eman diote hastapena konposizio lanari. Kantu guziak 2020ko udan maketatu genituen eta anitz aldatu dira geroztik. Lan handia izan da, hauek ongi barneratu ondoren nahi genuen kolorea eman ahal izateko; soinuak landu eta parte batzuk gehitu ditugu. Produkzio lana sakondu nahi genuen lehen lanarekin konparatuz. Estudiora iristean jadanik bagenekien zer emaitza lortu nahi genuen.
EPHER: Bestalde, egia da konfinamenduak kantu batzuen konposatzeko bide berriak ireki dizkigula ere. Bakoitza bere aldetik proposamenen igortzen ibili da eta horrek ere aniztasun bat ekarri dio lanari.

Produkzio lana aipatu baituzue, egia da aldaketa nabarmena badela soinuaren aldetik. Lehen aldiz, kanpoko norbaiten laguntza izan duzue grabaketarentzat. Nolakoa izan da James Morgan-ekin izandako esperientzia?
ETXEBERRI: Urgatz taldeko lagunek bideratu gintuzten Jamesengana, beren azken diskoa (Hori, 2018) harekin grabatu zutelako eta anitz gustatu zitzaigulako. Kokinkeriak fini-rekin zuzentasun eta xumetasun bat bilatzen genuen; hemen aldiz, kantuek produkzio handiagoa behar zuten soinuaren aldetik.
EPHER: Ongi pasa dugu, giro lasaian nahiz eta aurreikusi baino denbora gehiago behar izan dugun honen burutzeko.
ETXEBERRI: Jamesek erran zigun emaitzarekin denak %100 kontent izan arte ez zuela proiektua bukatutzat emanen!

Amaiurrek bere lehen nobela atera du aurten (Profeten iruzurra, Maiatz). Zuen kantuetako hitzak ere berak idazten ditu? Zertaz ari dira?
EPHER: Lehen diskoan zein bigarrenean, kantuak sortzerakoan beti musikatik abiatu gara. Testu batzuk kronologikoki musika aitzin idatziak zirelarik ere, musika izan da abiapuntu, eta ondotik gustuko genuen testua integratu izan dugu kantuari. Lehen lanean bezala, hitzen idazketa partekatua izan da, hau da, batzuk kolektiboki idatzi ditugu eta besteak nihaurk (“Uhin galduen ziliporta”, “Zitokinen ortzantza”, “Bankarrot!”, “Logale”, “Ameslariak”).

Musikari lehentasuna ematen badiogu ere, horrek ez du erran nahi hitzena arrunt bigarren planoko afera denik. Zurruntasunetik edo aldarrikapenetatik at, jostatzeko parada ere bada guretzat. “Beroketa funklimatikoa”-n adibidez, berriz ere idazketa automatikoa erabili dugu, aitzineko lanari begi kliska eginez bai musikalki eta bai hitzetan (“Uretan gluglu”-rekin bezala). Allandek aipatu du lehenago, disko honekin istorio bat kontatu nahi genuela. Istorioaren gorabeherak aski argi genituen musikalki eta jorratu nahi genituen gaiak ere bai. Uste dut kaos handi honetan batasun azkar bat badela, eta entzunaldiak errepikatuz harrapa daitekeela. Lehen kantuetan eskala jokoak badira giza-gorputzen zeluletatik unibertsoko zilo beltzetaraino, Mungua ulertu ahal izateko betaurreko ezberdinak behar direlako. Ondotik heldu da “Teoriak”, ziurtamenen puskatzera. “Bankarrot!”en dirua eta ustelkeria aipatzen dira, “Ameslariak”-en maitasuna… Eta bistan da, bidaia espaziala proposatzen dugunez, zientzia fikzioaren erreferentzien itzala ere sendi da musikan zein hitzetan. Oro har, gure bilaketaren eta bilakaeraren istorioa kontatzen dute kantuek.

Estetikaren inguruko lan berezia egin duzue ere. Diskoko azala eta “Zitokinen ortzantza” lehen singlearen bideoklipa Camille Orain-ek diseinatu ditu…
EPHER: Kolore ubela biziki presente izan dugu gogoan konposizioan murgildu garenetik eta diseinuan hori agertarazi nahi genuen.
ETXEBERRI: Gaur egun, entzulearengana iristeko bideoa beharrezkoa da. Egitekotan zerbait landua nahi genuen, gu jotzen agertu gabe, diskoaren hari beretik istorio bat kontatuz. Espazioan gertatzen denez naturala iruditu zaigu animaziozko kliparena. Eta emaitzarekin biziki kontent gara.
EPHER: “Zitokinen ortzantza” hautatu dugu bihurgunea ongi markatzen duelako. Gainera badu alde epiko bat, eta denek biziki egokia atzematen genuen diskoarekin adierazi nahi genuena honekin ilustratzeko.

Autoekoizpena. Zuentzat hautu bat da edo ezinbesteko aterabidea zuen musika plazaratzeko?
ETXEBERRI: Dudak izan ditugu label batekin lan egin ala ez, baina kantuak prest ziren eta nahi genituen ahal bezain laster plazaratu, askatasun osoa atxikiz.

Lana streaming plataforma ezberdinetan ezarri duzue entzungai. Euskarri fisikoan lortzeko parada izanen da? Nola banatuko duzue?
EPHER: Bai, arazoak izan ditugu inprimategiarekin, baina urriaren 16ko aurkezpen bestarentzat [Izpurako Faustin Bentaberri gelan, Kuartz bikotearekin batera] prest izanen dira!! Musika dendetan eskuragarri izanen da, bai eta gure kontzertuetan ere.

Beti jakin nahi izan dut: Diabolo Kiwi izena nondik dator?
ETXEBERRI eta EPHER: Talde batek izen bat behar du…

“Egungo taldeek lehengoek baino teknika hobea erakusten dute, baina kopurua behera doa… Musika eszena mitifikatzen dugu eta punk espiritua alde batera uzten”

Kultura alor desberdinetan biziki inplikatuak zarete, zer ikuspegi duzue euskal musikaren eta orokorki euskal kulturaren egoeraz?
EPHER: Berri Txarrak-ek utzi duenetik mastodonte bat desagertu da. Zaleak espekulatzen hasi ginen jakiteko zeinek “segida” hartuko zuen. Atxagak ere azken nobela omen du. Eta zer erran euskararen egoerari buruz? Pandemiak panoramaren irakurketa trabatzen du, eta are gehiago, pandemiak aldaketa anitz ekarriko du. Krisi honek bestelako krisi sozial, kultural eta politiko bat ezkutatu du, lehenagotik errotzen hasia zena. Baina horrek, gure belaunaldiak doi-doia ezagutu duen ustezko urrezko aroaren itzaletik edo nostalgia batean itotzeko arriskutik bederen urrunduko gaitu, bide berrien jorratzera bultzatuz. Hats eta espazio berriak beharko ditu gure hizkuntzak, eta hori, besteak beste kultur esparrutik lan dezakegula sinesten dut.

Zehazkiago, ipar Euskal Herriko euskal eszena nola ikusten duzue?
ETXEBERRI: Ipar Euskal Herrian musikari anitz bada. Zorte handia dugu haurrek kalitatezko musika eskoletan ikasi ahal izatea, eta gainera euskaraz gero eta gehiago. Baina anitzentzat ez doa haratago, eta musikaren praktika ganbaran gelditzen da, ezkutuan. Maiz entzun izan dut gaur egungo musika taldeek lehengoek baino teknika maila hobea erakusten dutela, lehen kontzertura jadanik prest heldu direla. Aldiz, taldeen kopurua behera doa… Uste dut musika eszena mitifikatzen dugula eta punk espiritua alde batera uzten. Ausardia hori berreskuratu behar genuke eta musikari gazteen arteko topaketak bultzatu.

Berri Txarrak-en lehen partea egina duzue Kobetamendin, Herri Urratseko kantua ere bai. Kontzertu franko emateko aukera izan duzue. Lehen disko luzea grabatu duzue… Zer izanen dira Diabolo Kiwi-ren ondoko urratsak?
ETXEBERRI: Gure ibilbidea egunez egun pentsatzen dugu eta eskainiak zaizkigun aukerak hartzen ditugu. Orain plazaratutakoa aurkeztuko dugu eta biharkoa biharko. Ez ditugu ideiak eskas! Atzerrira joateko gogoa dugu, publiko berri batzuengana iristeko.

 

ETIKETAK:Allantxe EtxeberriAmaiur EpherBerri TxarrakDiabolo KiwiJames MorganUrgatz