2017.12.08
Musikazaleak eta musikajaleak dira biak. Nork bere erara bizi eta bideratzen du zaletasun hori. Kazetaria da Leire Palacios (Bilbo, 1986), eta azken lau urteotan azokan aritu da lanean aurkezle modura, Ahotseneko kontzertuak aurkezten azken hiruretan. Musikazuzenean.com atari digitalaren arduraduna da Koldo Otamendi (Andoain, Gipuzkoa, 1973), eta azken bost urteetan autoekoizpenaren bidez diskoa ateratzen duten taldeentzako erakusmahaia koordinatzen du, Musikazuzenean zigilupeko standean.
Nola oroitzen duzu azokara etorri zinen lehen aldia?
LEIRE PALACIOS: Gurasoekin etorri nintzen lehen aldiz. Burua ez zitzaidan erakusmahaietara iristen. Gogoratzen dut hotza eta itogarria zela erabat. Uste dut Landakoren aurreko azoka izango zela, baina ez dut oso oroitzapen garbia. Gurasoek eramaten ninduten horietara bakarrik joan nintekeen, eta ez zitzaidan kuxkuxeatzeko gogorik ere pizten. Lehen aldiak ez zidan interes zipitzik piztu.
KOLDO OTAMENDI: Nik uste dut lagunekin etorri nintzela aurrenekoz, eta egun-pasa oso bat egitera etorri ginen. Parrandara. Beti izan naiz musikazalea, eta banuen interesa azoka zer zen jakiteko. Merkatu zaharrean izan zen, Landakoren aurretik. Eta flipatu egin nuen, gustuko talde guztien diskoak han zirelako. Garai hartan ez zegoen musikaririk standaren atzean.
Esperientziaren talaiatik: azoka bat ala elkargune bat da?
L.P.: Niretzat salerosketarako gune inportantea da, baina, era berean, sortzaileen prozesuak azaleratzeko gunea ere bada. Feedback-a jasotzeko tokia ere bada.
K.O.: Lehen, azoka diskoetxeei eta argitaletxeei bideratua zegoen gehiago. Orain autoekoizpen pilo bat dago, eta sortzaileak protagonistago dira. Musikazuzeneanen erakusmahaian hasieran apenas egoten zen talderik edo sortzailerik, eta orain askoz gehiago etortzen dira. Jendearekin egoteko eta komunikatzeko oso leku egokia da azoka.
Norekin izan duzu solasaldi interesgarriena urteotan?
K.O.: Niretzat interesgarriena da jende desberdinarekin egotea. Bakoitzak planteatzen dizu zer egiten ari den, nola, zein helburu dituen… Zure orbita berean dagoen jendearekin ideiak partekatzea ere ederra izaten da, eta baita hain ildo berekoak ez direnekin ere, zergatik ez!
L.P.: Erabat ados nago horrekin. Eta, horrekin lotuta, gauza pertsonalagoetan sartuz, duela bi urte, 2015eko azokan eman zidaten profesionalki gomendio bat mantra bilakatu dudana. Euskal sortzaile batek esan zidan: «Pentsatzen duzunean ez dagoela aurrera egiterik, jarraitu. Eman zeure buruari bost urte, eta bost urte horietan ez baduzu lortzen nahi duzun hori, orduan etsi!». Eta, bestetik, kuadrillarekin azokan egotea ere oso interesgarria da, oinak lurrean ipintzen dizkizulako; haiek ematen dizute benetan dagoenaren tenperatura.
Norekin hartuko zenituzke trago batzuk?
K.O.: Nik Leirerekin hartzea daukat pendiente.
L.P.: Egia da, azokan sekula ez dugu hartu tragorik elkarrekin. Oso argi daukat azokan gogoa jartzen duen inori ez niokeela kaña bat ukatuko. Hemen egotea oso gogorra baita. Urtero amaitzen duzu kaña bat hartzen edo hitz egiten espero ez zenuen pertsona batekin.
Zein da azokan izan duzun unerik desatseginena?
L.P.: Adibidez, deitu zidatenean mahai inguru batean parte hartzera andrazkorik ez zegoelako. Eta, bestetik, urteroko trago txarra da autoekoizten dutenei azokan ematen zaien lekua, jakinik autoekoizpena gaur egun ardatza dela gure sorkuntzan.
K.O.: Azokak birplanteamendu bat behar du, bere izaera eguneratu behar du. Azoka sortu zen diskoetxe eta argitaletxeentzat, baina eszena aldatu egin da; musikaren alorrean batez ere, sorkuntza handiena autoekoizpena da, eta horri bide eman behar zaio. Talde handi zenbaitek autoekoitzi egiten du, beste batzuek halabeharrez egiten dute hala, eta badago beste multzo bat: autoekoizpena hautatu egiten dutenena. Gaur-gaurkoz, azokak ez du bermatzen disko horiek bertan egotea. Gustatzen ez zaidan beste gauza bat da jende asko ibiltzen dela paseatzen korridoreetan, jende gehiegi.
Durangoko Azokako bihotzeko txokoa?
L.P.: Ahotsenea da gehien gustatzen zaidan txokoa, eta ez nukeen sekula pentsatuko gehien gustatzen zaidan lekua nire etxea izango zela.
K.O.: Nik ere Ahotsenea aukeratzen dut. Eta, horrez gain, Mesoi Berria taberna. Haragi bolak, oilasko hego errazioak… edozein hildako suspertzeko modukoak dira taberna horretan.
Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?
L.P.: Ez kantu bat eta ezta liburu bat ere. Gelditzen naiz iazko azokan Maite Larburuk [Neighbor] oparitu zidan biniloarekin, eta bertan idatzitako eskaintzarekin. Oso momentu polita izan zen.
K.O.: Entzun-ek atera duen Ahobete doinu liburu berria. Hirugarren alea da, eta oso interesgarriak iruditzen zaizkit musika eszenak ezagutzeko, eta egun euskal musikan zer gertatzen ari den ulertzeko. Eta diskoa, Sorotan Babiesen Eskema aipatuko dut, nahiko oharkabean pasatu den diskotzarra baita.