Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2015.11.19

Jon Eskisabel

“Euskal rapak militantziaren beharra du oraindik”

Elkarrizketa: Manugaitz
Manugaitz

Manugaitz rap abeslari iruindarra.

“UPN West edo unionisten harropuzkeria” egin zuen gizona bueltan da, eta bere hitz-jario berriari harrera egiteko eskatzen du. Apal eta umil. Zalapartarik sortu gabe, Selektah Kolektiboa euskarazko rap talde aitzindarian ezagututako Wanka abeslaria Manugaitz bihurturik itzuli da bakarkako lehen diskoarekin: Txapela barruan darabilt mundua (Autoekoizpena). Bakarkako lana da goitik behera, diseinuaz eta grabazioaz izan ezik gainerako guztiaz arduratu baita Manugaitz, baita diskoa dendetara eramatea ere. “Gustatuko litzaidake nire publikoa ez izatea, Selektahren garaian bezala, rap zaleez bakarrik osatutakoa. Horregatik nahi nuen diskoa dendetan egotea, ahal bada rap zaleak ez direnengana ere iristeko”.

Izenburuak iradokitzen duenez, euskararen eta euskal sustraien aldarrikapena dago diskoaren muinean –Euskaraz bizi nahi dut kanpainaren logotipoa txertatu du azalaren atzealdean, eta tixerta erakusten du promozioko argazkietan—. Selektah Kolektiboak duela 15 urte erakutsitakoa oraindik gogora ekartzeko beharra sentitzen du Manugaitzek: “egin daiteke rapa euskaraz eta egin behar dugu rapa euskaraz. Askok ez dute oraindik mezua barneratu. Ikusi besterik ez dago zenbat euskaldun dauden rapa gaztelaniaz eta Espainiako eszenari begira egiten”.

Hamar urte igaro dira Selektah Kolektiboa desegin zenetik. Azken aldian egindako kolaborazio bakan batzuk kenduta (Emon, Norte Apache…) tarte horretan apenas izan dugu zure berri. Musika bazter utzita izan duzu?
Taldea desegin ondorengo hilabeteetan jarraitu nuen musika neure kabuz egiten, baina lan kontuengatik —irakaslea naiz lanbidez, eta oposaketa batean parte hartzeko aukera izan nuen— musika egiteari utzi nion. Pare bat urte geroago hasi nintzen berriz musika ekoizten eta letrak idazten, gaztetan bezala, nire gelan, nire tresneriarekin. Duela bizpahiru urte, Iruñerriko hip hop zaleak eta lagunak hasi zitzaizkidan galdezka ea noiz atera behar nuen zerbait, baina ez nuen aukera ikusten. Zerbait falta zitzaidan, gogoa, akuilua… Oro har, rap eszenatik kanpo egon naiz urte hauetan. Nolabait jarraitu izan dut Iruñerriko panorama, eta Euskal Herrikoa zerbait, baina kontzertuetara ez naiz joaten. Nire bizimoduagatik ez dut lehenagoko militantzia bera raparekiko, baina ez nau kezkatzen. Gaur egun militantzia egitekotan euskaltzaletasunaren militantzia egingo nuke.

Selektah Kolektiboaren hirugarren diskoa grabatzen hasi zineten, izenburua ere iragarri zenuten, Nortasuna, baina bapatean taldea desegin zen. Zer gertatu zen?
Hemen lau kideak egongo bagina, gutxienez bi bertsio egongo lirateke. Nik bakarrik esango dut ikusi genuela gure artean harremana ez zela ona; ez ginen ados, eta horrek giro txarra sortu zuen. Elkarren arteko konfiantzarik gabe jarraitu aurretik taldea desegitea erabaki genuen, are gehiago kontuan izanda diskoetxe bat [Metak] genuela atzean diskoaren grabaketan dirua jarrita. Hobe zen inori kalterik egin gabe gauzak zeuden moduan uztea; zorrak ordaindu eta kito. Ni jarraitzearen aldekoa nintzen baina lau kideetatik bik ez zuten nahi eta besteak hobetsi zuen denbora tarte bat hartzea, zerbait berria sortu aurretik. Orain arte, tamalez. Tamalez diot, polita izan zelako.

“Selektah Kolektiboan ez ginen ados, eta horrek giro txarra sortu zuen. Elkarren arteko konfiantzarik gabe jarraitu aurretik taldea desegitea erabaki genuen”

Harremana duzu taldekide ohiekin?
Desegin geroztik guztiekin egon naiz, baina harremana mantendu… Daddy Jeffi buruz dakidan azkena da Londresen dagoela. Jarraitzen diogu elkarri Twitterren eta gutxienez badugu elkarren berri, jarraitzen du musika egiten, produzitzen… DZrekin [Esne Beltza] harreman handiagoa izan dut bere atzetik ibili naizelako laguntza eske, eta arras nekagarria izan da bera harrapatzea. Oso lanpetuta dabil. Eta Molteren berririk ez dut izan aspaldi. Gustatuko litzaidake harremana handiagoa izatea denekin, baina nire bizitzak ez dit tarte handirik uzten.

Urte hauetan faltan bota izan dituzu eszenatokiak?
Egia esan, ez; horregatik ez naiz mugitu. Iruñerriko taberna batzuetan abestu izan ditut disko honetako kantuak, oso giro intimoan, 50 pertsonaren aurrean. Hemengo eszenan ni ez naiz besteak baino famatuagoa, ez pentsa denek ezagutzen nautenik… eta alderantziz, nik ere ez dut jende gehiena ezagutzen. Zerbait egitea eskaini didatenean, nire burua frogatzeko egin dut, hamar urteren ondoren nire burua nola ikusten nuen jakiteko. Eszenatokira behin igota, orduan bai pizten zaizu gogoa, eta hurrengo egunean beste kontzertu bat eman nahiko zenuke. Jarraitzeko gogoa ematen dizu. Baina behean zaudenean ez.

Wanka noiz bihurtu zen Manugaitz eta zergatik izen aldaketa?
Nire asmoa izan da zerotik hastea, eta ikustea noraino iristen naizen. Oso urrutira iritsi gabe ere pozik geldituko naiz, diskoa kalean ikusita. Hori zen izena aldatzeko arrazoietako bat. Bestetik, Wanka etapa baten isla da. 16 urterekin jarri nion neure buruari Wanker goitizena. Wanker horrek izaera lotsagabea zuen, orain naizena baino askeagoa zen, iraultzaileagoa ere bai beharbada… Gaur egun pentsamenduz iraultzailea naiz, baina bizimoduz zaila da, gero eta zailagoa.

“Wanka goitizena etapa baten isla da. Izaera lotsagabea zuen, orain naizena baino askeagoa zen, iraultzaileagoa ere bai beharbada…”

Orain ere metrailetaz jaurtitzen ditut mezuak, baina Selektahren garaian ez bezala, mezu horiek ez dira hain politikoak, egoera politikoa aldatu delako eta garai hartan aldarrikapen politikoak egiteko gogo handiagoa nuelako. Orain ez nau hainbeste kezkatzen politikak baizik eta euskarak eta euskaltzaletasunak. Edo hobe esanda, politikak bai kezkatzen nau, baina gauza batzuk beren bidetik doaz eta badago jendea esparru horietan lanean. Hala ere, “Banoa (nafar parlamentura)” kantua dago diskoan. Beharbada egin nuenetik hona gaurkotasuna galdu du, baina ez zentzua.

“Nik egin nuen UPN West kantua”, abesten duzu “Izena” kantuan. Zeure burua aldarrikatzeko beharra sentitu duzu?
Argi dago asmoa hori dela. Harreman pertsonalean oso umila naiz, baina rapa egiterakoan harrotasuna ateratzen zait. Uste dut harrotasun hori beharrezkoa dela oholtzara igotzen zarenean, ez kikiltzeko eta segurtasuna izateko. Baina ez dago ego trip-a egin beharrik. Ilobak esan zidan oraindik jartzen dutela kantu hori hemengo tabernetan, eta horrek harrotzen nau. Disko honetan badira berdintasunetik berdintasunera botatako letrak, baina beste batzuk dira estilo horretakoak: “hemen nago, Manugaitz, lehenago Wanka, badaramatzat urteak honetan…”.

Badaramatzazu urteak honetan, eta horregatik “Eman flow honi harrera” kantuan ardura bat aitortzen diozu zeure buruari rap abeslari gisa: “eramankizun astun baina ederren jabe, atzoko eta geroko euskal errapean zutabe”.
Nire asmoa ez da nire abileziak erakustea rapean, ez naiz batere ona inprobisatzen. Euskara da nire mezuaren ardatza eta lehen planoan jarri nahi dut: egin daiteke musika hau euskaraz eta egin behar dugu musika hau euskaraz. Oraindik sentitzen dut hori aldarrikatzeko beharra, eta badakit ez dela nire kasua bakarrik. Norzzone-k eta beste batzuek kezka bera dute. Iruñerriko talde gehienek Espainiako eszenari begira jarraitzen dute, baita euskaraz aritzen diren talde batzuek ere. Selektah Kolektiboak helburu bikoitza zuen: hip hopa zabaltzea eta euskaraz rapa ere egin daitekeela aldarrikatzea. Gaur egun hip hoparen zabalkundean ez dago arazorik, baina gehiegik ez diote bigarren mezuari erreparatu. Zenbat euskaldun dauden erdaraz rapa egiten eta erdarazko rapari begira! Jende horri erakutsi egin behar zaio euskararekiko militantzia. Kontzientziagatik rapeatu behar dugu euskaraz. Euskal rapak euskarazkoa izan behar du, eta euskarazko rap eszena bat nahi dugu, euskaraz bizi nahi dugulako.

Selektah Kolektiboari gorazarre egiten diozu “Ezabagaitzak”-en.
Selektah Kolektiboaren esperientziak asko markatu ninduen, eta minez oroitzen dut, zerbait positibo gisa. Badut nostalgia pixka bat, eszenan eta eszenatokietan presente egotearen nostalgia… Baina zorionez nire bizitzan hamaika gauza gehiago ditut rapaz gain, rapak baino askoz gehiago asebetetzen nautenak. Bestela oso gogorra egingo zitzaidan nostalgia hori.

manugaitz

Euskaltzaletasunaren militantea.

Besteak beste Ortzadar folk taldeak, Oskorri-k eta Benito Lertxundi-k zugan utzitako arrastoa aipatzen duzu diskoan. Hortik nola iritsi zinen rap musikara?
Britainia Handiko telebista kate batean, MTV gure etxeetara iritsi baino lehenago, Technotronic, Snap! eta horrelako taldeak entzuten hasi nintzen, hip hopa baino gehiago dantzalekuetarako musika zena. Norbaitek esan zidan hori ez zela rapa, benetako rapa Public Enemy zela. Erosi nuen Fear of a Black Planet, eta sekulako kolpea izan zen. Lehen inpresioa izan zen: ze kaka da hau? Soinua latza zen, aspergarria eta arraroa egin zitzaidan, baina ez dakit nola, azkenean sartu nintzen diskoan, eta gero beste batzuk erosi nituen. Garai hartan disko dendetan gehienez rap disko bat aurkitzen zenuen. Galdetzen zenuen eta “rapa? zer da hori?” erantzuten zizuten. Gaur egun disko denda gutxiago daude baina batzuetan hamarnaka rap disko aurkitu ditzakezu, ezezagunak gehienak. Ez zara gai eszena handi hori jarraitzeko.

Kontuak kontu, nik neuk hori egiteko gogoa piztu zitzaidan, eta hori konstante bat izan da. Gustatzen zait rapa entzutea, baina gehiago naiz egile entzule baino. Gogo eta behar handiagoa daukat espresatzeko entzuteko baino. Are, batzuetan gogokoagoa dut beste musika estilo batzuk entzutea eta rapa egitea.

“Gustatzen zait rapa entzutea, baina gehiago naiz egile entzule baino. Behar handiagoa dut espresatzeko entzuteko baino”

Mutrikuko AME estudioan grabatu duzu diskoa, Axular Arizmendirekin, eta ia kolaboratzailerik gabe. Itxura batean, Euskal Herriko rap eszenatik urrun aritu zara.
Baga Bigako Ritxi Aizpuruk aholkatu zidan Axularrekin grabatzea. Estudio ona iruditu zitzaidan, eta Axular ezagutzen ez banuen ere, fidatu nintzen. Oso jatorra da eta lan egiterakoan ez zaitu mugatzen. Selektahrekin ezagutu nituen soinu teknikariek mugatzen nindutela sentitu nuen: hau ezin duzu horrela egin, hau gaizki dago… Axular irekita zegoen nik esaten nuen guztia egitera, eta ezagutu ditudan soinu teknikarien artean aukeratu behar banu, Axular aukeratuko nuke. Gustura sentitu naiz, ideiak eman dizkit, gustatu zaizkidanak aplikatu ditut eta besteak baztertu, eta keinu itsusirik egin gabe onartu du.

Iruñeko hainbat jenderengan pentsatu nuen kolaboratzeko, baina Mutrikun grabatuko nuela erabaki ostean oso zaila egin zitzaidan jendea hara eramatea. Estudioan lotan gelditzeko eskatu behar nien, eta oso jende okupatua da. ZTK Rapeko DJrekin saiatu nintzen baina beste proiektu batean hasia zen. DZren kolaborazioa on line izan da, berak gordinean bidali dizkit sanplerrak eta nik editatu ditut. Gainerako kolaborazioak [Toki Etsaiak, Garoa Arizmendi] Axularren eskutik etorri dira.

Diskoan entzuten diren trikitia, alboka, dultzaina, txirula… Ortzadar taldean emandako urteen eragina dira?
Leon, Maurizia eta Fasioren diskoa hamaika aldiz sanpleatu dut. Nik normala ikusten dut, euskal nortasuna aldarrikatzera zoazenean, musika hori hartzea. Beltzak musika beltza sanpleatzen hasi ziren! Diskoak, soinuaren aldetik, euskal kutsu handiagoa izatea zen nire asmoa. Hamaika instrumentu eta hamaika kolaboratzaile —raperoak ez direnak— bururatzen zitzaizkidan diskoan sartzeko, baina ez interprete gisa, baizik eta sanpleatuta. Nire ideia zen, esaterako, trikitilari batek niri zerbait jotzea eta nik hortik zati bat hartu eta hura sanpleatzea. Diskoaren %80 sanplerrekin egina dago.

“Leon, Maurizia eta Fasioren diskoa hamaika aldiz sanpleatu dut. Nik normala ikusten dut, euskal nortasuna aldarrikatzera zoazenean, musika hori hartzea”

Selektah Kolektiboaren lehen diskotik 15 urte igaro ostean, euskal raparen eszena egonkortzen ari dela ematen du, disko ekoizpenaren aldetik bederen. Aurten bertan, zureaz gain, 2zio, Gatom, Norte Apache, Kodigo Norte edota Suaia eta Lahaine-ren lan berriak plazaratu dira. Zergatik uste duzu behar izan izan duela horrenbeste denbora sustraitzen hasteko?   
Bada ez dakit zehazki. Hasieran uste nuen kalitatezko talderik ez zegoelako izanen zela, baina gero ohartu naiz ezetz, badela gauza onak egiten ari den jendea. Beraz, seguruenik ez da izango bakarrik euskaldunek euskaraz rapeatzen ez dutelako, baizik eta arazo handiago baten barruan egon liteke arrazoia: nola aldatu den musika panorama, zer bilatzen duen jendeak, nola entzuten duen musika… Ni neu ere jabetu naiz: musika autoan entzuten dut, eta gero ordenagailuan. Gailuek baldintzatzen naute, batetik, eta bestetik, hainbeste talde daudenez ez dut astirik denak entzuteko. Eskaintza izugarri handitu da. Baina alderatuko bagenitu herri erabat euskaldun bateko tabernetan gaur egun jartzen duten musika eta orain dela 10-20 urte jartzen zutena, konturatuko ginateke erdal musika presenteago dagoela orain.

Halaber, oraindik zaila da rap taldeak jaialdi handietan ikustea (demagun, HatortxuRocken) edo eszenatokia beste estilo batzuetako taldeekin partekatzen ikustea. 
Bai, egia da. Nire publikoa zein den, askotan pentsatu dut horretaz. Gustatuko litzaidake nire publikoa ez izatea, Selektahren garaian gertatu bezala, rap zaleez bakarrik osatutakoa. Rapa entzuten dutenen esparrua txiki samarra da. Horregatik nahi nuen diskoa dendetan egotea, nahiz eta ezer ez saldu, ahal bada rap zaleak ez direnengana ere iristeko. Nahi nuke rapa atsegin ez duen jendeak ere gustura entzutea diskoko kantaren bat edo beste.

“Gustatuko litzaidake nire publikoa ez izatea, Selektahren garaian bezala, rap zaleez bakarrik osatutakoa”

Diskoak baditu entzule horiek erakartzeko amuak, irratian jartzeko aproposak diren kantuak. “Zurea gehituz” eta “Abegikortasuna”, esaterako.
Musika egiten dudanean bi joera izaten ditut: batetik, gustatzen zait hit-ak egitea, baina batzuetan uste duzu hit bat egin duzula eta jendeari ez zaio gustatzen; bestetik, gauza ilunak egitera jotzen dut. Bigarren multzo horretako kanta batzuk kanpoan gelditu dira, eta gustatuko litzaidake disko ilun-ilun bat ateratzea, erabat diferentea. Hau nahiko koloretsua eta entzungarria dela uste dut. Sentsazioa nuen atera behar nintzela underground horretatik, eta horretarako soinua mastekatuagoa eman behar duzu. Kanta batzuk ia-ia pop kontsideratzen ditut, eta beste batzuk hardcoreagoak dira. Ahots hobea eta abesteko gaitasun handiagoa izango banu, seguruenik beste estilo batzuk ere jorratuko nituzke, konplexurik gabe. Ez dut egin hasieran egin nahi nuen diskoa, baina pozik nago, eta harro. Gauza asko aldatuko nituzke, oso autokritikoa naizelako, baina pozik igortzen dut disko hau eta gustuko duenak disfruta dezala.

Zuzenekoak emateko asmorik duzu?
Eman nahi nituzke, baina DJ on bat behar dut. Puntu honetara iritsita, gutxienez diskoaren maila bereko zuzenekoa eskaini nahi dut, zerbait landua eta ederra.

ETIKETAK:2zioEmonGatomKodigo NorteManugaitzNorte ApacheNorzzoneSelektah KolektiboaSuaia eta Lahaine